111. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

105/2005 FORU DEKRETUA, abuztuaren 22koa, Aldude mendia Zainketa Bereziko Eremu deklaratu eta Kudeaketa Plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Aldude mendia Nafarroako trantsizio atlantiko-piriniarreko eremuan dago, Baztan, Auritz, Erro, Esteribar eta Luzaideko udal mugapeetan, eta habitat naturalak, basa flora eta fauna daude bertan, Nafarroako dibertsitate biologikoaren erakusgarri; kasu batzuetan desagertzeko arriskua dute beren banaketa eremu naturalean, edo banaketa naturaleko eremua murriztua dute erregresioagatik edo, bestela, beren eremua intrintsekoki murriztua izateagatik. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, habitat natural eta basa espezie horiek luze iraun dezaten, aktiboa eta prebentziozkoa izanen den kudeaketarako sistema eraginkorrak erabiliz horretarako.

Habitat natural edo espezie horietako batzuk ageri dira Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan (habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoan), edo 79/409/EEE Zuzentarauan (basa hegaztiak kontserbatzeari buruzkoan). Horrek balio handia ematen du, Foru Komunitatearen esparruan ez ezik, Europar Batasunarenean. Zuzentarau horiek Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan dituen tresna nagusiak dira eta, horri begira, lekuen sare ekologikoa sortu da, Natura 2000 Sarea, Batasunaren intereseko deklaratzen diren era guztietako habitat naturalak eta flora eta faunako espezieak leheneratu edo kontserbazio egoera egokian mantentzeko.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat finkatu zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. Zuzentarauaren 4. artikuluari jarraikiz, kide diren estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, intereseko habitat naturalen motak eta espezieak aipatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzen ahal ziren lekuen zerrenda onetsi zuen behin-behinekoz, Europako Natura 2000 sare ekologiko europarrean sartzeko. Horien artean dago ES2200019 identifikazioa duen eremua, "Aldude Mendia" izenekoa.

Europako Batzordeak, 2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, eskualde biogeografiko alpinoan Batasunaren intereseko diren lekuen zerrenda onetsi zuen, eta 2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakiaren bidez, berriz, eskualde atlantikokoen zerrenda. "Aldude Mendia" izeneko lekuaren parte bat eskualde alpinoan dagoenez eta beste bat atlantikoan, bi zerrendetan sartzen da. Batasunaren intereseko lekua onetsi eta gero, estatu kideak Zainketa Bereziko Eremu deklaratu behar du ahalik eta lasterren eta sei urteko epean gehienez, eta beharrezkoak diren kontserbazio neurriak hartu behar ditu, Batasunaren intereseko leku izendatzeko kontuan hartu diren habitat naturalak eta espezieak kontserbazio egoera egokian mantendu edo leheneratu ahal izateko.

Aldude Mendiko Kudeaketa Plana Europar Batasunaren araudiak eskatzen duenari jarraikiz prestatu da eta, beraz, 92/43/EEE Zuzentarauan bildu diren eta leku horretan dauden habitaten eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuten dieten ekintza, neurri eta jarraibideak biltzen ditu.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko abuztuaren hogeita biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek helburu hauek ditu:

1._Batasunaren intereseko ES2200019 lekua, Aldude Mendia izenekoa, Zainketa Bereziko Eremu deklaratzea.

2._Aldude Mendiaren Kudeaketa Plana onestea.

2. artikulua. Planaren lurraldearen mugak eta aplikazio esparrua.

1._Aldude Mendia Aurizko udal mugapetik Baztanen ekialderaino zabaltzen da, eta toki entitate hauen lur batzuk ere hartzen ditu: Luzaide, Auritz, Aurizberri, Erroibar, Zilbeti, Erro, Eugi, Baztan, Kintoko Mankomunitatea, Erregerenako Mankomunitatea eta Oiarmendiko Mankomunitatea.

9.028,60 ha ditu eta 100,29 km-ko perimetroa.

Mugak honako hauek dira:

_Iparraldeko muga Frantziako muga bera da, Baztanen Belaundik hasita Luzaideko Lauriñak gaineraino.

_Ekialdeko muga bat dator Luzaideko Axistoi eta Lindux aldeko pagadi eta larreen artean ezarritako mugarekin. Gero Auritzen eta Orreagaren arteko mugatik segitzen du.

_Hegoaldeko mugan Aurizberriko Las Antostas, Menditxipi eta Mendiaundi gainak sartzen dira eta, handik, Itolegi eta Sorogaingo pistak segitzen ditu Beltza etxearen ingurura iritsi arte. Handik, Sorogaingo hegoaldeko mugan barrena segitzen du Kintoko Mankomunitatearen mugaraino, Errekandin. Gero mendebalderantz egiten du, Zilbetiko Kontzejuaren mugapera iritsi arte, Larreluzko sakanean, handik, Urruztegiko sakanean barrena Legua Acotadako Mankomunitatearen mugaraino eta Urkiloko sakaneraino; handik aurrera berriz hartzen da Kintoko Mankomunitatearen hegoaldeko muga, Arga ibaiarekin lotu arte. Ibai horrek eta, gero, Olazar errekak mugaren azken tartea osatzen dute, Erregerenako Mankomunitatearen mugetara iritsi aurretik.

_Mendebaldeko ertza hasieran Erregerenako Mankomunitatearen mugatik doa eta, gero, Baztanen, intereseko habitaten ertzari lotuta segitzen du, berriz ere Frantziako mugara ailegatzeko, Belaunen.

Foru dekretu honek onetsitako Planaren aplikazio esparruko mugapen ofiziala bertako kartografian zehaztuta dago.

2._Plan honetako kudeaketaren jarraibideak, jarduketak, araudia eta gainerako xedapenak ondoko entitateen lurraldean aplikatuko dira: Luzaide, Auritz, Aurizberri, Erroibar, Zilbeti, Erro, Eugi, Baztan, Kintoko Mankomunitatea, Erregerenako Mankomunitatea eta Oiarmendiko Mankomunitatea, aipatu diren mugen arabera.

3. artikulua. Jarraipen batzordea.

1._Jarraipen batzorde bat sortu da, Aldude mendiaren kontserbaziorako kudeaketan kontsulta eta parte-hartze organo gisa aritzeko. Ondoko hauek osatuko dute:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko hiru ordezkari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik izendatuak, eta horietako bat idazkari.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuko ordezkari bat.

c) Eremu horretan sartzen diren toki entitateen lau ordezkari.

d) Batzordeko kide izaten ahal da, halaber, ingurumen arloan prestakuntza duen aditu edo teknikari bat, aurreko c) letran aipatutako toki entitateek izendatua.

2._Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Kudeaketa Planean aurreikusitako neurriak betetzea sustatu, ezarritako egutegiari egokitzen zaizkiola begiratu eta Administrazioaren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza bultzatzea.

b) Gizartearen parte-hartzea sustatzea ingurumenari buruzko eztabaida eta erabakietan.

c) Lekuaren balioak eta berezitasunak babesteko proposamenak egin, haren handitzeak sustatu eta haren zainketa eta garapen iraunkorrerako onak izan daitezkeen kudeaketak egitea.

d) Planaren helburuei begira kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak geldiarazi edo behin betikoz kentzeko eskatzea kasu bakoitzean eskuduna den Foru Komunitateko Administrazioaren organoei.

e) Planaren betetze maila ebaluatzea urtean behin, eta entitate, administrazio edo organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Baliabide naturalei buruzko azterlan eta ikerlanak, hala nola lekuaren ezagupena eta Aldude Mendiaren erabilpen publikoa bultzatzea, eta bere balioen eta ingurumenaren aldeko hezkuntza sustatzea.

3._Jarraipen Batzordeak zilegi izanen du bilera monografiko, sektorial edo informatiboetarako dei egitea, Planaren garapenean zabalkuntzarik eta parte-hartze publikorik handiena lortzeko bidezkotzat jotzen dituen eragile sozial eta ekonomikoei nahiz interesa duten alderdi guztiei.

Orobat, gutxienez bi batzordekidek proposaturik, bidezkotzat jotzen dituen aditu edo espezialistak gonbidatu ahalko ditu bere lan saioetara joateko.

4._Batzordearen funtzionamenduaren gainean artikulu honetan ezarri ez den orotan, kide anitzeko organoetarako administrazio prozeduraren araudi orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren gaikuntza.

Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau eta, hala denean, plana aplikatzeko gutxi gorabehera beharrezkoa izanen den kostu ekonomikoa Europako Batzordeari igortzeko behar diren tramiteak egiteko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Kudeaketa Planaren indarraldia.

1. Foru dekretu honek onesten duen Kudeaketa Planak 6 urtez izanen du indarra. Denbora hori igarota, berrikusi eginen da. Dena den, posible izanen da berrikusi edo aldatzea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ustez gorabeheraren batean Planean aurreikusi ez eta lekuaren balioak ukitu ditzakeen aldaketa bat izaten denean.

2. Foru dekretu baten bidez tramitatu beharko da edozein aldaketa edo berrikuspen, ondokoetan eragina baldin badu: planaren esparrua, xedea, eremu horren izendapena ekarri duten elementuen hautaketa, azken helburuak, espero diren emaitzak eta berariazko araudia. Gainerako aldaketak, aipatu diren alderdietan eraginik ez badute baina planaren helburuak lortzeko bidea eta haren eraginkortasun zein efizientzia hobetzeko xedea baldin badute, foru agindu baten bidez onetsi beharko dira. Edozein modutan ere, Jarraipen Batzordearen txostena beharko da edozein aldaketa egiteko.

Azken xedapenetan bigarrena._Lotura bestelako planekin.

Foru dekretu honek onetsitako plana aniztasun biologikoaren zainketari buruz ezar daitezkeen eta Nafarroako Naturguneen Sarean jarduteko ildo nagusiak finkatzen dituzten maila handiagoko beste planen aginduetara egokituko da.

Aitzitik, Kudeaketa Plan honetan bildutako zehaztapenak zuzenean aplikatzeko dira eta horren menean dauden toki entitateen hirigintza planeamenduan txertatuko dira, hori prestatu edo berrikusten denean. Ildo horretan, lurraldearen antolamendurako edo antolamendu fisikorako egun dauden tresnak ez badatoz bat Kudeaketa Plan honekin, plan horren arabera moldatu beharko dira lehen aldaketa edo berrikuspenean.

Azken xedapenetan hirugarrena._Garapenerako gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, foru dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan laugarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Francisco J. Iribarren Fentanes._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0518006