109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

BUÑUEL

Deialdia, Udalaren Zahar Etxearen zerbitzuko klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Ikusirik Buñuelgo Udalaren "San Gregorio" zahar etxearen zerbitzuko klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat betetzeko beharra, eta 2005eko ekitaldiko plantilla organikoarekin eta lan eskaintza publikoarekin bat, Batzordeko buruaren 2005eko uztailaren 21eko ebazpenaren bidez onetsi baitzen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196.2. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

EBATZI DUT:

1. Buñuelgo Udalaren "San Gregorio" zahar etxearen zerbitzuko klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi partzialean betetzeko oinarriak, ebazpen honi eransten zaizkionak, onestea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta zahar etxeko eta Buñuelgo Herriko Etxeko iragarki oholetan argitaratzea.

Buñuelen, 2005eko uztailaren 22an._Batzordeko burua, Santiago Mayayo Chueca.

BUÑUELGO UDALAREN "SAN GREGORIO" ZAHAR ETXEAREN ZERBITZUKO KLINIKAKO LAGUNTZAILE IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria._Orotariko baldintzak.

1.1. Deialdi honen xedea da Buñuelgo Udalaren "San Gregorio" zahar etxean klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenak Buñuelgo Udalaren "San Gregorio" zahar etxearen zerbitzuko langile finko. lanaldi partzialekoa, bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, halakorik behar bada.

1.3. Lan harreman honi Adineko pertsonendako egoitza pribatuen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren Estatu mailako III. hitzarmena aplikatuko zaio, 181/2003 Estatuko Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ekoan, argitaratu baitzen, Nafarroako Foru Komunitaterako sektore honen hitzarmen kolektiboa onesten den arte.

1.4. Izendatzen den izangaiak arestiko hitzarmeneko D mailan sailkatuko da, eta hari dagozkion eginkizunak bete beharko ditu.

1.5. Lanaldia astean hogei ordukoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; zentroko zuzendaritzak noiznahi aldatzeko ahala du.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

Orobat aplikatuko zaie, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako biztanleei.

b) Adinez nagusi izatea.

c) LHIeko "Teknikari laguntzailea, Osadun Adarrekoa, Klinikako Laguntzailea", Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria edo horien baliokide den titulua edukitzea, edo eskabideak aurkezteko epean bukatzen den egunean eskuratzeko maneran egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik baztertua ez egotea.

2.2 Hautatzen den izangaiak aitzineko baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Udalaren "San Gregorio" zahar etxean aurkeztu beharko dira (Mayor karrika, 1, Buñuel, 31540), edoHerri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) NANaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidea.

b) Buñuelgo zahar etxeak Nafarroako Rural Kutxan duen kontuan hamar euro ordaindu izanaren gordekina, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik .

c) 2.1 oinarrian eskatzen den titulazioaren jatorrizko agiria edo notario batek edo administrazioak berak konpultsaturiko fotokopia.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, zahar etxeko gobernu batzordeko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Deialdian izangai bazterturik ez bada, iragarkian horren berri emanen da eta zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Iragarki berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, zahar etxeko buruak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta zahar etxeko eta Buñuelgo Herriko Etxeko iragarki oholetan argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko ebazpen horretan bertan adieraziko da probak zein egun eta ordutan hasiko diren eta non izanen diren.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Santiago Mayayo Chueca, Gobernu Batzordeko burua.

Ordezkoa: Luis Fernández Gil, Gobernu Batzordeko kidea.

1. mahaikidea: arreba Asunción Colino Ganado, zahar etxeko zuzendaria.

Ordezkoa: José Luis Huguet, Gobernu Batzordeko kidea.

2. mahaikidea: Joaquín Bobadilla Maeztu, Buñuelgo osasun etxeko erizaina.

Ordezkoa: María del Mar Blasco Arellano, Buñuelgo osasun etxeko erizaina.

3. mahaikidea: arreba Manuela Ferreiro Costa, zahar etxeko erizaina.

Ordezkoa: Rosa Mercadal Agramonte, zahar etxeko administrari laguntzailea..

Mahaikide idazkaria: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Gobernu Batzordeko idazkaria.

Ordezkoa: José Luis Romano Blasco, zahar etxeko kontu hartzailea.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Epaimahaia hauta-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6. oinarria._Oposizioaldia.

6.1. Oposizioak bi ariketa izanen ditu:

6.2. Lehenbiziko ariketa: test motako hiruretan hogeita hamar galderako galdetegiari erantzun beharko zaio, I. eranskinean agertzen den programako gaien gainean.

Erantzun okerrek puntuazioa murrizteko balioko dute, erantzun zuzenek handitzeko adina. Galdera erantzun gabeek 0 puntu izanen dute.

Epaimaiak 0tik 70 puntu bitarte baloratuko du proba, eta bazterturik geldituko dira 35 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3. Bigarren ariketa: test psikoteknikoa: Nafarroako Enpleguaren Institutuko langileek prestatuko dute. Institutuak ariketaren emaitzak igorriko dizkio epaimahaiari zuzenean, azkeneko horrek azter ditzan izangaien gaitasuna eta lanpostuarekiko egokitasuna, betiere zahar etxearen zerbitzu hoberena bermatzeko asmoz. Aipatu lantaldeak igorritako balorazioa 0tik 30 puntu bitarteko eskalara ekarriko du epaimahaiak. Eskuratutako puntuazioa lehen proban erdietsiari gehituko zaio eta batura oposizioaren azken kalifikazioa izanen da.

6.4. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen bertze agiriren bat.

6.5. Lehen ariketa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du zahar etxeko eta Buñuelgo Herriko Etxeko iragarki oholetan probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa zein toki, egun eta ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik bederen.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du zahar etxeko eta Buñuelgo Herriko Etxeko iragarki oholetan gainditu duten izangaien zerrenda, osotara lorturiko punntuazioen hurrenkeran, eta gainditzeaz gain puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena helaraziko dio Gobernu Batzordeari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Buñuelgo zahar etxean:

a) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

b) Osasunbideak luzatutako ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzen duena.

7.3. Izangaiak ez baditu agiri horiek finkatu epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatzen ahalko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

8. oinarria._Izendapena eta kontratazioa.

8.1. Hautapen prozesua amaiturik, eta izangaiak aitzineko 7.2 oinarrian aipatutako agiriak ekarririk, Gobernu Batzordeak izendapena eginen du eta kontratua eginen zaio proposatutako izangaiari. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak hamabortz eguneko epea izanen du zerbitzu egiten hasteko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan salbu, hala egiten ez badu, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarritako moduan eta halabereko ondorioekin.

9. oinarria._Errekurtsoak.

9.1. Deialdiaren, bere oinarrien eta ondoriozko egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkeztu ahal dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, zahar etxeko buruari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak ............................................, adinez nagusia, NANa ......................., jaioteguna .............., jaioterria ................................... (............), bizilekua ............................., karrika ....................., zenbakia ............, posta kodea ..........., telefonoa ...........

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Buñuelgo Udalaren zahar etxearen zerbitzuko klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian (......../2005 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data honetan: ............).

Orobat, karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onartu eta, beraz, Buñuelgo Udalaren "San Gregorio" zahar etxearen zerbitzuko klinikako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

BUÑUELGO UDALAREN "SAN GREGORIO" ZAHAR ETXEKO BURUA

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Osasuna eta eritasuna. Kontzeptu orokorrak. Horretan eragina duten faktoreak.

2._Hezur eta giltzaduren patologiari buruzko oinarrizko alderdi orokorrak. Traumatismo mekaniko, fisiko eta kimikoak. Larruazalaren eta muskuluen alterazioak.

3._Eritasun alergikoei buruzko oinarrizko alderdi orokorrak.

4._Zirkulazio aparatuaren patologia, bihotz-hodien eritasunak, odolarenak eta odoljarioak. Oinarrizko alderdi orokorrak.

5._Arnas aparatuaren, digestio aparatuaren, giltzurrinaren eta gernu bideen, ugaltzeko aparatuaren eta metabolismoaren eritasunak. Oinarrizko alderdi orokorrak.

7._Nerbio sistemaren eritasunak eta eritasun psikiatrikoak. Oinarrizko alderdi orokorrak.

8._Alterazio geriatrikoei buruzko oinarrizko alderdi orokorrak.

9._Sorospenari buruzko printzipio orokorrak.

10._Higienea: ingurumenekoa, norberarena, elikagaiena, lanekoa eta burukoa.

11._Ospitalizazio unitateak, eriaren gela eta ingurua. Ospitaleko ohea. Ohe motak, haien ekipamendua eta osagarriak. Ohatuaren jarrerak, jarrera aldatzea, eria mugitzea eta garraiatzea.

12._Eriaren harrera. Erizaintzako laguntzailearen zeregina ingresoan.

13._Eria prestatzea azterketa klinikorako. Erizaintzako laguntzailearen laguntza.

14._Elikadura, elikagaien sailkapena, dieta mota arruntak, eria nola prestatu elikatzeko. Elikagaiak zundatik ematea, gastrostomia, arretak.

15._Eriaren higienea, ohatuaren bainu partziala eta osoa. Ultzerak: alderdi orokorrak, aurreneurriak eta tratamenduak. Hotza edo beroa ematea: arau orokorrak eta arretak.

16._Bizi-konstanteak: kontzeptu orokorrak, neurtzeko teknikak, balio normalak edo erreferentziakoak, eriaren zaintza eta behaketa

17._Oxigenoterapia: materialak eta segurtasun neurriak. Perfusioak oro har: eriaren zaintza.

18._Sendaketa-gelak prestatu eta biltzea, osasun arloko altzariak, laguntzako materiala eta esku-orgak.

19._Baliabide eta materialen garbitasuna, desinfekzioa, asepsia, antisepsia eta esterilizazioa: kontzeptuak, motak, prozedurak, metodoak, arretak.

20._Infekzioak, isolamendu bereziak, arreta unibertsalak.

21._Hezur-hausturak, lokadurak, bihurrituak eta erredurak. Aposito eta bendajeak: sailkapena, aposito edo bendajeak dituen eria zaintzea.

22._Kanporatzea: pixa, kaka, gorakoa, jarioak, jariakinak oro har. Zundaketak: kontzeptuak, motak, zunda duen eria zaintzea. Enemak: sailkapena eta arretak.

23._Eri handiarendako eta haren familiarendako laguntza. Hil ondoko zainketak.

24._Harremanak eriarekin, familiarekin eta osasun arloko taldearekin.

25._Giza faktorea enpresan. Komunikazioaren oinarriak enpresan. Langileen motibazioa. Enpresako lan taldeak, bilkurak eta negoziazioak enpresan.

26._Lan eta segurtasun baldintzak, arrisku faktoreak. Fisikoak, kimikoak, biologikoak eta antolaketaren ingurukoak.

27._Osasunari buruzko Lege Orokorra. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea.

28._Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak Buñuelgo Udalaren zahar etxean.

Iragarkiaren kodea: L0517142