109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXALAR

Behin betiko onespena ordenantza fiskalari

Etxalarko Udalak, 2005eko apirilaren 14an egindako osoko bilkuran, obra hondakinak eta lurrak zabortegian botatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala hasiera batez onetsi zuen.

Ordenantza jendaurrean jarri zen 30 egunez, 2005eko maiatzaren 16ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko oholean argitaratutako iragarkien bitartez.

Jendaurreko epean ez zen inolako erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Etxalarko Udalak, 2005eko abuztuaren 4an egindako osoko bilkuran, ordenantza fiskal hau behin betikoz onetsi zuen.

Etxalarren, 2005eko abuztuaren 8an._Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

OBRA HONDAKINAK ETA LURRAK UDAL ZABORTEGIAN BOTATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatzen duen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da obra hondakinak eta lurrak udal zabortegian botatzea.

Subjektu pasiboak

3 artikulua. Obra hondakinak botatzeko baimena eskatzen duten pertsona edo entitateak izanen dira subjektu pasiboak, baita baimenik gabe botatzen duten pertsona edo entitateak ere. Botatzeko aitorpena sinatzen duena eskatzailetzat hartuko da.

Entitate edo pertsona batek obra hondakinak botatzeko beste enpresa bat kontratatu eta aitorpena horrek sinatzen duenean, zein entitate edo pertsonaren izenean egiten duen adierazi beharko du bertan. Obra hondakinak botatzeko enkargua egiten duen enpresa izanen da obra hondakinak botatzen dituenaren ordezkoa, dirubilketa kontuetarako.

Salbuespenak

4. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusitako salbuespenak bakarrik aplikatuko dira.

Karga oinarria

5. artikulua. Zuzenean sortutako obra hondakinak deusezteko zerbitzuari dagokionez, botatako tona kopurua da zerga-oinarria.

Tarifak

6. artikulua. Eranskinean adierazi dira indarrean dauden tarifak. Urtero berrikusiko dira tarifa horiek.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Zerga ordaintzeko beharra obra hondakinak botatzeko baimena ematen den unean sortuko da, edo botatzen hasten denetik baimenik gabe hasi bazen.

Dirubilketa

8. artikulua. Tasak ordainduko dira ordainketa-gutunaren bitartez baimenarekin batera.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Obra hondakinak bota aurretik, Udalean dagoen inprimakia bete beharko da, bota gogo diren kamioi hondakin eta tonak adierazteko. Betiere, inprimakia sinatu egin beharko da.

Obra hondakinak egunero botatzen direnean eta astebete baino gehiago irauten duenean, enpresak bidaien aitorpena aurkeztuko du astero Udalean, astean botatako tona kopurua adieraziz, udal langileak daraman kontrolaz aparte.

Interesatuak giltza udal idazkaritzan hartuko du edo zerbitzu anitzetarako langileari eskatuko dio, eta hondakinak bota ondoren berahala itzuliko du.

10. artikulua. Obra hondakinak bota eta modu egokian jarriko dira, zanpatu edo sakanera bultzatuko dira, eta haizeak ez eramateko moduan.

Bertze motako hondakinak uztea debekaturik dago: organikoak, etxeetako zein industrietako hondakin inerteak, arriskutsuak, tamaina handikoak, neumatikoak, kartoia, zura, eta abar, eta oro har hirugarrenei, ingurummenari nahiz higiene publikoari kalte egiten ahal dien guztia.

Obra-hondakinak eramanen dituzten ibilgailuak bidean deus ere ez galtzeko moduan garraiatuko dituzte, bide publikoa ez zikintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz.

11. artikulua. 1. Zabortegia erabiltzeagatik desegin edo hondatzen bada, onuraduna, behar den tasa ordaintzeaz gain, behartua egonen da berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, eta horren zenbatekoa aldez aurretik jartzera.

2. Kaltea konponezina bada, Toki Entitateak kalteordaina jasoko du, hondatutako ondasunen balioa edo egindako kaltearen ordaina, alegia.

Inoiz ere ez ditu barkatuko Toki Entitateak artikulu honetan aipatu kalteordain eta itzulketak.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hauste larriak dira:

a) Hondakinak baimenik gabe botatzea.

b) Material kimiko eta organikoa botatzea.

c) Zabor hondakinak botatzeko aitorpena ez aurkeztu edo okerreko datuekin aurkeztea.

d) Hondakinak ez zanpatzea.

13. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

E R A N S K I N A

Tarifak

_750 kg-tik 4.000 kg bitarteko kamioiak: 8,23 euro kamioiko.

_4.001 kg-tik 10.000 kg bitarteko kamioiak: 15,88 euro kamioiko.

_10.001 kg-tik 20.000 kg bitarteko kamioiak: 23,83 euro kamioiko.

_20.000 kg-tik gorako kamioiak: 26,06 euro kamioiko.

Iragarkiaren kodea: L0517613