118. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

98/2005 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuaren esku uzten duena 012 informazio zerbitzuaren kudeaketa.

Nafarroako Emakumearen Institutua Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikita dagoen erakunde autonomoa da eta, bere estatutuak onetsi zituen irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren 3.ñ) artikuluaren arabera, emakumeei bideraturiko informazio zerbitzuak garatu eta koordinatzea dagokio.

Azterlan eta Programa Atalak adierazi du zailtasunak daudela aipatu informazio zerbitzua egoki emateko eta Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuaren esku uztea proposatu du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzaten agintzeko, dela eragingarriagoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Bestalde, 39. artikuluko 3. idatz-zatiak adierazten du kudeaketa agindua ematen duen organoa eginkizuna hartuko duen organoaren beste departamentu batekoa bada, bi kontseilarien baimena beharko dela eta, gero, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dela.

Horrenbestez, Nafarroako Emakumearen Institutuko Azterlan eta Programa Atalaren proposamen txostena eta Toki Administrazioko eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria departamentuetako kontseilarien baimena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen eta irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 012 informazio zerbitzua kudeatzeko agindua arautuko duten baldintza tekniko eta administratiboen agiria, eranskin gisa agertzen dena, onestea.

2. Zerbitzu horren kudeaketa Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuari agintzea, 2005eko abenduaren 31ra arte.

3. Sei mila euroko gastua onestea (6.000 euro), 2005eko gastuen aurrekontuko "Aukera-berdintasunaren aldeko Planaren jarduketak eta garapena" izeneko 94000 930001 2269 232200 kontusailaren kargura.

4. Espedientea Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzura igortzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Azterlan eta Programa Atalari, Administrazio Unitateari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari, argitara dadin.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 31n._Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzailea, Teresa Aranaz Jiménez.

Iragarkiaren kodea: F0518616