109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ETXALAR

Kultur Etxerako langile finko bat, oposizio-lehiaketa bidez, araubide finkoan eta lanaldi erdian hartzeko deialdia

1._Arau orokorrak.

Etxalarko Kultur Etxerako langile bat oposizio-lehiaketa bidez hartzea da deialdi honen xedea, lanaldi erdirako eta lan araubide finkoan.

1.2. Bete beharrak hauek izanen dira:

_Kultur jardueren eta jarduera soziokulturalen programazioa, baita horiek antolatu, koordinatu, jarraitu eta ebaluatu ere.

_Puntu teknologikoaz, liburutegiaz eta kultur etxean jartzen diren zerbitzuez arduratzea.

_Udalaren web orriaz arduratzea, hori egunaratu eta garatzea.

_Bere mailaren eta kategoriaren barrenean bere esku uzten zaizkion guztiak.

1.3. C mailari dagozkion lansariak izanen ditu, Udalak une bakoitzean erabakitzen dituen osagarriak gehiturik.

1.4. Asteko lanaldia udal enplegatuendako ezarritakoaren erdia izanen da, eta arratsaldez. Ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi aldatzen ahal du.

1.5. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko gutxieneko jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

1.6. Kontratuak hamabost eguneko probaldia izanen du.

2._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetara onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Europako Batasuneko edozein estatutako nazionalitatea izatea. Gainerako kasuetan indarrean dagoen legeria aplikatuko da.

b) 18 urte beterik izatea.

c) Karguan aritzea galaraziko dion eritasunik edo akats fisiko-psikikorik ez izatea.

d) Eginkizun publikoetan jarduteko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izana.

e) Titulua: goi mailakoa, Informatika Sistemen Administrazioan, edo baliokidea.

Onartuko dira titulu hauek ere: unibertsitateko tituluak, informatikari dagozkionak.

Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta oposizioaldian bete behar dira, izendatu arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Etxalarko Udalaren idazkaritzan aurkeztu beharko dira. Horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.

3.2. Deialdi honen zortzigarren atalean xedatutakoaren arabera, epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak alegatu beharko dituzte izangaiek.

3.3. Alegatzen diren merezimenduak jatorrizko edo konpultsatutako agirien bidez frogatu beharko dira, bestela aurkeztu gabetzat joko baitira.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik, 10 egun balioduneko epearen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta haiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Miguel María Irigoien, alkatea.

Ordezkoa: Manuel Leza, zinegotzia.

Mahaikidea: Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria.

Ordezkoa: Malerrekako Mankomunitateko euskara teknikaria.

Mahaikidea: Berako Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakaslea.

Ordezkoa: Berako Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakaslea.

Mahaikidea: Berako liburuzaina.

Ordezkoa: Doneztebeko liburuzaina.

Mahaikidea: Berako kultur koordinatzailea.

Ordezkoa: Baztango kultur koordinatzailea.

Idazkari lanetan Udalekoa ariko da.

Ordezkoa: Bortzirietako edozein idazkari.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi aitzin eratu beharko da. Epaimahaia ez da eratzen ahalko, ezta jardun ere, guttienez kideen gehiengo absolutua bertan ez bada.

5.3. Deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren afera guztiak gehiengoz erabakiko ditu epaimahaiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu, proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezializate teknikoetan baizik ez dute jardungo eta horietan baino ez dira epaimahaiarekin elkarlanean ariko.

6._Oposizio-lehiaketa nola egin.

6.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan eginen da: euskara proba lehenbiziko, lehiaketaldia gero eta oposizioaldia hondarreko, oinarri hauetan ezartzen den gisara.

6.2. Deialdia argitaratu eta bi hilabete iragandakoan hasiko da oposizio-lehiaketa, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batean iragartzen diren tokian, egunean eta orduan.

Ariketa bakoitza amaituta, epaimahaiak hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, eta aitzinekoan lortutako emaitzak Udalaren iragarki oholean paratuko ditu.

Epaimahaiak ariketa bat baino gehiago edo guztiak egun berean egitea erabakitzeko ahalmena du.

Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7._Euskara maila neurtzeko proba.

Ahozkoa eta idatzizkoa izanen da, eta bazterturik geldituko dira epaimahaiak ez gaitzat jotzen dituenak. Euskara maila Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen txostenean proposatutako 2. mailaren arabera izanen da.

Probak Bortzirietako Mankomunitatearen 2 teknikarik eginen dituzte edo Mankomunitate horrek izendatutakoek.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Izangaien merezimenduak baloratuko dira, ondoko baremoari jarraikiz:

a) Administrazio publikoetan, antzeko lanetan egindako zerbitzuak, 3 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

b) Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroengatik (emanak edo jasoak), 0,50 puntu emanen dira 20tik 40 ordura bitarteko ikastaro bakoitzagatik, eta puntu bat ikastaroak 40 ordu baino gehiago iraun badu, eta gehienez ere 5 puntu.

Aurreko ataletan aurreikusi eta behar bezala egiaztaturiko merezimenduak kontatzeko, behin-behineko lan-kontratua nahiz finkoa izanda egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, baita autonomo gisa egindakoak ere.

Esperientzia denbora egiaztatuak urte osoak egiten ez baditu, dagokion proportzioa aterako da.

8.2. Lehiaketaldia amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean izangaien zerrenda paratuko da, izangai bakoitzak lortutako puntuak adierazteko. Lehiaketaldian lortutako puntuak oposizioaldian lortutakoei gehituko zaizkie eta batura izanen da oposizio-lehiaketaren azken emaitza.

9._Oposizioaldia.

9.1. Ondoko ariketak egin beharko dira:

a) Lehenbiziko ariketa: proba teorikoa, II. eranskinean adierazitakoaren arabera.

b) Bigarren ariketa: proba praktikoa, II. eranskinean adierazitakoaren arabera.

9.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek NANa eraman beharko dute. Agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

10._Oposizio-lehiaketa gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Izangaien kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrenda ikusgai paratuko du iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian. Zerrenda puntuen arabera antolatuko du eta puntu gehien lortzen duen lehiakidea izendatzeko proposamena luzatuko du. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

10.2. Izendapen proposamena argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, bertan proposatzen den lehiakideak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Udalari:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Kargua betetzea galaraziko dion eritasunik edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan jarduteko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.

d) Eskatutako titulua.

10.3. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak epe horretan aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontraturik sinatu eta jarduketa guztiak deuseztatuko dira, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

10.4. Aurreko atalean dioena gertatuz gero, Udalak oinarri hauetako 10.1 zenbakian aipatu zerrendako hurrengo izangaiekin beteko du hutsunea.

11._Izendapena eta karguaz jabetzea.

11.1. Udalaren osoko bilkurak aurreko atalean xedatutakoa betetzen duen lehiakidea izendatuko du, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatutako epean izangaia lanpostuaz jabetzen ez bada, Udalaren enplegatu finko izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Eskubide galera hori gertatuz gero, 10.1 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12._Probak gainditu baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiekin langile-zerrenda bat eginen da, bajak, oporrak, eta abar suertatzen direnean erabiltzeko.

13._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri nahiz egintzen kontra, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

_Zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko organo eskudunari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epearen barrenean.

_Gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera ere bada, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean.

_Berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera ere bai, udal honetan, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epearen barrenean.

Etxalarren, 2005eko abuztuaren 12an._Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-abizenak:

N.A.N.: ...................

Jaiolekua eta data:

Helbidea:

Telefonoa: .............................

Hau diot:

Etxalarko Kultur Etxerako langile finko bat hartzeko ....................... eguneko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Horrenbestez:

Eskatzen dizut eskabide hau eta erantsitako dokumentazioa ontzat eman eta, ondorioz, aipatu lanpostuaren deialdira onar nazazula.

(Lekua eta data)

II. ERANSKINA

Gaiak

Gai hauei dagozkien proba teoriko-praktikoak egingo dira: puntu teknologikoaren eta liburutegiaren gestioa, eta tresneria informatikoaren erabilera arlo horietan.

Probak honako hauek izanen dira:

A._Proba teorikoa.

B._Proba praktikoa.

A._Proba teorikoa.

Lehenengo zatia: idatzizkoa izanen da, eta 60 minutukoa. Gehienez 25 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko da gutxienez 12,50 puntu eskuratzen ez dituena.

Proba epaimahaiak jarritako gai bati edo gehiagori buruzkoa izanen da, betiere ondoko hauei loturik:

1._Puntu teknologiko bateko funtzionamendurako plangintza.

Puntu teknologiko bateko funtzionamendu plan baten garapena, ikuspuntu hauek kontuan harturik:

_Ekipamendua.

_Zerbitzuak.

_Funtzionamenduaren kontrola.

2._Ikastaroen antolaketa.

Tresneria informatikoari buruzko prestakuntzarako plan bat egitea, puntu teknologiko baten jardueren barrenean emateko, alderdi hauek kontuan harturik:

_Ikastaro motak, gaiak, iraupena.

_Ikastaro bakoitzaren egitaraua.

Bigarren zatia: idatzizkoa izanen da, eta 40 minutukoa. Gehienez 15 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko da gutxienez 7,50 puntu eskuratzen ez dituena.

Proba epaimahaiak jarritako gai bati edo gehiagori buruzkoa izanen da, betiere ondoko hauei loturik:

1._Fondo bibliografikoaren antolaketa. Erregistroa, katalogazioa eta sailkapena.

2._Ordenagailua liburutegian. Liburutegiko zerbitzuen mekanizazioa.

3._Katalogazio arauak.

B._Proba praktikoa.

Iraupena 60 minutukoa izanen da, eta proba epaimahaiak jarritako gai bati edo gehiagori buruzkoa izanen da, ondoko hauei loturik:

1._Programazioa Front-Page / Dreamweaver tresnerietan.

Web orri baten diseinua egitea, Front-Page/Dreamweaver tresneriak erabiliz, ariketaren hasieran jarriko diren gaiari edo gaiei loturik. Eskura utziko dira beharrezkoak diren baliabide informatikoak. Iraupena 30 minutukoa izanen da. Jarraian, eta 15 minututan gehienez, epaimahaiaren aurrean azalduko da egindako diseinua.

2._Erabiltzeko trebetasuna: ABIES.

Gehienez 25 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko da gutxienez 12,50 puntu eskuratzen ez dituena.

3._Informatikari buruzko ikastaroa.

Informatikari buruzko klase baten azalpena, informatikako tresneria ezberdinei dagokiena, eta puntu teknologiko batean ematen ahal dena. Gehienez ere 15 minututan egin behar da.

Gehienez 15 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko da gutxienez 7,50 puntu eskuratzen ez dituena.

Iragarkiaren kodea: L0517618