109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARESO

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsirik

Aresoko Udalak, 2005eko abuztuaren 5ean egin osoko bilkuran, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, erabaki zuen behin betiko onestea "Aresoko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza". Testua 2005eko maiatzaren 27an onetsi zuen hasiera batez osoko bilkurak eta iragarkia 2005eko 78. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 1ean. Ondotik jendaurrean egon da hogeita hamar egun naturaleko epean, bidezko alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, argitara ematen dira behin betiko onetsitako ordenantzaren iragarkia eta testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Areson, 2005eko abuztuaren 5ean._Alkatea, Mikel Baraibar Garmendia.

ARESOKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aresoko udal mugapeko herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Aresoko Udalaren esku daude herri ondasunen gaineko ahalmenak, xedapenak emateaz, administrazioaz, aprobetxamenduaren araubideaz eta antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den gisara.

Herrilurretako ondasunen inguruan Aresoko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Aresoko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Aresoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Aresoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua. Aresoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Aresoko Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen immatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Aresoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Aresoko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Aresoko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Aresoko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Aresoko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Iralekuen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Aresoko Udala herrilarreen ekoizpena abian jartzera, hobetzera eta egoki aprobetxatzera ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte, Aresoko herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Herrian urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe edo etxebizitza independiente berean bizi diren guztiak izanen dira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Aresoko Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

17. artikulua. Aresoko Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea.

20. artikulua. Adjudikazio epea zortzi urtekoa (8) izanen da.

21. artikulua. Udalak kanona ezarri ahalko du larreen aprobetxamendurako. Urtero finkatuko du aurrekontu arruntean, ondoko artikuluei jarraituz.

22. artikulua. Arlo honetan, Aresoko Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:

_1 behor, 6,66 ardi adina da.

_1 behi, 6,66 ardi adina da.

_2 urtetik beherako behi bat, 4 ardi edo ahuntz adina da.

Horren arabera, Udalak kanon hauek ezarri ahalko ditu azienda mota bakoitzerako:

_Zaldiak, behiak eta behorrak, 1 euro/urtea.

_2 urtetik beherako txahalak, 0,60 euro/urtea.

_Ardiak, ahuntzak, 0,15 euro/urtea.

23. artikulua. Adjudikazioaren prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (abeltzaintzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

24. artikulua. Urte bakoitzeko kanonaren zenbatekoa ordainduko da adjudikazio egunetik hasita sei hilabeteko epean.

25. artikulua. Aresoko Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen badira ere.

26. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legeko 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

27. artikulua. Prozedura. Udalak erabakia hartu ondoren, epea irekiko du eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten. Aldez aurretik, ediktuak agertu beharko du Udaleko iragarki oholean.

28. artikulua. Udalak eginen du behin-behineko adjudikazioa.

29. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira epe hori bukatutakoan.

30. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira urtebeterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

III. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

31. artikulua. Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Aresoko Udalak ez die aurrerantzean iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrei.

32. artikulua. Egun iralekuen kontzesioak dituzten herritarrek beren horretan segituko dute, zuzenean eta pertsonalki ustiatzen badituzte eta abeltzaintzako beren ustiategietarako erabiltzen badituzte; hori hala izanik ere, iralekuen onuradunek ezin izanen dute iralekurik itxi, ezta iratzearen aprobetxamendua ez den beste erabilera baterako erabili ere.

33. artikulua. Hartara, iralekuak erabiltzen dituzten herritarrek Udalari jakinarazi beharko diote eta eskubide horren oinarri den dokumentazioaren kopia aurkeztu.

Aresoko Udalak iraleku guztien erregistrorako liburu bat izanen du, onduradunen izenak, datu pertsonalak eta aldaketak jasotzeko.

34. artikulua. Iralekuak zuzenean eta pertsonalki ustiatuko dira, eta debeku da beste batzuei errentan ematea edo lagatzea.

Baldintza hori edo kapitulu honetan ezarritakoak betetzen ez badira, Udalak bete ditzatela eskatu edo aprobetxamenduaren eskubidea iraungitzat jo ahalko du.

35. artikulua. Ordaindu beharreko lur-saria, ustiatuko den iralekuaren azaleraren araberakoa, Aresoko Udalak orain arte ezarritakoa izanen da. Zenbateko hori urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (nekazaritzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

36. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Aresoko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

37. artikulua. Aresoko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hau, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

38. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

39. artikulua. Udalak etxerako epaitzen aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoa urtero finkatu ahalko du aurrekontu arruntean.

40. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie.

41. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 28, 29 eta 30. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

42. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981-3-17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

43. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Aresoko Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea, 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

44. artikulua. 1. Aresoko Udalak indarrik gabe utzi ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean egotea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

45. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Honako egitate hauek arau-hauste administratiboak dira:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea Udalaren adjudikaziorik gabe,

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarretan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

47. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

_g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balio hori ezin bada zehaztu, hirurogeitik (60) mila eta berrehun (1.200) eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L0517310