110. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

699/2005 EBAZPENA, abuztuaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Zangozako "Smurfit Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 76/2005).

Ikusirik Zangozako "Smurfit Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 76/2005).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko uztailaren 22an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 42 artikuluz, xedapen gehigarri batez eta eranskin batez osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (ELA, CC eta NA) 2005eko uztailaren 14an sinatu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zangozako "Smurfit Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea (kodea: 3105501), Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 5ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

"SMURFIT NAVARRA, S.A." ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, ZANGOZAN DUEN LANTOKIRAKO

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Eremua.

Hitzarmen kolektibo honek Papelera Navarra, S.A. enpresan du eragina (Zangozako lantegia) eta langile guztiei aplikatuko zaie, hala gaur egunekoei nola etorkizunekoei, goi mailako kontseiluko edo gobernuko pertsonala eta oihan ustiapenetako langileak salbuetsita.

Ordainsariei dagokienez, hitzarmenetik kanpora geldituko dira teknikarien eta administrarien VIII. eta IX. mailetako langileak, enpresarekin bakarkako kontratua euren borondatez adosten badute edo adostu badute.

2. artikulua. Indarraldia eta amaieraren iragarpena.

Hitzarmen honek 2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2007ko abenduaren 31 arte iraunen du. Langileen Estatutuaren 86. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik iragartzen da.

3. artikulua. Ordainsariak.

1._2005erako ordainsariak 2004ko abenduaren 31ko lansarien taulen gainean % 4,1 gehitu ondorengoak izanen dira. Igoera horrekin prestatu dira 11, 12, 16, 18, 19, 20, 24, 25, 31, 33, 34, 35 eta 38. artikuluetan bildutako taulak eta zenbatekoak.

2._2006. urterako, 2005eko ordainsariak Estatuko 2005eko KPIa gehi % 0,9 igoko dira.

3._2007. urterako, 2006ko ordainsariak Estatuko 2006ko KPIa gehi % 0,9 igoko dira.

4. artikulua. Baldintzarik hoberenak.

Hitzarmen honetako zehaztapen ekonomikoak eta beste era guztietakoak, oro har hartuta, gutxieneko mailakotzat hartzen dira; beraz, aurretik zeuden egoera guztiak hitzarmenaren baitan bilduak daude, eta orokorrean orain itundutakoak baino egoera hobeak zituzten langileei errespetatu eginen zaizkie lehengoak.

5. artikulua. Konpentsazioa.

Ordainsari kontzeptu guztietan edo batzuetan aldaera ekonomikoen sorburu izan daitezkeen legezko aldaketak hitzarmen honetan itundutakoak irentsiko ditu.

Eragin praktikoa izanen dute baldin eta urteko kalkuluen arabera orokorrean hitzarmen honen maila osotara hartuta gainditzen badute eta orduan bakarrik.

6. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmenaren gainean gerta daitezkeen auziak konpontzeko, batzorde paritarioa sortu da, langileen aldetik hiru ordezkarik eta enpresaren aldetik beste hiru ordezkarik osatua. Horiek guztiak lantokiko enpresa batzordeak eta kudeatzaileak izendatuko dituzte, hurrenez hurren, ahal bada hitzarmenaren negoziazioan parte hartu duten kideen artetik.

Batzordea arlo honetan indarra duten arauei jarraikiz arituko da eta lan bilerak lantokian bertan eginen ditu, hura izanen baita helbidea behar diren ondorioetarako.

7. artikulua. Aplikatu beharreko xedapenak.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan, Barne Araubideko Erregelamenduan eta indarra duten xedapenetan zehaztutakoari jarraituko zaio.

II. KAPITULUA

Lanbideen sailkapena eta mailak

8. artikulua. Lan taldeak eta kategoriak.

Enpresako langileak talde hauetan daude sailkatuak:

I._Teknikariak.

II._Administrariak.

III._Menpekoak.

IV._Langileak.

Azaldutako talde horietan sartzen dira Barne Araubideko Erregelamenduan adierazten diren lan kategoriak.

IV. taldean, langileei dagokien horretan, kategoria hauek biltzen dira:

1. E mailako ofizialak

1. A mailako ofizialak

1. B mailako ofizialak

1. C mailako ofizialak

2. mailako ofizialak

3. A mailako ofizialak

3. B mailako ofizialak

1. mailako espezialistak

2. mailako espezialistak

Laborategia

Teknikarien taldean 2. mailako analista kategoria Barne Araubideko Erregelamenduan Laborategiko ofizialentzat ezarritako eginkizunekin lotzen da.

1. mailako analistak izanen dira 2. mailako analisten eginkizunetan ari direnak baina halako eraginkortasun graduan ezen arreta bereziko lanak egiteko eta laborategi bati dagozkion analisi eta entsegu guztiak menderatzeko gaitasuna baitute. Maila hori emateko lantegiko kudeatzaileak onetsi beharko du aurretik.

9. artikulua. Zereginak baloratzeko sistema

Lan jardueraren ordainsarien egitura ahal den neurrian zuzena eta suspergarria izan dadin, langileak mailaz maila daude sailkatuta, egiten ari diren lanen arabera eta zeregin bakoitzari datxezkion faktoreak, tasunak eta erantzukizunak kontuan hartuta.

Ikusirik egin daitezkeen aldaketak eta har daitezkeen lan sistema berriak, enpresak berrikusiko ditu baloratutako zereginetan gertatzen diren aldaeren arabera eginiko balorazioak.

Era berean, geroan sor daitezkeen lanpostuak ere baloratuko dira. Berrikuspen edo balorazio berri hori enpresak eginen du.

Lanpostu bakoitzari esleitutako mailek ez dute lotura zuzenik lan kategoriekin eta kategoria hauek ez dituzte mailak finkatzen, baina mailek bai, ordea, parekatutako lan kategoriak finkatzen dituzte.

Mailak esleitutako lanaren arabera zehazten dira.

10. artikulua. Lan mailak eta kategoriak

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

II. maila: administrari laguntzaileak eta laborategiko laguntzaileak, laborategiko 2. mailako analistak, kalkatzaileak, menpekoak.

III. maila: 2. mailako administrari-ofizialak, laborategiko 2. mailako analistak, delineatzaileak.

IV. maila: 2. mailako administrari-ofizialak, 1. mailako administrari-ofizialak, laborategiko 1. mailako analistak, 2. mailako kontramaisuak, delineatzaileak, laguntzaile teknikoak.

V. maila: 2. mailako kontramaisuak, 1. mailako kontramaisuak, 1. mailako administrari-ofizialak, delineatzaile proiektugileak, laborategiko 1. mailako analistak, laguntzaile teknikoak.

VI. maila: delineatzaile proiektugileak, 1. mailako kontramaisuak, atalburuak, administrazioburuak, teknikari tituludunak.

VII. maila: atalburuak, administrazioburuak, teknikari tituludunak, departamentuburuak.

VIII. maila: departamentuburuak, administrazioburuak eta teknikari tituludunak.

IX. maila: goi mailako buruak eta teknikari tituludunak.

Langile orok du zein mailatan dagoen jakiteko eskubidea.

b) IV. taldea (langileak)

III. maila papera egiteko makinetako bobinagailuko laguntzaileak, zura prestatzeko laguntzaileak, lanbide osagarrietako 2. mailako espezialistak.

Maila honetan langile sartu berriak, aldi baterako kontratudunak edo iraupen jakin bateko beste edozein kontratuko langileak bakarrik sartzen dira.

2. mailako espezialistarekin parekatutako lan kategoria.

IV. maila: papera egiteko makinetako 2. mailako laguntzaileak, paper eta resmen paketatzaileak, lanbide osagarrietako 1. mailako espezialistak.

1. mailako espezialistarekin parekatutako lan kategoria.

V. maila: kanpoko paper-orearen prestaketako gidariak, jasomakinen eta zubi-garabi kabinadunen gidariak, lanbide osagarrietako 3. mailako ofizialak.

3. B mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

VI. maila: zuraren prestaketako gidariak; zelulosa eta ebakinetako gidaria.

3. A mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

VII. maila: papera egiteko makinetako bobinagailuko gidariak, jasomakinen eta zubi-garabi kabinadunen gidaria-taldeburua (igorpenak), papera egiteko makinetako 1. mailako laguntzaileak, paper-orea ataleko artekaria.

Uraren kaustifikazio eta aurretratamendurako laguntzailea, berreskuratze eta energiako laguntzailea, traktoristak, zuraren parkeko traktore-garabi gidariak, lanbide osagarrietako 2. mailako ofizialak.

2. mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

VIII. maila: errefinaketako gidaria, traktore-garabi gidatzailea-kontramaisuen bajetan ordezkoa (zuraren parkea), berreskuratze eta energiako bigarren artekaria (lurrunketa eta tall-oil), kaustifikazioko gidariak, lanbide osagarrietako 1. mailako ofizialak.

1. C mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

IX. maila: Berreskuratze eta energiako lehen artekaria (galdara osagarria eta turbina). Lanbide osagarrietako 1. mailako ofizialak.

1. B mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

X. maila: paper-orea kontrolatzeko zentroko operadoreak, papera egiteko makinetako gidariak, lanbide osagarrietako 1. mailako ofizialak.

1. A mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

XI. maila: berreskuratze eta energiako kontrol zentroko operadoreak, lanbide osagarrietako 1. maila bereziko ofizialak.

1. E mailako ofizialarekin parekatutako lan kategoria.

c) Lana antolatzean ahaleginak eginen dira langile orok autoerrealizazioa, ekimena eta satisfazioa izateko modua izan dezan, bai eta lana aberatsagoa, aldakorragoa eta taldean egina izan dadin.

Enpresako zuzendaritzak, lanaren antolaketa dela-eta, goragoko nahiz beheragoko kategoria edo mailako lanak esleitu ahalko ditu, edo kategoria edo maila berean baina beste lanpostu batzuetan, gainetik duen nagusi hurrenaren aburuz langileak prestakuntza egokia baldin badu, baina betiere atal berean eta Langileen Estatutuan ezarritako mugen barnean.

Goragoko kategoriako lanak eginez gero, langileak berak duen kategoriaren eta ordezkatzen duenaren arteko lana/orduen diferentzia kobratuko du (urteko ordainsari gordina urteko lanorduez zatitua).

Giza baliabideak gaitu eta prestatzeko asmoz, zuzendaritza saiatuko da ezen nahi duten langileek, kontuan hartuta haien ahalmenak eta ezagupenak, aukera izan dezaten ohikoa ez duten lanpostu batean trebatzeko, beste atal batean, baina lan araubide berean. Era horretako proposamenak bere eginen ditu langileriak, gehienez ere hiru hilabeteko aldian.

Artikulu honen ondorioetarako, hauek dira atalak:

_Paper-orea.

_Berreskuratze eta Energia.

_Papera.

_Mantentze lana.

_Laborategia.

_Bulegoak.

d) IV. taldeko langileen maila igoerak (langileak)

IV. taldeko lanpostu hutsak betetzeko aukera dute lanbide talde berean baina lanpostu hutsa baino maila apalagoan ari diren langile finko guztiek. Atal berean ere maila bereko lanpostu hutsak betetzeko aukera dute.

55 urte edo gehiagoko langileek kategoria bereko edo beheragoko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute.

Lanpostu hutsak betetzeko deia eginen da.

Eskatzaileek proba psikoteknikoak egin beharko dituzte eta lanpostu hutsaren ezagupen teoriko eta praktikoei buruzkoak.

Honela baloratuko dira proba horiek:

_Psikoteknikoak: 0 -10 puntu.

_Teorikoak: 0 -15 puntu.

_Laneko segurtasuna eta osasuna. 0 -20 puntu.

_Praktikoak: 0 -25 puntu.

_Esperientzia lanpostu hutsean: 0 -30 puntu.

Proben emaitzetan berdinketarik gertatuz gero antzinatasunari emanen zaio lehentasuna.

Proba horiek gainditzeko, gutxienez puntuen % 60a atera beharko da, eta lanpostua puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari adjudikatuko zaio.

Lanpostua finko bihurtzeko, probaldia ere gainditu beharko da, hilabetekoa aurreneko lau mailetakoentzat eta hiru hilabetekoa gainerakoentzat. Bakoitzaren gaineko txostena atalburuak eginen du.

Lanpostu hutsa ez badu langile finko batek ere eskatzen, edo probetako gutxieneko puntuazioa inork ere gainditzen ez badu, lanpostu huts horren deialdia behin-behineko langileei zuzenduko zaie.

Egindako probak eta ateratako emaitzak baloratuko dituen epaimahaia lau kidek osatuko dute, horietako bi enpresako zuzendaritzak izendatuak eta beste biak enpresa batzordeak bere kideen artetik hautatuak, bete beharreko lanpostu hutsen kategoria berekoak edo goragokoak.

Batzordeko bi kide bederen ez badaude lanbide taldearen kategoria berekoak edo goragokoak, batzordeak plantillako beste kideen artetik hautatuko ditu. Epaimahaiburua enpresak izendatutako bi kideetako bat izanen da eta, behar izanez gero, bere kalitateko botoa erabiliko du.

Barne Araubideko Erregelamenduaren 33. artikulutik 37.era arteko artikuluak indargabetu dira.

III. KAPITULUA

Ordainsariak eta lizentziak

11. artikulua. Soldaten esleipena mailaz maila.

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

M A I L A KHITZAR. EZARRITAKOA

(Euroak hileko)

II 745,79

III 805,49

IV 846,65

V 913,93

VI 988,00

VII 1.105,38

VIII 1.264,45

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A KHITZAR. EZARRITAKOA

(Euroak eguneko)

III 22,74

IV 23,12

V 23,56

VI 23,84

VII 24,30

VIII 24,64

IX 25,04

X 25,35

XI 26,03

12. artikulua. Antzinatasuna.

Antzinatasuna kalkulatzeko Barne Araubideko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirurtekoek eta bosturtekoek balio ekonomiko hauek izanen dituzte:

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

M A I L A KHIRURT. BALIOA BOSTURT. BALIOA

(Euroak hileko) (Euroak hileko)

II 37,29 74,58

III 40,27 80,55

IV 42,33 84,67

V 45,70 91,39

VI 49,40 98,80

VII 55,27 110,54

VIII 63,22 126,45

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A KHIRURT. BALIOA BOSTURT. BALIOA

(Euroak eguneko) (Euroak eguneko)

III 1,14 2,27

IV 1,16 2,31

V 1,18 2,36

VI 1,19 2,38

VII 1,22 2,43

VIII 1,23 2,46

IX 1,25 2,50

X 1,27 2,54

XI 1,30 2,60

13. artikulua. Urruntasun plusa.

Kontzeptu honegatik egokitzen ahal diren zenbatekoak hitzarmen honetan ezarritako soldata igoerek irentsiko dituzte.

14. artikulua. Aparteko eskersariak.

Uztaileko eta Eguberrietako eskersariak, bakoitza hogeita hamar eguneko baliokoa, honela ordainduko dira:

_Enplegatuak: norberaren mailari dagozkion soldata esleipenak (11. artikulua), merezimenduen balorazioa, hitzarmen-osagarria eta antzinatasunagatiko gehikuntza.

_Langileak: norberaren mailari dagozkion soldata esleipenak (11. artikulua), plus finkoa, antzinatasunagatiko gehikuntza eta IRTPko hobaria, egokitzen bada.

15. artikulua. Oporrak.

Opor egunak honela ordainduko dira:

_Enplegatuak: norberaren mailari dagozkion soldata esleipenak (11. artikulua), merezimenduen balorazioa, hitzarmen-osagarria eta antzinatasunagatiko gehikuntza.

_Langileak: norberaren mailari dagozkion soldata esleipenak (11. artikulua), plus finkoa, antzinatasunagatiko gehikuntza eta IRTPko hobaria, egokitzen bada.

Oporretan egonik eritu diren edo lanetik kanpoko istripua izan duten langileei oporraldia eten eginen zaie, baina bajako frogagiri medikoa eraman beharko dute betiere, eta hitzarmenaren 28. artikuluan ezarritako araubide orokorrari jarraituko zaio.

Hartu gabe zenbat opor egun gelditu diren kalkulatzeko, oporraldian eri egondako egun naturalei 42/56 proportzioa aplikatuko zaie, baldin eta opor zikloetan 4 talde/hiru txanda erregimenean lan egin bada, 5 talde/hiru txandako kasuan; eta 40/56 proportzioa gainerako guztietan.

Oporrak eta, kasua bada, bakarka hartzen diren egunak ez dira diruz konpentsatzen ahal eta urte naturalaren barnean hartu beharko dira, salbu eta urtean zehar egutegia aldatu eta horren ondorioz hartzeko diren opor egunak ere aldatu beharra edo antzeko ondorioak gertatzen badira, edo bajak ordezkatu behar izanez gero.

16. artikulua. Aparteko orduak.

I._Aparteko orduak ondorengo taulen arabera ordainduko dira:

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

II 17,44 19,71

III 18,58 20,84

IV (Kontramaisuak) 22,40 24,69

IV (Gainerako lang.) 19,80 22,04

V (Kontramaisuak) 23,29 25,54

V (Gainerako lang.) 20,83 23,05

VI (Kontramaisuak) 25,79 28,04

b) IV. taldea (langileak)

III 17,41 19,66

IV 17,52 19,78

V 17,77 20,04

VI 18,00 20,28

VII 18,25 20,52

VIII 18,57 20,83

IX 18,76 20,98

X 18,97 21,21

XI 19,81 22,07

"Langile guztiek dute asteko atseden egunak hartzeko eskubidea. Beraz, egun horietan ez da zerbitzurik emanen, salbuespeneko eta aldeen borondatez kontrako arrazoiengatik ez bada".

II._Aparteko orduak egiteko arrazoiak kontuan hartuta hiru multzotan bereizten dira: ezinbestean egin beharrekoak, egiturazkoak eta ohikoak.

_Ezinbestean edo premiaz egin beharreko orduak izanen dira hondamendiak (suteak, uholdeak, etab.) edo bestelako ezbeharrak saihesteko edo horien ondorioak konpontzeko egiten direnak, eta, orobat, lehengaiak edo produktu bukatuak, aldeen borondatez kontrara, galtzeko arriskua izanik egin beharrekoak.

Aparteko ordu horiek derrigorrez eginen dira.

_Egiturazko aparteko ordutzat honakoak hartuko dira: ustekabeko eskaerengatik, puntako produkzioaldiengatik, ustekabeko absentziengatik, txanda aldaketengatik edo kasuan kasuko jardueraren ezaugarrien ondoriozko egiturazko bestelako gorabeherengatik behar direnak. Era berean, halakotzat hartuko dira produkzioaren ohiko prozesuan gerta daitezkeen kalteak seihesteko egiten direnak. Aparteko ordu horiek mantenduko dira, baldin eta legeetan edo hitzarmen honetan aurreikusiriko kontratazio modalitateak (aldi batekoak edo partzialak) erabiliz ezin ordeztu badira.

_Ohiko aparteko orduak dira, goian zehaztutako ezinbestean egin beharrekoak edo egiturazkoak izan ez eta hitzarmen honetan itundutako lanaldiaren gainetik egiten direnak.

_Oro har, ohiko aparteko orduak ezabatzen dira. Enpresa batzordeak eta enpresako zuzendaritzak aldian-aldian aztertuko dute ea emandako hitza betetzen den.

Sinatzaileak bat datoz gizartearen gaineko politika solidario batek ekartzen ahal dituen ondorioak onuragarriak direla esatean. Horrek, kasu honetan, aparteko orduak guztiz beharrezkoak direnean baino ez egitera bideratzen du

Aparteko orduak denbora bereko atsedenaldiarekin konpentsatzen ahal dira, zein egunetan hartu nagusiarekin ados jarririk. Ahal dela oporraldietan hartzea lehenesten da, egutegi ofizialeko larunbatak, igandeak eta jaiegunak kenduta, eta bakarka hartzeko egunak erabiltzeko arauak aplikatuko dira.

Hori horrela, tokian tokiko arduradunek bi moduak erabiliko dituzte, ukitutako langileek nahi duten bezala, eta ez dute bereizketarik eginen aipatutako aukera horietan. Konpentsazioko atsedena aukeratuz gero, zenbat aparteko ordu egin diren hainbeste ordutako atsedena izanen dute eta gainera hurrengo taulako prezioa/orduaren arabera ordainduko dira eginiko ordu guztien % 75a.

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak)

M A I L A KORDU ARRUNT. BALIOA

(Euroak)

II 9,95

III 10,60

IV (Kontramaisuak) 12,79

IV (Gainerako lang.) 11,33

V (Kontramaisuak) 13,30

V (Gainerako lang.) 11,91

VI (Kontramaisuak) 14,75

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A KORDU ARRUNT. BALIOA

(Euroak)

III 9,93

IV 10,02

V 10,15

VI 10,32

VII 10,43

VIII 10,59

IX 10,71

X 10,84

XI 11,33

Hurrengo urteko urtarrilaren 31n konpentsazioko atseden egunak edo orduak hartu gabe egonen balira, likidatu eginen lirateke aurreko taularen balioan ordainduz.

17. artikulua. Deskontuak lanera huts egiteagatik

Bidezko arrazoirik gabeko absentziak, baimen ez ordainduak eta arazo pertsonalengatik lanorduetan alde egiteak, deskontatu eginen dira. Horrezaz aparte, bidezko arrazoirik gabeko absentzietan hutsegiteen eta zehapenen kapitulua aplikatuko da ondorengo formularen arabera (oporren, eskersarien, irabazien, jaiegunen eta igandeen zati proportzionalak barne).

Enplegatuak: ST x 2,00

Langileak: ST x 2,02

ST = Eguneroko soldata esleipenak, hitzarmen-osagarria, merezimenduen balorazioak eta antzinatasuna enplegatuentzat eta soldata esleipenak, plus finkoa, antzinatasuna eta IRTPko hobaria langileentzat.

Enpresa batzordeak proposa dezake ongi arrazoituriko absentzia partikular batzuen deskontua egiteko kontu berezia izan dadila, eta zuzendaritzak hartuko du behar den erabakia.

18. artikulua. Lanaldi jarraituaren konpentsazioa.

1. Eguneroko hiru txandatako lanaldi jarraituan ari diren langileei ondorengo konpentsazioa emanen zaie eguneko arauzko atsedenaldia ez hartzeagatik:

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

M A I L A K EUROAK EGUNEKO

II 3,85

III 4,22

IV 4,48

V 4,85

VI 5,34

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A K EUROAK EGUNEKO

III 3,58

IV 3,71

V 3,74

VI 3,77

VII 3,90

VIII 3,98

IX 3,99

X 3,99

XI 4,21

2. Bi txandatan ari diren langileek ogitartekoaren atsedena 9:00etatik 9:15era arte izanen dute goizeko txandan, eta 18:00etatik 18:15era arte arratsaldeko txandan.

Langile horiek ogitartekoaren atseden ordua aldatuko dute nagusiaren iritziz lanak hala eskatzen duenean, eta larrialdietan beharrezkoa izan daiteke atsedena ez hartzea ere.

Horrelako egoeretan, langile horiei eguneroko hiru txandakoei dagokien taula aplikatuko zaie.

19. artikulua. Deiak eta joan-etorrietako gastuen konpentsazioa.

1. Lanak hala eskatzen duenean, langileei euren ordutegi edo lan ziklo normaletik kanpora lan egin dezaten eskatzen zaienean, eta horretarako lantegira joan-etorria egin beharrean direnean, 13,90 euroko hobaria emanen zaie euren ordutegi edo lan ziklo normaletik kanpora lan egiten duten lehenbiziko egunean.

2. Hobari bera emanen da, lehenbiziko egunean oraingo honetan ere, lan beharrengatik langileari bere ordutegi edo ziklo normala alda dezala eskatzen zaionean, eta hala egin ondoren. Hobari horixe emanen da txanda bikoizten denean ere.

3. Hobari hori aplikatuko da asteko atseden egunean lan egin behar baldin bada.

4. Aurreko ataletan ezarritako zenbatekoaren likidazioa egiteko, kasu guztietan pertsonal-buruaren oniritzia beharko da.

20. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gaueko 22:00etatik goizeko 6:00etarako txandetan jarraian edo aldian-aldian lan egiten dutenek gaueko lanaren plusa kobratuko dute lan egindako gau bakoitzeko.

Lan egindako gau bakoitzari dagokion balioen taula (eurotan), 3. artikuluan azaltzen den 2005erako igoera aplikatu ondoren, honakoa da:

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak).

M A I L A K KONTRAMAISUAK GAINERAKO LANGILEAK

II - 18,04

III - 19,00

IV 21,57 19,60

V 23,60 21,38

VI 25,83 23,58

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A K ZENBATEKOA

III 17,41

IV 17,94

V 18,08

VI 18,26

VII 18,88

VIII 19,26

IX 19,31

X 19,37

XI 20,29

Langile batek gaueko txandan lanaldi osoa egiten ez badu, gauez lan egindako orduen arabera ordainduko zaio gaueko lanaren plusa.

21. artikulua. Ordainsari osagarriak

Ordainsari osagarri hauek daude:

_I., II. eta III. taldeentzat, merezimenduen balorazio sistema bat eta hitzarmen-osagarria.

_IV. taldeentzat, plus finkoko sistema bat.

22. artikulua. Merezimenduen balorazioa

Merezimenduen balorazioan kontuan hartzen da enplegatuak agindu zaion eginkizunean izan duen jarrera. Merezimenduen balorazioan hainbat alderdi aztertzen dira:

Buruen eta enplegatuen alderdi komunak:

_Zintzotasuna eta diziplina.

_Gaitasuna, leialtasuna eta lankidetza.

_Lanean jarritako zuhurtasuna.

Buruen kasuan:

_Agintzeko dohainak.

_Erantzukizunerako sena.

_Segurtasuna eta higienea.

Enplegatuen kasuan:

_Lanaren kalitatea.

_Lan kopurua.

_Besteenganako jarrera.

Balorazioa nagusi hurrenek, zuzendariek eta pertsonal-buruak eginen dute. Merezimenduak urtean behin berrikusiko dira, beharrezkoa bada.

Merezimenduen kontzeptuan kobratzen diren diru kopuruak urtero igoko dira hitzarmen honen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

23. artikulua. Plus finkoa. IV. taldea (langileak).

Plusak egun naturaleko sorrarazten dira, hilero kobratuko dira, dagokion hileko soldaten likidazioko azken egunean.

Lizentzia hartzen denean, 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bidezko arrazoirik gabeko absentziak, baimen ez ordainduak eta arazo pertsonalengatik lanorduetan alde egiteak gertatuz gero, 17. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Laneko istripuen eta eritasun arrunten kasuan, 28. eta 30. artikuluetan egoera horietarako espresuki ezarritakoari jarraituko zaio.

Aparteko orduen balioen taulan plus finkoa sartua dago.

24. artikulua. Hona plusen taula:

IV. taldea (langileak)

M A I L A K EGUNEKO PLUSA/EUR.

III 18,30

IV 18,33

V 18,46

VI 18,79

VII 18,95

VIII 19,26

IX 19,33

X 19,50

XI 20,83

25. artikulua Hitzarmen-osagarriak.

I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak)

M A I L A KHITZ.-OSAGARRIA

(Euroak hileko)

II 448,74

III 462,02

IV (Kontramaisua) 603,76

IV (Gainerako langileak) 471,17

V (Kontramaisua) 618,74

V (Gainerako langileak) 486,16

VI (Kontramaisua) 643,23

VI (Gainerako langileak) 502,51

VII 528,70

VIII 563,58

Lizentzia hartzen denean, 27. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bidezko arrazoirik gabeko absentziak, baimen ez ordainduak eta arazo pertsonalengatik lanorduetan alde egiteak gertatuz gero, 17. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Laneko istripuen eta eritasun arrunten edo lanetik kanpoko istripuen kasuan, 28. eta 30. artikuluetan egoera horietarako espresuki ezarritakoari jarraituko zaio.

26. artikulua. Irabazietan partea izatea.

Enpresako Barne Araubideko Erregelamenduaren 53. artikulua indargabetu eta haren ordez artikulu honetan xedatutakoak aginduko du:

Irabazien paga, sorrarazi eta hurrengo urteko martxoan ordainduko dena, aurreko urtean (sortzapen urtean) langile bakoitzari dagozkion hitzarmen esleipenaren eta antzinatasunaren % 8koa izanen da, oinarritzat hartuta aurreko urtean izandako kategoria, plantillan iraundako denbora eta antzinatasunaren batez bestekoa.

27. artikulua. Lizentzia ordainduak.

I) Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta, lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:

1._Ezkontza: 15 egun natural. Tartean gehienez ere 4 atseden egun direla. Ezarritako 15 egun horien barnean 4 atseden egun baino gehiago suertatuz gero, egun horiek erantsiko zaizkie lizentziako egunei.

2._Seme-alaben jaiotza, eta ezkontidearen eta, orobat, langilearen nahiz ezkontidearen gurasoen, seme-alaben, aiton-amonen, biloben edo anai-arreben, bai eta suhi-errainen eta koinatu-koinaten heriotza, eritasun larria, istripuan izandako lesio larriak, ebakuntza kirurgiko larria eta ospitaleratzea: 2 egun. Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, baimena lau egunekoa izanen da.

Ezkontidea edo seme-alabak hilez gero, aurreko lerroaldeko lizentzia beste egun batez luzatuko da; beraz 3 egunekoa izanen da eta bidaia egin beharra izatera, baimena bost egunera luzatuko da.

Baimena ospitaleratzeagatik ematen bada, ez da, inola ere, ospitalizazioak dirauena baino luzeagoa izanen.

3._Seme-alaben, aitaren nahiz amaren, anai-arreben eta koinatu-koinaten ezkontza eta langilearen nahiz haren ezkontidearen osaba-izeba propioen heriotza: egun bat.

4._Ohiko bizilekuz aldatzea: egun bat.

5._Hezkuntza Plan Orokorrean biltzen diren titulu akademiko edo profesionalen bat eskuratzeko, ikasketak egiten dituen langileak eskubidea izanen du behar dituen baimenak hartzeko azterketak egitera joateko.

Absentziaren berri aldez aurretik eman behar da eta ondoren justifikatu eginen da, azterketetan parte hartu izanaren ziurtagiriaren bidez.

6._Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora, Langileen Estatutuko 37.artikuluko 3-d atalean araututako baldintza eta muga beretan.

7._Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

Lizentzia horien oinarria eta xedea da lizentzien arrazoi izandako zergatiei edo ondorioei erantzutea.

Lizentzia hartzeko eskubidea izanen da gertaera eragilea sortu den unetik beretik, honako kasu hauek kenduta: eritasun larria, ebakuntza kirurgiko larria eta ospitalizazioa, zeren horrelakoetan lizentzia egunak banatu baitaitezke ospitalizazioak dirauen egunetan, langilearen nahierara, eta betiere, lan egutegia kontuan hartuta hartzen diren egunak gertaera eragilea sortzean legozkiokeenak badira.

2. atalean aipatzen diren ahaideen egoera larria frogatu beharko da medikuak luzatutako txostenean edo inprimakian, eta bertan agerraraziko da eriari edo istripua izan duenari asistentzia emandako data, edo ebakuntza kirurgikoa egindako eguna, pazientearen izena eta deiturak eta eritasunaren, lesioaren edo ebakuntza kirurgikoaren larritasunaren egiaztapena.

Ebakuntza kirurgikoa larria dela ulertuko da anestesia orokorra ematen den bakoitzean.

II) Baimen ordainduak norberaren mailari dagozkion soldata esleipenen eta antzinatasunaren arabera ordainduko dira (11. artikulua). Langileen taldekoek, plus finkoa eta IRTPko hobaria ere kobratuko dituzte. Enplegatuek hitzarmen-osagarria eta merezimenduena kobratuko dituzte, halakorik balego.

III) Izatezko bikotea osatzen dutela legez egiaztatzen duten langileek ezkonduek bezalako lizentziak izanen dituzte.

IV. KAPITULUA

Laguntza sozialak

28. artikulua. Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko bajak

a) Eritasun bajako lehenengo hiru egunetan enpresak ordainduko du langile bakoitzaren kontzeptu hauen % 100:

1._Langileak: soldata esleipena, antzinatasuna, plus finkoa, IRTPko hobaria, lanaldi jarraituaren konpentsazioa, gaueko lanaren eta igande eta jaieguneko lanaren plusa.

2._Enplegatuak: soldata esleipena, antzinatasuna, merezimenduak, hitzarmen-osagarria, lanaldi jarraituaren konpentsazioa, gaueko lanaren eta igande eta jaieguneko lanaren plusa.

b) Eritasun bajako 4. egunetik 15.era, biak barne, legeak halaxe aginduta, enpresak aldi baterako ezintasunaren aurreko hilean kontingentzia arruntengatik kotizatutakoaren % 60 ordainduko du bajako egun bakoitzeko.

Eritasun bajako 16. egunetik 20.era, biak barne, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioak osatuko ditu langile bakoitzaren aipatu ordainsari kontzeptuen % 85era arte.

21. egunetik aitzina, enpresak % 100era arte osatuko ditu kontzeptu horiek.

Eritasun bajako laugarren egunetik 20. egunera arte, biak barne, enpresak arestian aipatutako prestazioak osatuko ditu a) atalean agertu ordainsari kontzeptuen % 100era arte, baldin eta I., II., III. eta IV. taldeetan (teknikariak, administrariak, menpekoak eta langileak) eritasunaren ondoriozko absentismo indizea ez bada % 3,6 baino handiagoa, aurreko hamabi hilabeteetan metatutako portzentajean. Indizea kalkulatzeko orduan, kontuan hartuko da 2005ean teorian 1.736 lanordu izanen direla, 2006an 1.728, eta 2007an 1.720.

c) Aurreko atalean adierazten den absentismoen indizearen menpeko enpresaren osagarriak honela aplikatuko dira: hilabete bakoitzean kalkulatuko da hilabete horretan gehi aurreko hamaika hilabeteetan metatutako absentismoaren portzentajea, langileak eta enplegatuak denak batera hartuta.

Portzentajea ez bada ezarritako muga baino handiagoa, ondorengo hilabetean gertatzen diren eritasun bajetan enpresaren osagarria aplikatuko da. Baina portzentaje muga hori gainditzen bada, ez da absentismo indizearen menpeko enpresa-osagarririk aplikatuko. Era berean jokatuko da ondorengo hilabeteetan.

Urte osoan metatutako indizeak orokorrean aurreikusitako helburua betetzen badu, indizea gainditu den hilaren ondorengoan baja hartu izanagatik bere garaian osagarria kobratu gabe gelditutako langileei enpresa-osagarriak emane zaizkie.

Enpresa batzordeak aurreko hileko eritasun bajak aztertuko ditu bilera guztietan, enpresako medikuarekin batera horien arrazoiak eta iraupena ikuskatuz.

Artikulu honetan araututako osagarrien gehienezko iraupena eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean lanerako ezintasun iragankorreko egoera edo kontingentziarako une bakoitzean ezarritakoa berdinak izanen dira.

Artikulu honetan aipatzen diren Gizarte Segurantzako prestazioen gainean enpresa-osagarriak kobratzeko eskubidea izateko, langile guztiek baldintza hauek bete behar dituzte:

1. Eritasun edo lanetik kanpoko istripu egoera baja medikoaren bidez frogatzea. Agiri hori aurkeztu beharko da baja egun baterako bada ere, bestela ez da deus kobratzeko eskubiderik izanen.

2. Langileriaren Departamentuari absentziaren berri ematea gertatzen den egun berean, edo ezinezkoa izan dela egiaztatzea; gainera, norberaren kontramaisuari ere jakinarazi behar zaio.

3. Zazpi egunetik gorako absentzietan, interesatua enpresako zerbitzu medikoan azalduko da astero, sendaketa prozesuaren jarraipena egin dezan. Hori dela-eta, zerbitzu medikoak hitzordua jarriko dio eri dagoen langileari. Osasun egoera dela-eta zerbitzu medikora joateko gauza ez bada, langileriaren departamentuari jakinaraziko dio, bisitaldia bere etxean egin diezaioten.

Aurreko betebehar hori bete dela frogatzeko, enpresako zerbitzu medikoak bisitaldi bakoitzaren frogagiria luzatuko du eta langileriaren departamentura eramanen.

4. Enpresako medikuak eta enpresa batzordeak eritasun kasuetarako, oro har, ezartzen duten bizimodua izatea.

4. atal honetan ezarritakoari eta aurreko 3.ean xedatutakoari dagokienez, enpresako medikuak Gizarte Segurantzako medikuarekin egoki iruditzen zaizkion kontaktuak izanen ditu.

2, 3 eta 4. puntuetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, besterik gabe, artikulu honetan eritasun bajarako ezarritako osagarriak galduko dira.

Eritasun kasurako osagarriak arautzean, enpresaren eta langileen ordezkariek duten helburua da eritasun arriskuei, alderdi ekonomikotik begiratuta, modu arrakastatsuan aurre egiteko adinako soldata mailak bermatzea langile guztientzat.

Aldi berean, bi ordezkaritzek jakin badakite langileak eurak arduratu behar direla eritasun baja modu egokian erabiltzeaz.

Horretarako, alde batetik ahalmena ematen zaio enpresa batzordeari kontrolerako neurriak proposa ditzan, beharrezkotzat jotzen baditu, eta bestetik hobariak galaraztea erabakitzeko ahalmena ere ematen zaio, neurri hori merezi duten langileen kasuan, hemen jasotako jarduketa irizpideak gorabehera.

Ahalmena ematen zaio, halaber, pertsonal-buruari, behar diren aholkuak izan ondoren, osagarriak kentzeko hemen ezarritako arauak eta printzipioak hausten dituen orori, hori horrela dela ziur badago. Arlo honetan, hala enpresa batzordearen erabakiak nola pertsonal-buruarenak apelaezinak dira.

d) Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko baja izanda, 4. egunetik 20.era arteko kasuan Gizarte Segurantzak bere prestazioen zenbatekoa % 75era igoko balu, 1979ko hitzarmen kolektiboaren egoerara itzuliko litzateke.

e) Gizarte Segurantzak murriztuko balu ezintasun iragankorreko prestazioen zenbatekoa, langilearen hartzeko guztiak (Gizarte Segurantzaren prestazioa eta enpresa-osagarria) neurri berean murriztuko lirateke.

29. artikulua. Amatasuna

Enpresak emakumezko langilearen ordainsari kontzeptuen % 100era arte osatuko ditu Gizarte Segurantzaren prestazioak, amatasun atsedenaldiko lehenengo 56 egunetan.

30. artikulua. Laneko istripuen ondoriozko bajak

Laneko istripuaren kasuan, enpresak Gizarte Segurantzaren prestazioak osatuko ditu langile bakoitzaren kontzeptu hauen % 100era arte: soldata esleipena, antzinatasuna, hitzarmen-osagarria, merezimenduak, plus finkoa, IRTPko hobaria, lan jarraituaren plusa, lanaldi jarraituaren konpentsazioa, gaueko lanaren eta igande eta jaieguneko lanaren plusak.

Osagarri hori bajako lehenengo egunetik sortuko da.

Adierazitako osagarriaren gehienezko iraupena eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean lanerako ezintasun iragankorreko egoera edo kontingentziarako une bakoitzean ezarritakoa berdinak izanen dira.

Laneko istripuetarako ezarritako prestazio osagarriak jasotzeko eskubidea izateko, eritasun arrunten edo lanetik kanpoko istripuen kasuetarako 28. artikuluan ezarritako 1, 2, 3 eta 4. baldintza berberak bete beharko dira.

Era berean, 28. artikuluan ezarritako neurriak erabiliko dira ez-betetzeen kasuetarako.

31. artikulua. Ezkontza eta jaiotza.

Ezkontza eta jaiotza sariak ezarri dira gertaera eragilearen momentuan enpresan urtebete jarraian daramaten langileentzat, honakoak hain zuzen:

Ezkontza: 84,57 euro.

Jaiotza: 56,43 euro.

Ondorio horietarako, izatezko bikoteen legezko formalizazioak eta bikote horietan gertatzen diren jaiotzek goian aipatu sariak hartzeko eskubidea sortuko dute.

32. artikulua. Bizi-asegurua.

Enpresak kontratatua duen bizi-aseguru kolektiboak indarrean jarraitzen du eta kontigentzia eta berme berberak aseguratzen ditu, hauexek:

1. Berez gertatutako heriotza: 27.045,54 euro.

2. Istripuaren ondoriozko heriotza (lanekoa edo lanetik kanpokoa): 40.568,32 euro.

3. Istripuaren ondoriozko baliaezintasun erabatekoa eta iraunkorra (lanekoa edo lanetik kanpokoa): 40.568,32 euro.

4. Eritasunaren ondoriozko baliaezintasun erabatekoa eta iraunkorra: 27.045,54 euro.

Edozein arrazoirengatiko heriotzaren kalte-ordaintzat 27.045,54 euroko aseguru baino ez dute izanen 65 urtetik gorako langileek, zeren, polizako baldintzetan ezarritakoaren arabera, adin horretan berme osagarriak amaitzen baitira.

Aseguru primari enpresak eta langileek egin beharreko ekarpena % 70ekoa eta % 30ekoa izanen da, hurrenez hurren.

Urteko prima bakoitzaren kostuaren gutxi gorabeherako kalkulua eginen da. Zenbatetsitako kostuaren % 30a zati 14 eta zati aseguratutako langileen kopurua egin ondoko emaitza izanen da langileek asegururako pagatu beharreko kuota. Diru hori hilero deskontatuko da nominako hartu-agirietatik, aparteko pagak barne direla. Urteko kostu zenbatetsiaren eta ekitaldian konpainiari benetan ordaindutako primaren artean alderik izanez gero, behar den zuzenketa eginen da hurrengo urterako kostua kalkulatzerakoan.

Aseguru kolektiboak lantokiko langile guztiak hartzen ditu, enpresan lanean hasten diren egunetik beretik. Asegurutik kanpo eszedentzian daudenak baino ez dira gelditzen.

33. artikulua. Bestelako prestazioak

Konpentsazio kutxara enpresak egin beharreko ekarpena 6.285,20 eurokoa da 2005. urtean. Errege kabalgatarako 2005ean 1.361,80 euro jarriko ditu, antolakuntza gastutarako, eta 62,86 euro fabrikako enplegatu finko eta aldi baterakoen urtebetetik zortzira arteko seme-alaba bakoitzarentzat.

Lan nekagarrien konpentsazio ekonomikoa 3,40 eurokoa izanen da orduko.

34. artikulua. Kalte-ordaina erretiroa aurreratzeagatik

Adin ofiziala baino lehenago erretiratzen den langileari kalte-ordaina emanen zaio. Horren balioa, 2005.ean, ondorengo taulakoa da:

_Erretiroa urtebete aurreratzeagatik: 3.917,64 euro.

_Erretiroa bi urte aurreratzeagatik: 7.835,27 euro.

_Erretiroa hiru urte aurreratzeagatik: 11.752,90 euro.

_Erretiroa lau urte aurreratzeagatik: 15.670,51 euro.

_Erretiroa bost urte aurreratzeagatik: 19.588,16 euro.

Balore horiei hitzarmen honen 3. artikuluan 2006 eta 2007rako ezarritako igoera portzentajeak erantsiko zaizkie.

Erretiro partzialak egiten badira, unean uneko lege esparru indardunaren barnean zertuko dira. Erretiro partzialen bat egiten bada, horrekin loturik doan errelebo kontratua sinatuta, ez da erretiro aurreraturako kalte-ordainik aplikatuko.

V. KAPITULUA

Lanaldia, laneko egutegia eta oporrak

35. artikulua

a) 2005ean urteko lanaldia 1.736 ordukoa izanen da, 2006. urteko lanaldia 1.728 ordukoa eta 2007. urteko lanaldia 1.720 ordukoa.

Urteko lanaldia ordu gutxiagokoa ezartzekotan, paper-ore, paper eta kartoiaren Estatuko hitzarmenean xedatutakoari jarraituko zaio.

b) Lantegian etengabe lan eginen da urte osoan, 365 egunetan, alegia, Eguberri eta Urte Berritan izan ezik, egun horietan lanari utziko baitzaio abenduaren 24ko 14:00etatik abenduaren 26ko 6:00ak arte, eta abenduaren 31ko 14:00etatik urtarrilaren 2ko 6:00ak arte, eta herriko festetako geldialdia, hau da, irailaren 11ko goizeko 6:00etatik irailaren 19ko goizeko 6:00ak arte.

c) Oporrak aldez aurretik finkatuko dira, bost ziklotan, ekainaren 11n hasi eta urriaren 11 arte. Dena den, opor zikloak alda daitezke lanpostu bereko langileak elkarrekin ados jarrita eta atalburuari jakinarazi ondoren.

Aldatzen diren opor zikloetan barrena, langile ukituak beste lan talde eta ordutegi batera aldatuko dira, eta euren artean konponbideren bat bilatuko dute hartutako eta lan egindako lanaldien arteko desfaseak konpentsatzeko.

Opor zikloetan gerta daitezkeen altak eta bajak direla-eta, ez da oporraldiaren iraupena aldatuko, eta hartu ez diren opor egunak azken zikloaren ondorengo hilabeteetan hartuko dira.

d) 3 talde/2 txandako langileen kasuan, ziklo bakoitzean oporrak hartu behar dituzten lanpostuak esleituko dira, baina zikloari atxikitzea borondatezkoa da. Aurreikusitakoak baino eskaera gehiago izan eta adostasunik ez badago, zozketa bidez ebatziko da.

3 talde/2 txandako langileek eta lanaldi zatitukoek euren oporrak esleitu zaien zikloan hartzen badituzte, hobe, baina ziklotik kanpora ere hartzen ahal dituzte opor egunak zerbitzuak aukera ematen badu eta pool egunak errespetatuz 3 talde/2 txandakoen kasuan, lan beharrek eskatzen badute.

Nolanahi ere, opor zikloen ondoren gehienez ere lau egun uzten ahal dira hartu gabe.

e) Langileak maiatzaren 15erako atxikiko dira behin betikoz opor zikloetan. Hori dela-eta, langile guztiek jakitera emanen dituzte, apirilaren 30a baino lehen, ziklo aldaketari edo atxikipen borondatezkoari buruz lankideen artean hartutako erabakiak, lanaldi zatituko edo 3 talde/2 txandako langileen kasuan.

f) Bakarka hartzeko egunez baliatzeko arauak

1. Zelulosako eta papera egiteko makinetako 5 talde/3 txandako langileak:

a) Egun horietaz baliatuko dira arduradunaren iritziz lanaren antolakuntzak bide ematen duen egunetan, aukera hauekintxe:

_Pool egunetan, edo

_Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandako egunetan, baldin eta absentzia betetzeko Pool-ean beste pertsona bat badago. Salbuesten dira larunbat, igande eta jaiegunetako arratsaldeak eta larunbatak.

_Beste edozein txandatan, ados jartzen bada Pool-ean egonik inolako absentziarik bete beharrik ez duen beste lankide batekin.

b) Saiakuntza fisikoetako, mantenu edo mantentze-lanetako 5 talde/3 txandako langileak.

_a) atalean zehaztutako arau bera.

c) Gainerako langileak:

_a) atalean zehaztutako arau bera.

2. Egun baterako bi eskaera suertatuz gero (Pool-ean dagoenak eta txandakoak eginak) eta bietako bati baizik ematerik ez badago, lehentasuna izanen du Pool-ean dagoen pertsonak.

3. Debekatuak daude aparteko orduak, konpentsazioko egunak bakarka hartzeko asmoz egiten badira, salbu eta arduradunaren iritziz salbuespenezko kasuak gertatzen direnean.

4. Urrian aztertuko da zenbat egun gelditzen diren plantillako langileek hartu gabe utziak eta ahaleginak eginen dira, behar izanez gero, egun horiek lanaren antolaketarako modurik egokienean banatu eta har daitezen.

5. Urte bakoitzeko abenduaren 31rako langile guztiek hartuak izan beharko dituzte bakarka hartzeko egun guztiak.

g) Urte bakoitzeko lan egutegiak prestatzerakoan kontuan hartuko dira agintaritza indardunak finkatutako festa nazionalak eta herrikoak, eta behar diren egokitzapenak eginen dira egutegietan artikulu honen a) atalean urte bakoitzerako ezarritako lanorduak betetze aldera.

h) Igandeetan eta jaiegunetan lan egin beharreko txanda jarraituko langileek, baldintza horietan lan egiteagatik lan jarraituaren plusa kobratuko dute, eguneko 4,31 eurokoa langileek, edo eguneko 4,36 eurokoa enplegatuek.

Plus honek ez ditu aparteko eskersariak ez eta bestelako kontzeptuak igotzen; beraz, lan jarraituaren plus gisa gehienez ere 1.571,33 euro kobratuko dira urteko.

Lan jarraituaren plusa kobratzen duten langileak, gaur egun igande eta jaiegunez txandatan lan egiten ez badute, behartuak daude baldintza horietan lan egitera lan antolakuntzak hala eskatzen duen momentuan.

Lan jarraituaren plusa oso-osorik kobratuko da eritasunaren ondoriozko lanerako ezintasun iragankorreko kasuetan, edozein dela ere absentismoaren indizea, baina 28. artikuluan ezarritako 1, 2, 3 eta 4. baldintzak betetzen badira, betiere.

i) Gaur egun indarra duen lan jarraituaren plusa gora behera, beste osagarri bat emanen da festen egutegi ofizialeko igande eta jaiegunetan lan egiteagatik.

Osagarri hori lan egindako igande edo jaiegun bakoitzagatik kobratuko da soilik.

Festen egutegi ofizialeko igande eta jaiegunetan lan egiteagatik egokitzen den taula, 3. artikuluan 2005erako itundutako igoera aplikatu ondoren, honakoa da:

a) I., II. eta III. taldeak (teknikariak, administrariak eta menpekoak)

M A I L A K ZENBAT. (Euroak)

II 10,39

III 11,34

IV 11,92

V 13,05

VI 14,36

b) IV. taldea (langileak)

M A I L A K ZENBAT. (Euroak)

III 9,72

IV 9,91

V 9,96

VI 10,17

VII 10,55

VIII 10,60

IX 10,70

X 10,77

XI 11,32

2006 eta 2007. urteetan plus hau 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera igoko da.

VI. KAPITULUA

Enpresa batzordea eta ekintza sindikala

36. artikulua

Enpresa batzordearen eta ekintza sindikalaren arloan Paper-ore, Paper eta Kartoiaren Estatuko Hitzarmen Kolektiboa aplikatuko da.

Enpresa batzordeko kideen ordu ordainduei dagokienez, konpentsazio indibiduala onartua dago, bi hiletik behin eginen dena, baina oporretako hilabetea konpentsazio horretatik kanpo gelditzen da.

VII. KAPITULUA

Beste xedapen batzuk

37. artikulua.

Enpresako zuzendaritzak hitz eman du plantillakoei laguntzeko langile gehiago kontratatuko dituela (behin-behinekoa edo bitartekoa) lantegian gerta daitezkeen koiunturazko beharrei aurre egiteko, plantillako langileekin erantzun ezin bazaie.

Zuzendaritzari dagokio kasu bakoitzean hartu beharreko irtenbidea zein den erabakitzea, zenbat langile behar diren eta kontratuak zenbat iraunen duen.

Enpresa batzordeari jakinaraziko zaio, batzordeko idazkariaren bitartez.

38. artikulua Prestakuntza.

a) Prestakuntza ordu bakoitzaren konpentsazioa, lanordutik kanpo izanez gero, 8,85 euro.

b) Enpresa batzordeak, urte bakoitzeko irailean, zuzendaritzari hurrengo urterako prestakuntza ikastaroen proposamena egin diezaioke, zuzendaritzak aztertu eta, behar bada, aurrekontuan sar ditzan.

39. artikulua. Lanaldi luzeagoak (Pool)

a) Pool egunen xedea da absentismo guztiak betetzea (eritasun edo istripuaren ondoriozko lanerako ezintasun iragankorra, lizentziak, baimenak, enpresa batzordeko nahiz segurtasun eta higienearen batzordeko kideen absentziak), bai eta zegokien opor zikloan lanerako ezintasun iragankorrean egotearen ondorioz ziklotik kanpora plantillako langileek hartutako opor egunak ere.

Era berean, pool egunekin beteko dira prestakuntzaldian dauden langileengatik sor daitezkeen premiak. Horrelakoetan ordezkapena goizeko txandan eginen da.

Bakarka hartzeko egunak edo konpentsazioko atseden egunak ere ordezkatuko dituzte, larunbat, igande eta jaiegunetan egiten diren arratsaldeko eta gaueko txandak izan ezik.

Atal honetan adierazitako guztia atal berean gertatzen diren absentziez ulertzen da; beraz, atalez atal gertatzen direnak:

_Paper-orea.

_Berreskuratzea eta Energia.

_Papera.

_Mantentze lana.

_Laborategia.

_Bulegoak.

b) Igandeko eta jaiegunetako pool egunak asteko beste egun batzuetara aldatzen ahalko dira, arduradunaren iritziz zerbitzuko beharrek horretarako bide ematen badute.

Pool eguna aste barreneko beste egun batera, aurreko batera zein ondokora, aldatuz gero, eta langileak egutegian esleitutako igande edo jaiegun batean lanera joan beharra badu, fabrikara joan beharko du bere zerbitzuak beharrezkoak diren txandan. Lehenbiziko kasuan (aurreko egunera aldatzea), gehitu den lanegunaren truke egun bateko konpentsazioa besterik ez du izanen, bakarka hartzeko egunak erabiltzeko ezarritako araudi berarekin.

c) Absentzia bete behar duen langilea aukeratzeko, honakoak aztertuko dira: lanpostu hutsa, ohiko taldeko gainerako langileen gaitasun profesionala eta gainetik dagoen taldeko langileen gaitasun profesionala. Arduradunek hartuko dituzte, kasuz kasu, erabaki komenigarrienak.

d) Ordezkapen bat gaueko txandan eginez gero eta biharamunean ez bada arratsaldez edo gauez ordezkapenik egin beharrik, eta ordezkapena egin beharra gaueko txandan lan egin ondoren ezagutu edo sortua ez bada, egun horretan ez da zerbitzu hori emanen.

40. artikulua. Bulegoetako ordutegia

Bulegoen ordutegiaren barnean, bazkaltzeko etenaldian ordu erdiko malgutasuna onartzen da, eta ondorioz, gutxienez ordu bateko tartea eta gehienez ordu eta erdikoa erabil daiteke. Malgutasuna egunero egokitu behar da, ezarritako lanaldia osatuz, betiere.

Lanaren antolaketagatik ezinezkoa den zerbitzuetan ez da malgutasuna erabiltzen ahal.

Bulegoetako langileek urteko ostiral guztietan 8:00etatik 15:00era arte eginen dute lan, ekainetik irailera artekoak kenduta. Erretenen sistema bat ezarriko da, kontabilitate itxiera egiteko aurreikusitako datak beteko direla bermatzeko. Horren zehaztapena eta neurria kasu bakoitzean finkatuko dira lantegiko zuzendaritzaren iritzira.

VIII. KAPITULUA

Puntualtasuna eta kontroleko erlojua

41. artikulua.

Lanera berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe, edo kontroleko erlojuan ez fitxatzea hutsegite arin, larri edo oso larria izan daiteke eta horren arabera zehatuko da, Barne Araubideko Erregelamenduaren 88. artikuluari jarraikiz.

Hutsegite arinak:

Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar egun jarraituko epean hiru alditik zazpira bitarte berandu iristea, edo bi aldiz, atzerapena ordu bat baino gehiagokoa denean eta, orobat, epe horretan kontroleko erlojuan bi aldiz ez fitxatzea.

Hutsegite larriak:

Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar egun jarraituko epean zortzi alditik hamarrera bitarte berandu iristea, edo hirutik zazpira bitarte, atzerapena ordu bat baino gehiagokoa denean eta, orobat, epe horretan kontroleko erlojuan hiru alditik bostera ez fitxatzea, eta hiru hilabeteko epean hutsegite arina berriro egitea..

Hutsegite oso larriak:

Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar egun jarraituko epean hamar aldiz baino gehiagotan berandu iristea, edo bost aldiz baino gehiagotan, atzerapen bakoitza ordu bat baino gehiagokoa denean eta, orobat, epe horretan bost aldiz baino gehiagotan ez fitxatzea, eta sei hilabeteko epean hutsegite larria berriro egitea.

Aurreko guztia ulertzen da lan egin gabeko denborari dagokion deskontua galarazi gabe, zeina kalkulatzeko hitzarmen honen 17. artikuluan ezarritako koefizientea aplikatuko baita.

IX. KAPITULUA

Ordainsari aldagarriak

42. artikulua. Ordainsari aldagarriak

A) Eragimena papera egiteko makinetan

1._Aplikazio eremua

Soldata kontuetan hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langile guztiak.

2._Banatzeko irizpidea

Hiruhilabetea igarotakoan kobratzen den ordainsaria, atxikitako taularekin bat, soldata kontzeptu hauen baturaren gainean: "hitzarmenaren esleipena eta plus finkoa edo hitzarmen osagarria", bakoitzaren lanbide kategoria edo mailaren arabera.

3._Kalkulatzeko irizpidea

Hiru makinetako eragimenen batez besteko aritmetikoa, ehunekotan neurtua.

"Eragimena ehunekotan" deitzen zaio makina bat lanean ari den denborari, hau da, makina erabilgarri den denbora osotik (24 ordu eguneko) geldiune guztiak kenduta.

Multzo horretan ez dira sartuko eskaerarik ezagatik makina geldirik dagoen denbora edo inbertsio lanak egiteko denbora, instalazio batzuk geldi egon beharrez papera egiteko makinak ere gelditu beharra baldin badago. Kasu horietan, eragimena kalkulatzerakoan ez dira kontuan hartuko geldiune horiek, edo makina horietako batek geldi egon behar badu hilabetea baino denbora gehiago, hori ez da eragimenaren kalkuluan sartuko.

4._Ordainsarien taula

BATEZ BESTEKO ERAGIMENA ORDAINSARIA

% 95,00 edo handiagoa % 1,00

% 94,50etik % 94,99era % 0,67

% 94,00tik % 94,49ra % 0,33

% 94,00 edo txikiagoa % 0,00

B) Segurtasuna

1._Aplikazio eremua

Soldata kontuetan hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langile guztiak.

2._Banatzeko irizpidea

Maiztasun indizea zero duten hiruhilekoetan (MI = 0), ondorengo soldata kontzeptuen baturaren % 1,14 ordainduko da: "hitzarmenaren esleipena eta plus finkoa edo hitzarmen osagarria", bakoitzaren lanbide kategoria edo mailaren arabera.

Urte bukaeran maiztasun indize metatua "zero" baldin bada, pizgarri erantsi gisa % 0,57 kobratuko da.

C) Absentismoa

1._Aplikazio eremua

Soldata kontuetan hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langile guztiak.

2._Banatzeko irizpidea

Absentismo indizea (eritasuna, istripuak, baimenak eta absentzia ordainduak eta ordaindu gabeak, mediku kontsultak, amatasuna, enpresa batzordearen bilerak eta lanera bidezko arrazoirik gabe huts egiteak) % 4,0tik beherakoa izaten den hilabeteetan, taulan zehaztutako ordainsaria ordainduko da, soldata kontzeptu hauen baturaren gainean: "hitzarmenaren esleipena eta plus finkoa edo hitzarmen osagarria", bakoitzaren lanbide kategoria edo mailaren arabera.

Urte bukaeran absentismo indize metatua % 4,0 edo txikiagoa baldin bada, ordaindu gabeko hilabeteei dagokien zatia kobratuko da.

3._Ordainsarien taula

ABSENTISMO INDIZEA ORDAINSARIA

% 3,5etik behera % 1,50

% 3,6 eta % 4,0 artean % 0,50

% 4,0tik gora % 0,00

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

a) Hitzarmen honen indarraldian, lantegian normaltasunez eginen da lan, lan egin beharreko edozein jaiegunetan bezala, abenduaren 24ko 14:00etatik abenduaren 26ko 6:00ak arte eta abenduaren 31ko 14:00etatik urtarrilaren 2ko 6:00ak arte. Multzo horretan sartuko dira, halaber, 2008ko urtarrilaren 1a eta 2a (goizeko 6:00ak arte).

Aurreko lerroaldean aipatu egunetan euren borondatez lan egitea onartzen duten langileen zerrenda aurkeztuko du enpresa batzordeak, dokumentua sinatzean edo/eta hitzarmen honen 1. eranskinean adierazitako konpromiso agiria sinatzean enpresa batzordearekin hartutako konpromisoari jarraikiz. Horren arabera, zuzendaritzak zehaztutako lanpostu guztiak bete beharko dira lantegiaren ohiko funtzionamendurako.

b) Aurreko atalean azaldutako egun eta txandetan lan egiten duten langileek, euren lanagatiko konpentsazio orokor eta guztizko gisa diru kopuru hauek kobratuko dituzte:

2005. URTEA GAUEKO TXANDAK 24/31 GAINERAKO TXANDAK

Kontramaisuak 530,00 euro 500,00 euro

(66,25 euro orduko) (62,50 euro orduko)

Gainerako langileak 475,00 euro 447,00 euro

(59,38 euro orduko) (55,88 euro orduko)

Balore horiei hitzarmen honen 3. artikuluan 2006 eta 2007rako ezarritako igoera portzentajeak erantsiko zaizkie.

3._Gainera, abenduaren 24an eta abenduaren 31n gaueko txandako langileek pool-eko egun bat gutxiago izanen dute lan egindako gau bakoitzeko.

4._Konpentsazio horiek kobratuko dira aipatu egunetako lanaldia hitzarmen honetan ezarritako urteko lanaldiaren gainetik dagoelako.

1. ERANSKINA

......................................... jaunak/andreak, libreki eta bere borondatez hitz eman du abenduaren 24ko 14:00etatik abenduaren 26ko 6:00ak arteko lan txandetatik esleitzen zaion batean arituko dela, 2005., 2006. eta 2007. urteetan, eta abenduaren 31ko 14:00etatik urtarrilaren 2ko 6:00ak artean, 2005., 2006., 2007. eta 2008. urteetan.

Era berean, hitz eman du edozein arrazoirengatik egun horietan lan egin ezin duten langileak ordezkatuko dituela, legez ezarritako atsedenaldiak errespetatuz, betiere.

Egun eta txanda horietan lan egitearen truke, Smurfit Navarra, S.A. enpresak diru kopuru hauek ordainduko dizkio langile bakoitzari:

2005. URTEA GAUEKO TXANDAK 24/31 GAINERAKO TXANDAK

Kontramaisuak 530,00 euro 500,00 euro

(66,25 euro orduko) (62,50 euro orduko)

Gainerako langileak 475,00 euro 447,00 euro

(59,38 euro orduko) (55,88 euro orduko)

Balore horiei hitzarmen honen 3. artikuluan 2006 eta 2007rako ezarritako igoera portzentajeak erantsiko zaizkie.

Lan egindako txanda abenduaren 24ko eta 31ko 22:00etan hasten bada, konpentsazioz pool egun bat kenduko zaie.

Iragarkiaren kodea: F0517470