109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

853/2005 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Ebrobarrengo hondakin uren arazketa" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, ekainaren 22ko 745/2005 Ebazpenaren bidez, "Ebrobarrengo hondakin uren arazketa" izeneko proiektua eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Epe horretan ondoko alegazioak jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1._Dionisio Aldaz Jiménez jaunak eta Ribaforadako beste jabe batzuek honako hau alegatu dute:

Ez daude konforme proiektuko trazadurarekin, haiek eskatzen baitute dauden bide eta ezpondetatik pasa dadila. Halaber, bilera bat egin nahi dute proiektu egileekin.

Alegazioari erantzuteko, adierazi behar da hondakin uren arazketako hustubide nagusien trazadura diseinatzerakoan, kontuan hartu beharreko lehenengo oinarri nagusia lotu beharreko bi puntuen arteko sestra-diferentzia izan dela. Izan ere, hodietan zehar jariakinaren abiadura egokia bada, geroari begira, konpontzen zailak diren arazoak saihestuko dira: jalkierak, trabatzeak, septizitate arazoak hustubidean, etab.

Proiektua egitean topografia "in situ" hartu da eta finken egungo egoera islatu da. Era berean, lurzatien gainekoan, finkak egun nola dauden agertu da.

Ribaforadatik Ebrobarrengo hondakin uren araztegirainoko hondakin uren hustubidearen trazadura hautatzeko, lehendabizi, aukera hauxe aztertu zen: trazadura zuzena egun dagoen hustubidetik, Aragoiko Ubide Inperiala zeharkatutakoan, araztegiraino. Trazadura horretan, malda % 0,12koa zen eta, gainera, hustubidea laborantzako lurretatik igarotzen zen, haietako gehienak zeharkatuz eta, ondorioz, finketan kalte nabarmena sortuz.

Bigarren aukeran, azkenean hori hartu baitzen, hustubidea zati handienean lurzati berrantolamenduko bideen paraleloan doa, hoditeriaren eraikuntzak lurzatiak ahalik eta gutxien ukitzeko. Nilsan, hustubideen trazaduran esperientzia handiko enpresa baita, normalean eta ahal izanez gero, trazadurak bideen paraleloan egiten dira, haien eraikuntza eta mantentze-lanak erraztearren. Kasu honetan, malda lehenengo aukerakoa baino % 0,1 txikiagoa da. Hortaz, ura mantsoago ibiliko da. Hala ere, aukera hau hartu da, finken ukipena txikiagoa izanen delako.

Hustubidearen trazadura bidetik joanez gero, mantentze-lanak zailagoak dira, edozein konponketa egiteko bidea moztu behar delako. Gainera, hustubidea egiten den bitartean, finketara sartzeko ibilgailuentzako beste bide batzuk eskaini behar dira. Bestetik, hustubidea bidetik eraikitzeak metro lineako inbertsio handiagoa ekarriko luke proiektukoak baino.

Beraz, azaldutako guztiagatik, aurkeztutako alegazioa gaitzetsi da. Dena den, obrak egitean, aintzat hartuko da hustubidearen trazadura bidera hurbiltzeko aukera, finken ukipena gutxitze aldera. Erabakia, obra egitean, lurra nola aurkitzen den kontuan hartuta eta maila freatikoaren egoeraren arabera hartuko da. Horretarako, finken ukipena gutxitzearren, hustubidea egitean lurrari eusteko baliabide bereziak erabiliko dira.

2._Esther Embún Arrondo andreak eta Gregorio Embún Arrondo jaunak honako hau alegatu dute:

Fustiñanako 2. poligonoko 886. eta 885. lurzatien eta Ribaforadako 6. poligonoko 969. eta 968. lurzatien jabe direla. Lurzati horiek, ustiapenari dagokionez, lurzati bakarra osatzen dutela eta, hortaz, eskatzen dutela proiektuan aurreikusitako zutoina beren lurretako bazterretako batean jartzeko, finkako drainatze sistema kontuan hartuz.

Azkenik, eta beste alegazio batzuen bidez, linea elektrikoaren trazadura aldatu eta egun dagoen bidera eramateko eskatu dute.

Alegazioari erantzuteko, jabeei jakinarazten zaie linea elektrikoaren trazadura aldatu dela, finkaren ekialdeko muga aldera eraman baita.

3._Abilio Pórtoles Litago jaunak, 18215 izeneko SATen izenean, honako hau alegatu du:

Buñuelgo 3. poligonoko 687. lurzatiaren jabeak direla eta beren finkan saneamenduko hoditeria badela finkaren ertzean. Oraingo proiektuan lurzatia diagonalean zeharkatu nahi denez, hoditeri berria bestea amaitzen den lekuan hasteko eskatzen dute.

Proiektuan adierazi bezala, Buñuelgo industria eremuko perimetro-kolektorearen eraikuntzaren xedea da industrietako isurketak hirikoetatik bereiztea, euri-egunetako isurian industriako hondarrik egon ez dadin. Modu horretan, segurtatuko litzateke industria-isurketak, oso kutsatzaileak baitira, araztegiraino iristea.

Horregatik, Buñuelgo herrigunera iritsi baino lehen, isurketa bereizi eta Buñuelgo ponpaketa nagusira bideratuko da, handik araztegiraino ponpatuko da eta.

Hala ere, finkaren ukipena gutxitzearren, beste trazadura bat proposatu da, herrigunetik gertuago dagoen puntu batean hasi eta finkaren mugatik igarotzen dena.

4._Aragoiko Ubide Inperialeko ureztatzaile sindikatua (Buñuelgoa):

Industrialdetik Bardenas kalera doan isurbidearen trazadura mantentzeko eskatzen du, ukituei eta erretenetan kalterik ez egiteko. Halaber, proiektua prestatu zuten teknikariekin bilera bat egin nahi dute.

Arestian adierazi bezala, Buñuelgo industria eremuko perimetro-kolektorearen eraikuntzaren xedea da industrietako isurketak hirikoetatik bereiztea, euri-egunetako isurian industriako hondarrik egon ez dadin. Modu horretan, segurtatuko litzateke industria-isurketak, oso kutsatzaileak baitira, araztegiraino iristea.

Horregatik, Buñuelgo herrigunera iritsi baino lehen, isurketa bereizi eta Buñuelgo ponpaketa nagusira bideratuko da, handik araztegiraino ponpatuko da eta.

5._Ramona Ipiens Estaun andreak honako hau alegatu du:

Purgatzeko kutxetaren neurriak (2 m x 2 m) handiegiak iruditzen zaizkiola eta finkaren muturrean jartzeko eskatzen duela eta, bai eta beste kalte-ordain kontzeptu batzuk kontuan hartzeko ere.

Alegazioa aztertu ondoren, jakinarazten zaio purgatzeko kutxeta finkaren ekialdeko mugaren ondoan jarriko dela.

Kalte-ordainari dagokionez, jakinarazten zaio bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiak haren gaineko ebazpena emanen duela.

6._Antonio Oliver Gómez jaunak, Productos Agropecuarios Hermanos Oliver, S.L. enpresaren izenean, ondokoa adierazi du:

Proiektuak ukitutako Fustiñanako, Ribaforadako eta Buñuelgo hainbat finkatan luzernako laborantza dutela eta, orobat, haietan gertatzen diren kalteak eta galerak ordaintzeko eskatzen dute.

Alegazioegileari jakinarazten zaio proiektuan jaso dela finketako laborantzetan sortutako kalteetarako ordaina eta, obrak amaitutakoan, ukitutako eremuak lehengoratuko direla.

7._María Angeles Oliver Naharro andreak alegatu du:

Bai abizenean bai helbidean akatsak daudela eta Buñuelgo 4. poligonoko 423. lurzatia (Productos Agropecuarios Hermanos Oliver, S.L.) eta 3. poligonoko 203. lurzatia (Rafael Cerdán) bereak direla adierazi du. Horregatik, haietan sortzen diren kalteak eta galerak ordaintzeko eskatu du.

Aipatutako akatsak kontuan hartu dira eta espedientean zuzenduko dira. Halaber, jakinarazten zaio proiektuan aurreikusi dela ukitutako finketan sortzen diren ukipenetarako ordaina eta, obrak amaitutakoan, ukitutako eremuak lehengoratuko direla.

8._Luis Zardoya Rodríguez jaunak honako hau alegatu du:

Ribaforadako 6. poligonoko 972. finkatik igarotzen den linea elektrikoaren trazadura aldatu eta lurzatiaren ondoko bidera eramateko eskatzen du.

Alegazioari erantzuteko, jabeari jakinarazten zaio linea elektrikoaren trazadura aldatu dela, plano berrian islatzen den moduan.

9._Alicia Chueca Malo andreak eta Alberto Monreal Cerdán jaunak honako hau alegatu dute:

Buñuelgo 3. poligonoko 221. lurzatiaren jabea eta errentaria direla, hurrenez hurren. Finkaren erdian aurreikusitako kutxeta finkaren edozein ertzetan jartzeko eskatzen dutela. Era berean, finka errekatik hurbil dagoenez, obren ondorioz zuloak sortuz gero, arazoaz arduratzeko konpromisoa eskatzen dute.

Alegazioa aztertu ondoren, onartu egin da. Beraz, purgatzeko kutxeta finkaren ekialdeko mugaren ondoan jarriko da.

Bestetik, hustubidea egitearen ondorioz lurrean gertatzen den edozein arazo, baldin eta finkaren drainatze sistema aldatzen badu, Nilsak konponduko du lehengo egoera berreskuratzeko.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 41/2005 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Ebrobarrengo hondakin uren arazketa" izeneko proiektua behin betikoz onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian ezarritakoaren arabera ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Cabanillasko, Fustiñanako, Ribaforadako eta Buñuelgo Udaletako iragarki oholetan argitaratzea.

3. Ebazpen hau aipatu Udalei, Moncayoko Ur Mankomunitateari eta alegazioegileei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesatu guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 24an._Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Angel Serrano Azcona.

Iragarkiaren kodea: F0518177