118. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEITZA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Leitzako Udalak, 2004ko abenduaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Enplegua sustatzeko udal ordenantza.

Erabaki hori otsailaren 7an argitaratu zen, 2005eko 16. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Epe hori iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez dituenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantza, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitza, 2005eko uztailaren 26an._Alkatea, Patxi Saenz Lazcano.

ENPLEGUA SUSTATZEKO UDALAREN ORDENANTZA

Udal honek inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko asmoa du. Hortaz, bere finantza-baliabide murritzak erabiliz eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko apostu garbi eginez, hemengo ekimena bultzatu nahi du, hartan oinarri izanen delarik fondo galduko dirulaguntzak ematea herriko bizilagunei kontratu duinak egin diezazkieten.

1. artikulua. Leitzako Udalak dirulaguntzak emanen dizkie besteren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.

2. artikulua. Laguntza hauek eskura ditzakete Leitzako industrialdean kokatzen diren enpresek edota instalazioak handitzen dituztenek, betiere handitze horren ondorioz plantilla ere gutxienez bi urteko eta egun osoko kontratuen bidez handitzen bada.

3. artikulua. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (E.I.O.Z.) hartuko da laguntzen oinarri gisa. Hauexek izanen dira laguntzen zenbatekoak:

A) % 40, E.I.O.Z.en kuotan, 4 lanpostu berri edo gehiago sortzen badituzte, betiere plantillaren % 30 herrikoa bada gutxienez.

B) % 60, E.I.O.Z.en kuotan, 6 lanpostu berri edo gehiago sortzen badituzte, betiere plantillaren % 40 herrikoa bada gutxienez.

C) % 80, E.I.O.Z.en kuotan, 8 lanpostu berri edo gehiago sortzen badituzte, betiere plantillaren % 50 herrikoa bada gutxienez.

D) % 20, E.I.O.Z.en kuotan, 4 lanpostu berri edo gehiago sortzen badituzte, betiere plantillaren % 40 emakumezkoa eta herrikoa bada gutxienez.

A, B eta C ataletatik enpresarentzat hoberena aplikatuko da bat baino gehiago betetzen bada. D atala gehigarria izanen da, baina laguntza osotara ezin izanen da E.I.O.Z.en kuotaren % 90 baino handiagoa.

Udalaren osoko bilkurak alda ditzake arestiko zenbatekoak, baina gehienez ere E.I.O.Z.en kuotaren % 90ekin lagundu ahalko du, enpresa bat herriarentzat interes handikoa dela jotzen bada.

4. artikulua. Aurreikusitako laguntzetarako eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira 30 egun balioduneko epearen barrenean kontratazio egunetik hasita.

Eskabidearekin batean inbertsioa edo jarduera deskribatzen duen txostena ere aurkeztuko da.

5. artikulua. Udalak espedienteak aztertuko ditu eta horiek ebazteko beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatzen ahal du. Dokumentazio hori ekartzeko 30 egun balioduneko epea egonen da, jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, espedientea besterik gabe artxibatuko da.

6. artikulua. Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesteak hura eta hemendik aurrera enpresak aurkez ditzakeenak ukatu edo deuseztatzea ekarriko du.

7. artikulua. Eskabideak Udalaren eta enpresariaren arteko kontratuaren bidez ebatziko dira. Hura, emandako laguntzak zuzen erabiltzen direla bermatzeko xedea duten baldintza eta betebehar beretan ezar daiteke.

8. artikulua. Dirulaguntzak pagamendu bakarrean eginen dira, eta aldez aurretik hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazio liburu ofizialak, TC1 eta TC2 eredukoak, kontratazioa egin aitzinekoak eta ondokoak, eta Foru Ogasunarekin, Lizentzia Fiskalarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeharrak eguneraturik daudelako agiriak.

9. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz diruz lagundu den kontratu baten langileak kontratua bete baino 18 hilabete lehenago uzten badu enpresa onuraduna, baja egin eta ondoko hogeita hamar egun baliodunen barnean, beste langile bat paratu beharko da haren ordez, kontratu aldetik ezaugarri berdinak izanen dituena, eta hasiera batean laguntza hauek eskuratzeko ezarritako baldintzak dituena. Horrela egiten ez bada, emandako laguntza kendu edo deuseztatuko da.

10. artikulua. Halaber, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzuli beharko da, hurrengo 24 hilabetetan lan-kontratu mugagabea duten langileen plantilla murrizten bada.

11. artikulua. 24 hilabetetan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzako kotizazio liburuen TC1 eta TC2 ereduen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dizkio Udalari seihileko guztietan. Zer entitatetan egin diren dirusarrerak, harexek zigilatu beharko ditu kotizazio liburu horiek ere.

12. artikulua. Leitzako Udalak bidezko juzgatzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian-aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatzeko.

13. artikulua. Laguntza hauen onuradunek ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioz dituzten betebeharrak ez betetzeak onartutako dirulaguntzak kendu edo deuseztatzea ekarriko du, baita, dirulaguntzarik bilduz gero, Udalari itzuli beharra ere. Horretarako hilabeteko epea egonen da deuseztapena jakinarazten denetik.

14. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0519164