118. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1830/2005 EBAZPENA, irailaren 7koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, ondoko instalazio proiekturako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena: "Esteribarko udal mugapean (Nafarroa), Zubirin, Gas Navarra, S.A.ren lotura puntua".

2005eko martxoaren 4an, Gerardo Arraiza Rodríguez jaunak, Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, eskatu zuen Esteribarko udal mugapean aipatu proiektuko instalazioak egiteko administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onar zedila. Proiektua Julián Diez Gómez Bide ingeniariak erredaktatu du eta 2005eko otsailaren 23an 128863 ikus-onetsia eman dio Elkargo profesionalak.

Eskatzailea, Gas Navarra, S.A., administrazio baimen baten titularra da Esteribarko udal mugapean etxeko kontsumorako gas natural kanalizatuaren hornidura egiteko, Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak urtarrilaren 26an emandako 47/2005 Ebazpenaren arabera.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Proiektuaren xede den hornidura adarra oraingo Iruña-Zubiri adarreko V-96 erpinetik 6 metro ingurura abiatzen da, Magnesitas Navarra, S.A. lantegiko hartunearen inguruan, Larrasoañako Kontzejuan. Horretarako karga-hartune bat eginen da, 6" x 2"-ko altzairuzko Weldoletduna, nondik aterako baita DN 2"-ko adar berria. Adar horretan DN 2"-ko balbula bat jarriko da kutxetan, Erregulazio eta Neurketa Estaziorako (APA/MPA) sarrera balbula funtzioarekin, eremu horretan gas naturala MPAn banatu ahal izateko. ENEa lur gainekoa izanen da eta obra bidez eginen. AR-06 armairuko irteera hodia 4"-koa izanen denez, 8 x 4"-ko alderantzizko murrizketa paratuko da, irteera adarra DN-200 polietilenozkoa egiteko. ENEko irteera adarraren bukaeran irteera balbula egonen da. ENEko sarrera adarra 12 ml luze eta irteerakoa 10 ml.

Diseinuko presioa 16 bar-ekoa eta diseinuko tenperatura 15 &deg.C-koa dira. Aurreikusi den emaria: 500 Nm³/h.

Aurrekontua hogeita hamar mila seiehun eta hamar euro eta hamabost zentimokoa da (30.610,15 euro).

Industria Segurtasuneko Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean paratu baitu, 2005eko martxoaren 18ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen, 2005eko 58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 16koan, eta Zubiriko Udaletxeko eta Larasoañako Kontzeju-etxeko iragarki oholetan argitaratuz; arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Gas Natural SDG, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintza-orria. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Gas Natural SDG, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, ondoko instalazioen proiektua gauzatzeko: "Esteribarko udal mugapean (Nafarroa), Zubirin, Gas Navarra, S.A.ren lotura puntua".

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Natural SDG, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 612,20 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratzen ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien sare eta hartuneei buruz Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura).

Hirugarrena._Industria Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen direla begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia-eskatzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Baimentzen diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Laugarrena.-Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden legezko xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Navarra SDG, S.A.k ondorengo instalazioak eraikitzeko aurkeztu duen proiektua onestea: "Esteribarko udal mugapean (Nafarroa), Zubirin, Gas Navarra, S.A.ren lotura puntua", eta, halaber, hura egiteko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz eta bi hilabeteko epean egin behar dira, lurrak egiazki okupatu eta lanak hasten diren egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen hau Gas Natural SDG, S.A.ri jakinaraziko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko irailaren 7an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0518692