109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

660/2005 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetako ikasle atzerritarrei gaztelania irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua 2005-2006 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak ematen dituena.

Hezkuntza kontseilariak, irailaren 16an emandako 253/2004 Foru Aginduaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko ikasle atzerritarren eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleen hezkuntzarako arauak eman zituen.

Foru agindu horren 2.3.1 atalean aditzera ematen da Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetako ikasle atzerritarrei gaztelania irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programa programa berariazkoa dela, helburuak hauek dituena: gaztelaniaren ikasketa intentsiboa eta bertako kulturaren berri ematea eta, ondorioz, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eskolaturik dauden ikasle atzerritarrak integratzea, hezkuntzaren eta gizartearen ikuspuntutik. Foru agindu horretan, gainera, programari atxikitzeko irizpideak garatzen dira. Horretaz gainera, gelako ikasle ratioa eta irakasleen ezaugarriak finkatzen dira.

Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetako ikasle atzerritarrei gaztelania irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua 2005-2006 ikasturterako arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Gure Foru Komunitatean kultura desberdinak biltzen dira gaur egun, eta horren ondorioz neurri zehatzak hartzeko gogoeta prozesu bat sortu da. Hezkuntza sistema eta hura osatzen duten eragile eta erakundeak ohartu egin dira aldaketa batzuk sartu beharra dagoela eskoletan kultura bizi eta transmititzeko moduari dagokionez. Zehatzago esateko, ikasle atzerritarrak egoteak hezkuntza sistemaren erantzun egoki bat eskatzen du, besteak beste.

Ikasle batzuek harrera-herriko hizkuntza ez jakiteak ekartzen dituen zailtasunak arintzeko beharrezkoa da hizkuntza ikasteko eta curriculumeko hizkuntzara ohitzeko neurriak hartzea.

Premia hori hezkuntza etapa guztietan badago ere, Bigarren Hezkuntzan argiago agertzen da. Gaztelaniaz ez jakiteak, curriculumean atzeraturik egoteak eta eskolan nahiz gizartean integratzeko zailtasunak izateak biziki eragozten diete ikasle atzerritar batzuei etapa horretan sartu eta ikastea; bestalde, institutu eta ikastetxeek premia horiei aurre egiteko laguntza eskatzen dute.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetako ikasle atzerritarrei gaztelania irakasteko Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren antolaketa eta funtzionamendua 2005-2006 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onestea. Jarraibideok 1., 2. eta 3. eranskinetan ageri dira.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalera eta ikastetxe publiko eta itundu interesatuetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2005eko uztailaren 5ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

1. ERANSKINA

1._Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren helburua.

Programa honek gaztelaniaren ikasketa intentsiboa du helburua, eta horrekin batera bertako kulturaren berri ematea eta, ondorioz, ikasleak integratzea, hezkuntzaren eta gizartearen ikuspuntutik.

2._Programa honetaz balia daitezkeen ikasleak.

Gaztelaniaz jakin gabe Nafarroako hezkuntza sisteman, Bigarren Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, lehen aldiz sartzen diren ikasle atzerritarrentzat sortu da programa.

Programa garatzen duen ikastetxean bertako ikasleak eta herri edo eskualde horretako ikastetxeetan egonik premia hori duten ikasleak hartuko dira.

3._Ikasleak atxikitzeko irizpideak.

Gaztelaniaz ez dakien ikasle bat Bigarren Hezkuntzako institutu edo ikastetxe batean matrikulatzen denean, zuzendaritza taldeak, Aniztasunari Arreta Emateko Planean ezarritako irizpideen arabera hasierako ebaluazioa egin ondoren, ikaslea programan, herri edo eskualde horretan, sartzeko eskabidea eginen du.

Espainiako hezkuntza sisteman aurreko ikasturtean sartu baziren ere, gaztelaniaren erabilera funtzionala lortu ez duten ikasleak ere, horregatik curriculuma eskuratzeko zailtasun handiak dituztenak (gaztelaniaren ulermena eta mintzamena), programan sartzen ahalko dira.

4._Jarraitu beharreko prozedura.

Ikaslea eskolatua dagoen institutuko edo ikastetxeko zuzendariak, hasierako ebaluazioa egin ondoren, programan sartzeko eskabidea aurkeztuko du Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuan, idatziz, 3. eranskinean ageri den protokolo-orriaren bitartez.

Eskabidea aztertu eta Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalari kontsulta egin ondoren, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko ikuskatzaileak ikaslea programan onartzeko erabakia jakinaraziko dio Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalari, idatziz, eta hortik institutuko edo ikastetxeko zuzendariari igorriko zaio, horrek familiari erabakiaren berri eman diezaion. Programa garatzen duen institutu edo ikastetxeko zuzendariari ere dagokion informazioa igorriko zaio.

Gelako jarduera hasitakoan, ikaslea hartu duen ikastetxeko Hizkuntzan Murgiltzeko Programan sartzen den ikasleak, gelako irakasleen eta ikastetxeko orientatzailearen iritziz, gaztelaniaz behar adina baldin badaki lehenbiziko lauhilekoaren ebaluazioaren aurretik bere ohiko taldera itzultzeko, orduan, salbuespenez, ikaslea matrikulaturik dagoen ikastetxera itzul dadila erabaki liteke, betiere ikastetxeko Orientazio Departamentuari jakinarazi eta gero.

5._Ikaslearen egonaldia programan.

Irizpide orokor gisa, ikasleak lau hilabetez egonen dira hizkuntzan murgiltzeko gelan, programa horretan ikasturteak dituen lauhilekoetatik edozein delarik ere.

Denbora hori bukaturik, gaztelaniaren erabilera funtzionalean lortu duen gaitasuna ebaluatu ondoren, gela dagoen institutu edo ikastetxeko Orientazio Departamentuak eta hizkuntzan murgiltzeko programako irakasleek batera egindako txostenaren arabera, beharrezkotzat jotzen baldin bada ikasleak programan jarraitzea, epe hori luzatzea proposatuko zaio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, Kultura-Aniztasunaren Atalari kontsulta egin eta gero, denbora hori luzatzeko baimena emanen du, betiere ikaslearen beharren arabera. Kultura-Aniztasunaren Ataleko buruak erabaki horren berri emanen die programa jarrita dagoen institutu edo ikastetxeari eta ikaslea inskribatua dagoen bigarren hezkuntzako institutu edo ikastetxeari.

6._Ikasle ratioa.

Aldi berean 12 bat ikasle hartuko dira. Hezkuntza sisteman ikasturtearen une desberdinetan sartzen diren pertsona horien ezaugarri pertsonal, familiar, sozial eta kulturalak direla eta, beharrezkoa da ikasle bakoitzari banakako arreta egitea.

Ikastetxe batean ematen ari den programan ikaslerik ez badago denbora tarte batean, programako irakasleak Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalaren esanetara geldituko dira.

7._Ordu banaketa.

Programa honetan gaztelaniaz ez dakiten ikasle atzerritarrak sartuko dira, astean hiru egunez, bi egunetik behin, eta 18 orduz astean (egunean sei ordu: esparru sozio-linguistikoko hiru eta esparru zientifiko-matematikoko beste hiru), lau hilabetez. Aurretik, ikasle horiek dagokien Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean eskolatuta beharko dute egon; bertara joanen dira asteko beste bi egunetan, eta hara itzuliko dira programako denbora bukatutakoan.

Asteko beste bi egunetan hizkuntzan murgiltzeko denboraldi hau bukatuta bere taldea eta maila izanen den horretan eginen ditu bigarren hezkuntzako curriculumaren irakasgaiak.

Antolamendu horretan aldaketaren bat egin nahi bada, institutu edo ikastetxeko ikuskatzailearen aldeko iritzia beharko da, eta institutu edo ikastetxeek Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalari eman beharko diote haren berri.

Hizkuntzan Murgiltzeko Programa ematen duten irakasleek, esparru soziolinguistikokoek alegia, beren 9 eskola-orduetatik bat erabiliko dute Hizkuntzan Murgiltzeko Programa dela-eta ikasleekin tutoretza lana egiteko.

Hizkuntzan Murgiltzeko Programa ematen duten irakasleek, beren ordutegi pertsonalen barrenean eta ikastetxean egon beharreko ordu osagarrien artean, bi orduz gutxienez batera egon beharko dutekoordinazio eta prestaketa lanak egiteko. Gainera, Hezkuntza Departamentuak asteazkenetako arratsalderen batean talde-laneko bileretarako deia eginen die programan parte hartzen duten irakasle guztiei, irakasleen arteko koordinazioa hobetzeko.

8._Programaren eta ikaslearen erreferentziako institutu edo ikastetxearen arteko koordinazio lana.

Beharrezkoa da hizkuntzan murgiltzeko programa hauetaz arduratzen diren irakasleen eta ikaslea matrikulaturik dagoen institutu edo ikastetxeko irakasleen artean koordinazio estua izatea, gaztelania ikasteari, curriculumean sartzeari eta gizartean eta eskolan integratzeari, tutoretzari eta segimenduaren eta asistentzia kontrolari buruzko esku-hartzeak bateratu ahal izateko.

Hizkuntzan Murgiltzeko Gelako irakasleen eta ikasleen tutoreen arteko komunikazioa eta lankidetza pedagogikoa bi institutu edo ikastetxeetako Orientazio Departamentuek koordinatu behar dituzte.

Ikasleak Hizkuntzan Murgiltzeko programara agertzen diren ala ez gelaren ardura duten irakasleek kontrolatuko dute. Ikasleen institutu edo ikastetxean dagoen araudiari jarraituz jokatuko dute asistentziari dagokionez. Iruñeko eta Tuterako gelen kasuan, gertatzen diren gorabeherak eta asistentziaren kontrola institutu edo ikastetxeetako ikasketaburuek koordinatuko dituzte.

Beharrezkoa den guztietan edo ikasleen gurasoek edo tutore legalek eskatuta, programako irakasleek bileretara deituko die ikaskuntzaren prozesuaren berri emateko eta ikasleen integrazio soziala errazten duten ekintzak koordinatzeko. Komenigarria da gutxienez bi bilera egitea, bata lehenbiziko lauhilekoaren hasieran eta beste bat bukaeran.

9._Irakasleen ezaugarriak eta programari atxikitzeko irizpideak.

Programa horiek dituzten institutu edo ikastetxeetan lehendik dauden baliabideak kontuan harturik, hona hemen irakasle horien ezaugarriak, lehentasun hurrenkeran azalduta:

a) Aniztasunaz arduratzeko programetan (CEU, Curriculum aniztasuna edo Ziklo Egokitua) aritzen ez diren esparruko irakasleak dituzten ikastetxe publikoetan, irakasle horiek Hizkuntzan Murgiltzeko Programez arduratuko dira.

b) Hizkuntzan Murgiltzeko Programarako baliabide hori eskura ez duten ikastetxeetan, ondoko departamentu didaktiko hauetako irakasle batek hartuko du haren ardura, astean 9 orduz: Hizkuntza, Geografia eta Historia, Latina, Grekoa, Filosofia edo Hizkuntzak. Eta beste 9 orduz ondoko departamentuetako batek: Matematika, Natur Zientziak, Fisika eta Kimika edo Teknologia. Ikastetxeko zuzendariak orduak esleituko ditu, hemen ezarritako hurrenkerari jarraikiz.

Hala behar izanez gero, Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalak laguntza emanen die irakasle horiei, baita gaztelania ikasle atzerritarrentzako bigarren hizkuntza gisa irakasteko 2005-2006 ikasturterako aurreikusi den prestakuntza egokia ere, hala nola kultura arteko hezkuntzari eta irakurmena eta idazmena lantzeko estrategia nagusiei buruzkoa. Behar duten material pedagogikoa ere emanen zaie.

10._Irakasleen eginkizunak.

Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxeetan Hizkuntzan Murgiltzeko Programa ematen duten irakasleek ondoko eginkizun hauek izanen dituzte:

_Gaztelania bigarren hizkuntza gisa irakastea, komunikazioaren eta curriculumaren ikuspegian oinarriturik.

_Curriculumean atzerapenak dituzten ikasle atzerritarrentzako arlo instrumentaletako curriculum edukiak garatzea (Hizkuntza eta Matematika).

_Ikaslea matrikulatua dagoen bigarren hezkuntzako institutu edo ikastetxearekin koordinatzea Hizkuntzan Murgiltzeko Programan sartutako ikasle bakoitzaren ikasi eta irakasteko prozesua, ondoko helburuei begira:

_Informazioa trukatzea, bai hasieran bai prozesuan zehar.

_Garatu beharreko programa koordinatzea.

_Bi hiletik behin, gaztelania ikasteko prozesua, harrera-herriko kulturaren ezagupenak eta, beharrezkoa balitz, oinarrizko curriculum atzerapenak ezabatzeko prozesua ebaluatu eta familiari horien berri ematea.

_Ikastetxean ekimenak bultzatu eta burutzea irakasle, ikasle eta familien artean, kultura arteko elkarbizitza eta hezkuntza komunitate osoaren elkar-ezagutzeko heziketa sustatzeko.

_Ikasleen integrazioa sustatzea, hala eskola barrenean nola kanpoan. Horretarako, jarduerak antolatzen dituzten beste entitate batzuekin batera lan eginen da eta ikaslearen nahiz familiaren parte-hartzea bultzatuko.

11._Gelako programazioa.

Hizkuntzan Murgiltzeko Programan dauden irakasleek gelako programazioa prestatuko dute honakoak aztertuta eta abiapuntutzat hartuta: ikasleen hizkuntz gaitasunaren maila, Europako Esparru Komunean ezarritako erreferentzia mailak eta aurrez ikusitako curriculum arloak, bai ezagutza arloei dagokienez, bai egokitzapen sozio-edukatiborako arloei dagokienez, 2. eranskinean deskribatzen den bezala.

Programazio hau, institutu edo ikastetxeko ikasketaburuak edukitzeaz gainera, Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalera bidali beharko da 2005eko azaroaren 1a baino lehenago.

12._Hizkuntzan Murgiltzeko Programan ikasleek lortutako hizkuntz gaitasunaren ebaluazio prozesua.

Hizkuntzan Murgiltzeko Programako ikasle batek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bere erreferentziako talde edo mailan sartzeko, ebaluazioa gainditu behar du Europako Esparru Komunean (2. eranskina) aurreikusitako A2 Erreferentzia Mailan aipatutako deskribatzaileei dagokienez, betiere Bigarren Hezkuntzako curriculumaren beharrak eta ikasleen adina kontuan hartuta.

Lehenbiziko lauhilekoaren ebaluazioari buruzko txostenak Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidali behar dira 2006ko otsailaren 15a baino lehenago. Data hori hartzen da Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren bigarren lauhilekoaren hasieratzat.

Bigarren lauhilekoa bukaturik, ikasleen ebaluazioa eginen da, lehenbiziko lauhilekoa ebaluatzeko ezarritako irizpide berei jarraikiz.

13._Ebaluazio prozesua erreferentziako ikastetxean matrikulaturik dagoen kurtsoan.

Hizkuntzan Murgiltzeko Programa eta Bigarren Hezkuntzako erreferentziako kurtsoa batera egiteko, programan modu malguan egon ahal izateko eta orduen banaketa egiteko, bi ebaluazio-esparru behar dira: Hizkuntzan Mugiltzeko gelakoa eta erreferentziako gela edo kurtsokoa.

Bi programa eta bi ebaluazio-esparru bateratu behar direnez, ikasleak ohiko hezkuntza sisteman integratzen laguntzeko moduan koordinatu eta definitu behar dira, kultura-aniztasunari arreta emateko eta curriculuma egokitzeko.

Horretarako, orientabide hauek hartuko dira kontuan:

Lehenbiziko ebaluazioa: ikaslea eskolatu duen institutu edo ikastetxeko irakasle-taldeak irakasgai bakoitzaren mailaren ebaluazioa eginen du, arlo horietan curriculumaren egokitzapenik egiteko aukerarik ba ote dagoen jakiteko.

Bigarren ebaluazioa: ikasleak, erreferentziako ikastetxera erabat itzulita edo hizkuntzan murgiltzeko gelan geldituta, bigarren ebaluazioa eginen du, betiere irakasgai bakoitzerako ezarri diren egokitzapenak kontuan hartuta.

Bigarren ebaluazioa bukaturik, irakasleen taldeak ebaluazio horretan curriculumari egindako egokitzapena aztertuko du, eta, beharrezkoa balitz, eguneratu eginen du, 3. ebaluazioa ikasleen ezagupenei ahalik hobekien doitutako mailarekin egin dadin.

Hirugarren ebaluazioa: curriculumean irakasgai bakoitzerako ezarritako egokitzapenak kontuan hartuta eginen dute ikasleek hirugarren ebaluazioa.

Ebaluazio eta kalifikazio prozesua: Hizkuntzan Murgiltzeko Programa egiten duten ikasleak, programa gaindituta eta berriz ere beren erreferentziako ikastetxera itzulita, 350/2004 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera ebaluatuko dira (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioari buruzko foru agindua).

Nolanahi ere, ikasleak ohiko taldera erabat sartu baino lehenago, Hizkuntzan Murgiltzeko Programaren orduen banaketa dela-eta ikasleek egin ezin izan dituzten irakasgaiak GG letrekin kalifikatuko dira (gainditu gabea).

14._Programak ezartzeko herriak eta ikastetxeak aukeratzeko irizpideak.

Hizkuntzan Murgiltzeko Gelak, kultura-aniztasunari arreta emateko programaren barrenean, Hezkuntza Departamentuak erabakitzen duen Bigarren Hezkuntzako institutu edo ikastetxeetan egonen dira, honako irizpide hauei jarraikiz:

_Biztanle kopuru handiagoa duten eta, beraz, Bigarren Hezkuntzan ikasle atzerritarren kopuru handiagoa duten herriak.

_Herri baten barruan, eremu egokia izanik, Bigarren Hezkuntzako gainerako ikastetxeentzat irispide erraza duen institutu edo ikastetxea.

_Programa hauek ezarri aurretik ere antzeko neurriak abian zituen institutu edo ikastetxea.

Hezkuntza Departamentuak Programa hauek institutu edo ikastetxe, herri edo eskualde jakin batean jarraitzea edo beste batera eramatea erabakitzen ahalko du, ikasle etorkinek ikasturte bakoitzean dituzten premiak aztertu eta gero.

15._Programa hauek 2005/2006 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ezartzeko proposamena.

Hizkuntzan murgiltzeko programak ezarriko diren institutu edo ikastetxeen zerrenda, eta herri edo eskualdeko gainerako ikastetxeen atxikipena.

.Iruñerria:

Institutu publikoak:

_Navarro Villoslada BHI. Atxikita dauden BHI/DBHIak: "Barañaingo BHI", "Basoko BHI", "Julio Caro Baroja-La Granja BHI", "Zizurko BHI".

_Plaza de la Cruz BHI. Atxikita dauden BHI/DBHIak: "Mendialdea DBHI" (Berriozar), "Padre Moret BHI" (Iruña), "Ibaialde BHI" (Burlata) eta "Elortzibar DBHI" (Noain).

.Ikastetxe itunduak:

_"Hijas de Jesús" (Iruña).

_"Salestarrak" (Iruña).

Ikastetxe itunduetako ikasleak programa eta ikastetxeei atxikitzeko ondoko irizpide hauei jarraikiko zaie:

_Ikaslearen familiaren bizilekua hurbil egotea eta bi ikastetxeetan ikasle kopurua antzekoa izatea.

.Nafarroako gainerako herrietan, ondoko BHIetan:

_Tutera: "Benjamín de Tudela". (Ikastetxe atxikiak: "Valle del Ebro" BHI).

_Tafalla: "Sancho III el Mayor"

_Azkoien: "Ribera del Arga"

_Martzilla: "Marqués de Villena"

_Lizarra: "Tierra Estella" BHI.

_Corellako Alhama BHI.

_Uharteko BHI. (15 urtez goitikoentzako gela).

2. ERANSKINA

1._Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programaren curriculuma.

Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programaren curriculuma etorri berriak diren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartu behar duten ikasle atzerritarrentzat egokia izanen bada, ikasle horiei bidea eman behar die trebetasun jakin batzuk landu eta eduki batzuk eskuratzeko, izan ere horiek izan edo menperatu gabe nekez lortuko baitituzte garapen pertsonala eta eskolako eta gizarteko integrazioa.

Curriculum proposamen horrek ondoko xedeak ditu:

_Komunikazioa ikasi eta garatzea, komunikazio esparru desberdinetan (pertsonalean, sozialean eta eskolakoan) ahozko eta idatzizko mezuak modu egokian, koherentean eta zuzenean ulertu eta emateko gaitasuna den aldetik.

_Irakaskuntzako hizkuntza ikasteko bidea ematea, hizkuntza hori pertsonen arteko komunikaziorako hizkuntza izateaz gainera, ikastekoa ere izan dadin, eskola barrenean ezinbestekoa eta ikasketen eta lanaren munduan sartzeko beharrezkoa baita.

Planteamendu horrek bide emanen du ikasleak aurretik dituen ezagupenen berri emateko eta irakaskuntza arruntean sartzeko behar duen laguntza pedagogikoa ezartzeko.

Hortaz, beharrezkoa da curriculumaren oinarrizko ezaugarri batzuk zehaztea, irakasleek bide izan dezaten ikasle horiek eskolako curriculumean ahalik baldintza hoberenetan sartzera bideratutako irakaskuntza eraginkor bat planifikatu eta programatzeko.

2._Helburu orokorrak.

Helburu nagusiek hezkuntza-praktika egituratu behar duten dimen- tsioen multzoa identifikatzen dute:

_Oinarrizko hizkuntz trebetasunak norbereganatzea, bai hartzaileak nola sortzaileak, bai hizkuntza mintzatukoak nola idatzizkoak.

_Komunikazio estrategiak garatzea trebetasun guztietan (mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena).

_Erregistro soziolinguistikoak modu egokian erabiltzea.

_Gramatika, lexikoa eta ortografia modu egokian erabiltzea, hizkuntza erabilera desberdinen eta haien arauen arabera.

_Ahozko eta idatzizko mezu egoki, koherente eta zuzenak sortzea.

_Ikasleei gaitasuna ematea beren ikas prozesua ebaluatu eta ahalik eta autonomia handienaz zuzentzeko.

_Hizkuntza erabiltzea ikasteko eta curriculum arloen edukiaz jabetzeko tresna gisara.

_Egoera akademikoetan hizkuntzaren erabilera formala bereiztea.

_Gaurko gizartearen aniztasun kultural eta linguistikoa modu positiboan baloratzea eta besteak ezagutu eta onartzearen aldeko jarrerak garatzea.

_Etapako curriculumaren oinarrizko eta funtsezko ezagupenak bereganatzea.

_Programa honetan hasten diren ikasleen aurreko ezagupenak baloratzea.

Helburu orokor horietatik abiaturik, irakasleek helburu zehatzak finkatuko dituzte, ikasleen adinaren, aurretik dituzten ezagupenen eta programaren garapenaren arabera, ondoko kategoria hauei jarraikiz: mintzamena, idazmena, ahozkoaren ulermena, idatzizkoaren ulermena, ikus-entzunezkoen ulermena, ahozko eta idatzizko elkarreragina eta gizarte zientzien, natur zientzien eta matematikaren ezagupen berariazkoak.

3._Printzipio metodologikoak.

Hizkuntza bat jakitea ez da hizkuntza horretan hitz egitea bakarrik, aitzitik, errealitatea interpretatzen laguntzen duten esanahi kulturalen multzora hedatzen da.

Hizkuntza berriaren analisia eta erabilpen hartzailea eta sortzailea erraztuko dituzten jardueren segida ezartzeko, bizitzako komunikazio prozesuen konplexutasuna ikasgelan agerrarazten duten ikaslanetatik abiatuko da.

4._Ebaluatzeko printzipioak.

Ikasle bat ikastetxe batera ailegatzen denean komunikaziorako duen gaitasuna ebaluatu behar da, eta bizitzaren egoera berriaren eta ikasketa-prozesu berriaren aurrean nolako jarrera duen aztertu.

Ikasleak egoera komunikatibo desberdinetan duen hizkuntza berriaren erabilerari erreparatuko diogu, gaztelania ikasteko gelan eta ikastetxeko bestelako hezkuntza eremuetan. Komeni da ezagutza berriei nola aurre egiten dien jakitea, zein neurritan bereganatzen dituen eta zein diren aurrera joateko zailtasunik garrantzitsuenak.

Ebaluazioan ondoko hauek sartuko dira: hasierako ebaluazioa, ikaslearen abiapuntuko trebetasunen berri emanen diguna, ebaluazio etengabea eta ebaluazio formatiboa, prozesuan zehar lortutako helburuak aztertu eta aurkitutako zailtasunak atzeman eta zuzentzeko (aldaketak sartzeko), eta azken ebaluazioa, eskuratutako helburuak aztertzeko.

5._Denentzako erreferentzia mailak: eskala orokorra.

Europako Kontseiluak, Europako Erreferentzia Esparruan, gaztelania bigarren hizkuntza modura irakasteari dagokionez, komunikazio gaitasunaren osagai hauek bereizten ditu: gaitasun linguistikoa, gaitasun soziolinguistikoa eta gaitasun pragmatikoa. Hizkuntz gaitasunaren erreferentzia bigarren hezkuntzan.

Eranskin honetan ageri diren erreferentzia mailek hizkuntz gaitasunaren deskribatzaile orokorrak interpretatzen dituzte, Europako Esparru Komunari buruz, bigarren hezkuntzako curriculumaren beharrak eta ikasleen adina aintzat hartuta.

Erreferentzia mailak Europan

ULERMENA

ENTZUMENA.

Ikasleak ahalmena du

ULERTZEKO. Agur arruntak eta bizitza sozialeko ohiko esamoldeak ulertzen ditu.

ULERTZEKO. Familia historia labur bat ulertzen du.

ULERTZEKO. Elkarrizketa arrunt baten puntu nagusiak ulertzen ditu.

ULERTZEKO. Solasladi orokor argi baten puntu nagusiak ulertzen ditu eskolan, aisialdian eta halakoetan hitz egiten diren gai arruntei buruz. Gauza da, bestetik, hirugarrenenen elkarrizketen haria segitzeko.

IRAKURMENA.

Ikasleak ahalmena du

ULERTZEKO. Ohiko izen, hitz eta esaldiak ulertzen ditu.

IRAKURTZEKO. Familiari eta inguruko giroari buruzko esaldi laburrak irakurtzen ditu. Gauza da, bestetik, testu labur irudidunen ildoa segitzeko.

IRAKURTZEKO. Eskolako ohar, etiketa eta abisuak irakurtzen ditu.

IRAKURTZEKO. Gai arruntei buruzko esaldi laburrak irakurtzen ditu, hitz edo irudien sarrerez baliatuz.

IRAKURTZEKO. Testu-ereduak eta erraz ulertzen diren testuak irakurtzen ditu.

IRAKURTZEKO. Testu laburrak irakurtzen ditu, plazer hutsez, informazioa biltzeko eta helburuak aztertzeko.

MINTZAMENA

AHOZKO ADIERAZPIDEA.

Ikasleak ahalmena du

ERANTZUTEKO. Agurrak eta berari, familiari eta berehalako beharrei buruzko galderak erantzuten ditu. Norbaitek errepikatzea eta laguntzea behar du.

GALDETZEKO. Berehalako beharrei buruzko galderak egiten ditu, baita erantzunak ematen ere.

HITZ EGITEKO. Bere moduko pertsonekin hitz egiten du; baliteke elkarrizketako esaldi batzuei ez erantzutea.

AZALPENAK EMATEKO. Argi eta garbi azaltzen du zergatik erabaki duen zerbait. Gauza da, bestetik, iritziak eta ekintzak argudiatzeko.

IKERTZEKO. Ideiak ikertu, garatu eta argitzen ditu.

MINTZAMENA.

Ikasleak ahalmena du

ERREPIKATZEKO. Esaldiak errepikatzen ditu eta hitz bateko edo biko galderak egiten ditu. Eguneroko zereginen zerrenda egin dezake.

KONTATZEKO. Familian gertatu den zerbaiten deskripzio laburra egiten du.

DESKRIBATZEKO. Eguneroko eta ohiko egoerak deskribatzen ditu (etxekoak, eskolakoak..).

DESKRIBATZEKO. Egin duena eta esperientzia pertsonalak deskribatzen ditu.

HITZ EGITEKO. Entzule desberdinei hitz egiten die. Gauza da istorioak kontatzeko, igartzeko, informazioa emateko, deskribatzeko eta azaltzeko.

IDAZMENA

IDATZIZKO ADIERAZPIDEA.

Ikasleak ahalmena du

KOPIATZEKO. Gutunak eta arbeleko hitzak eta esaldi laburrak kopiatzen ditu.

IDAZTEKO. Gutunak behar den bezala idazten ditu eta ortografia fonikoaren bidez hitzak letraka esaten saiatzen da.

IDAZTEKO. Bere izena idazten du, baita bere daturen edo familiaren daturen bat ere.

IDAZTEKO. Ohiko gaiei buruzko edo berarentzat interesa duten gaiei buruzko testu sinpleak idazten ditu.

AZALTZEKO. Bere esperientziak eta iritziak azaltzen ditu.

IDAZTEKO. Bere interesekin zerikusia duten gai askori buruzko testu zehatz eta argiak idazten ditu.

INFORMAZIOA EMATEKO. Informazioa ematen du testu laburretan eta txostenetan.

IDAZTEKO. Gutunak idazten ditu, eta haietan gertakarien edo esperientzien esanahia nabarmentzen ditu.

4_Edukiak-Gai multzoak.

Hauek dira helburuak: gaztelaniaren ikasketa, eta horrekin batera bertako kultura hobeki ezagutzea eta curriculumaren garapena eta, ondorioz, ikasleak integratzea, hezkuntzaren eta gizartearen ikuspuntutik.

Programa honela egituratu dugu, deskribatzaile eta esparru hauekin:

Pertsonaren identifikazioa

_Neure buruaz eta nire jatorrizko herriaz hitz egitea.

_Beste batzuei galderak egitea norberaren bizimoduaz.

_Nork bere ondasunak deskribatzea.

_Gustatzen zaizkidan eta gustatzen ez zaizkidan gauzez hitz egitea.

_Nire lagun edo irakasleekin ohiko gauzez hitz egitea, eta iraganaldian gertatu zitzaidan zerbait deskribatzea.

_Nire herriko historiaz, geografiaz eta jendeaz hitz egitea.

Ikasten ikasi

_Zerrenda bateko gauzak hautatzea eta laukitxoak konprobatzea.

_Hiztegi bat erabiltzea hitz berriak ikasteko.

_Hitz eta esaldi garrantzitsuak biltzea eta nire kaieran antolatzea.

_Hiztegi bat edo errefentziako beste liburu bat erabiltzea ariketa bat idazteko.

_Nire ikas prozesuaren helburuak idaztea.

_Ikasgeletan ikaskuntza prozesuan egiten ditugun jardueren zerrenda egitea.

_Beste batzuei kontatzea nola gustatzen zaidan ikastea.

_Hiztegi batez eta gramatika liburu batez baliatuz nire zehaztasuna hobetzea hitz egiterakoan.

_Apuntatzea nola egiten dudan hobera hizkuntzak ikasteko prozesuan, eta ikasteko helburu berriak erabakitzea.

_Ikasteko helburuak finkatzea, nire ikasketa prozesua zenbait irakasgaitan antolatzeko.

Kultur kontzientzia

_Nafarroan ohiko bizimodua nolakoa den deskribatzea.

_Nire kulturaren edo erlijioaren ezaugarri nagusiez hitz egitea.

_Kultur agerraldiak ulertzea (jaialdiak, etab.).

_Sinesmen edo ekintza jakin batekin konforme nagoen ala ez esatea.

_Beste herri batzuetako kultur agerraldiei buruz irakurtzea.

_Nire herriko eta Nafarroako eskolen arteko desberdintasunez hitz egitea.

_Kultur edo gizarte desberdintasunei buruz hitz egin edo idaztea.

Elkarreragina gelan

_Esaten didatena ulertzen ez dudala adieraztea.

_"Mesedez" eta "eskerrik asko " esatea.

_Lagunak eta irakasleak agurtzea.

_Irakaslearen azalpenak ulertzen ez ditudanean, galderak egitea.

_Testu liburuetako hitzak erabiltzea galdera bat egiteko.

_Beste ikaskide batzuei gauzak azaltzea.

_Irakasleak ematen dituen azalpenak ulertzea.

_Irakaslearen eta beste ikasle batzuen arteko elkarrizketa ulertzea; beste batzuei gauzak galdetu eta esatea goxotasunez.

Idazmenerako trebezien gaitasuna

_Gai batekin zerikusia duten hitzak identifikatzea.

_Nire liburuaren izenburuak erabiltzea testuaren informazioa ulertzeko.

_Gai jakin bati buruzko ohar laburrak idaztea.

_Testu bat paragrafotan antolatzea.

_Liburuak edo hiztegi bat erabiliz, nire ortografia zuzena ote den egiaztatzea.

_Lehenbiziko zirriborroa idaztea eta zentzua duela eta zuzena ote den egiaztatzea.

_Idazlan baterako ideiak finkatzea.

_Idazten hasi baino lehenago izenburuak antolatzea.

_Eduki adierazgarria duen lehenbiziko zirriborro bat idaztea.

_Erreferentziako testuak eta liburuak erabiltzea, gertakariak eta haien zehaztapena egiaztatzeko.

Curriculum arteko ikaskuntza

_Afera edo gai baten gako hitzak ulertzea.

_Etiketak eta diagramak lotzea.

_Irudi, diagrama eta taulez baliatzea gai baten eduki nagusiak ulertzeko.

_Testuaren hutsuneak betetzea, testu liburuaz edo nire apunteez baliatuz.

_Hitz garrantzitsu bat ulertzen ez badut, zer esan nahi duen galdetzea.

_Gelan beste ikasle batzuek nola erantzuten duten aditzea, eta haien erantzunak eredu bezala erabiltzea.

_Gelan irakurtzen ari diren testu baten haria segitzea.

_Gai historiko baterako eskema kronologiko bat sortzea.

_Gelan gai batzuei buruz eztabaidatzea.

_Testu bat irakurrita nire hitzekin azaltzea.

_Nire testu liburuaren edukien aurkibidea erabiltzea.

_Gai jakin batean oinarritutako testu bat pentsatu, haren zirriborroa egin eta gero testua sortzea.

Hizkuntza eta literatura

_Erantzutea, poliki hitz egiten didatenean.

_Hitz eta esaldi arruntak ulertzea.

_Testu batean hitz eta esaldi arruntak identifikatzea.

_Nire familiari, neure buruari eta nire etxeari buruzko esaldi laburrak idaztea.

_Eguneroko gaiei buruz galdetzea.

_Eguneroko gaiei buruzko testu laburrak irakurtzea.

_Hitz zerrenden laguntzarekin istorio labur bat ulertzea.

_Testu moten arteko desberdintasunak identifikatzea.

_Testu baten puntu garrantzitsuenen laburpena idaztea.

_Gutun erraz bat idaztea.

_Testu baten zati bat irakurrita izan ditudan sentimenduez-eta hitz egitea.

_Testu bati buruz dudan iritzia ematea.

_Laburpen bat idaztea.

_Historia labur bat edo narrazio bat ia-ia osorik ulertzea.

_Hizkuntz modu edo egitura desberdinez galdetzea.

Zientzietako irakasgaiak

_Testu liburu batean gako hitzak ulertzea.

_Etiketak diagramekin lotzea, testu liburuaz edo nire apunteez baliatuz.

_Azalpenen haria segitzea, azalpenak argiak direnean.

_Diagrama eta irudiak erabiltzea hobeki ulertzeko.

_Azalpenak segitzea, aldez aurretik ere eman baziren.

_Esaldi errazak idaztea esperimentu edo prozesu bat deskribatzeko.

_Irakasleen azalpenak ulertzea.

_Testu liburu baten azalpenak irakurri eta ulertzea, hiztegi bat edo hitz-zerrenda bat erabiliz.

_Esperimentu edo prozesu baten deskripzioa egitea, apunteak erabiliz.

_Talde batekin lan egitea eta taldeari ideiak ematea.

Matematika

_Zenbakiak, formak eta kategoriak ezagutzea.

_Nire testu liburuan matematikako adibideak irakurri eta ulertzea.

_Azalpen matematikoak entzun edo irakurrita haiek ulertzea (gehi, zati, etab.).

_Zerbait ulertzen ez dudanean, adieraztea.

_Nire testu liburuan adibideak egitea.

_Matematikako buruketez hitz egitea.

_Nire testu liburuan buruketa gehienak irakurri eta ulertzea.

_Matematikako buruketen emaitzez hitz egitea.

_Lagunekin lan egitea matematikako galderak ebazteko.

Historia eta Geografia

_Testu batean hitz garrantzitsuak zein diren jakitea.

_Testu batean gako hitzak identifikatzea.

_Datuak bilatzea eta lauki edo diagrama batean kopiatzea.

_Historian edo geografian gai hurbilez hitz egitea.

_Testu batean informazioa bilatzea galderei erantzuteko.

_Beste ikasle batzuekin hitz egitea lantzen ari garen gaiari buruz.

_Diagrama eta ilustrazioak irakurri eta ulertzea.

_Historiari edo geografiari buruzko gai bati buruz idaztea.

_Gai jakin bati buruzko deskripzio labur bat idaztea.

3. ERANSKINA

Programari atxikitzeko eskabide-protokoloa

Eguna: ..................................... Ikasturtea:

Institutu edo ikastetxea: ........................... Herria: ............... Ikastetxeko zuzendariak ............................. ikaslea Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako Hizkuntzan Murgiltzeko Programari atxikitzeko eskatzen du, ........................... BHI/Bigarren Hezkuntzako Ikastetxean hain zuzen.

Ikaslearen datu pertsonalak.

Jaioteguna: ....................................... Adina:

Helbidea:

Herria: .............................. Telefonoak:

Jatorrizko herrialdea:

Harremanetarako pertsona:

Espainian zenbat denbora daraman: ................ Jatorrizko hizkuntza:

Ikaslearen familiaren datuak.

Aitaren, amaren edo tutorearen izen-deiturak:

Familiaren helbidea:

Herria: .............................. Telefonoak:

Familia unitateko kideen kopurua.

_Guztira:

_Nafarroan:

Familiaren hizkuntza(k):

Gurasoen nazionalitatea:

Familia unitateko kideak Espainiara noiz ailegatu ziren:

Familiak gaztelaniaz ulertzen du f hitz egiten du f.

Jatorrizko herrialdean eskolatua: BAI f EZ f

Zenbat kurtso-mailatan egon den eskolatua:

Eskolatzeko hizkuntza:

Jatorrizko herrialdeko eskolatzeari buruz aurkeztutako dokumentazioa:

Jatorrizko ikastetxeko eskolatzea (Espainiako beste ikastetxe batetik etorri bada).

Noiztik eskolatua:

Egindako azken maila:

Aurreko ikastetxean hartutako laguntzak eta orain matrikulatuta dagoen horretan beharko dituenak:

Premia bereziak ditu? Zein?

Hizkuntz gaitasunaren maila

0 1 2 3 4 5

0. maila: ez du hitz egiten eta ez du ulertzen.

1. maila: ahozko agindu oinarrizkoak ulertzen ditu (etorri, jar zaitez ...).

2. maila: oinarri-oinarrizko mailako mintzamena, hitzik gabeko lengoaiaz lagunduta.

3. maila: esaldi errazak ulertzen ditu.

4. maila: esaldi errazak ulertzen ditu eta gai da horietaz baliaturik komunikatzeko.

5. maila: ulermen eta mintzamen maila egokia du.

Curriculum atzerapena

Stua. Ikastetxeko zuzendaria

ZERBITZUAK IKUSKATZEKO ETA IKUSKAPEN TEKNIKORAKO ZERBITZUA.

Administrazioak bete beharrekoa

Sinatzen duen ikuskatzaileak Kultura-Aniztasunaren eta Immigrazioaren Atalari jakinarazten dio

f bidezkoa dela

f ez dela bidezkoa

............................. ikaslea, .............................. ikastetxekoa, Hizkuntzan Murgiltzeko Programari atxikitzea, honako BHIan / ikastetxean: ...........................

Iruñean, 200.. (e)ko .............aren ............(e)an.

Ikuskatzailea

KULTURA-ANIZTASUNAREN ETA IMMIGRAZIOAREN ATALEKO BURUA.

Hezkuntza arloko Administrazioak bete beharrekoa

Ikaslea Hizkuntzan Murgiltzeko Programan onartzea.

............................. ikaslea, 2005-2006 ikasturtean .......................... BHIan / ikastetxean izena emana dagoena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, BHIko / ikastetxeko Hizkuntzan Murgiltzeko Programari atxikita gelditu da ...... lauhilerako.

Iruñean, 200.. (e)ko .............aren ............(e)an.

O.I. O.I.

Ikuskatzailea Atalburua

BHI-KO / IKASTETXEKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F0516360