109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARESO

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza behin betiko onetsirik

Aresoko Udalak, 2005eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetzi zuen "Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza".

Erabaki hau 2005eko 78. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 1ean, eta jendaurrean egon, hogeita hamar egun naturaleko epean, bidezko juzgatzen ziren alegazioak aurkez zitezen.

Epe hori iragan eta ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, jarraian ematen baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

Areson, 2005eko abuztuaren 2an._Alkatea, Mikel Baraibar Garmendia.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela ematea arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna dutenek beren ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

_Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Minusbaliatuak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna pairatu beharko du, eta alderdi hauek egiaztatu:

A._% 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Behin betiko ezgaitasuna dutenen familiako bizikideak edo zaindariak

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena laguntza hartu behar duenarekin famili lotura badagoela edo zainketa jakin bat ematen diola eta harekin bizi dela, hala denean.

3. Zainketa hartzen duen ahaideak mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna duela, honako hauek egiaztatu beharko direla:

A._% 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita indarra duen gidabaimena, ibilgailuaren dokumentazioa eta bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aitzinaldean paratu beharko da, kontrolatu behar izanez gero txartelaren aurkia kanpotik argi ikus dadin.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta luzatu zen tokian entregatu beharko da berritzeko, hori bidezko bada.

c) Txartela daraman ibilgailua minusbaliatuendako erreserbatu eta seinalatutako tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barnean. Baita aparkatzeko debekuaren seinalea duten tokietan eta udaltzainek espresuki baimentzen duten tokietan ere.

e) Aldiz, baimen honen babespean ezin izanen da ibilgailua inola ere aparkatu: txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten aldeetan. Garraio publikoari erreserbatutako erreietan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

g) Txartela non luzatu zen, bestelako herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

h) Edozein arrazoi dela medio inork txartela erabiltzetik gelditu behar badu, luzatu zuen Udalari itzuli beharko dio, eta arrazoiak adierazi.

i) Lapurtu edo galduz gero, luzatu zuen Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:

_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

_Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur bidez edonola erreproduzitzea.

_Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

_Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesatuei entzutea emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak egiaztatu beharko dira.

Hori guztia argitara ematen da, orok jakin dezan eta Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezarritako ondorioak sor ditzan.

Iragarkiaren kodea: L0517311