I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.2. Kontratazio administratiboa
236/2005 FORU AGINDUA, abuztuaren 8koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontzesio administratibo bat, Iruñekoa, esleitu eta Tutera, Lizarra, Tafalla eta Zangoza aldeetako kontzesioak esleitzeko lizitazioa eman gabe uzten duena.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak abenduaren 2an emandako 408/2004 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko bost kontzesio administratibo kontratatzeko espedientea onetsi zen. Era berean, xedatu zen esleipena lehiaketa irekiaren bidez egitea.
Ekonomia eta Ogasun kontseilariak urtarrilaren 31ko 23/2005 Foru Aginduaren bidez izendatu zuen Kontratazio Mahaiak, 2005eko apirilaren 26an, kontzesio bat Televisión Popular, S.A.ri esleitzeko behin-behineko proposamena onetsi zuen, eta gainerako kontzesioetarako lizitazioa eman gabe utzi. Proposamen hori onesteko, Kontratazio Mahaiak Soluziona izeneko enpresa aholku-emaileak egindako txostena hartu zuen aintzat, kontratazio mahaiak berak eskatuta lan horretarako kontratatu baitzen.
Nafarroako Gobernuaren 2005eko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez, Kontratazio Mahaiak erabakitako esleipen proposamena egin zen eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren txostenaren zain gelditu zen, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 26. artikuluko 1.d) idatz-zatian agindutako izapidaketari jarraikiz. Lege horrek Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen.
Organo horrek 2005eko uztailaren 1ean igorri zuen agindutako txostena. Bertan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, esleipen hartzaileak Telebista Pribatua arautzen duen 10/1988 Legearen 19. artikuluko betebeharrak betetzen zituela adierazi ondoren, adostasun txostena eman zion Iruña aldean tokiko telebista digitalaren zerbitzua kudeatzeko kontzesio administratibo bat esleitzeko behin-behineko proposamenari, Kontratazio Mahaiak egindakoari alegia.
Azkenik, Kontratazio Mahaiak, 2005eko abuztuaren 8an, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aldeko txostena ikusi ondoren, Iruña aldean tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontzesio administratibo bat Televisión Popular, S.A. enpresari esleitzeko behin betiko proposamena onetsi du, eta gainerako eskualdeei dagozkien kontzesioetarako lizitazioa eman gabe utzi du.
Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da Iruña aldean tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontzesio administratibo bat Televisión Popular, S.A. enpresari esleitzea eta gainerako eskualdeei dagozkien kontzesioetarako lizitazioa eman gabe uztea.
Horrenbestez, Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Foru Legeak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Iruña aldean tokiko telebista digitalaren zerbitzu publikoa kudeatzeko kontzesio administratibo bat Televisión Popular, S.A. enpresari esleitzea, bost urterako.
2. Tutera, Lizarra, Tafalla eta Zangoza aldeei dagozkien kontzesioetarako lizitazioa eman gabe uztea, eskaintza bakar bat ere ez baita jaso.
3. Foru agindu hau igortzea Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuari, Televisión Popular Navarra, S.A.ri, La Información, S.A.ri, Telekomunikazioetarako Estatuko Idazkaritzari, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Teknikoari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa), eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2005eko abuztuaren 8an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: F0517566