109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1524/2005 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, ondoko instalazioak egiteko administrazio baimena eman eta proiektu hauen onura publikoa onartzen duena: "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarraren bariantea eta haren eranskina Ribaforadako udal mugapean (Nafarroa)".

2005eko apirilaren 20an, Gerardo Arraiza Rodríguez jaunak, Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, eskatu zuen aipatu proiektuko instalazioak Ribaforadako mugapean egiteko administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Proiektua Julián Diez Gómez Bide ingeniariak erredaktatu du eta 2005eko apirilaren 8an ikus-onetsia (129156 zenbakia) eman dio Elkargo profesionalak. 2005eko uztailaren 11n eranskin bat aurkeztu zen, teknikari berak egina eta Elkargo profesionalak 2005eko uztailaren 5ean ikus-onetsia (129872 zenbakia).

Eskatzailea, Gas Navarra, S.A., administrazio baimenaren titularra da Nafarroako zenbait udalerritan, Ribaforada barne, etxe, denda eta industriarako gas naturala garraiatu, banatu eta haren hornidura egiteko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat. Lege horrek indarrik gabe utzi du Nafarroako Gobernuko Industria zuzendari nagusiak, ekainaren 17ko 577/1997 Ebazpenaren bidez, eman zuen administrazio kontzesioa.

Ribaforadako planaren AH-17 unitatean familia bakarreko 80 etxebizitza eraiki behar dira eta APA moduko gas naturalaren kanalizazioaren bi tarte ukitzen dituenez, beharrezkoa da adarrak aldatzea.

Proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Proiektuaren barientea Fustiñana-Cabanillasera doan adarretik abiatuko da, egungo gas-hodiaren V-8 erpinetik, San Fermin karrikaren luzapenean, eta V-12 erpinean bukatuko da, Antso VII.a Azkarraren zeharkarrikan, Ribaforadako udal mugapean.

Saihets-adarraren bi muturrak eta DN 6"-ko hodia lotzeko, bi karga-hartune paratuko zaizkio DN 6" hodiari. Horretarako, hartune bakoitzak DN 6"-ko wy-tee bat izanen du, 6"-ko indargarri biribil osoarekin, eta handik aterako da saihets-adar berria (6"-ko DN); bertako hodia zerbitzurik gabe geldituko da. Horretarako, gasari hodiko bidea itxiko zaio bi aldeetan, hodiak butxatzeko 3"-ko tresnen eta purgatzeko 2"-ko tresnen bidez. Horri esker gasa aireratuko da eta hodia kargarik gabe geldituko da.

Aldatzeko adarra 196 m.l. luze da (6"-ko DN).

Proiektuaren eranskinaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Eranskinaren bariantea Ribaforadara doan adarretik abiatuko da V-16.0 eta V-16.1 erpinen arteko puntu batetik, San Fermin karrikaren luzapenean, eta V-16.3 eta V-16.4 erpinen arteko puntu batean bukatuko da, Antso VII.a Azkarraren karrikaren hondarrean, Ribaforadako udal mugapean.

Saihets-adarraren bi muturrak eta DN 4"-ko hodia lotzeko, bi karga-hartune paratuko zaizkio DN 4" hodiari. Horretarako, hartune bakoitzak DN 6"-ko wy-tee bat izanen du eta handik aterako da saihets-adar berria (4"-ko DN); bertako hodia zerbitzurik gabe geldituko da. Horretarako, gasari hodiko bidea itxiko zaio bi aldeetan, hodiak butxatzeko 2"-ko tresnen eta purgatzeko 2"-ko tresnen bidez. Horri esker gasa aireratuko da eta hodia kargarik gabe geldituko da.

Aldatzeko adarra 109 m.l. luze da (4"-ko DN).

Adarrak altzairuzko hodiak izanen dira (API 5L gr. B), kanpotik polietileno estrusionatuz estalia eta zinta plastikoekin hotzean egindako estaldura osagarrietan, pieza berezietan, eta obrako soldaduren estaldura, bai eta harkaitzen kontrako babesa ere beharrezkoa den eremuetan, eta babes katodikoa saihets-adarraren lotura mekanikoaren bidez, abiapuntuko sareak duen babes sistemaz baliatuta.

Diseinu-presioa 16 bar-ekoa da eta diseinu-tenperatura 15ºC. Barianteko adarrek, euren diseinua dela medio, oraingo kanalizazioen emaria bera izanen dute.

Aurrekontua berrehun eta hogeita hiru mila seiehun eta hamar euro eta hamahiru zentimokoa da (223.610,13 euro).

Industria Segurtasuneko Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean paratu baitu, 2005eko maiatzaren 18ko Diario de Navarran, 2005eko maiatzaren 18ko Diario de Noticiasen, 2005eko 78. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 1ekoan, eta Ribaforadako Udaletxeko iragarki oholean argitaratuz; arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu enpresa titularrak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak apirilaren 21ean eman zuen 42/2005 Foru Aginduak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko zuzendari nagusien eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen aldi baterako ordezkoak izendatzen ditu, eta organoaren titularra kanpoan dagoenez gero,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, ondorengo instalazioen proiektuak gauzatzeko: "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarraren saihets-adarra, V-8 eta V-12 erpinen artean, eta haren eranskina, Ribaforadako udal mugapean"

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 4.472,20 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Nafarroako Gobernuko Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratzen ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien sare eta hartuneei buruz Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendu hura).

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Laugarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuko 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Bosgarrena._Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Seigarrena._Industria Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia-eskatzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Baimentzen diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden legezko xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Navarra, S.A.k ondorengo instalazioak eraikitzeko aurkeztu dituen proiektu hauek onestea: "Ribaforada-Fustiñana-Cabanillas adarraren saihets-adarra, V-8 eta V-12 erpinen artean, eta haren eranskina, Ribaforadako udal mugapean", eta gauzatzeko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta hiru hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraziko zaie, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 3an._Industri Segurtasunerako Zerbitzuko zuzendaria, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren ordezko, José Antonio Ayesa Usabiaga.

Iragarkiaren kodea: F0517370