109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

250/2005 FORU AGINDUA, abuztuaren 18koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aldatzeko Foru Dekretuaren proiektua jendaurrean paratzeko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematen duena.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 61. artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean jartzea, arauaren ezaugarriengatik egokia iruditzen bazaio.

Abuztuaren 17ko 245/2005 Foru Aginduaren bidez, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua, 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aldatzeko espedienteari hasiera emateko agindu zen. Foru agindu horren bidez, bestetik, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuari eman zitzaion proiektua prestatu eta izapidatzeko ardura.

Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak egin duen txostenean frogatu da foru dekretuaren proiektuak, edukia ikusita, interesatu kopuru handi batengan izanen duela eragina, izan ere Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko agindu batzuk aldatu, I bis Tituluaren barruan 28 quater eta 28 quinquies artikuluak gehitu eta II. Tituluko V. Kapitulu berriaren barruan 32 ter artikulua erantsi da.

Alde batetik, aldaketaren xedea prozedura batzuen gainean ebazpena emateko epea sei hilabete arte luzatzea da.

Beste alde batetik, berrinbertsiorako plan berezien esparruan, hori egiteko epeak malgutu nahi dira, baldin eta frogatzen bada bere ezaugarri teknikoengatik zergari buruzko foru legeko 36. artikuluan ezartzen dena baino epe luzeago batean egin behar dela.

Beste asmo bat da subjektu pasiboendako prozedura bat arautzea zerga administrazioari eskatu ahal diezaioten ikerketa eta garapenerako edo berrikuntza teknologikorako proiektuen gastuak aldez aurretik eta modu lotzailean balora ditzala, proiektu horiek zergari buruzko foru legeko 66. artikuluan aipatzen den kenkarirako bide ematen badute.

Zergari buruzko foru legeko 69. artikuluan xedatu bezala, ingurumena zaindu eta hobetzeko jardueren ondoriozko kenkariari dagokionez Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki onesteko prozedura ezartzen da.

Halaber, zergari buruzko foru legeko 167. artikuluko 10. idatz-zatia garatu eta enpresak sustatzeko sozietateen araubidea aplikatzeko, onarpen espresari buruzko prozedura arautzen da.

Azkenik, sozietateen gaineko zergari buruzko erregelamenduan arauturiko prozeduren gainean ebatzi eta ebazpen horiek jakinarazteko gehieneko epeak kontatzeko modua finkatzen da.

Horiek horrela, xedapen horren izaera eta helburua kontuan hartuta, eta herritarrei eta haien eskubideetan edota bidezko interesetan ukituak izan daitezkeen erakunde zein elkarteei entzunaldia ematearren, komenigarria eta egokia da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko argitalpenaren bidez aditzera ematea, ahalik eta interesatu gehien jakinaren gainean egon daitezen.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehenengoa._Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldarazi duen Foru Dekretuaren Proiektua. Horri dagokion testua foru agindu honen eranskinean azaltzen da.

Bigarrena._Hilabeteko epea ematea, foru dekretuaren proiektu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, beren eskubide eta interesetan ukiturik dauden herritarrek bidezko jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 18an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

FORU DEKRETU PROIEKTUA, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua aldatzen duena

Foru dekretu honek Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko agindu batzuk aldatu, I bis Tituluko 28 quater eta 28 quinquies artikuluak gehitu eta 32 ter artikulua, II. Tituluan V. Kapitulua, berria, osatzen duena, eta hirugarren xedapen gehigarria eransten ditu.

7.5 eta 19.2 artikuluen aldaketaren xedea bertan arauturiko prozeduren gainean ebazteko epea sei hilabete arte luzatzea da.

18. artikuluko aldaketen bidez, berrinbertsiorako plan berezien esparruan, hori egiteko epeak malgutu nahi dira, baldin eta frogatzen bada bere ezaugarri teknikoengatik zergari buruzko foru legeko 36. artikuluan ezartzen dena baino epe luzeago batean egin behar dela.

28 quater artikuluaren funtsa subjektu pasiboendako prozedura bat arautzea da zerga administrazioari eskatu ahal diezaioten ikerketa zientifikorako edo berrikuntza teknologikorako proiektuen gastuak aldez aurretik eta modu lotzailean balora ditzala, proiektu horiek zergari buruzko foru legeko 66. artikuluan aipatzen den kenkarirako bide ematen badute.

Zergari buruzko foru legeko 69. artikuluan xedatu bezala, ingurumena zaindu eta hobetzeko jardueren ondoriozko kenkariari dagokionez Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki onesteko prozedura ezartzen du 28 quinquies artikuluak.

Halaber, zergari buruzko foru legeko 167. artikuluko 10. idatz-zatia garatu eta enpresak sustatzeko sozietateen araubidea aplikatzeko, onarpen espresari buruzko prozedura arautzen du 32 ter artikuluak.

Sozietateen gaineko zergari buruzko erregelamenduan arauturiko prozeduren gainean ebatzi eta ebazpen horiek jakinarazteko gehieneko epeak kontatzeko modua finkatzen du hirugarren xedapen gehigarri berriak.

Erregelamenduko testua xedapen iragankorrarekin osatzen da. Horrek kasu batzuk arautzen ditu, inbertsio bat hasi ondoren, berrinbertsiorako plan berezien sistema berrian sartu nahi denekoak, hain zuzen ere.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuko agindu batzuk, ondoren aipatzen direnak, honelaxe geldituko dira idatzirik:

Lehenengoa._7. artikulua, 5 zenbakia.

"5. Prozedura sei hilabeteko epean bukatu beharko da, eskabidea aurkezten denetik hasita, salbu eta erregelamendu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den kasuren bat gertatzeagatik bertan behera uzten bada.

Aurreko lerroaldean aipatzen den epea espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, subjektu pasiboak aurkezturiko plana onetsitzat joko da."

Bi._18. artikulua.

"18. artikulua. Berrinbertsiorako plan bereziak

1. Bere ezaugarri teknikoengatik, inbertsioa zergari buruzko foru legeko 36. artikuluan ezartzen dena baino epe luzeagoan egin behar dela frogatzen denean, subjektu pasiboek berrinbertsiorako plan bereziak proposatzen ahalko dituzte.

2. Aurreko zenbakian aipatzen den eskabideak kontu hauek bildu beharko ditu:

a) Eskualdatu diren edo eskualdatzekoak diren ondareko osagaien azalpena.

b) Eskualdatzearen produktuaren zenbatekoa, egiazkoa edo aurreikusia.

c) Berrinbertsioa gauzatuko duten ondareko osagaien azalpena.

d) Berrinbertsioa egiteko egutegiaren azalpena.

e) Berrinbertsiorako plan berezia justifikatzen duten gorabehera berezien adierazpena.

3. Berrinbertsiorako plan berezia, kasuan-kasuan, epe hauetan aurkeztuko da:

a) Aurretik egiteko inbertsioa izanez gero, inbertsio hori egin edo hasi asmo den eguna baino lehenagoko sei hilabeteetan. Kasu horretan, berrinbertsioa berrinbertsiorako plan berezia onesten denetik urtebete pasa baino lehen egin edo hasi beharko da.

b) Beste kasuetarako, aparteko onura sortu duen eskualdatzearen egunetik sei hilabete bitarte. Kasu horretan, eskualdatzearen produktuaren zenbateko osoaren 100eko 25 gutxienez zergari buruzko foru legeko 36. artikuluko 1 zenbakian ezarririko epean berrinbertitu beharko da."

Hiru._19. artikulua, 1 eta 2 zenbakiak.

"1. Kapitulu honetan aipatzen diren planen prozeduren gainean ebazteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak emanen die hasiera prozedurei. Zerbitzuak behar dituen argibide eta agiriak eskatzen ahalko dizkio subjektu pasiboari. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentuei komenigarritzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahalko dizkie.

Ebazpen proposamena, argibide eta txostenekin batera, subjektu pasiboari adieraziko zaio. Horrek hamar eguneko epea izanen du alegazioak eta egokitzat jotzen dituen agiriak aurkezteko. Izapide hau saihesten ahal da prozeduran ageri ez eta ebazpenean kontuan hartzen ere ez direnean interesatuak aipatutako egitateak, alegazioak eta frogak baizik.

Subjektu pasiboak eskabidea bertan behera utzi edo bestelako plan bat aurkezten ahalko du prozedurak diraueino.

2. Prozedurak sei hilabeteko epean bukatu beharko du, eskabidea aurkezten denetik hasita, salbu eta erregelamendu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den kasuren bat bertan behera uzten bada.

Aurreko lerroaldea aipatzen den epean espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, subjektu pasiboak aurkezturiko plana onetsitzat joko da."

Laugarrena._I bis Tituluan 28 quáter eta 28 quinquies artikulu berriak gehitzea.

"28. artikulua quater. Ikerketa zientifikorako eta berrikuntza teknologikorako proiektuen gastuak aldez aurretik baloratzea.

1. Ikerketa zientifikoko edo berrikuntza teknologikorako lanak egin behar dituzten subjektu pasiboek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzen ahalko diote gastuak aldez aurretik eta modu lotzailean balora ditzala, Sozietateen gaineko Zergako arauei jarraituz, proiektu horiek zergari buruzko foru legeko 66. artikuluan aipatzen den kenkarirako bide ematen badute.

2. Eskabidea idatziz aurkeztu beharko da. Izkribu hori kasuan kasuko gastuak egin atzin aurkeztu beharko da. Kontu hauek bilduko ditu:

a) Subjektu pasiboaren nortasuna.

b) Eskabidean aipatzen den ikerketa zientifikorako edo berrikuntza teknologikorako proiektuaren ezaugarriak eta azalpena, honakoak adieraziz: egitekoak diren jarduerak, horiek egiteko gastu kontzeptuak eta jarduerak egiteko egutegia.

c) Eginen diren gastuen balorazioaren proposamena, erabiliriko balorazio erregela eta kontuan harturiko inguruabar ekonomikoak adieraziz.

3. Zerga Administrazioak aurreko zenbakian aipatzen diren agiriak aztertuko ditu eta eskatzaileari eskatzen ahalko dizkio eskabideari loturiko datu, txosten, aurrekari eta agiri guztiak. Agiri horiek Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentura igorriko dira, zergari buruzko foru legeko 66. artikuluan ezarri eta horrekin bat 28 ter artikuluan garaturiko kenkarirako bide ematen duten gastuen balorazioa egin dadin. Zerga administrazioak eta subjektu pasiboek perituen txostenak eramaten ahalko dituzte prozedurara, balorazioaren proposamenaren edukiari lotuak badira.

4. Prozedura bukatutzat ematen duen ebazpenak aukera hauek izanen ditu:

a) Eskatzaileak hasiera batez aurkezturiko proposamena aurkeztea.

b) Eskatzaileak prozedurak diraueino aurkezturiko bestelako proposamen bat aurkeztea.

c) Eskatzaileak aurkezturiko proposamena ezestea.

Ebazpena arrazoitua izanen da eta, onestekoa bada, zerga administrazioak sozietateen gaineko zergari buruzko arauei jarraituz eginiko balorazioa bilduko du. Halaber, indarraldia ere adieraziko du, hiru urtetik gorakoa izanen ez dena.

5. Prozedura sei hilabeteko epean bukatu beharko da, eskabidea aurkezten denetik hasita, salbu eta erregelamendu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den kasuren bat gertatzeagatik bertan behera uzten bada.

Adierazi diren epeetan espresuki ebazpenik eman ezik, ulertuko da subjektu pasiboak eginiko balorazioaren proposamena ezetsi dela.

6. Espresuki onesteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari dagokio prozedurari hasiera ematea.

28. artikulua quinquies. Kenkaria, ingurumena zaindu eta hobetzeagatik

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ingurumena zaindu eta hobetzeko jardueren ondoriozko kenkaria espresuki onets dezan, zergari buruzko foru legeko 69. artikuluak xedatu bezala, subjektu pasiboak memoria bat aurkeztu beharko du, non eginiko inbertsioak zehaztu eta haiek erosteko prezioa edo ekoizteko kostua frogatuko baita. Enpresak berak erosi edo eraiki zitueneko data ere adieraziko da.

2. Espresuki onesteko eskumena Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari dagokio prozedurari hasiera ematea. Horretarako, txosten bat eskatuko dio erakunde ofizial egokiari.

Ebazpen proposamena, argibide eta txostenekin batera, subjektu pasiboari adieraziko zaio. Horrek hamar eguneko epea izanen du alegazioak eta egokitzat jotzen dituen agiriak aurkezteko. Izapide hau saihesten ahal da prozeduran ageri ez eta ebazpenean kontuan hartzen ere ez direnean interesatuak aipatutako egitateak, alegazioak eta frogak baizik.

Subjektu pasiboak noiznahi ere uzten ahalko du bere horretan eskabidea.

3. Prozedura sei hilabeteko epean bukatu beharko da, eskabidea aurkezten denetik hasita, salbu eta erregelamendu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den kasuren bat gertatzeagatik bertan behera uzten bada.

Aurreko lerroaldea aipatzen den epean espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, subjektu pasiboak aurkezturiko eskabidea onetsitzat joko da.

4. Prozedura bukatutzat ematen duen ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahalko da, hilabeteko epean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko IV. Tituluko VII. Kapituluko 3. eta 4. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

5. Onesteko eskabidea zer zergalditan nahi den kenkariak eragina izan dezan, huraxe bukatu baino lehen aurkeztu beharko da."

Bost._II. Tituluan V. Kapitulua eransten da, 32 ter artikulua daukana.

"V. KAPITULUA

Enpresak Sustatzeko Sozietateen Araubidea

32. artikulua ter. Enpresak Sustatzeko Sozietateen Araubidearen aplikazioa.

1. Zergari buruzko foru legeko 167. artikuluan arauturiko Enpresak Sustatzeko Sozietateen Araubidean sartu nahi duten subjektu pasiboek eskabide bat aurkeztu beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den eskabidea idatziz eginen da eta gutxienez ere kontu hauek bilduko ditu:

a) Subjektu pasiboaren nortasuna.

b) Sozietatearen xedearen azalpena.

c) Egin nahi diren eragiketen adierazpen zehatza.

d) Harpidetu eta pagaturiko kapitalaren zenbatekoak.

3. Prozeduraren gainean ebazteko ahalmena Ekonomia eta Ogasun kontseilariari dagokio.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emanen die hasiera prozedurei. Zerbitzuak behar dituen argibide eta agiriak eskatzen ahalko dizkio subjektu pasiboari. Halaber, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zerbitzuei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei komenigarritzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahalko dizkie.

Ebazpen proposamena, argibide eta txostenekin batera, subjektu pasiboari adieraziko zaio. Horrek hamar eguneko epea izanen du alegazioak eta egokitzat jotzen dituen agiriak aurkezteko. Izapide hau saihesten ahal da prozeduran ageri ez eta ebazpenean kontuan hartzen ere ez direnean interesatuak aipatutako egitateak, alegazioak eta frogak baizik.

Subjektu pasiboak noiznahi ere uzten ahalko du bere horretan eskabidea.

4. Prozedura sei hilabeteko epean bukatu beharko da, eskabidea aurkezten denetik hasita, salbu eta erregelamendu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den kasuren bat gertatzeagatik bertan behera uzten bada.

Aurreko lerroaldean aipatzen den epea espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da."

Sei._Xedapen gehigarri berri bat, hirugarrena, eransten da.

"Hirugarrena._Prozeduren gainean ebazteko epea bertan behera uztea.

Erregelamendu honen bidez arautzen diren prozeduretan, ebatzi eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea inguruabar hauetariko baten bat gertatzean bertan behera geldituko da:

a) Epe hori eten daiteke interesatuari akatsak zuzentzeko edo agiriak edo behar diren bestelako arrazoibideak aurkezteko eskatzen zaionean. Etenaldia errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik jasotzaileak eskatutakoa bete bitartekoa edo, kasua bada, emandako epea bukatu bitartekoa izanen da.

b) Ebazpenaren edukia baldintzatzen duten datu edo txostenak Foru Komunitateko Administrazioari edo beste herri administrazio batzuei eskatzen zaizkienean, eskatzen direnetik hartzen direnera.

Datu edo txosten horiek eskatu eta hartu direla interesatuari jakinarazi beharko zaio.

Eskatzen diren txosten eta datu guztietarako, gehienez ere hiru edo sei hilabetez uzten ahalko da bertan behera epea, segun eta eskatu zaizkion administrazioa Foru Komunitatekoa ala beste bat den."

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Inbertsio aurreratuak berrinbertsioetarako plan berezietan

Foru dekretu honek indarra hartzean hein batean eginak diren inbertsio aurreratuetan, berrinbertsiorako plan berezi batean sartu nahi dituzten subjektu pasiboek indarra hartu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduako 18.3.a) artikuluan xedaturikoarekin bat, foru dekretu honetako artikulu bakarreko Bi idatz-zatiaren arabera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F0518112