109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CINTRUENIGO

Elkarteak, bestetarako gelak eta horrelatsukoak arautzen dituen ordenantza

Udalak, 2005eko abuztuaren 2an egin osoko bilkura arruntean, ondotik hitzez hitz ematen den erabakia hartu zuen, bertzeak bertze:

Elkarteak, bestetarako gelak eta horrelatsukoak arautzen dituen ordenantza

Udalburuak Barne Araubiderako Batzordearen 2005eko uztailaren 29ko txostena irakurri du; hartan adierazten denez, lau alegazio aurkeztu zaizkio Gelen ordenantzaren hasierako onespenari, bi testuaren alde agertzen dira eta bertze bik aldaketak proposatzen dituzte.

Gaiaz bozketa eginda, Udalbatzak, erregelamenduaren araberako gehiengoa duela, erabaki du:

1. Aipatu aldaketak onestea eta gainerakoak baztertzea.

2. Behin betikoz onestea Elkarteak eta bestetarako gelak arautzen dituen ordenantza.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, ordenantzaren testu osoarekin batean.

Cintruenigon, 2005eko abuztuaren 4an._Alkatea, Faustino León Chivite.

ELKARTEAK, BESTETARAKO GELAK ETA HORRELATSUKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ikuskizun publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen 2/1989 Foru Legea aldatzeko 26/2001 Foru Legetik kanpora gelditu ziren esparru pribatura mugatzen diren josteta jarduerak, edo famili izaerakoak, jendearendako irekita ez daudenak, baita Konstituzioan aitortzen diren eskubide funtsezkoak erabiltzean egiten direnak ere.

Hala ere, josteta edo aisialdi jarduerak egiten diren lokal hauek, behar diren baldintza teknikoak beteko dituzte hirugarrenei trabarik ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez ere.

2. artikulua. Ordenantza honetara bildu diren arauek xedapen hauetan oinarri izanik, haien osagarri eta garapen dira:

_2/89 Foru Legea, 26/2001 Foru Legeak aldatua.

_16/89 Foru Legea, Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzkoa

_37/2003 Legea, Hotsei buruzkoa.

_57/2003 Legea, Udal gobernua modernizatzeko neurriei buruzkoa.

_135/89 Foru Dekretua, asotsak eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoei buruzko.

_32/1990 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzkoa, 304/01 Foru Dekretuak aldatua.

_201 eta 202/2002 Foru Dekretuak, 656/2003 Foru Dekretuak aldatuak.

_15/2004 Foru Dekretua.

3. artikulua. Legeria orokorrak jasotzen ez dituen josteta jardueren gainean administrazio publikoak izan behar duen kontrolaren toki mailako araubidea finkatzea da ordenantza honen xedea. Izan ere, kontrol horrek esku hartze publikoa nahi du, gisa berean babestu behar baitira kontsumitzaileak berak nahiz ukitzen diren hirugarrenak.

Ordenantza honetako arauen xedea da lokal eta instalazioek bete behar dituzten baldintzak aurreikustea eta haien funtzionamendua administrazioaren aldez aurreko baimenarekin baldintzatzea; orobat, Udalak esku hartzeko ahalmenak ezartzea legea betetzen dela segurtatzeko.

4. artikulua. Ordenantza hau titulartasun pribatuko josteta jarduerei aplikatuko zaie, ohikoak nahiz noizbehinkakoak izan. Izen ezberdinetan _elkarte gastronomikoak, bestetarako gelak, gelaxkak, piperoak, etab._gizarteak eskatzen ditu halako jarduerak eta haietan aritzen, josteta edo aisialdi helburuak medio.

II. KAPITULUA

Baimenen araubidea

5. artikulua. Ez da josteta jarduerarako lokalik izanen aldez aurretik irekitzeko behar den udal lizentzia eskuratu gabe.

6. artikulua. Ordenantza honi dagokionez hauek bereizten dira:

a) Ospakizunak etxebizitzetan.

b) Bestetarako lokalak. Beren funtzionamendua data hauetara mugatzen dutenak: uztailaren 1etik irailaren 20ra arte.

c) Gainerakoa. Haien funtzionamenduak, ohikoa nahiz noizbehinkakoa izan, data horietatik harata egiten duenean.

7. artikulua. Funtzionamendu araubidea hau da:

1. Ospakizunak etxebizitzetan: beranduenez 24:00ak arte.

_Gehieneko asots maila, eguneko ordutegian: 35 dB (A) inguruko etxebizitzetan.

_Gehieneko asots maila, gaueko ordutegian: 30 dB(A) inguruko etxebizitzetan.

2. Bestetarako gelak:

a) Eskabidea ireki baino 10 egun lehenago aurkeztua, agiri hauek ekarrita:

_Lokalaren helbidea, peñaren izena eta haien kide guztiena, helbidea, N.A.N. eta telefonoa barne.

_Eskatzaile edo kideetako bat adingabea bada, aita, ama edo ordezkariaren baimena erantsi beharko dute, horren ardura beren gain hartzen duela adieraziz.

_Lokalaren jabearen izena, N.A.N., helbidea eta telefonoa, baita uzteko edo alokatzeko baimena.

_Lokala babesteko suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-polizaren egiaztapena; gutienez ere 300.000 euroko estaldura izan beharko du.

_Zerbitzu hauek direla egiaztatu beharko da:

Argiak

Suteen kontrako babesa: NBE-CPI96 betetzea. Gutienez su-itzalgailu bat, 21A-113B-ko eraginkortasna duena.

Ur korronte zerbitzua eta bainu-gela (konketa eta komunzuloa dituena), 1,5 m²-ko azalera izanen duena 40 m²-tik, bere garaiera osoan alikaturik eta aireztapena izanen duena, bai naturala bai eragina.

Udal honetako zerbitzu teknikoek agertaldia eginen dute lokalean, segurtasun baldintzak, egituraren egonkortasuna eta bizigarritasun baldintzak aztertzeko, neurriak irekitzeko lizentzia baino lehen hartu behar baitira.

b) Bestetarako gelak erabiltzeko muga.

_Ez da koltxoirik, kartoirik edo plastikorik biltzen ahalko, ezta bere ezaugarriak direla-eta suteak eragin edo zabal dezakeen bertzelako materialik ere.

_Debeku da bestetarako gelak eraikin kolektiboetako pisuetan paratzea; beheitietan baizik ez dira baimentzen, eta bat bakarra eraikin bakoitzeko.

_Bestetarako geletan debeku da sukaldeak edo elikagaiak berotzeko bertzelako lanabesak erabiltzea.

_Debeku da altzariak edo edariak eremu publikora ateratzea, baita hura aisialdirako erabiltzea ere.

_Asots maila ez da 35 dB(A) baino gehiago izanen eguneko ordutegian eta 30 db(A) gauekoan, bai eremu publikoan bai inguruko etxebizitzetan.

_Bete beharko da 10/1991 Foru Legea, Adin txikikoei alkoholdun edariak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa.

8. artikulua. Gainerako biltokietarako funtzionamendu araubidea hau da:

Jostera jarduera bat paratu edo zabaltzeko asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoek Udalari eskatu beharko diote behar den jarduera lizentzia.

Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztuko dira jardueraren proiektu teknikoaren hiru ale; delako proiektua tituludun eskudun batek sinatu beharko du eta hura deskribatzeko barnean eramanen duen txostenean hauek zehaztuko dira: jardueraren ezaugarriak, haren eragina osasungarritasunean eta ingurumenean, pertsona eta ondasunen gainean izan dizatekeen arriskuak eta proposatzen diren neurri zuzentzaileak, haien eraginkortasun maila eta segurtasun bermea zehaztuz; espresuki frogatu beharko da arlo bakoitzean indarra duen legeria sektoriala betetzen dela. Behar den dokumentazio grafikoa eta aipatu neurri zuzentzaileen aurrekontua erantsiko da.

9. artikulua. Aitzineko artikuluak aipatzen duen dokumentazioa jasota, alkateak espedientea tramitatuko du; hartan, jarduketa hauek eginen dira:

1. Espedientea udal bulegoetan jendaurrean edukitzea, hamabortz egunean, jarduerak ukituak gertatzen direnek epe horretan bidezko oharrak egin ditzaten.

2. Banan banako jakinarazpena, proposaturiko kokalekuaren mugakide diren finken (etxebizitza, industria, lur-sail eta abarren) jabe eta okupatzaileei zuzendua, bidezko alegazioak egin ditzaten.

3. Udalaren osasun zerbituen edo horien eskuordearen txostena.

4. Udalaren zerbitzu teknikoaren txostena.

Aitzineko atalek aipatzen dituzten ohar, alegazio eta txostenak ikusirik, alkateak komeni dena ebatziko du.

10. artikulua. Irekitzeko lizentzia. Aipatzen ari garen josteta jarduera hasi aitzin, jarduera abiarazteko baimena erdietsi behar da Alkatetzarengandik.

Horretarako, titularrak, eskabidearekin batean, tituludun tekniko eskudun batek sinaturiko ziurtagiria aurkeztu beharko du Herriko Etxean, instalazioa onetsitako proiektuarekin eta neurri zuzentzaile osagarriekin bat heldu dela dioena.

Aurkeztutako ziurtagiri teknikoa ikusirik eta Udalaren zerbitzu teknikoak aldez aurretik txostena eginik, alkateak ebazpena emanen du irekitzeko lizentzia emateaz den bezainbatean.

11. artikulua. Erabiltzeko mugak.

1. Orokorrean debeku da gisa honetako instalazioak etxebizitza kolektiboetan (pisu blokeak) paratzea. Hala ere, beheitian eta sotoan baimentzen ahalko dira, bat eraikin bakoitzeko soil-soilik.

2. Udalak, bere zerbitzu teknikoek edo Udaltzaingoak eskatuta, halako karrika edo alde batzuk "eremu saturatu" deklaratzen ahalko ditu eta orduan gela berriak irekitzea debekatu. Gisa berean, inguruabarrak aldatuz gero, "eremu saturatuen" deklarazioa baliogabetzen ahalko du eta orduan irekitze berriak baimendu.

3. Lokal hauen ordutegia ostatu berezietan aplikatzen dena izanen da.

12. artikulua. Ikuskatzailetza eta funtzionamendu arauak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren jardueren ikuskatzailetza Udalari dagokio.

2. Jarduerak egiaztatzeko eta ikuskatzeko ofizialki izendatzen diren langileek, beren eginkizunetan ari direla, agintzaritzaren agentetzat hartuko dira, legeria penalean xedatutakoari dagokionez, eta ahalmena izanen dute josteta jarduerak egiten diren instalazioetara sartzeko, beren burua identifikatu ondoan, eta aldez aurreko gaztigurik gabe.

3. Josteta jardueren titularrek behar den laguntza eman beharko diete ikuskatzaileei, zernahi azterketa, kontrol, datu bilketa, etab. egin ahal dezaten. Bere eginkizunetan ari den ikuskatzaileak behar den akta eginen du, eta hartan adieraziko egindako agertaldiaren arrazoiak eta haren emaitzak; jardueraren titularrari haren kopia emanen dio.

13. artikulua. Zehapenen araubidea.

32/1990 Foru Dekretuaren 35.etik 56.enera bitarteko artikuluetan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatuari jarraikiz zehatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak.

14. artikulua. Jardueren erabiltzaileak izanen dira egiten diren arau-hausteen erantzuleak; lokalen jabeek subsidiarioki erantzunen dute haiengatik.

15. artikulua. Ordenantza hau baino lehen 32/1990 Foru Dekretuan zehaztutako baldintzak bete gabe emandako lizentziek sei hilabeteko epea izanen dute jarduera ordenantza honetara egokitzeko; iraungiko da, hala ez bada.

Lokal bat baino gehiago irekirik duten eraikinetan jabeak erabakiko du zein geldituko den, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Jabe ezberdinena baldin bada, antzinatasun gehien duena baimenduko da.

Salbuespenez eta aitzinetik justifikaturiko kasuetan baizik ez da bat baino gehiago baimentzen ahalko, betiere beheitietan edo sotoetan, eta ordenantza honek indarra hartu baino lehen direnetan baizik ez.

Horretarako, gela hauek ondoko baldintzak bete beharko dituzte :

_Irekirik eta gelatako erabilirik lehenagotik gutienez ere bi urtez egon izana.

_Denbora tarte horretan, auzoei traba egiteagatik Udalean kexarik ez salaketarik jaso ez izana.

_Udaltzaingoa baimendu beharreko gelan kargu hartzera edo sonometria probak egitera agertu ez izana.

_Ukitutako higiezineko etxebizitzetako auzo, jabe edo errentari gehienen onarpena izatea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza hau tramitatu bitartean eskatzen diren jarduera lizentziak 32/1990 Foru Dekretuan agintzen duenari lotu beharko zaizkio.

Iragarkiaren kodea: L0517241