118. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

891/2005 EBAZPENA, irailaren 7koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Lapoblaciongo eta Meanoko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak maiatzaren 18an emandako 604/2005 Ebazpenaren bidez, "Lapoblaciongo eta Meanoko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektua eta lan horiek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrera jarri zen hamabost egunez.

Epe horretan ondoko alegazioak jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1._Francisco García Ganuza, Daniel Vázquez Galar, Simona Domaica Sáenz, Crescencio López Gómez, Pedro María Gil Martínez, Eusebio Martínez Gil eta Saturnino Domaica López jaun-andreek zera alegatu dute:

Finken erdian jarri beharreko erregistro-putzuen kokapenarekin ez daudela ados.

Alegazio horri dagokionez, adierazi beharra dago, deusetan galarazi gabe obra egin bitartean, ahal bada, erregistro-putzuren bat aldatzea, hodiaren trazadura, oro har, zangetan taxuzko malda eta sakonera egin beharra kontuan hartuz egin dela. Horregatik beharrezkoak dira erregistro-putzu horiek, hodia lurraren ezaugarriei egokitzeko. Hortaz, oro har, ez da posible alegazio hau aintzat hartzea.

2._Francisco García Ganuza jaunak honako hau alegatu du:

Eskatu du kolektorea ez dezatela "Los Campos" alderdian dagoen iturburutik eraman, hura kutsatu dezakeelako. Horrez gainera, erregistro-putzuen kokaguneak labore-lanetarako traba direla adierazi du.

Hodiaren trazadura proiektuan aurreikusitako kotatik beheiti eramanez gero, hurrengo tarteak sakonegi eraman beharko dira. Gainera, hodia aipatu iturburutik beheiti joanen da, beraz, iturburua ezin izanen da kutsatu.

3._Enrique Casado Ganuza jaunak honako hau alegatu du:

Trazadura aldatzea eskatu du, erantsi dituen planoei jarraikiz.

Alegazio-egileari adierazten zaio eskatutako aldaketak hodia 55 metrotik 65 metrora luzatzea ekarriko duela eta malda ere handituko dela, % 9,13tik % 17ra. Hortaz, alegazioa onartzen da eta erregistro-putzu berri bat eginen da, herrigunetik beste hodi igorle bat biltzeko.

4._Teresa Fernández Fontecha andreak honako hau alegatu du:

Ez duela proposaturiko kalte-ordaina onartzen. Adierazten du, finka hesituz gero, hodiaren eta finkako mugaren artean dagoen lurra ezin izanen duela aprobetxatu. Era berean, azaltzen du itxitura horren kostua handiagoa izanen dela, zorpeko eremuan pasabide hesitu bat utzi beharko duelako.

Alegazio horri erantzuteko, adierazi beharra dago finkaren gaineko zortasuna lur azpikoa dela. Hortaz, obrak bukatutakoan, finka orain arte bezala erabili ahalko da. Finka hesituz gero, hodia ukitzen ez bada, ez da beharrezkoa izanen zorpeko eremua hesitzea.

Kalte-ordainari dagokionez, jakinarazten zaio bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiak haren gaineko ebazpena emanen duela.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Lapoblaciongo eta Meanoko hodi igorleen eta hondakin uren tratamenduen lanak" izeneko proiektua behin betikoz onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honetako azalpen zatian ezarritakoaren arabera ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Lapoblaciongo Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lapoblaciongo udalari eta alegazio-egileei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesatu guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2005eko irailaren 7an._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0518790