109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AÑORBE

Merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantza

Añorbeko Udalak, 2005eko martxoaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin bat, espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez (2005eko 58. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, maiatzaren 16koan, bai eta Udalaren iragarki oholean ere), eta ez da epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Horrenbestez, 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin bat, ordenantza behin betikoz onetsi da. Hona hemen testu osoa:

ORDENANTZA FISKALA, MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Añorbeko udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzea da ordenantza honen xedea, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako Toki Entitateei erregelamenduak egiteko ematen dizkien ahalmen zehatzak garatuz.

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, muntadura desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan egiten dutena, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean, eta ordenantza honetan ezarri baldintzei jarraikiz.

3. artikulua. Zenbait produktu ezin izanen dira saldu, beraiei dagokien araudiak hala debekatzen duenean.

Halaber, debekaturik dago honako hauek saltzea: haragia, hegaztiak eta ehizaki freskoa, hotzetan nahiz izozturik, zezina, arrautzak, arraina eta itsaski freskoak, hotzetan nahiz izozturik; esne ziurtatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastelak eta opilak, beteak zein apainduak; elikadura pasta freskoak, beteak eta erdikontserbak; eta haien ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasun arriskua duten beste produktuak.

Dena den, baimena eman ahalko da aurreko lerroaldean aipatu produktuak saltzeko, baldin eta osasun agintari eskudunen ustez behar diren instalazioak badaude garraiatu eta hotzik edukitzeko.

Urdaiazpiko eta hestebeteak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ikutuko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala betetako osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.

Ikuskatzailetza zerbitzuek ibilgailuari edo eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak salgai jartzea debekatuko dute edota, bertzenaz, dekomisatuko osoki identifikatzea zaila izan edo narriadurarik erakusten dutenak.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta zenbait produktu ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.

4. artikulua. Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

a) Alta hartua izatea jarduera ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean, dagozkien epigrafeetan.

b) Dagokien ogasun publikoarekiko zerga betebeharrak beterik izatea.

c) Alta hartua izatea Gizarte Segurantzako behar den araubidean eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.

d) Toki entitatearen baimena izatea, salmenta tokian ikusteko maneran agerian egonen dena.

e) Osasungintzako arau teknikoek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.

f) Atzerritarrek, lanean bere gain aritzeko eta hemen bizitzeko baimenak izatea, indarra duen araudiari jarraikiz.

g) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salmentako produktuen akatsak edo haien etorki ezkutua.

h) Saltzaileak jatorrizko marka eta salgai jarritakoen jatorria egiaztatzen dituen dokumentazio behar adinekoa eduki beharko du.

i) Elikagaiak salduz gero, janari erabiltzaileen karneta izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek luzatua.

j) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta, hirugarrenek har ditzaketen kalteak estaliko dituena.

5. artikulua. Tasak ordainarazteko Añorbeko Tributuen Ordenantza Orokorrean ezarritakoari jarraituko zaio.

Baimena eskuratu aitzin, tasa udal diruzaintzan ordaindu beharko da.

II. TITULUA

Merkatu txikiak

I. KAPITULUA

Jardueran aritzeko baldintzak

6. artikulua. Merkatu txikiko salmenta astelehenero eginen da.

7. artikulua. 9:00etatik 14:00etara izanen da salmentako ordutegia.

8. artikulua. Foruen Plazan jarriko da merkatu txikia. Udalak merkatu txikiaren kokapena alda dezake, hirigintza, osasun, edo beste arlo bateko arrazoietan oinarrituz.

9. artikulua. Udalaren osoko bilkurak ahalmena izanen du aurreko bost artikuluetako baldintza guztiak aldatzeko, hala egitea komeni dela juzgatzen duenean.

Udalak, aldaketa behin betikoa denean, ordenantzak aldatzeko prozedura erabili beharko du.

II. KAPITULUA

Banan banako baimenak, merkatu txikiko salmentarako

10. artikulua. Alkatearena da banakako baimenak emateko eskumena, herriko merkatu txikian salmenta lanetan jardun ahal izateko.

11. artikulua. Banan banako baimenak norberarenak eta eskualdaezinak dira, eta urtebeteko indarraldia dute.

Baimenean adieraziko da nor den titularra, indarraldia, saltokiaren neurriak, baldintzak nahiz kokalekua eta salmentarako baimena duten produktuak.

Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera hartuko dute soilik.

Kamioi-dendei nahiz saltokiei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera bederatzi (9) metrokoa izanen da.

Ordenantza honen 3. artikuluko 2. lerroaldean aipatzen diren produktu debekatuetarik baten bat saltzeko baimena eskatuz gero, organo eskudunek begiratu eginen dute eskatzaileak betetzen ote dituen garraio eta hozkailuen instalazioetan produktuak behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioetan gordetzeko neurriak. Osasungintzako agintarien ustez froga horiek egiteko behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merkatariek.

12. artikulua. Urtero 15 egun balioduneko epea irekiko da merkatari interesatuek merkatu txikiko salmentarako banan banako baimenak eska ditzaten.

Halaber, edozein unetan eskatu ahalko da baimena, esleituriko baimenen kopurua baimendu daitezkeen saltokien kopurua baino txikiagoa izanez gero.

13. artikulua. 1. Eskatzaileek dokumentazio hau erantsiko diote eskabideari:

a) N.A.N.aren fotokopia.

b) Udalaren ziurtagiria, eskatzaileak jarduera ekonomikoen zergan edo lizentzia fiskalean, behar diren epigrafeetan alta hartua duela eta zerga betebeharrak beterik dituela frogatzen duena.

c) Gizarte Segurantzan dagokion araubidean inskribaturik egotea.

d) Atzerritarra baldin bada, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimenaren fotokopia.

e) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan.

2. Merkatariek merkatu txikian zein produktu saltzeko baimena eskatzen duten adierazi beharko dute eskabidean.

3. Helbidea udalerri honetan izanez gero, merkatariak horrela adieraziko du eskabidean.

14. artikulua. Helbidea udalerrian duten merkatariek lehentasuna izanen dute merkatu txikian saltokiak jartzeko baimenak lortzeko.

Gainerako postuak zozketa bidez banatuko dira.

Eskaera kopurua saltokiena baino handiagoa bada, Udala behartua egonen da, edozein arrazoi dela eta, libre gelditutako saltokiekin zozketa egitera esleipenik lortu ez duten eskatzaileen artean.

III. KAPITULUA

Baimena eskuratzen duten merkatarien betebeharrak

15. artikulua. Banan banako baimenen titularrak, 4. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, behartuta daude ondokoak ere betetzera:

a) Salgai dauden produktuak, gutxienez ere, lurretik laurogei zentimetrotara paratzea, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute.

b) Normalean, esleituriko saltokian egotea. Merkatu txikira 6 egunez, edo 3 egun segidan, agertzen ez denari, alkateak lizentzia kentzen ahalko dio.

c) Salmenta orduetan saltokian egotea.

d) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.

e) Esleituriko postua txukun izatea, eta saltzeko orduak bukatutakoan garbitzea.

f) Saltzeko orduak amaiturik, bildukiak eta erabili eta botatzeko ontziak (plastikozko poltsak, pertxak, zapata-kaxak, etab.) horretarako paraturiko zaborrontzietan sartu behar dira.

g) Ezin da etengabeko asotsik sortu bezeroen arreta eskuratzeko, ez merkatuan, ezta herriko gainerako kaleetan ere.

III. TITULUA

Noizbehinkako salerosketa feria eta jaietan

16. artikulua. Udalaren osoko bilkuraren eskumena da salmentari baimena ematea herriko feria eta jaietan. Udalak garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, merkatariek non-noiz saldu, zenbat postutan gehienez eta horiek zer baldintzak beteko dituzten erabakiko du.

17. artikulua. Herriko jai eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber, debekaturik dago 3. artikuluan aipatutako produktuak saltzea, baina saltzaileak haietarako baimena eska dezake berariaz.

18. artikulua. Baimen eskabideak Udaletxean aurkeztuko dira, Udalak berak ezarriko duen epearen barnean. Eskatzaileek 15. artikuluan adieraziriko agiriak beharko dituzte ekarri.

Baimenek, feriak edo jaiak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko.

IV. TITULUA

Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan

19. artikulua. Alkateak emanen du baimena denda-ibilgailuan merkataritzan aritzeko, merkatariak 15. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztuz eskaera egin ondoren.

Saltzen dituen produktuak 3. artikuluan aipatutakoetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei instalazio egokiak dituela frogatu beharko die haiek garraiatu eta hotzik edukitzeko.

Baimenak salmenta orduak eta ibilgailua non kokatuko den zehaztuko ditu.

20. artikulua. Denda-ibilgailuko merkatariek uneoro bete beharko dituzte 4. artikuluan ezarritako baldintzak.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

21. artikulua. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Alkatearen baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea.

b) 13/1989 Foru Legeko aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen beste bi kategorietakoak izan ezik.

22. artikulua. Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

b) Merkataritzaren xede diren produktuen gaineko araudiak eskatzen dituen baldintzak ez betetzea.

c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

23. artikulua. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.

b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.

c) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei beren eginkizunak betetzen ari direnean buru eman, larderiatzea edo mehatxatzea.

24. artikulua. Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 90,15 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste larriak 90,16 eurotik 150,25 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

Arau-hauste oso larriak 150,26 eurotik 300,51 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo baliorik gabe utziz.

Aurreneurri gisa, merkataritza gaiak saltokitik jasotzen ahalko dira, egindako jarraipena eta gero merkatuan saltzeko galdatzen diren gutxieneko baldintzak ez dituztela betetzen uste denean; salgaiak dekomisatu eginen dira, agintari eskudunaren aburuz osasunarendako arriskurik sortzen badute, edo merkatariak produktu hori saltzeko baimenik ez badu.

25. artikulua. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

E R A N S K I N A

Tarifak

Urteko tarifa: 150 euro.

Sei hilabeteko tarifa: 90 euro.

Hiru hilabeteko tarifa: 50 euro.

Eguneko tarifa: 10 euro.

Merkatariek ez dute tarifarik ordaindu beharko baldin eta Udal Erregistroan, Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, alta hartua badute.

Añorben, 2005eko uztailaren 22an._Alkatea, José Manuel Urricelqui Lafuente.

Iragarkiaren kodea: L0517197