111. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

BERRIOZAR

Deialdia, administrari-ofizial izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

16/2005 Ebazpena, irailaren hamahirukoa, Berriozarko alkateak emana, administrari-ofizial izateko bi lanpostu (bat, administrari euskaldunarena) oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Berriozarko Udaleko administrari-ofizial izateko bi lanpostu betetzea (04 eta 070 zenbakidunak). Azken horrek 1. maila du; alegia, euskaraz jakitea eskatzen du eta, hori frogatzeko, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo horren baliokidea aurkeztu behar da. Oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluak agindu bezala. Berriozarko Udalaren zerbitzuko plantillako langileek parte hartu ahalko dute oposizio-lehiaketa honetan, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

1.2. Lanpostuek C mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta hura garatu edo aldatzen duten gainerako xedapenetan xedatutakoaren arabera eta Berriozarko Udalaren Plantilla Organikoarekin bat, 2005. urtean onetsi baitzen (04 eta 070 zenbakiko lanpostuak).

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Berriozarko Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.

b) Goi Mailako Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Euskaraz jakitea eskatzen duen lanpostuaren kasuan (070 zenbakiduna), izangaiek frogatu beharko dute Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako gaitasun agiria (goi ziklokoa) edo horren baliokidea (EGA) daukatela.

Baldin eta b) ataleko titulazioaren baldintza betetzen ez bada, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Berriozarko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, 15 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira, eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Orobat, lehiaketaldian baloratu beharreko agiriak ere aurkeztuko dituzte.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Inork ez badu alegaziorik aurkezten, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Berriozarko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko lehen alkateordea.

1. mahaikidea: Berriozarko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko administrari-ofiziala.

2. mahaikidea: Berriozarko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko administrari-ofiziala.

3. mahaikidea: Berriozarko Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Berriozarko Udaleko langileen ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Yolanda Alvarez López, Berriozarko Udaleko idazkari orokorra.

Ordezkoa: Manuel Conget Ferruz jauna, Atezko eta Txulapaingo Udaletako idazkari orokorra.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez baitira ariko, horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi urratsetan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, zer ordutan eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

7. oinarria._Lehiaketaldia.

7.1. Alegatutako eta behar bezala egiaztatutako merezimenduen balorazioari ekinen dio epaimahaiak, ondoko baremoari jarraituz. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazio Publikoetan, administrari laguntzailearen edo administrari-ofizialaren lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 2 puntu, eta gehienez ere 20 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

_15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

_15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

c) Titulu akademikoak:

_Goi mailako titulazio akademikoak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.

_Erdi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

_Bestelako titulazio akademikoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, 3 puntu bitarte.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

c) atal honetan gehienez ere 5 puntu lor daitezke.

7.3. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez, atal hauetan banatuta:

a) Egindako zerbitzuak, gehienez ere 20 puntu.

b) Lanbideko curriculuma, gehienez ere 5 puntu.

c) Titulu akademikoak, gehienez ere 5 puntu.

7.4. Lehiaketaldia amaitzen denean, Berriozarko Udalaren iragarki oholean jarriko da izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa.

8. oinarria._Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketa hauek egin beharko dira:

Lehen ariketa. Deialdiko II. eranskinean agertzen diren informatikako gaiei buruzko 10 galdera teoriko-praktikori (test erakoak) erantzun beharko zaie. Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu; gutxienez, 6 puntu.

Bigarren ariketa. III. eranskineko gaiei buruzko 40 galdera teoriko-praktikori (test erakoak) erantzun beharko zaie.

Ariketa hau egiteko 3 ordu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 40 puntu; gutxienez, 15 puntu.

8.2. Oposizioaldian 60 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko dira, Udalaren ediktu oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako dei bakar bat eginen da eta Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9. oinarria._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1 Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriozarko Udaleko ediktu oholean, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du.

9.2. Epaimahaiak alkateari bidaliko dio ariketa bakoitzeko gutxieneko puntuazioa gainditurik puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena.

10. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozesua bukaturik, alkateak ebazpen bidez Berriozarko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du, eskainitako alorretako lanpostua betetzeko, alor bakoitzean puntu gehien lortu duen izangaia.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badute, administrari-ofizialaren kategoria erdiesteko eskubide guztiak galduko dituzte, eta horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko da hutsunea.

11. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian, dagokion salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretik erabakia hartu duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo, bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena ..................................., adinez nagusia, N.A.N. .............. sorteguna ........... sorterria ................... (...............) bizitokia ..................... (............) karrika ..................... zenbakia ........ posta kodea ......... telefonoa ............. zure aitzinera agertzen naiz eta,

Honako hau azaltzen dut:

Berriozarko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finkoa naizela.

Deialdiko eta oinarrietako baldintza guztiak betetzen ditudala, tenorez eta moduz, Berriozarko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa murriztuaren bitartez betetzeko.

Horrenbestez:

Eskatzen dut eskabide hau onartzeko eta, hortaz, Berriozarko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izateko.

a) Euskararik ez.

b) Euskara, bai.

(Eguna eta izenpea)

BERRIOZARKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Informatika

1._Hardwarea. Mikroordenagailu baten osagaiak: oinarrizko ezagutza. Periferiko erabilienak.

2._Windows ingurunearen funtzio nagusiak (Windows 98 eta XP).

3._Testu prozesadoreen funtzio nagusiak. Windowserako Word testu prozesadorearen oinarrizko funtzionamendua.

4._Kalkulu-orrien funtzio nagusiak. Excel kalkulu-orriaren oinarrizko funtzionamendua.

5._Datu baseak. Access datu-basearen funtzionamendu oinarrizkoa.

III. ERANSKINA

1._Administrazio prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Hiritarren eskubideak. Eskabideak, idazkiak eta jakinarazpenak aurkeztea. Erregistroak. Epeak kontatzea. Errekurtsoak.

2._Toki administrazioa: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa. Edukiaren gaineko ezagupen orokorra. Toki Arauteria: ordenantzak, erregelamenduak eta bandoak. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Hiritarren lankidetza eta partaidetza administrazioaren eginkizunetan. Herri ondasunak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

3._Udal administrazioa. Udal organoak: alkatea, osoko bilkura eta gobernu batzarra. Beste organo batzuk. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har, eta bereziki, Berriozarko Udalekoak.

4._Nafarroako toki entitateen kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestatzeko jarduketa administratiboak. Esleipen prozedura eta formak.

5._Nafarroako toki entitateen baliabideak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arabera. Ezagupen orokorrak.

6._Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua. Funtzionarioak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

7._Lizentziak, kontzeptua eta prozedura.

Berriozarren, 2005eko abuztuaren 26an._Alkatea, Benito Ríos Ochoa.

Iragarkiaren kodea: L0518124