109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

E S A

Merkataritza ez egonkorraren ordenantza onetsirik

2005eko 59. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 18an, Merkataritza ez egonkorraren ordenantzaren hasierako onespenaren iragarkia, eta jendaurrean egon den epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Horrenbertzez, behin betikoz onetsirik gelditu da Merkataritza ez egonkorraren ordenantza.

Jarraian, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa.

Esan, 2005eko abuztuaren 3an._Alkatea, José Antonio Aquerreta Martínez de Lagos.

MERKATARITZA EZ EGONKORRAREN UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Esako udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea, eta 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren eta 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren babesean onetsi da.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorreko jarduerak dira merkatu tikietako merkataritza jarduerak, aurretik ezarritako lekuetan eta egunetan egiten direnak.

II. KAPITULUA

Merkatu tikietako merkataritza

3. artikulua. Merkatu tikia da salgai eta produktuen salmenta antolatua, bertzeak bertze elikagaiena.

Merkatu tikiak astean behin baizik ez dira eginen, ortzegun goizetan, bi frontoietan.

4. artikulua. Halako produktu baten araudiak haren salmenta debekatzen badu, ez da hura saltzeko baimenik emanen.

Salgaien erakusketa euskarri edo salmahaietan eginen da, lurretik gutienez ere 80 zentimetrora. Fabrikazio edo ekoizpen akats ezkutuak dituzten gaiak saldu nahi izanez gero, akatsaz ohartarazteko txartelak paratu beharko dira bistan, kontsumitzaileek ongi ikusteko maneran. Saltzaileak jatorrizko marka eta salgai jarritakoen jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinekoa eduki beharko du. Salgaiek ez dute inola ere lurra ukituko. Elikagaien saltokiek behar den babesa eduki beharko dute, ingurumeneko eragileei aurre egiteko.

Urdaiazpiko eta hestebeteak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestebeteak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ikutuko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta zenbait produktu ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

III. KAPITULUA

Udalaren baimena

5. artikulua. Merkatu tikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

_Eskabidea egin baino lehen, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan behar den epigrafean inskribaturik egotea.

_Egiaztagiria, Esako zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena.

_Gizarte Segurantzan dagokion araubidean inskribaturik egotea.

_Merkataritzaren xede izanen diren gai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzeko diren bertzelako xedapenek eskatzen dituzten baldintzak beteko dituela ziurtatzea.

_Elikagaiak saltzen dituztenek elikagaiak erabiltzeko agiria izatea, indarra izan beharko duena, edo ondotik emandako xedapenen arabera, haren baliokidea.

_Atzerritarrek egoitza eta lan baimena eduki beharko dute.

_Beharrezko den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira: izen-deiturak, N.A.N., hiria, karrika, helbidea, posta kodea eta telefonoa; saltokiaren luze-zabalak; salgai jarri nahi diren produktuak zer motatakoak diren, zehatz-mehatz adierazita; zein saltokitako titularra den, haietan lan egiten duten pertsonak.

6. artikulua. Aurreko baldintzak betetzen dituzten eskabideek izanen dute aukera merkatu tikian saltzeko baimena erdiesteko. Ordenantza honetan eskatu dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileek 10 eguneko epea izanen dute dokumentazio hori zuzen aurkezteko. Aipatu epea betetzen ez bada edo agiri guztiak aurkezten ez badira, ez dira onartuko udal baimenak erdiesteko eskabideak, eta aurkeztutako dokumentazioa artxibatuko da.

7. artikulua. Baimen guztiek urteroko abenduaren 31n galduko dute indarra eta, beraz, urtero berritu behar dira.

8. artikulua. Merkatari baimenduek dagokien ordenantza fiskalean agertzen den tributu zorra ordaindu beharko dute; Udalak, baimena ematean, fidantza eratzeko eskatzen ahal die, ordenantza hau, uztailaren 3ko 13/1989 Legea eta merkataritza ez egonkorrari aplikatzen ahal zaizkion xedapen guztiak betetzen direla bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

9. artikulua. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, bai berek, bai familiakideek edota, kontratupekoek, hausten badituzte ordenantza honetako xedapenak.

10. artikulua. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:

a) Arau-hauste arinak:

Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen. Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:

_Merkatu tikia hasten den ordu berean saltzen ez hastea.

_Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen karnetik ez izatea

_Saltokietan egoteko baimenik duten pertsonez landa bertze batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.

_Ordenantza honetako osasun eta zerga arloko betebeharrak ez betetzea.

b) Arau-hauste larriak:

_Hutsegite arinetan berrerortzea.

_Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatu baldintzak ez betetzea.

_Udal agintariei edo funtzionarioei edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea eta argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea.

c) Arau-hauste oso larriak:

_Arau hauste larrietan berrerortzea.

_Saltzeko baimenik ez izatea.

_Udal agintariei edo funtzionarioei edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egin, larderiatzea edo mehatxatzea.

11. artikulua. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 150,26 eurotik 601,01 euro bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 601,02 eurotik 3.005,06 euro bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo baliorik gabe utziz.

Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, dekomisatu eginen dira.

12. artikulua. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

13. artikulua. Alkatetzarena da zehapenak ezartzeko ahalmena .

Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

Espedientearen ebazpena idazkaritzaren bidez jakinaraziko zaie interesatuei, hautsitako xedapena, ezarritako isuna eta errekurtsoak zehaztuz.

Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen izapidaketak diraueno.

Iragarkiaren kodea: L0517308