109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

B E R R I O B E I T I

Kultur gaien gaineko udal ordenantzak

Berriobeitiko Udalak, 2005eko apirilaren 5ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zituen Berriobeitiko erabilera anitzetako eraikinaren espazioak eta baliabideak antolatu eta erabiltzeko araudia eta Kulturarako, kirolerako eta gazteriarendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia maiatzaren 20an argitaratu zen, 2005eko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Jendaurrean egoteko epea amaiturik, aipatu ordenantzak behin betikoz onetsi dira, Udalak 2005eko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran hala erabakita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990, Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Haren testu osoa honen ondotik argitaratua heldu da. Ordenantzek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan hala agintzen baita.

Berriobeitin, 2005eko abuztuaren 2an._Alkate udalburua, José María Irisarri Ollacarizqueta.

BERRIOBEITIKO UDALAREN ERABILERA ANITZETAKO ERAIKINAREN ESPAZIOAK ETA BALIABIDEAK ANTOLATU ETA ERABILTZEKO ARAUDIA

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua. Berriobeitiko erabilera anitzetako eraikina Udalaren ondasun bat da, jabari eta zerbitzu publikokoa, eta haren erabilpenaren gaineko ardura Berriobeitiko Udalari dagokio. Eraikin honen xede nagusiak Berriobeti Zendeako bizilagunendako partaidetza-zubi eta erreferentzia izatea gizarte gaien eta kulturaren arloan. Haren espazioak gizarte eta kultur arloko jarduerak egiteko izanen dira nagusiki; inguruabarren bat dela medio, aipatu ez bezalako jardueretarako erabil daitezke.

2. artikulua. Instalazio honen funtzionamendua arautzea Berriobeitiko Udalari dagokio, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez.

3. artikulua. Berriobeitiko Udala, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez, erabilera anitzetako eraikinaren barnean egiten diren jarduera guztien kudeaketaz eta haien segimenduaz arduratuko da, baita instalazioen zainketaz eta haien hobekuntzaz ere.

4. artikulua. Erabilera anitzetako eraikina ez da inongo talderen egoitza izanen.

II. KAPITULUA

Ordutegia

5. artikulua. Bertako ostatu-jatetxeak irekitzeko zer ordutegi izan, gisa berean egonen da irekia erabilera anitzetako eraikina urteko egun guztietan. Ostatu-jatetxeko zerbitzu publikoaren zeharkako kudeaketaren errentamenduaren kontratuari jarraikiz, haren ordutegiak gutienez hamabi ordu izan beharko du egunero, goizeko hamarretatik gaueko hamarrak arte; errentariak luzatzen ahalko du, nahi izanez gero. Eguberri gauan, Eguberriz, Urtezaharrez eta Urteberriz ordutegia puskaz murrizten ahalko da.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez, ordutegi hori aldatzen ahalko du, antola litezkeen jardueren beharren ariora, betiere eraikina kudeatzeko hartutako konpromisoekin bateragarria bada eta diru galerarik ekartzen ez badio Udalari, ezta eskubideen murrizketarik ere langileei.

III. KAPITULUA

Jarduerak

7. artikulua. Erabilera anitzetako eraikinean egiteko diren jarduerak nagusiki gizarte eta kultur arlokoak, politikakoak, hezkuntzakoak eta aisialdikoak, eta merkataritza eta/edo irabazi asmorik ez dutenak.

8. artikulua. Jarduerek, egin ahal izateko, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren hasierako onespena beharko dute.

9. artikulua. Udalak, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez, beretako gordeko du espazioak alokatzeko eskubidea xedea merkataritza eta/edo irabazi asmoa duten jardueretarako, izan ere badaude horretarako ordenantza bat eta tasa batzuk onetsirik.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileak

10. artikulua. Erabilera anitzetako eraikinaren erabiltzailea da haren barrenean egiten diren ikastaro eta gainerako jardueretan aritzen den oro, ikusle edo partehartzaile.

11. artikulua. Erabilera anitzetako eraikinaren elkarte/talde erabiltzailea da jarduerak egiteko erabilera anitzetako eraikineko espazioak erabiltzen dituena.

12. artikulua. Hauek dira erabiltzaileen betebeharrak:

_Ezarritako ordutegiak begiratzea.

_Bertan diren altzariak begiratzea eta egokiro erabiltzea.

_Erabilera anitzetako eraikinak duen azpiegitura zuzen erabiltzea.

_Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan bertze eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.

_Udalak baimendutako langileek eman ditzaketen jarraibideei kasu egitea.

_Erretzaile eta ez erretzaileen eremuak begiratzea.

13. artikulua. Berriobeitiko Udalak berea du aipatutako oharrak begiratzen ez dituzten pertsonak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez bezala erabiltzeak handik bidaltzea ekartzen ahal du.

14. artikulua. Kontrakoa erabaki ezik, espazioak lagatzeak ez du ekarriko Udalak inolako materialik altxatu eta biltegiratzea. Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta betiere Kultur eta Kirol Zinegotzigoak horretarako baimena ematen badu, erabiltzaileek erabilera anitzetako eraikina erabiltzen ahalko dute, trasteak, tresneria, etabar altxatzeko.

V. KAPITULUA

Espazioak

15. artikulua. Erabilera anitzetako eraikinean bi espazio mota daude bere ezaugarriei begiraturik:

A._Zerbitzu iraunkorrak:

_Atezaintza eta ostatu-jatetxea.

_Zerbitzu anitzetako eremua.

_Administrazio eremua.

B._Askotarako espazioak:

_Atalondoa

_Erabilera anitzetako 1. aretoa

_Erabilera anitzetako 2. aretoa

VI. KAPITULUA

Erabilera anitzetako eraikineko espazioen erabilera eta hura lagatzeko irizpideak

16. artikulua. Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren ardura izanen da erabilera anitzetako eraikineko espazioen programazioa eta erabilera.

17. artikulua. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

18. artikulua. Espazioen erabilpena elkarte eta taldeei esleitzeko tenorean, lehentasuna izanen dute Berriobeiti Zendean kokaturiko elkarte eta taldeek.

19. artikulua. Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Udalaren eta pertsona edo taldeen artean, erabilera anitzetako eraikineko espazioak erabiltzeko.

20. artikulua. Erabilera anitzetako eraikineko espazioen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, kasuan kasuko ordenantza fiskalean aipatzen diren tarifak erabiliko dira, Udalak baimentzen dituen doako erabilera kasuetan izan ezik.

21. artikulua. Erabilera anitzetako eraikineko espazio bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honelakoak dira:

A._Zerbitzu iraunkorrak:

_Zerbitzu anitzetako eremua Udalaren langileek baizik ez dute erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

_Administrazio eremua Udalaren langileek baizik ez dute erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

_Atezaintzako eta ostatu-jatetxeko eremua ez da lagatzen ahal; espazio hori Berriobeitiko erabilera anitzetako eraikinean osatatu-jatetxearen zeharkako kudeaketa errentan emateko kontratuak ezartzen diren baldintzei lotuko zaie.

B._Askotarako espazioak:

_Atalondoa lagatzen ahal ez den espazioa da.

_Erabilera anitzetako 1. aretoa eta erabilera anitzetako 2. aretoa, berriz, lagatzen ahal dira, 22. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.

22. artikulua. Erabilera anitzetako eraikineko espazioak uzteko, baldintza hauek ezarri dira:

a) Espazioak erabiltzeko eskarien aurkezpena udal bulegoetan egin beharko da eta, instalazioaz zer egunetan baliatu nahi den, 3 egun lehenago gutienez ere. Eskarian honako dokumentu hauek sartu beharko dira:

_Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen betea. Inprimaki hori eskatzaileen eskura egonen da udal bulegoetan.

_Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen N.A.N./I.F.Z.

b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta hura eskatzaileari ailegaraziko zaio. Udalak, gehienez ere 10 eguneko epean emanen die erantzuna eskabideei; horiek iraganik eskatzaileak erantzunik jaso gabe, erabilpena isilbide administratiboaren bidez emantzat joko da. Erabiltzekoaren aitzinetik 10 egun baino epe tikiagoarekin egindako eskabideen kasuan, isilbide administratiboaren zentzua alderantzizkoa izanen da, erran nahi baita, erabilpena ukatutzat joko dela.

c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskariak, baita jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora handitu edo murriztekoak, kultur koordinatzaileak ebazten ahalko ditu, programaziari eta espazioen erabileren koordinazio zuzenari begiraturik, eta betiere aldaketa horiek ez badiote funtsezko aldaketarik ekartzen jarduera baimenduaren funtsari.

d) Erabiltzaileen kontura izanen dira:

_Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.

_Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

_Administrazioaren permiso eta baimenak.

_Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langile baimenduek aldiro ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

e) Udalak baimendutako langileek edozein momentutan ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

f) Jarduera bat amaitzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aurretik zeuden egoera berean.

g) Erabilera anitzetako eraikinean egiten diren jardueren antolatzaileek jarduera bakoitzaren edukieraren berri ematen duten materialak paratzen ahalko dituzte atalondoan horretarako prestatu diren aldeetan.

VII. KAPITULUA

Zehapenak

23. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

a) Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibilak, penalak, administratiboak, lan edo zerga arlokoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren kontura geldituko dira erantzukizun horietatik etortzen diren kalte eta galeren ordainak, Udala erabat salbu geldituko baita horrelakoetatik.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.

c) Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik; izan ere, entitate antolatzailearena bertze inorena ez baita izanen erantzukizun hori.

d) Entitate antolatzaileen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izan dela arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean egin behar diren konponketen ardura hartzen, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

24. artikulua. Arau-haustetzat joko dira:

a) Jabetzaren aurkako hutsegite eta delituak.

b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.

c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.

25. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak jarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

26. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak bide exekutiboaren bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuen ebazpena eta zalantza sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez, edo, bertzenaz, ezinbertzean, dagokion udal organoari.

Kulturarako, kirolerako eta gazteriarendako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Berriobeiti Zendeako udalerrian dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. artikulua. Dirulaguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein sorospen, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, sariak eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoko gainerako gastuak.

3. artikulua. Salbuepenik ez bada, dirulaguntzak, gehienez, kasu bakoitzean dagokion jardueraren kostuaren % 70 eginen du.

4. artikulua. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1._Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honek bertzelakorik xedatu ezik.

2._Ez dira aurrekaritzat hartzen ahalko.

3._Ez da eskatzen ahalko dirulaguntza handitu edo berritzerik.

4. artikulua bis. Ez dute baliorik izanen dirulaguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Honako hauek eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak:

A._Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkarteek, helbidea udalerrian badute.

B._Pertsona fisikoek, ekinbide jakin bateko talde baten ordezkari partikular gisa, baldin eta irabazteko asmorik gabea bada eta egoitza udalerrian badu.

III. KAPITULUA

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Hauek dira dirulaguntza har dezaketenak: eskaera egiten den urte berean udalerriaren barnean egiten diren jarduera programatuak, arlo hauetakoak izanik:

_Kirolak.

_Kultura. -Gazteria.

7. artikulua. Hauek ezin izanen dute dirulaguntzarik bildu:

a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerek.

b) Lokalak egokitzeak edo eraikinetan egindako bertze edozein obrak.

c) Ondasun higiezinen erosketak.

d) Funtzionamendutik heldu diren gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak, etab.).

IV. KAPITULUA

Prozedura

8. artikulua.

1. Udalak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

2. Zenbatekoa aurkeztutako eskarien artean banaturik egonen da urte bakoitzerako finkatutako xedeen ariora, deusetan ukatu gabe bidezko diren moldaketak, alorren batean eskatzaileen kopurua hagitz murritza baldin bada.

3. Udalak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 15era bitarte onetsiko ditu dirulaguntzen deialdiko oinarriak.

9. artikulua. Udalaren osoko bilkura da ordenantza honetan aipatzen den deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa, baita dirulaguntzak ematekoa ere.

10. artikulua. Hurrengo urtean egin gogo diren jardueretarako dirulaguntzak jasotzeko eskariak aurkeztu beharko dira. Eskari horiek deialdia argitaratzen den egunetik eta apirilaren 15era bitartean, hura barne, aurkeztuko dira urte bakoitzean.

11. artikulua. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak sinatua. Adieraziko da dirulaguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den, baita jarduera bakoitzean aurreikusten den parte hartzaileen kopurua ere.

b) Egin gogo den eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi den jardueraren programa zehatza eta haren aurrekontu osoa, atalez atal zehaztua.

V. KAPITULUA

Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak

12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek dirulaguntzak emateko:

a) Jarduerak Berreiobeiti Zendearako duen interes orokorra. Delako interes orokorra zehazteko kultur koordinatzaileak txostena egin beharko du aitzinetik.

b) Herritarren partaidetza aktiboa programa hauetan.

c) Antzeko jardueren urria.

d) Oinarrizko kirolaren eta kulturaren sustapena, kirol eta kultur ikuskizunaren aurretik.

e) Dirulaguntzarik gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

13. artikulua. Egindako eskaerak azterturik, Udalak ebazpena emanen du.

Prozeduraren laburpena

Ordena: 1. Jarduketa: dirulaguntzen deialdia argitaratzea. Non: Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholetan. Noiz: urtarrilaren 1etik otsailaren 15a arte, hura barne.

Ordena: 2. Jarduketa: eskabideak eta 11. artikuluko agiriak hartzea. Non: Herriko Etxea. Noiz: deialdia argitaratzen denetik apirilaren 15a arte, hura barne.

Ordena: 3. Jarduketa: Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren ebazpen proposamena. Noiz: ahalik lasterren.

Ordena: 4. Jarduketa: Udalaren behin-behineko ebazpena eta argitalpena. Non: Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholetan. Noiz: maiatzaren 15a baino lehen.

Ordena: 5. Jarduketa: erreklamazioak. Non: Herriko Etxea. Noiz: 15 egun, behin-behineko ebazpena argitaratzen denetik.

Ordena: 6. Jarduketa: Udalaren behin betiko ebazpenak eta argitalpena. Non: Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholetan. Noiz: hilabete 1 baino lehen, erreklamatzeko epea bukatzen denetik.

Ordena: 7. Jarduketa: berraztertzeko errekurtsoa, Udalari zuzendua. Gora jotzeko errekurtsoa. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Non: Herriko Etxea. Nafarroako Gobernua. Administrazioarekiko Auzien Epaitegia. Noiz: hilabete 1. hilabete 1. 2 hilabete.

Ordena: 8. Jarduketa: dirulaguntza ematea, 20. artikuluko agiriak aurkeztutakoan. Non: Herriko Etxea. Noiz: agiriak egiaztatzen direnean.

Diruz laguntzekoak diren jardueretarako urte bakoitzean dagoen diru-kopuruaren % 10 epez kanpo egiten diren eskabideetarako izanen da, alegia, aurreikusten zailak izateagatik edo bertze edozein arrazoi dela bide dirulaguntza merezi dutenetarako, aldez aurretik Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren adostasun txostena badute. Zenbateko hori irailaren 15a baino lehen egiten diren eskarietarako atxikiko da. Bertzenaz, gainerako eskariei erantzuteko izanen da.

14. artikulua. 1. Udalaren eta interesatuaren itunaren bitartez ematen ahal zaio bukaera prozedurari, dirulaguntzaren zer-nolakoak eta deialdiak horrela aurreikusten badute.

2. Nolanahi ere den, itun bidez bukatuta ere, dirulaguntzaren xedea, baldintza eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio irizpideak ere eskabide edo eskariei dagokienez.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

15. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak, zer urtetan ematen diren, aurrekoaren urriaren 1etik eta urte bereko irailaren 30a bitarte egin beharko dira.

16. artikulua.. Emandako dirulaguntza guztiek baldintza bat dute: jarduerak dakartzan agirietan eta inprimatutako propagandan jasorik gelditzea Berriobeiti Zendeako Udalaren dirulaguntza bildu duela. Orobat, Udalaren aurrekontuaren kontura dirulaguntzak jasotzeko baldintza izanen da onuradunek beren zerga betebeharrak eta, horrela behar badu, Gizarte Segurantzari dagozkionak beterik izatea.

17. artikulua. Dirulaguntza onarturik ez da baimenik emanen beste deusetarako erabiltzeko.

18. artikulua. Jarduera baterako dirulaguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

19. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekar dezake, eta betiere hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea.

VII. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

20. artikulua. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako dirulaguntza jasotzeko, beharrezkoa da diruz lagundutako jarduera egina izatea eta agiriok aurkeztea Herriko Etxean:

a) Egindako jardueraren memoria, xeheki emana.

b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak sinatua, alkateari idatzia, dirulaguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

c) Emandako dirulaguntza zenbat, horrenbertze egiten duten fakturak.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Bertze entitate publiko nahiz pribatuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

21. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu fakturak baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data edukitzea, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion datan.

c) Jasotzailearen N.A.N. edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskaera egitean aurkeztutako aurrekontuaren araberakoa izatea.

22. artikulua. Jarduera egin eta ondoko 30 egunean aurkeztuko dira 20. artikuluan aipatutako frogagiriak. Udalak espedientea aztertuko du eta Udalak edo Alkatetzak onetsi eta, hala behar badu, ordainduko du, baina ahalmena izanen du dirulaguntza murrizteko, benetan egindako gastuei dagokien portzentajeraino.

23. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Dirulaguntza publikoak emateko prozeduraren gainean abenduaren 17ko 2225/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespenez eta bakarrik 2005. urterako, Udalak irailean argitaratuko ditu deialdiaren oinarriak. Orobat eta bakarrik 2005. urterako, dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak urrian aurkeztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 23 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat ditu eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi, testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluak zehazturiko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0517414