Iragarkia
111. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 16a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
E G U E S I B A R
Ordenantza fiskalak behin betikoz onetsirik
Eguesibarko Udalak, 2004ko urriaren 19ko osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zituen ondotik agertzen diren ordenantza fiskalak, argitaratutakoan indarra hartuko baitute. 2004ko 151. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 17koan, argitara eman zen haien hasierako onespena. Jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betikoz onetsi dira. Testu osoa ematen da argitara, orok jakin dezan eta gainerako ondorioetarako; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua betez (Nafarroako toki araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitu).
Eguesen (Eguesibar), 2005eko abuztuaren 8an._Alkate udalburua, José A. Andía García De Olalla.
ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTEKO JARDUERA SAILKATUEN ETA JARDUERA KALTEGABEEN KONTROLAREN ARLOAN BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergaperko egintza ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:
a) Jarduera lizentzia.
b) Jarduera lizentzia berrikustea.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Lizentzia eskatzen denean sortuko da tasa edo/eta hura eskualdatu dela jakinaraztearekin batera.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu, eskualdatu edo berraztertzen bada.
Tarifak
5. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean agertzen dira. Lizentzia eskatzen dutenek lizentziei uko egin ahalko diete, uko espresua idatziz aurkeztuz, betiere ordurako lizentzia iraungia ez bada. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen egiten bada uko, lizentzia emandakoan legokiokeen tasaren % 20 ordaindu beharko da. Lizentzia eman eta gero egiten bada uko, tasak % 50 baino ez dira gutxituko.
Kudeaketa arauak
6. artikulua. Jarduteko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta horren kokapena zehazten dituztela, legeetan eta arloaren gaineko udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.
7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsia dela, interesatuak zenbatekoa ordaindu beharko du, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina borondatezko kobrantza aldiaren barrenean; bertzenaz, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.
8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute legeetan eta arloaren gaineko ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesatuek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.
9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Lizentzia egiaztatzen duen titulua titular berriaren alde luzatzeak dagokion tasa galdatzea eraginen du.
Arau-hausteak
10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
TARIFEN ERANSKINA
I. epigrafea._Jarduera lizentzia eta jarduera lizentziaren berrikuspena:
Emandako lizentzia bakoitzagatik: 600,00 euro.
II. epigrafea._Jarduera lizentziaren eskualdaketa
Jarduera lizentziaren eskualdaketa bakoitza: 50,00 euro.
ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZPEN AGINDUEN, ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA PARTIKULARRENDAKO SOROSPENEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2.1. artikulua. Ondoko jarduerak egin eta ondoko zerbitzuak ematea da zergapeko egintza:
a) Obrak, eraispenak, konponketak eta beste hainbat egintza betearazteko aginduak, baldin eta, hirigintzako baimena nahitaezkoa edukirik, haietara beharturik den subjektuaz beste inork egiten ahal baditu.
b) Ordezko betearazpenak, aurreko ataleko kasuetan betearazpen agindu bat bete ez izanak eraginda, edo, baita ere, Ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanaren ondorio direnean, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.
c) Udaltzaingoaren zerbitzu bereziak, partikularrek eraginda.
2. Interesatuek berek eragiten dituzten zerbitzuek, eta bereziki beren mesederako direnek, eta bai ere ondasunak berreskuratzeko larritasunagatik edo ordena publikoa, segurantza, osasungarritasuna, edo higienea direla medio derrigor eman beharrekoak direnek, horiek guztiek ordainarazpena sortzea ekarriko dute nahiz eta zerbitzua ez izan interesatuek eskatua.
3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu batekin kontratatzea, ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari eskudunen eta bertze bitarteko partikular batzuen zerbitzuak, eta gero Alkatetzari edo Udalbatzari horren berri ematea.
Tasaren sortzapena
4. artikulua. Tasa sortuko da, kasuan-kasuan, betearazpena agintzen denean, ordezko betearazpenaren espedienteari hasiera ematea ebazten denean, edo, aldez aurretiko ebazpenik ezean, betearazpenaren funtsa den sorospen edo zerbitzua ematen denean.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Ondokoak dira tasa hauen subjektu pasiboak: pertsona fisikoak eta juridikoak eta, baita ere, nortasun juridikorik gabeak izan eta unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak, haien kontra betearazpen agindu bat eman bada, edo halakorik eragin badute, edo, bestela, gauzatutako beterazpenak edo egindako zerbitzuak ukitu baditu edo horren onuradunak gertatu badira.
Zerga-oinarria
6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:
a) Betearazpen agindua: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik heldu dena izanen da.
b) Ordezko betearazpena eta partikularrendako sorospenak: egindako betearazpen edo zerbitzuaren kostu osotik heldu dena.
Kudeaketa arauak
7. artikulua. Betearazpen aginduak sortutako tasa likidatuko da betearazpena galdatutakoarekin bat gauzatzen denean.
Lizentzia behar duten egintzen ordezko betearazpenen kasuan tasa behin-behinekoz ahalko da likidatu, eta betearazpena baino lehenago gauzatu, betiere behin betiko likidazioaren zain geldituta.
Arau-hausteak eta zehapenak
8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa goiti-beheiti, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.
TARIFEN ERANSKINA
I. Epigrafea_Betearazpen aginduak.
Karga tasa izanen da hirigintza lizentzien tasendako ezarritako berbera, lizentzia emateko gutxieneko eskubideak ere ordaindu beharko direlarik.
II. epigrafea._Ordezko betearazpenak.
Karga-tasa % 120,00 da, betearazpen aginduei dagokien oinarriaren gainean.
III. epigrafea._Udaltzaingoaren zerbitzu bereziak, partikularrek eraginda.
Zenbatekoa orduko edo gutxiagorako:
Esku hartu behar duen udaltzain bakoitzeko: 26,30 euro.
Erabilitako patruila-auto bakoitzeko: 3,45 euro.
Erabilitako motorra bakoitzeko: 3,00 euro.
ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOTIK ALTXATZEKO ETA IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOAN IBILGETZEKO ZERBITZUAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:
a) Udalaren zerbitzu eskudunek ibilgailuak eramatea nahiz kentzen hastea.
b) Udal egoitzetan edozein arrazoirengatik gordeta dauden ibilgailuak zaintzea.
c) Hirugarren kategoriako ibilgailuak eremu publikoan ibilgetzea bitarteko mekanikoak erabiliz.
3. artikulua. Ez dute tasa hau ordaindu beharko:
1. Behar den moduko baimena duten kabalgata, desfile, segizio, kirol-saio edo beste jarduera nabarmenen bat eginen den ibilbidean aparkaturik egoteagatik kenduko diren ibilgailuak.
2. Dauden tokian eremu publikoa konpontzea edo garbitzea galarazteagatik kendu diren ibilgailuak.
3. Jabeei ebatsirik eremu publikotik kenduko diren ibilgailuak.
Ibilgailua jabeari ebatsi zaiola ulertuko da jabeak ebasketaren salaketaren kopia aurkezten duenean, ibilgailua eremu publikotik kendu edo bertan ibilgetu den eguna eta ordua baino lehenago eginiko salaketa bada. Era berean, ibilgailua ebatsi dutela ulertu ahalko da lapurretaren zantzu nabarmenak baditu (sarraila apurtuta, zubi elektrikoa etab.).
4. Iruñeko Udaleko Derrigorrezko Dirubilketa sailak hala erabakita biltegira bahituta eramaten diren ibilgailuak.
Tasaren sortzapena
4. artikulua. Ibilgailua kentzeko tasa sortuko da zerbitzua hasten den momentuan.
5. artikulua. Ibilgailua zaintzeko tasa sortuko da hogeita lau ordu iragandakoan, ibilgailuaren gidariak edo jabeak Udalaren biltegian dagoela jakiten duenetik.
Subjektu pasiboa
6. artikulua. Kasu bakoitzean ezarri behar diren arauekin bat, ondokoek ordaindu beharko dute tasa: ibilgailuaren gidaria, titularra, gordailuzaina edo ibilgailuaren erantzulea.
Karga-oinarria
7. artikulua. Kendu, altxatu edo ibilgetu den ibilgailu bakoitza da karga-oinarria.
Salbuespenak
8. artikulua. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharreko salbuespenak baizik ez dira onartuko.
Tarifak
9. artikulua. Ordenantzaren eranskinean ezarri dira ibilgailuak kentzeagatik, edo kentzen hasteagatik, eta altxatzegatik edo ibilgetzeagatik aplikatu beharreko tarifak.
Tributuaren kudeaketa
10. artikulua. Ordainarazpen honen dirubilketarako arau berezitako, zerbitzu honek sortuko dituen tasak Udaltzaingoaren dirubilketa zerbitzuetan ordainduko direla ezarri da. Udaltzainek, ordainketa frogatzeko, behar den ordainagiriak edo tributu efektuak luzatuko dituzte.
11. artikulua. Kendutako edo ibilgetutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu, altxatu edo ibilgetzeak sortu dituen tasak ordaindu arte.
12. artikulua. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du kentzen inolaz ere bestalde zirkulazio arauak hausteagatik izan daitezkeen zehapen edo isunak pagatu beharrik.
TARIFEN ERANSKINA
I. Epigrafea.
Ibilgailuaren gidariak edo jabeak ibilgailua altxatokira eraman dela jakiten duenetik 24 ordu igarotakoan, honenbeste ordainduko da zainketa egun edo egun-zati bakoitzeko:
_Gehienez ere 3.500 kg pisatzen duten ibilgailuak: 5,50 euro.
_3.500 kg-tik goitiko ibilgailuak: 11,20 euro.
Eremu publikoan ibilgailua ibilgetzea; ibilgeturiko ibilgailu bakoitza:
_Gehienez ere 3.500 kg pisatzen duten ibilgailuak: 127,00 euro.
_3.500 kg-tik goitiko ibilgailuak: 127,00 euro.
II. Epigrafea.
Udalaren baliabideekin ezin bada ibilgailua eraman, eta zerbitzua egiteko beste batzuengana jo beharra baldin badago, kobratu beharreko tasa izanen da Udalak ibilgailuak erretiratzeko lana egiten duen enpresari ordaindu behar diona gehi % 20, administrazio arloko gastu orokorrengatik.
3.500 kg baino gutxiagoko ibilgailu baten berezko ezaugarriak direla medio, 3.500 kg baino gehiagokoak erretiratzeko erabiltzen den garabia erabili behar izanez gero, horietarako aurreikusten den tasa kobratuko da.
ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN ZAKURTEGIKO ZERBITZUAREN GAINEKO TASAK ETA ARRISKUGARRI GERTA DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEKO LIZENTZIEN GAINEKOAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza honako hauengatik sortzen da:
a) Udal zakurtegiko ondoko zerbitzuak:
_Udal zerbitzuek zakurrak eta bestelako animaliak bildu eta atxikitzea.
_Zakurren eta bestelako animalien egonaldiak Udal zakurtegian
b) Zerbitzu tekniko edo administratiboak egitea, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak emateko.
Tasen sortzapena
3. artikulua. Udalaren Zakurtegiko zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasak zerbitzua ematen hastean sortuko dira, nahiz horien zenbatekoa aurretik paratzea eskatzen ahal den, osoki edo hein batean.
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak emateko tasa sortuko da eskaera aurkezten den unean, eta lizentzia ez da tramitatuko aldez aurretik tasa hori ordaintzen ez bada.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluaren a) ataleko zerbitzuei dagozkien tasak, kasuan kasukoak, honakook ordaindu behar dituzte: eskatzaileak, edo, zuzenean interesdun izanik, zerbitzuaren onura jaso duten pertsonak, edo Udalaren esku-hartzea derrigortu duten egoeren erantzule direnak.
Ordenantza honen 2. artikuluaren b) ataleko lizentzia emateak eragindako tasak arriskugarri izan daitekeelakoan arloko udal ordenantzaren babespean horrelakotzat sailkatutako edozein animaliaren jabe edo edukitzaileek ordaindu behar dituzte
Tarifak
5. artikulua. Kasu bakoitzean aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean heldu direnak dira.
Kudeaketa eta dirubilketa arauak
6. artikulua. Zakurtegiko zerbitzuak erabiltzeagatik ordenantza honetan ezarritako tasak behar den udan zerbitzuan kokatutako dirubilketa zerbitzuan ordaindu beharko dira, edo, bestela, ezartzen ahal diren banku bidezko prozedurak erabiliz.
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak emateagatik ezarritako tasak Udalaren diru-bilketa zerbitzuan ordainduko dira, eskaera aurkezten den momentuan.
7. artikulua. Udal Zerbitzuek bildutako zakurrak atzera eskuratzeko, horretarako erabiliko den tokira jo behar da eta bertan jaso, betiere tasak ordaindu ondotik.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe utzi da Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duen udal ordenantzako eranskina.
TARIFEN ERANSKINA
I. epigrafea._Animaliak bildu edo atxikitzea.
Animalia bakoitzeko: 18,00 euro.
II. epigrafea_Egonaldiak zakurtegian.
Zakurtegiko egonaldiak, albaitariaren aginduz osasun aferak direla-eta, eguneko: 2,45 euro.
Bestelako egonaldiak, eguneko: 5,30 euro.
III. epigrafea_Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziak ematea.
Tarifa, lizentzia bakoitzeko: 30,95 euro.
ORDENANTZA FISKALA, ERABILERA PUBLIKOKO LURRETAN ZANGAK, LAGINKETAK ETA ZULOAK IREKI ETA EREMU PUBLIKOKO ZORUAN EDO ESPALOIETAN EDOZEIN MUGIMENDU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da erabilera publikoko tokiko lurretan, tokiko errepide, bide eta gainontzeko eremu publikoak barne, zangak, laginketak eta zuloak irekitzea, tutueria, hodiak eta bestelako instalazioak jarri eta konpontzeko, bai eta eremu publikoko zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egitea ere.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Zergak ordaindu beharra toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten denean sortzen da.
Nork ordaindu behar
4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta Ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa bereziki beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.
Oinarriak, tasak eta tarifak
5. artikulua. Tasa oinarritzat hartuko da egin beharreko aprobetxamendua egin ahal izateko mugitu edo ireki beharreko toki entitatearen jabari publikoko azalera.
Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamendu bereziei zein erabilera pribatiboei dagozkien tasak horren gaineko Ordenantza Fiskalak edo horiek arautzeko Udal Erabakiek gobernatuko dituzte.
Ondasunak eta instalazioak berreraiki, birrezarri edo konpontzea
6. artikulua. Ordaintzeko obligazioa duenak aprobetxamendua egin den tokietako ondasun eta instalazioak berreraiki, birrezarri eta konpondu beharko ditu.
7. artikulua. Konponezinak diren kalteak egiten badira, interesatuak ordaindu beharko ditu. Udal teknikariek zehaztuko dute kalte-ordainaren zenbatekoa, desegindako gaiek balio dutenaren edo kaltetutakoaren balio galeraren arabera, aplikagarri den legeriari jarraikiz.
8. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, ordaintzeko obligazioa duenak gordailu bat egin beharko du, lehenik eta behin, zanga behar bezala betetzeko erabiliko dena eta, behar izanez gero, zoladura emateko, eta pasabideen kasuan, hurrengo batean berreraikitzeko, hala nola konponezinak gerta daitezkeen kalteak ordaintzeko.
Gordailua lotu daiteke indarra duen arautegia haustearekin edo lizentziaren baldintzekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arauteriak eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.
9. artikulua. Gordailuen zenbatekoak aprobetxamendurako baimendutako azaleraren arabera zehaztuko dira, betiere tarifen eranskinean ageri denari jarraikiz.
Etxebizitzetako edo lurpeko garajeen kasuan, administrazio kontzesioak eta planeamenduan garajeetako aurreikusitako lurzatiak direnean, ez da beharrezkoa izanen gordailurik zintarriak birjartzeko, kasu hauetan zintarriak apaldua egon behar baitu eraikuntza zutik dagoen bitartean.
Zaharberritzeko dirulaguntzei buruzko ordenantzari heldu dioten zaharberritze obren kasuan, gordailuaren zenbatekoa onuradunei dagozkien dirulaguntzek osatuko dute.
Kudeaketa arauak
10. artikulua. Edozein arrazoi dela medio, tokiko erabilera publikoko lurretan, zangak, laginketak edo zuloak ireki edo zoladura edo espaloiak kendu nahi dituen pertsona natural edo juridikoak, behar den baimena eskatuko dio Udalari, eta horretarako "Hirigintza Prozedurari buruzko Ordenantzak eta Urbanizazio Ordenantza" izenekoetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu eta, hala egokitzen bada, "Eremu publikoetako espaloietan eta erreserbatutako lekuetan barna ibilgailuak pasatzeko lizentziari buruzko ordenantza" izenekoan eskatutakoa ere bete beharko ditu.
11. artikulua. Lizentziak ematen diren unean behar diren tasak ordaindu beharko dira. Pasabideak egiten direnean, lizentziaren eraginkortasuna lotua geldituko da espaloia zeharkatzeko baimenari.
12. artikulua. Baimenak indarra galduko du hura eman eta sei hilabetetan ez badira obrak hasi edo ezarri epean ez badira bukatu.
TARIFEN ERANSKINA
Ordenantza fiskal honetan aplikatuko diren tarifak honako hauek dira:
I. epigrafea._Zangak irekitzea.
I.1. Zanga, laginketa edo zuloaren metro lineal bakoitzeko: 15,00 euro.
I.2. Zanga, laginketa edo zuloa irekitzeko beharrezkoa bada ibilgailuei pasabidea galaraztea, bai osorik bai norabide bat edota gune zabal samarra ixten denean, aurreko epigrafeetako tarifak % 20 igoko dira.
II. epigrafea._Ibilgailuen pasabideak, karga-ahoak, aireztapenak, lukanak, kalapatxak egin edo deuseztatzea eta zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egitea.
Metro lineal bakoitzagatik, alderik handienean: 15,00 euro.
III. epigrafea._Gordailuak, zangak, laginketak eta zuloak irekitzeko eta zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egiteko.
III.1. Zanga, laginketa edo zuloaren zabalera metro lineal bat baino txikiagoa bada, metro luze bakoitzeko: 60,00 euro.
III.2. Zanga, laginketa edo zuloaren zabalera metro lineal batekoa edo handiagoa bada, metro luze bakoitzeko: 75,00 euro.
III.3. Zoladuran edo espaloietan mugitutako metro luze bakoitzeko, alderik handienean, gordailu bat ezartzen da, ibilgailuak espaloietan barna igarotzeko lizentzietan eta eremu publikoetan espazioa erreserbatzeko: 300,00 euro.
Iragarkiaren kodea: L0517396
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
