111. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2005eko abuztuaren 8koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren" aldaketaren tramitazioari hasiera ematen diona, "Izizeko industrialdeko B5 lurzatiaren xehetasun azterlana" izeneko agiriaren edukiarekin bat. Jimeno Montes Hnos. sozietateak sustatu du.

2005eko maiatzaren 2an, Galozeko Udalak "Izizeko industrialdeko B5 lurzatiaren xehetasun azterlana" izeneko agiria igorri zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura (Jimeno Montes Hnos. sozietatea da sustatzailea), "bidezkoa dena" erabakitzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluari jarraikiz.

B 5 lurzatia, 58,50 x 20 metrokoa, "Jimeno Montes Hnos." sozietatearena da, eta "Maderas Jimeno, S.L."k okupatzen duen 12.400 m²-ko lurzatiaren ondoan dago (sozietate hori ere "Jimeno Montes Hnos." sozietatearena da). Lurzati horri aplikatzen ahal zaion araudia Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialari dagokiona da. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 1995eko urtarrilaren 9an, eta 2001eko uztailaren 2ko Erabakiaren bidez aldatu zen.

"Maderas Jimeno, S.L."ren merkataritza jarduera handitzearen ondorioz, jabeak beste nabe bat eraiki nahi du B 5 lurzatian, zur laminatu eta kolatuzko piezak egiteko, kontuan hartuta enpresa jarduera horretarako erabiltzen diren eraikinak ondoan daudela. Hala ere, jarduera berrian aritzeko gutxieneko neurri batzuk behar direnez eta beste eraikinak ondoan daudenez, eta produkzio prozesuari laguntzearren, honako hau proposatu du jabeak, Galozeko Udalean aurkeztu duen xehetasun azterlanaren bitartez: eraikin berriaren fatxadaren nahitaezko lerrokadura, UPSren arabera ibilgailu-bidearen aurrez aurreko lurzatiaren mugatik 15 metrotara dagoena, muga horretatik 6 metrotara jar dadila. Horrela, lurzatiaren muga horren eta fatxadaren arteko tartea, UPSren arabera aparkalekuetarako eta zama-lanetarako dena, murriztu eginen litzateke B 5 lurzatian, nahiz eta aski eta sobera konpentsatuko litzatekeen 12.400 m²-ko lurzatian, gaur egun "Maderas Jimeno, S.L."ren jardueraren toki den horretan.

Lehenik eta behin, aztertu behar da azaldu den aldaketaren edukia bat datorren xehetasun azterlanen helburuarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera. Artikulu horrekin bat, xehetasun azterlanen helburua da lerrokadura eta sestrei dagozkien ezarpen, aldaketa edo doikuntzak egitea, bolumenen antolamendu eta konposizioa eta fatxaden antolamendua; bestalde, tresna horren bidez ezin da "haren esparruko lurrei dagokien aprobetxamendua handitu". Alde horretatik, aurkeztu den proposamenean handitu egiten da eraikineko azalera eraikigarria eta, beraz, aprobetxamendua. Horretatik ateratzen den ondorioa da eduki hori ez datorrela bat xehetasun azterlanen helburuarekin.

Bigarrenik, egin den proposamena indarra duen UPSren aldaketa gisa tramita daitekeen aztertu behar da. Ikuspegi horretatik begiratuta, proposamen horrek (ezin da B 5 lurzatira mugatu, lurzati guztiei oro har aplikatu behar baitzaie) aparkalekuetarako eremu pribatuak ia erabat desagertzea ekarriko lukeenez, adierazi behar da ez litzatekeela bideragarria izanen, poligonoa halako dotaziorik gabe utziko lukeelako.

Sozietate sustatzaileak azaldu duen aldaketa zein esparrutan egin litekeen zehazteko, lehenbizi aipatu beharrekoa da Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko UPSren aldaketaren edukia (Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 2an onetsia). Aldaketaren funtsezko helburua izan zen poligonoan beste lurzati multzo bat ezartzea, eta horrela, besteak beste, lurzati handi bat atera zen (12.400 m²) "D" motakoa, zenbait lurzati batzearen ondorioz; horixe da, hain zuzen ere, gaur egun "Maderas Jimeno, S.L." sozietateak duen lurzatia ("Jimeno Montes Hnos." sozietatea da horren jabea). Gainerako zehaztapenek indarra izaten segitu zuten eta antolamendu berriaren planoan azaldu ziren lurzati guztietarako ("D" lurzatirako izan ezik): fatxadaren nahitaezko lerrokadura, aparkalekuetarako eta zama-lanetarako eremu libre pribatua, bai eta lurzatiko azalera eraikigarria ere. Zehaztapen horietako bakar bat ere ez da eman "D" lurzatirako; bertako eraikinak aurrez ezarritako arauak bete gabe egin dira orain arte, nahiz eta gehieneko azalera eraikigarria behintzat finkatu beharrekoa zen. "D" lurzatia osatzeko batu ziren lurzatien azalera eraikigarriarekin bat etorri beharko zukeen haren gehieneko azalera eraikigarriak (7.700 m²-tara iritsiko zatekeen).

Horiek horrela, aterabide bat ematen ahal zaio sustatzailearen eskariari; hots, "D" eta "B 5" lurzatiak batzearen ondoriozko lurzati berria zehaztea. Horren gehieneko azalera eraikigarria aterako litzateke aipatu diren 7.700 m²-ei "B 5" lurzatiaren azalera eraikigarria (870 m²) gehituz; bestalde, "B 5" lurzatian aparkalekuetarako zegoen eremu pribatua (300 m²) nahitaez sartu beharko litzateke lurzati berri horren barrenean. Hala, zilegi izanen luke sustatzaileak eraikina egitea aprobetxamendua handitu gabe.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2005eko ekainaren 29an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren" aldaketaren tramitazioari hasiera ematea, "Izizeko industrialdeko B5 lurzatiaren xehetasun azterlana" izeneko agiriaren edukiarekin bat. Jimeno Montes Hnos. sozietateak sustatu du. Zehaztapen hauek bete beharko dira:

a) "D" lurzatiak (12.400 m²) eta "B 5" lurzatiak (1.170 m²) lurzati bakar bat osatuko dute.

b) Lurzati berri horretan 8.570 m²-tan eraikitzen ahalko da gehienez.

c) Aparkalekuetarako lehen baino 300 m² gehiago izanen dira lurzati berri horretan.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta instalazioen eraginpeko eremuko udalari entzunaldia ematea. Bi urrats horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute gutxienez.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 2. oina, Iruña) eta epe horretan zilegi izanen da egokiak diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Galozeko Udalari, Nafarroako Industria Lurzorua, S.A.ri (Nasuinsa) eta "Jimeno Montes Hnos." sozietateari jakinaraztea, behar diren ondoriak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 8an._Toki Administrazioko kontseilaria, Gobernuko jarduneko idazkaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0517641