Iragarkia
111. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 16a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak
708/2005 EBAZPENA, abuztuaren 9koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Zizur Txikiko "ASPACE (Eguneko zentroa)" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 79/2005).
Ikusirik Zizur Txikiko "ASPACE (Eguneko zentroa)" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 79/2005).
Gertakariak:
1. Departamentu honetan 2005eko uztailaren 27an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 38 artikuluz, 2 xedapen gehigarriz eta eranskin batez (2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (CC OO) 2005eko ekainaren 24an izenpetu eta onetsia.
2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.
Zuzenbideko oinarriak:
1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.
2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.
3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.
Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Zizur Txikiko "ASPACE (Eguneko zentroa)" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea (kodea: 3108071), Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.
2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2005eko abuztuaren 9an._Lan zuzendari nagusia. José María Roig Aldasoro.
ASOCIACION NAVARRA DE AYUDA A LA PARALISIS CEREBRAL (ASPACE) ELKARTEAREN ZIZUR TXIKIKO RAMON Y CAJAL EGUNEKO ZENTROAN ARI DIREN LANGILEENTZAKO LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Lurralde eremua eta langileak.
Hitzarmen kolektibo hau Asociación Navarra de Ayuda a la Parálisis Cerebral (ASPACE) elkartearen Zizur Txikiko "Ramón y Cajal eguneko zentroan" ari diren langile guztientzat izanen da, finko zein aldi batekoentzat, Langileen Estatutuan eta harekin bat datozen gainerako legeetan ezarritako edozein kontratazio mota erabiliz sartu direnentzat. Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo geldituko dira gizarteari laguntzeko lan boluntarioa egiten dutenak edo ASPACErekin zerbitzuen errentamendu kontratuak hitzartuak dituzten enpresen plantilletakoak.
2. artikulua. Iraunaldia, amaieraren iragarpena eta indarraldia.
Hitzarmen kolektibo hau sinatu da 2005eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31 bitarterako.
Hitzarmen aldia iraungitzearekin batera, amaiera iragarritzat hartuko da.
Hitzarmen honetako klausula arau-emaileek indarrean segituko dute beste hitzarmen batek ordeztu bitarte.
3. artikulua. Batzorde paritarioa
Hitzarmen hau sinatzean, hitzarmenaren segimendu, aplikazio eta interpretaziorako batzorde paritario bat eratuko da, alderdi sinatzaileek osatua.
Batzorde paritario honek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz sei egun baino gehiago pasako.
Hitzarmenaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren aplikazioan edo interpretazioan sortzen ahal diren arazoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari edo Gizarte Jurisdikzioari igorri aurretik, batzorde paritarioari jakinarazteko, salbu eta haien ebazpena legeak ezarritako epeen menpe badago (kaleratzeak, gatazka kolektiboak, lan baldintzen aldaketa nabarmenak).
4. artikulua. Osotasunarekiko lotura. Konpentsazioa eta irenspena. Berme pertsonalak.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, aplikatzeko orduan, beren osotasunean hartuko dira.
Hori horrela, hitzarmen honetan biltzen diren hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa. Parekatzeko, urteko kopuruak guztira alderatuko dira, inguruabar arruntetan eta asistentzia osokoetan.
Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino gehiago badira urteko konputuan.
Langileren batek, urteko kopuruan eta orokorrean, hitzarmen honetan ezarritakoak baino lan baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
II. TITULUA
Langileen sailkapena
5. artikulua. Lanbide-sailkapena.
Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde edo kategoria hauetan sailkatuko dira:
1. taldea. Teknikariak
1.1: Goi mailako teknikariak
1.2: Erdi mailako teknikariak
2. taldea. Teknikari laguntzaileak.
2.1: Begiralea
2.2: Laguntzailea
2.3: Jantokiko laguntzailea
2.4: Autobuseko zaintzailea
3. taldea. Administrazioko langileak.
3.1: Administrari-ofiziala
3.2: Administrari laguntzailea
4. taldea. Zerbitzuetako langileak.
4.1: Sukaldaria
4.2: Sukaldari laguntzailea
4.3: Garbiketako langilea
4.4: Telefonista
4.5: Mantentze-lanetako langilea
4.6: Gidaria
Artikulu honetan ageri den langileen sailkapena deskriptiboa baino ez da, eta ez dakar berarekin adierazi diren lanpostu guztiak beteak izan beharra enpresaren beharrek eta lan kopuruak eskatzen ez badute.
6. artikulua. Kategorien definizioa eta eginbeharrak.
Teknikariak
_Goi mailako teknikariak:
Unibertsitateko titulua, maila bereko eskola tekniko batekoa edo behar adina egiaztatutako esperientzia eta prestakuntza teknikoa izanik, zentroan tituluaren berezko eginkizunak edo kontratatuak izateko oinarri izan diren ardurak dituztenak dira eta, betiere, erabiltzaileen autonomia pertsonala edo soziala sustatzeko jarduerak egiten dituztenak.
_Erdi mailako teknikariak:
Erdi mailako titulua edo egiaztatutako esperientzia eta prestakuntza teknikoa izanik, zentroan tituluaren berezko eginkizunak edo kontratatuak izateko oinarri izan diren ardurak dituztenak dira eta, betiere, erabiltzaileen autonomia pertsonala edo soziala sustatzeko jarduerak egiten dituztenak.
Batzuk aipatzearren, honako lanpostu hauek sartzen dira talde honetan: kirol teknikaria, gizarte-langilea, fisioterapeuta, logopeda, lan terapeuta, aisialdiaren arduraduna eta maisu-maistra.
Teknikari laguntzaileak
_Begiralea
Diziplina askotako taldearekin elkarlanean, osoko tratamenduaren lan osagarrietan askotariko eginkizunak egiten dituen langilea da, konparazio batera, errehabilitaziorako eta aisialdiko jarduerak antolatu eta garatzea, autonomia pertsonalerako programak aplikatzea, bai gizartean integratzekoak bai lanean hasi aurrekoak, erabiltzaileen oinarrizko beharrez arduratzea, taldekako mugimenduak, informazioa biltzea, agiriak bete eta eguneratzea, eginkizunak aurrera eramateko behar den materiala prestatzea eta, oro har, minusbaliatuaren segurtasuna, ongizatea eta garapena bultzatzea helburu duen beste edozein lan.
Era berean, zerbitzuaren beharrak ikusita beharrezkoa denean autobuseko zaintzailearen lanak ere eginen ditu (autobus zaintzailea lanerako aldi baterako ezintasun egoeran dagoenean edo ohiz kanpoko beste egoera batean).
_Laguntzailea
Kontratuan agertzen den espezialitateari buruzko ezaupide praktikoak izanda, minusbaliatuei laguntzeko askotariko lan osagarriak egiten dituena da.
Era berean, zerbitzuaren beharrak ikusita beharrezkoa denean autobuseko zaintzailearen lanak ere eginen ditu (autobus zaintzailea lanerako aldi baterako ezintasun egoeran dagoenean edo ohiz kanpoko beste egoera batean).
_Jantokiko laguntzailea
Jantokian lan egiten duen laguntzailea da, hala irekitan dagoen orduetan nola atsedenaldietan. Erabiltzaileei janaria eman aurreko eta ondoko higiene-lanak ere hari dagozkio.
_Autobuseko zaintzailea
Autobus garraioetan minusbaliatuez arduratzeko eta autobusera igotzen eta jaisten laguntzeko lan osagarriak egiten dituen langilea da. Gaitasuna eta eginkizunak askotarikoak izan daitezke.
Administrazioko langileak
_Administrari-ofiziala
Goiko baten agindupean, zerbitzu jakin baten ardura duen langilea da. Zerbitzu horretan, bere kabuz eta bere ardurapean, menpeko langileak izan ala ez, kalkulu, azterketa, prestakuntza eta baldintza bereziak eskatzen dituzten lanak egiten ditu, esate baterako, estatistikako kalkuluak, kontu-korronteen liburuen transkripzioa, gutunak erredaktatzea, soldaten erreziboak eta likidazioak egitea eta antzeko beste eginkizun batzuk.
_Administrari laguntzailea
Administrazio lan oinarrizkoak egiten dituen langilea da, norberaren ekimenez abiatzen ez direnak.
Zerbitzuetako langileak
_Sukaldaria
Sukaldeko langile guztiak menpean izanik, elikagaien horniduraz eta erabilera onaz, elikagaiak ontzeaz eta aurkezteaz eta jantoki zerbitzua behar bezala ematen dela begiratzeaz arduratzen den langilea da.
_Sukaldari laguntzailea
Sukaldariaren agintepean, hari laguntza ematen dio.
_Garbiketako langilea
Zentroa garbitu, ordenatu eta txukundu egiten du, bai eta arropa garbitu, josi eta lisatu ere. Halaber, lana egitean atzematen dituen hondatze edo akatsen berri arduradunari ematea dagokio, eta, bere lanbide kategoriaren barnean, goragokoek agintzen dioten beste edozein betebehar egitea ere.
_Telefonista
Kanpoko zein barruko telefono deiak egin eta hartzeko ardura duen langilea da eta telefono deien banagunea egoki ibiltzeko arduraduna.
Horrez gainera, zentroko harrera lanak egin beharko ditu eta oinarrizko beste lan erraz batzuk, fotokopiak egitea, karpetak prestatzea, etab.
_Mantentze-lanetako langilea
Instalazio eta tresna guztien zainketa, mantentze eta kontrol lan guztiak egiten dituen langilea da, hala zentroaren barrenean nola kanpoaldean (lorategia barne). Horrez gainera, arduradunak zentrotik kanpo agintzen dizkion kudeaketak ere egin beharko ditu.
_Auto-gidaria
Kasuan-kasuan zehazten den ibilbideari jarraikiz, erabiltzaileak etxetik zentrora eta zentrotik etxera eramaten dituen langilea da. Erabiltzaileei arreta eman eta laguntzeko arduraduna izanen da, igoera eta jaitsieretan eta bidaiak iraun bitartean. Lanerako enpresaren ibilgailua erabiliko du. Hortaz, ibilgailuaren kontrol eta mantentze lanen ardura ere izanen du.
Oro har, "Ramón y Cajal" zentroko langileek, lanbide kategoria guztietakoek, dagozkien eginkizunen barreneko kudeaketaren bat zentrotik kanpora egin behar dutenean, norberaren ibilgailua edo enpresarenak erabiliko dituzte.
Era berean, erabiltzaileei zuzeneko laguntza ematen dieten langileek, dagozkien eginkizunen barrenean, egoiliarrak nonbaitera eraman behar badituzte, joan-etorri horiek gidari eta/edo laguntzaile gisa eginen dituzte, enpresaren ibilgailuak erabiliz.
Artikulu honetan lanbide sailkapen bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere, betiere beren eskumen eta kategoriaren barrenekoak baldin badira.
III. TITULUA
Kontratuaren hasiera eta bukaera
7. artikulua. Langileak kontratatzea.
Langilearen eta enpresaren arteko kontratazio librearen bidez sartuko dira langileak enpresan.
Enpresan daramaten denboraren arabera sail hauetan banatzen dira langileak:
1. Finkoa: denbora mugarik gabe kontratatuak.
2. Behin-behinekoa eta aldi baterakoa: denboraldi jakin baterako kontratatuak, lan behin-behinekoak, aldi baterakoak edo bereziak egiteko.
3. Bitarte baterakoak: egoera hauetako batean dauden langileen ordez aritzen diren langileak: aldi baterako ezintasun egoera, oporrak, baimenak, lanpostuaren erreserba dakarren eszedentzia edo, langilea kanpoan egon arren, enpresak lanpostua gorde behar dionean.
Aldi baterako edozein kontratu motaren arabera kontratatutako langileak langile finko bihurtzen badira, behin betiko kontratazio-egunaren aurreko urtean lanean emandako denbora kontatu eginen zaie probaldiaren eta antzinatasunaren ondorioetarako.
8. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berriek probaldi bat pasatu beharko dute, gehienez ere honako eskala honetan adierazten dena:
Goi mailako teknikariak: sei hilabete
Erdi mailako teknikariak: hiru hilabete
Administrazioko langileak: bi hilabete
Teknikari laguntzaileak: bi hilabete
Zerbitzuetako langileak: hilabete bat
Probaldian bi aldeetako edozeinek bertan behera uzten ahal du lan harremana, kalte-ordainerako eskubiderik gabe, ordea.
Probaldian langilea lanerako aldi baterako ezintasun egoeran izanez gero, aldi hori eten eginen da.
9. artikulua. Prestakuntzako kontratuak.
Praktikaldiko kontratua.
Modalitate honetan kontratatutako langileek, edozein dela ere haien lanbide kategoria, hitzarmen honetan kategoria bakoitzerako ezarritako soldataren % 90a adinako ordainsaria kobratuko dute hitzarmenaren indarraldi osoan.
10. artikulua. Lan kontratuaren amaiera.
Lan kontratua amaituko da Langileen Estatutuko 49. artikuluan ezarritako arrazoietako edozeinengatik.
Enpresatik borondatez alde egin nahi duen langileak gutxienez hamabost egun lehenagotik abisatu beharko du. Epe hori betetzen ez badu, hamabost egun bete arte falta diren egunei dagokiena kenduko zaio likidaziotik.
Enpresak ohartarazpen hori epearen barrenean eta behar bezala jasotzen badu, beharrezkoa den likidazioa lan harremana bukatu baino lehen egin beharko du. Betebehar hori betetzen ez badu, langileak kalte-ordain bat jaso dezake, hain zuzen, bi eguneko soldata likidazioa atzeratzen den egun bakoitzeko. Ohartarazpena zenbat egun aurretik egin den, horixe izanen da kalte-ordainetarako muga. Kalte-ordain hori bere kontratuaren bukaeran jaso behar duenaz apartekoa izanen da, kontratuak, berez, halakorik ezartzen badu.
11. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea.
Enpresak, unean uneko lege indardunei jarraikiz, erretiroa aldez aurretik hartzeko aukera emanen die egoera horretan dauden langileei.
IV. TITULUA
Lan baldintzak
12. artikulua. Lanaldia.
12.1. Oro har, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zizur Txikiko "Ramón y Cajal" zentroko langile guztientzat, lan eraginkorreko lanaldi hau finkatu da urte osorako, lan egutegiko ordutegi eta txandetan bereizia:
2005. urtean: 1.697 ordu.
12.2. Zizur Txikiko "Ramón y Cajal" zentroko lanaldi bereziak: Zizur Txikiko "Ramón y Cajal" zentroko zenbait langile talderen ezaugarri bereziak ikusita, lanaldi berezi hauek finkatu dira 2005. urterako:
a) Lantegiko maisu-maistrak eta begiraleak: 1.565 ordu urtean, lan egutegian finkatzen diren ordutegi eta txandetan banatuak.
b) Logopedak, lan terapeutak, fisioterapeutak, laguntzaileak eta jantokiko laguntzaileak: 1.492 ordu urtean, lan egutegian finkatzen diren ordutegi eta txandetan banatuak.
c) Maisu-maistrak: 1.323 ordu urtean, lan egutegian finkatzen diren ordutegi eta txandetan banatuak.
d) Autobuseko zaintzailea: 868 ordu urtean, lan egutegian finkatzen diren ordutegi eta txandetan banatuak.
12.3. Langileak, lantokira joateko, minusbaliatuek erabiltzen duten ibilgailu berbera erabiltzen badu eta haiek zaindu eta laguntzeaz arduratu behar baldin badu, zerbitzu hori ez da lanaldiaren barrenean sartuko.
13. artikulua. Lan egutegia.
Urtero, urtarrilean, enpresak lan egutegia prestatuko du. Bertan, zentroko atal guztien txandak, ordutegiak eta lan egunak jasoko dira.
Enpresaren Zuzendaritzak kontuan hartzen ahalko ditu langileen legezko ordezkariek aurkezten dituzten proposamenak, baina, dena den, ez dira lotesleak izanen enpresarentzat.
14. artikulua. Oporrak.
"Ramón y Cajal" zentroko langile guztiek 31 egun naturaleko oporraldi ordaindua izanen dute urtero, uztailean, hilabete horretan oporrak direla-eta zentroa itxita egonen baita.
Berariaz adierazten da zehaztapen hori langile guzti-guztiei dagokiela. Beraz, ezin izanen da eskatu opor egun gehiagorik, oporraldia hasi aurretik edo oporraldian berean gertatutako eritasun arrunta nahiz profesionala edo laneko edo lanez kanpoko istripua dela-eta opor egun guztiak edo batzuk hartzerik egon ez denean.
Hala ere, eta aurreko lerroaldeko arau orokor horren salbuespen gisa, oporrak beste egun batzuetan hartzen ahalko dira honako kasu hauetan:
_Langileak hartzerik izan ez badu (osorik edo zati bat) amatasun baja duelako.
_Osorik edo zati bat hartzerik izan ez badu lan istripu baten ondorioz ospitaleratua egon delako.
Kasu horietan langileak eskubidea izanen du oporraldian amatasun bajan edo ospitalean egon den egun naturalen kopuru bera beste egun batzuetan hartzeko, langileak eta enpresak adosten duten egunetan hain zuzen, baina, betiere, urte horretako abenduaren 31 baino lehen.
15. artikulua. Baimen ordainduak.
Honako kasu hauetan, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik ohartemanik eta ondoren justifikatu beharra duela, langileak zilegi du ondoren adierazten den denbora ematea lanera joan gabe, dagozkion ordainsariak eskuratzeko eskubidea galdu gabe:
_A) Ezkontza: 15 egun.
_B) Seme edo alaba baten jaiotza: 4 egun.
_C) Ondokoen heriotza, eritasun larria, ospitaleratzea edo prozesu larri baten ondoriozko ebakuntza:
_Ezkontidea eta seme-alabak: 4 egun.
_Gurasoak eta anai-arrebak: 3 egun.
_Aiton-amonak eta ilobak: 2 egun.
_Aitaginarreba-amaginarreba, suhi-errainak eta koinatu-koinatak (koinatu-koinaten senar-emazteak izan ezik): egun bat.
Baimen hauek hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratze aldia baino luzeagoa izan.
Ospitaleratzearen eta eritasun larrien kasuetan, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera. Ezein kasutan ezin izanen dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema honen bidez, gertaera eragilearen ondo-ondotik hartu izan balitu zegozkiokeenak baino lan egun gehiago.
Arrazoi horiek direla-eta langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat gehiago luzatuko da alboko probintzien kasuan eta 2 egun natural gainerakoetan.
_D) Kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzak:
Ezkontidea eta seme-alabak: 2 egun (ebakuntzarena barne).
Gurasoak: egun bat.
Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira, aplikatzen den anestesia mota edozein dela ere, ebakuntza egin eta egun berean eriak etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak.
_E) Seme-alaben edo anaia-arreben ezkontza: egun bat.
_F) Ohiko bizilekuz aldatzeko (ezkontzaren ondoriozkoarekin bat ez badator): egun bat.
_G) Beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako familia-medikuaren zein espezialisten kontsultara joateko, kontsulta horietara lan orduetatik kanpo joaterik ez bada; hortaz, langileak bajako agiria edo medikuaren frogagiria aurkeztu beharko du enpresan.
_H) Eginbehar publiko eta pertsonal saihestezin bat egiteko: beharrezkoa den denbora.
_I) Titulu akademiko bat lortzeko asmoz Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta/edo Nafarroako Gobernuak antolatutako edo onartutako ikastaro ofizialetan edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio batean izena eman duten langileek azterketetara edo gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko beharrezkoa den denbora. Gehienez, 10 ordu urtean.
_J) Bederatzi hilabetetik beheitiko seme-alabari esnea emateko: ordu bat egunero. Nahi izanez gero, bi alditan zati daiteke: 30 minutu lanaldiaren hasieran eta beste 30 bukaeran.
A) eta F) bitarteko ataletako lizentziak, biak barne, egun naturaletan kontatuko dira eta, C) ataleko ospitaleratzeetarako eta eritasun larrietarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.
Gertaera eragilea sortzen denean langileak gutxienez bere lanaldiaren erdia bete badu eta bukatzea erabakitzen badu, egun naturalak hurrengo egunetik zenbatuko dira.
"Ezkontidea" aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duen udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.
16. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak
Langile guztiek aukera dute urtean soldatarik gabeko 15 eguneko baimena hartzeko, edo proportziozko zatia enpresan urte natural osoan alta emanda egon ez badira. Baimen hori emanen da bost egun natural lehenago eskatu izan bada eta zentroko zerbitzu edo unitate bati atxikitako langileen % 50 gutxienez lanean arituko direla bermatzen bada, betiere.
17. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Familia ugaria duten langileek (3 seme-alaba edo gehiago) semeak edo alabak 8 urte bete arte eskatzen ahalko dute adingabeko seme-alabak zaintzeko lanaldi murriztua. Horrelakoetan, lanaldiaren araberako murrizketa eginen zaie soldatan.
Aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz, 6 urtetik gorako baina 8 urtetik beherako adingabeko bat zaintzeko lanaldia murriztu nahi izanez gero, murrizketa lanaldiaren 100eko 50ekoa izanen da gutxienez eta ohiko lanaldiaren hasieran edo bukaeran hartu beharko da.
18. artikulua. Eszedentziak.
18.1. Borondatezko eszedentzia norberaren aferetarako.
Zentroan gutxienez bi urteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, 3 hilabetez gutxienez eta urtebete egin arte gehienez (luzapen bakarra onartuko da) lanpostua gordea baina antzinatasuna kontatzeko eskubiderik gabe, betiere.
Lanpostua erreserbatuta emandako urtebete hori iragan ondoren langileak, enpresan berriro sartu beharrean, eszedentzia urtebete luzatzea erabaki dezake, baina ez du lanpostu erreserbarik izanen. Dena dela, enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna izanen du.
Aurreko atalean adierazitako edozein luzapen eskatzeko, hasteko eguna baino gutxienez hamabost lanegun lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari.
Eskubide hori berriro erabiltzeko ezinbestekoa izanen da bi urte igarotzea aurreko eszedentziaren amaieratik, haren iraupena edozein dela ere.
18.2. Gainerako kasuak.
Eszedentzia kasu guztietan, aurreko atalean aurreikusitakoa izan ezik, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio, zehazki familiako bizitza eta lana batera eramateari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legeak emandako idazketak dioenari.
V. TITULUA
Baldintza ekonomikoak
19. artikulua. Ordainsariak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileen oinarrizko lansariak, 2005erako, 1. eranskinean ageri dira, eta honela banatuko dira:
_Oinarrizko soldata
_Antzinatasuna
Horrez gainera, lanpostuko plus hauek izanen dira:
Zuzendaritzako idazkariaren plusa: Zuzendaritzako idazkariaren lanpostua betetzen duen administrari-ofizialak lanpostuko osagarri bat izanen du. 1. eranskinean azaltzen da.
20. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasuneko osagarri bat ezarri da, langileak hiru urtean behin kobratuko duena, lanean hasi zenetik hirugarren urtea betetzen den hilabetetik aurrera. Haren balioa 1. eranskinean ageri da.
21. artikulua. Aparteko pagak.
Langileek eskubidea izanen dute urtean aparteko bi paga jasotzeko: ekainean eta abenduan. Pagen sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da bi kasuetan, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitarte bigarrenean.
Halaber, aparteko hirugarren paga bat kobratuko da urtero irailean. Ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, urriaren 1etik irailaren 30era bitarteko aldia hartuko da.
Aparteko hiru pagek, osorik sorrarazten badira, oinarrizko soldatako hilabete bat eta antzinatasuneko osagarria izanen dituzte.
Lanean urteko edozein unetan hasita ere, langileek eskubidea izanen dute aparteko eskersarietatik dagokien parte proportzionala jasotzeko.
22. artikulua. Bidaia gastuak eta kilometro-ordaina.
Langileek beren lana dela-eta kanpora bidaiatu behar badute, joan-etorri, ostatu hartu edo jateko gastu guztiak enpresak pagatuko ditu oso-osorik, langileek frogagiriak aurkeztu ondoren.
2.005. urtean, 0,22 euro ordainduko da kilometro bakoitzeko, enpresaren beharrengatik langileak bere ibilgailua erabili behar duenean.
23. artikulua. Aurrerakinak.
Enpresak eskatuta lantokira beren ibilgailua erabiliz, hau da, beren kontura eta beren ardurapean, joaten diren langileek konpentsazio bat jasoko dute, "Garraioko plusa" izenekoa. Hitzarmen honek indarra duen bitartean, lan egindako egun bakoitzeko 1,14 euro ordainduko dira eta kontzeptu hori urteko hileko guztietan ordainduko da, oporretakoan izan ezik.
24. artikulua. Aparteko orduak.
Bi aldeek erabaki dute aparteko orduak ezinbesteko kasuetan baino ez direla eginen.
Eginez gero, ahal bada atseden denborarekin konpentsatuko dira, atsedeneko ordubete lan egindako aparteko ordu bakoitzeko.
Aparteko orduak igande edo jaiegunetan izanez gero, eta haiek konpentsatzea erabaki bada, atsedeneko bi ordu emanen dira lan egindako aparteko ordu bakoitzeko.
Aurreko konpentsazioak % 25 igoko dira ordu horiek gauez egiten badira. Halakotzat joko dira gaueko 10etatik goizeko 6etara bitartekoak.
Aparteko orduak egitearen ondoriozko atsedenaldiak, pagatzen ez badira, enpresaren eta langilearen artean erabakitzen den egunetan hartuko dira, baina, betiere, zentroko edo zerbitzuko jarduera lasaiagoa den aldietan.
Artikulu honetako lehen lerroaldean ezarritakoa deusetan galarazi gabe, langileak aukeratzen ahalko du aparteko orduak dirutan kobratu edo dagokion atsedena hartu.
VI. TITULUA
Hobekuntza sozialak
25. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunean kobratzekoak.
Enpresak langilearen ordainsariak osatuko ditu egiazko soldataren % 100 berdindu bitarte, baldin eta medikuaren baja-agiriak eta ezintasunaren berrespen agiriak legeak ezarritako epean aurkezten badira.
26. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Enpresak erantzukizun zibileko poliza bat itunduko du, lanaren ondorioz gerta litezkeen erantzukizunak estaltzeko.
27. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.
Enpresak aseguru poliza bat itunduko du, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren kasuetarako. Hona hemen aseguratutako kapitala:
_24.040 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.
_27.046 euro, laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondorioz langilea edozein lanbide edo egitekotarako erabateko ezintasun iraunkorrean dagoenean.
28. artikulua. Lan osasuna.
28.1. Urtero osasun azterketa eginen zaie zentroko langile guztiei.
28.2. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Batzorde honek Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. artikuluan eta hurrengoetan, oro har, adierazten diren osaera, eskumenak eta ahalmenak izanen ditu.
29. artikulua. Jantziak eta oinetakoak.
Behar duten langile guztiei lan egiteko jantziak emanen zaizkie.
Halaber, uztailean eta abenduan, beharra duten eta hilabete horien azken egunean enpresan alta emanda dauden langileei 15 euro ordainduko zaizkie oinetakoak aldatzeko.
Klausula honetatik kanpo gelditzen dira mantentze-lanetako langileak. Horiei, behar dutenean emanen zaie material egokia.
VII. TITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
30. artikulua. Hutsegite arinak.
Honako hauek dira hutsegite arinak:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.
b) Lanera bertaratu ez eta hurrengo 24 orduetan hutsegitearen arrazoiak ez jakinaraztea.
c) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta, arau-hauste larri edo oso larritzat hartzerik ez badago.
d) Fitxatzeko eginbeharra ez betetzea.
e) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.
f) Aldi baterako ezintasuneko kasuan, baja edo berrespen agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta gizarte segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen gainerako datuak ere.
31. artikulua. Hutsegite larriak.
Hutsegite larriak honako hauek dira:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.
b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin lanera ez joatea.
c) Agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, zerbitzuei dagokienez, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.
d) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea.
e) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan, idatzizko zehapena egon den kasuetan.
f) Lankide baten ordez fitxatzea.
32. artikulua. Hutsegite oso larriak.
Hutsegite oso larriak honako hauek dira:
a) Hamabi hilabeteko aldian 20 aldiz baino gehiagotan berandu iristea.
b) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez joatea.
c) Eritasuna edo istripua simulatzea.
d) Lana utzi edo zabarkeriaz egitea, baldin eta enpresari edo erabiltzaileei kalte larriak ekartzen ahal badizkie.
e) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, erabiltzaileei, goragokoei edo lankideei.
f) Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindu zaizkion eginkizunetan.
g) Enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, lantokian berean.
h) Agintekeria.
i) Lanerako bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja egoera sortu edo luzatze aldera iruzur egitea ere.
j) Laurogeita hamar egunean hutsegite larri bera errepikatzea edo beste hutsegite larri bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan.
33. artikulua.
Aurreko artikuluetako hutsegiteen zerrenda adierazpen gisa eman da.
34. artikulua. Zehapenak.
Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, hutsegitearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.
Arau-hauste larriak eta oso larriak lehenbizi langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie eta haien iritziak entzunen ditu enpresak zehapena jarri aitzin. Dena den, zehatzeko ahalmena betiere enpresak izanen du.
Enpresak, egindako hutsegiteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:
a) Hutsegite arinak: hitzez edo idatziz kargu hartzea.
b) Hutsegite larriak: idatzizko kargu-hartzea.
Gehienez hamabost eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
c) Hutsegite oso larriak: kaleratze ohartarazpena.
Gehienez hirurogei eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
Kaleratzea.
35. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Graduaren arabera, hutsegite arinek hamar egunen buruan preskribatuko dute, larriek hogei egunetan eta oso larriek hirurogei egunetan.
Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
VIII. TITULUA
Beste xedapen batzuk
36. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren menpe jartzea.
1. Bi aldeek erabaki dute lan hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren liskarrak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.
Era berean, beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko aldeak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.
Artikulu hau, beraz, aldeen atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organo horrekiko, eraginkortasun orokor gisa eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresa, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hartaz, ez da nahitaezkoa aldeen desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, lan hitzarmen honen sinatzaileek hitza eman dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean Adiskidetze, Bitartekotza eta Arbitraje prozeduren mendean borondatez eta era espresuan jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Soldata igoera
2005. urtean soldata % 3,3 igoko da, hots, 2004an Nafarroan izandako egiazko KPIaren zenbateko bera.
Igoerako portzentaje horrek atzerako eragina izanen du, 2005eko urtarrilaren 1etik aplikatuko baita 2004ko abenduaren 31n kobratzen ziren soldaten gainean. Kanpo geldituko dira antzinatasuna eta garraioa, zeinen balioek berdin segituko baitute, eta oinetakoen aldaketa, zeinaren balioa 28. artikuluan zehaztu baita.
2005eko soldaten taulak, igoerako portzentajea gehituta, 1. eranskinean ageri dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek indarra izanen dute indarraldiaren bukaera arte.
Indarraldia bukatu baino lehen, "Nafarroako Gobernuarekin itundutako titulartasun publikoko zentroetan ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntza emateko sektorerako hitzarmen kolektiboa" zentro honetan aplikatzeko negoziazio prozesua burutuko balitz, eta ukitutako langileei aipatu hitzarmen sektoriala bi aldeek hitzartutako baldintzetan aplikatzeko Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar diren kontusailak gaituko balitu, orduan hitzarmen sektoriala aplikatuko litzateke Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren eta ASPACEren arteko itun ekonomikoan behar diren zenbatekoak sartzen diren une berean.
1. ERANSKINA
"Ramón y Cajal" Eguneko Zentroan ari diren langileentzako 2005eko lansarien taula (Igoera: % 3,3)
OIN. SOLD. ANTZ. OIN. SOLD.
K A T E G O R I A HILEAN HILEAN URTEAN
(Euroak) (Euroak) (Euroak)
_GOI MAILAKO TEKNIKARIAK 1655,59 41,73 24833,85
_ERDI MAILAKO TEKNIKARIAK
Gizarte-langilea 1.473,94 41,73 22.109,10
Fisioterapeuta 1.425,05 41,73 21.375,75
Maisu/maistrak. Pedagogia terapeutikoa 1.425,05 41,73 21.375,75
Logopeda 1.425,05 41,73 21.375,75
Lan terapeuta 1.425,05 41,73 21.375,75
Aisialdi eta astialdiaren arduraduna 1.356,55 41,73 20.348,25
Kirol teknikaria 1.356,55 41,73 20.348,25
Erdi mailako tituluduna 1.356,55 41,73 20.348,25
_TEKNIKARI LAGUNTZAILEAK
Ramón y Cajaleko begiralea 1.193,50 29,77 17.902,50
Laguntzailea 907,79 29,77 13.616,85
Jantokiko laguntzailea 771,35 24,04 11.570,25
Autobuseko zaintzailea 408,53 12,02 6.127,95
_ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK
Administrari-ofiziala 1.359,19 29,77 20.387,85
Administrari laguntzailea 1.126,64 29,77 16.899,60
Zuzendaritzako idazkariaren plusa (hilabetero) 106,57 - -
_ZERBITZUETAKO LANGILEAK
Sukaldaria 922,11 27,05 13.831,65
Sukaldeko laguntzailea 787,10 23,33 11.806,50
Garbiketako langilea 763,99 23,33 11.459,85
Telefonista 686,91 23,51 10.303,65
Mantentze-lanetako langilea 939,70 23,61 14.095,50
Gidaria (537,5 ordu/urtea) 298,67 23,61 4.480,05
Iragarkiaren kodea: F0517553
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
