109. ALDIZKARIA - 2005eko irailaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

701/2005 EBAZPENA, abuztuaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Industrias del Caucho, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 80/2005).

Ikusirik Iruñeko "Industrias del Caucho, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 80/2005).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko abuztuaren 1ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 29 artikuluz eta 2 eranskinez (kategorien sailkapena eta lan egutegia) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (CC.OO.) 2005eko uztailaren 29an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Industrias del Caucho, S.L." enpresaren (kodea: 3103852) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko abuztuaren 5ean._Lan zuzendari nagusia. José María Roig Aldasoro.

IRUÑEKO "INDUSTRIAS DEL CAUCHO, S.L." ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

A K T A

Iruñean, 2005eko uztailaren 29an, bildurik alde batetik: Iñigo Nuin Lopetegui jauna, adinez nagusia, helbidea Iruñean duena, "Industrias del Caucho, S.L." merkataritzako konpainiako kudeatzailea den aldetik eta dokumentu hau egilesteko ahalmen nahikoa duela.

Eta bestetik: Emilio Galera Ortega, Joaquin Cestau Eslava, Alfredo Cestau Eslava eta Juan Gorospe Fernández jaunak, Industrias del Caucho, S.L.ko enpresa batzordea osatzen dutenak.

Bertaratuek legezko gaitasun osoa aitortzen diote elkarri kontratatu eta erantzukizuna izateko, eta horregatik sinatzen dute "Industrias del Caucho, S.L." enpresaren hitzarmen kolektiboa, ondoko estipulazio hauei jarraikiz:

Lehena._"Industrias del Caucho, S.L." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua onestea. Testua honekin batera doan dokumentuan ageri da, orri guztiak sinaturik.

Bigarrena._Batzorde paritario bat izendatzea, kide hauek osatua:

_"Industrias del Caucho, S.L." enpresaren izenean, Antonio Larrea Hualde eta Iñigo Nuin Lopetegui jaunak.

_Langileen izenean: Joaquín Cestau Eslava eta Emilio Galera Ortega jaunak.

Hirugarrena._Hitzarmen hau ahalik eta lasterren aurkeztea lan arloko agintari eskudunari -Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan Zuzendaritza Nagusiari-lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzearen ondorioetarako, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia, eta hori guztia hamabost eguneko epean, hitzarmen hau sinatzen denetik hasita.

Eta behar diren ondorioetarako jasoa gera dadin, dokumentu hau sinatu dute, hiru aletan, "ut supra" hirian eta egunean.

_"Industrias del Caucho, S.L." enpresaren izenean: Iñigo Nuin Lopetegui jauna. Enpresa batzordearen izenean: Joaquín Cestau Eslava, Emilio Galera Ortega eta Juan Gorospe Fernández jaunak.

IRUÑEKO "INDUSTRIAS DEL CAUCHO, S.L." ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA. TESTUA

Bildurik enpresako ordezkariak eta enpresa batzordeko kide guztiak, dokumentu hau sinatu dutenak, enpresaren lan hitzarmen kolektiboa itundu dute. Hona hemen hitzarmenaren testua eta edukia:

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Lan Hitzarmen honek "Industrias del Caucho, S.L." enpresan eta bere langile eta enplegatu guztiengan du eragina. Enpresak bi lantoki ditu, bata Iruñean (Gipuzkoako etorbidea, 2), eta bestea Artikan (Artikako errepidea, 16-18).

2. artikulua. Langileak.

Hitzarmen hau "Industrias del Caucho, S.L." enpresak dituen bi lantokietan lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen honek bi urteko iraupena izanen du; 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak eta, beraz, 2006ko abenduaren 31n bukatuko da, baina luzatutzat joko da aldeetako batek haren amaiera idatziz iragartzen ez badu, bukatu baino hirurogei egun lehenago gutxienez, eta, betiere, enpresaren beste hitzarmen kolektibo bat onetsi arte.

4. artikulua. Ordainsariak.

A) Hitzarmenaren indarraldiko lehenbiziko urterako (2005erako) % 2,5eko igoera aplikatuko zaie 2004ko abenduaren 31n langileek kobratzen zituzten soldatei, ondoko kontzeptuei hain zuzen: oinarrizko soldata, antzinatasuna, hitzarmenaren plusa, lanpostua eta osagarri pertsonala, gehi uztaileko, eguberrietako eta irabazien pagari dagozkien lansari bereziak, guztira 78 egun natural osatzen dituztenak, hitzarmen honen 10. eta 11. artikuluei jarraikiz.

Estatistika Institutu Nazionalak Nafarroako Foru Komunitaterako finkatzen duen Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) aurreikusia zegoena baino % 2 edo gehiagokoa baldin bada, soldata berrikusiko da soberakin hori berdintzeko, eta, betiere, igoera Nafarroako Kontsumoko Prezioen Indize benetakoa baino % 0,50 handiagoa dela bermatuko da.

Aurreko lerroaldean ezarritako soldata berrikuspenetik ateratzen den diru kopurua, horrelakorik bada, behin bakarrik ordainduko da, 2006ko urtarrileko nominan.

B) 2006ko urtarriletik aurrerako ondorioekin, 2005eko abenduaren 31n langileek kobratzen zituzten soldatei igoera bat aplikatuko zaie, honela: Nafarroako Foru Komunitaterako 2006rako finkatutako Kontsumoko Prezioen Indizeari dagokion kopurua eta % 0,50 gehiago, ondoko kontzeptuetan: oinarrizko soldata, antzinatasuna, hitzarmenaren plusa, lanpostua eta osagarri pertsonala, gehi uztaileko, eguberrietako eta irabazien pagari dagozkien lansari bereziak, guztira 78 egun natural osatzen dituztenak, hitzarmen honen 10. eta 11. artikuluei jarraikiz.

Estatistika Institutu Nazionalak Nafarroako Foru Komunitaterako finkatzen duen Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI), 2006ko abenduaren 31n, aurreikusia zegoena baino handiagoa baldin bada, soldata berrikusiko da soberakin hori berdintzeko, eta, betiere, igoera Nafarroako Kontsumoko Prezioen Indize benetakoa baino % 0,50 handiagoa dela bermatuko da.

Aurreko lerroaldean ezarritako soldata berrikuspenetik ateratzen den diru kopurua, horrelakorik bada, behin bakarrik ordainduko da, 2007ko urtarrileko nominan.

5. artikulua Soldaten egitura.

Ondoko kontzeptu hauek osatzen dute soldata: oinarrizko soldata, lanpostuaren plusa, hitzarmenaren plusa eta osagarri pertsonala.

_2005eko oinarrizko soldata, lanpostuaren plusa eta hitzarmenaren plusa ondoko taulan ageri dira:

Ingeniari eta lizentziatuak 706,26 70,626 895,573

Administrazioko burua 534,91 53,491 884,375

Arduraduna 520,20 52,020 822,801

Administrari-ofiziala 520,20 52,020 850,796

Biltegizaina 520,20 52,020 822,801

Laborategiko laguntzailea 510,234 51,023 441,283

(Eur/egunean) (Eur/egunean) (Eur/egunean)

1. kategoriako profesionala 16,545 1,654 27,061

2. kategoriako profesionala 16,545 1,654 24,74

Espezialista 16,545 1,654 15,623

_Enpresak konpromisoa hartzen du lanpostuaren plusaren zenbatekoari buruzko azterlan bat egiteko; azterlan hori enpresa batzordeari emanen zaio 2005eko abenduaren lehena baino lehen, alderdiek azter dezaten.

_Arduradun kategoriak "arduradunaren plusa" izanen du, 2005. urtean 144,793 euro hilabetean.

_Antzinatasuneko osagarriak ondoko hauek izanen dira: bi hirurteko eta bost bosturteko. Dagokion portzentajea momentu bakoitzean kobratzen den oinarrizko soldatari aplikatuko zaio, baina 2002ko urtarrilaren lehenetik aurrera portzentajeetan izaten diren igoerak, igoera sortzen den urteko lanbidearteko gutxieneko soldatari aplikatuko zaizkio. Hirurteko bakoitzaren zenbatekoa % 5ekoa izanen da eta bosturtekoena % 10ekoa; osagarria % 60koa izanen da gehienez, eta betetzen den hilabetearen ondoko hilabetearen 1etik aurrera kobratuko da.

_Osagarri pertsonala: ordainsariaren kontzeptu pertsonal hau aurreko hitzarmenean sortu zen; haren zenbatekoa ondoko hau zen: hitzarmen horretako oinarrizko soldata, hitzarmenaren plus, lanpostuaren plus eta, horrelakorik egonez gero, antzinatasun kontzeptuei zegokien ordainsariaren eta langileak benetan kobratzen zuen kopuruaren arteko aldea. Baldintza pertsonaletan onuragarriena da hau.

6. artikulua. Lanpostuen mugikortasun funtzionala.

Nahasketa eta Bambury atalak, bi auma, Mozketa eta Biltegia Artika errepideko 16-18ko lantokira eraman ondoren, enpresak zilegi izanen du edozein langile lantoki batetik bestera nahi duenean igortzea, haren eskubide ekonomiko eta profesionalak errespetatuz betiere.

7. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gaueko lanaren plusa oinarrizko soldatako, antzinatasuneko, lanpostuaren pluseko, hitzarmenaren plus eta, horrelakorik badago, osagarri pertsonaleko kontzeptuen % 33koa izanen da. Benetan lan egindako gau bakoitzagatik ordainduko da.

8. artikulua. Aparteko eskersariak.

Uztaileko eta eguberrietako aparteko eskersariak, horietako bakoitzak 30 eguneko soldata egiten baitu, dagokien mugaegunean ordainduko dira, oinarrizko soldatako, antzinatasuneko, lanpostuaren pluseko, hitzarmenaren pluseko eta, horrelakorik badago, osagarri pertsonaleko kontzeptuengatik langile bakoitzak kobratzen duen soldata oinarritzat hartuta.

9. artikulua. Irabazietan partea izatea.

Lan egindako urte natural bakoitzeko irabazietako partaidetza bat sortuko da; haren zenbatekoa oinarrizko soldatako, antzinatasuneko, lanpostuaren pluseko, hitzarmenaren pluseko eta, horrelakorik badago, osagarri pertsonaleko kontzeptuen 18 eguni dagokiona izanen da. Aparteko ordainsari horren likidazioa eta ordainketa sortzen den urtearen ondoko urteko maiatzean eginen dira.

10. artikulua. Lanbide kategoriak.

Enpresako langileen lanbide kategoriak hitzarmen honen 1. eranskinean daude. Eranskina bertaratu guztiek sinatu dute adostasuna adierazteko.

Lanbide kategoriak enpresan aplikatzen ari diren mugikortasun funtzionala eta lanpostuaren mugikortasuna ukitu gabe esleituko dira.

Langile obreroentzako "sarbidea enpresara" lanbide kategoria berretsi da, aldeek uste baitute langile horiek lanpostuan ikasi eta moldatzeko denbora bat behar dutela, dagozkien lanak egin ahal izateko, gero lortuko duten kategoriako lanpostuetan izanen duten balioaniztasun handienarekin eta egindako lanen erantzukizuna hartuz.

Langile obreroentzako "sarbide" kategoria "espezialista" kategoria izanen da, eta bertan egoteko gehieneko denbora hamabi hilabetekoa izanen da; lehenbiziko bi hilabeteak proba modukoak izanen dira. Hamabi hilabeteko epe hori bukatuta, edo bukatu baino lehen bere gaitasuna eta balioaniztasuna frogatzen baldin baditu, edozein dela ere erabilitako aldi bateko kontratazioa (bitartekoa eta prestakuntzakoa izan ezik), langilea bere lanaren arabera dagokion lanbide kategoriara igoko da, betiere mugikortasun funtzionala bere horretan gordea. Enpresak aldi baterako laneko enpresetako langileak kontratatuko ditu legeek ezartzen dituzten eginkizun zehatzetan aritzeko.

11. artikulua. Urteko lanaldia.

Hitzarmen honen indarraldiko bi urteetan, urteko lanaldia benetan egindako mila zazpiehun eta hirurogeita hamasei (1.776) ordukoa izanen da, 224 lanegunetan banatuak; eguneko atsedenaldia hamabost minutukoa izanen da, eta denbora hori lan denboratzat hartuko da lanaldi jarraituko langileentzat.

Hitzarmen honen indarraldiko bi urteetan, lanaldi zatitua duten langileen urteko lanadia benetan egindako mila zazpiehun eta berrogeita lau (1.744) ordukoa izanen da.

Administrazioko bulegoak udako ordutegia izanen du ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte, biak barne, enpresaren jarduna, bai barnekoa bai bezero nahiz hornitzaileei begira, kaltetu gabe. Horretarako, gutxienez hiru pertsona egonen dira bulegoan udako ordutegian.

12. artikulua. Erabilera libreko egunak.

Hitzarmen honen indarraldiko bi urteetan (2005 eta 2006), erabilera libreko bi egun ezarri dira urtean lantegiko langileentzat; ahal dela, egun horiek astelehen edo ostiraletako goizeko txandan hartuko dira, eta ez hiru pertsona baino gehiago egun berean, makina berean lan egiten ez badute edo lankide bat bajan ez badago. Aurreabisua gutxienez 30 egun lehenago eginen da, premia handikoa ez bada behintzat.

Lanaldiaren murrizketa hori 11. artikuluan aipatutako urteko lanaldiaren barruan dago, beraz, hitzarmen honen 2 urteko indarraldian, 224 lanegun egonen dira enpresan urte bakoitzean.

13. artikulua. Lan egutegia.

Urte bakoitzaren hasieran eta urteko jaiegunak zein diren jakin ondoren, enpresak lan egutegia finkatuko du enpresa batzordearekin batera.

2005eko lan egutegia 2. eranskinean ageri da.

14. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek hogeita hamar egun naturaleko oporraldia izanen dute, uztailean eta abuztuan hartu beharrekoa, bi zatitan.

Oporraldiaren lansariak kalkulatzeko, oporrak hasi aurreko hiru hilabeteetan, lanaldi arruntean, kontzeptu guztiengatik kobratutako batez bestekoa aterako da.

Oporrak izateko eskubidea duen langileren batek lana uzten baldin badu urtean zehar, lan egindako hilabeteen kopuruari dagokion diru kopurua kobratuko du; hilabete baten zatia hilabete osotzat hartuko da. Langilea hiltzen bada, diru hori haren eskubidedunei ordainduko zaie.

Oporrak izateko eskubidearen ondorioetarako, kontuan hartuko da eskubide hori urte bakoitzeko uztailaren lehenean hasi eta hurrengo urteko ekainaren 30ean bukatzen dela.

15. artikulua. Gizarte Segurantzaren babesaren borondatezko hobekuntzak.

A._Lan istripuaren, lanbide eritasunaren edo ospitaleratzearen ondoriozko aldi baterako ezintasuna.

Kasu hauetan bakarrik, enpresa soldata osatzera behartuta egonen da, bajaren egunean langileak kontzeptu guztiengatik kobratzen zuen kopurua berdindu arte. Kontuan harturik bajan dagoen langileak soldata aseguratu eta kotizatuaren % 75 gehi uztaileko eta eguberrietako eskersariak kobratzen dituela, enpresak langileak jardunean kobratzen zuen soldataren % 100 osatzeko falta dena besterik ez du ordaindu behar, baina eskersari horien mugaegunean, enpresak oso-osorik ordainduko ditu, edozein dela ere langileak bajan emandako denbora. Irabazien paga ordaintzeko ere irizpide bera aplikatuko da. Aparteko orduak, primak eta bestelako kontzeptuak direla-eta langileak sortu dituen diru kopuruak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

Ospitalizazioa ospitale batean egondako denbora izanen da, hala nola hura sortu zuten arrazoiei lotutako eri ondoko aldia eta kirurgia anbulatorioa. Osagarri hori hemezortzi hilabetez ordainduko da gehienez.

B._Gainerako arrazoiek sortutako aldi baterako ezintasuna.

Enpresak aldi baterako ezintasunaren prozesua arautzen duen soldataren % 60 ordainduko du gehienez, bajaren lehenbiziko hiru egunetan.

16. artikulua. Absentismoari buruzko azterlana.

Enpresak konpromisoa hartzen du aldi baterako ezintasunak sortzen duen absentismoari buruzko azterlan bat egiteko. Azterlana enpresa batzordeari jakinaraziko zaio 2005eko abenduaren lehena baino lehen, azter dezan.

17. artikulua. Medikuarengana joateko lanetik ateratzea.

Eritasuna dela-eta, langileak kontsultategi medikora joan behar baldin badu lanorduetan, enpresak horretarako behar den denbora emanen dio, ordainsaria galdu gabe. Gizarte Segurantzako edo horretatik kanpoko sendagileak edo behar bezala kreditatutako langile batek ontzat emandako frogagiria aurkeztuko du langileak denbora hori justifikatzeko.

18. artikulua. Segurtasuna eta higienea.

Enpresa eta langileak behartuta daude arlo honetako legeriak agindutakoa betetzera, bereziki Langileen Estatutuan eta Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legean ezarritakoa.

19. artikulua. Aparteko orduetan lan egitea.

Makinak mantendu eta prestatzeko behar diren aparteko orduez gain ez da aparteko orduetan lan eginen, premia handiko lan bat dagoenean izan ezik, eta Langileen Estatutuaren 35. artikuluak arlo horretan ezartzen dituen mugak gainditu gabe. Egiten diren aparteko orduen lansaria ohiko ordu bati dagokion soldata gehi % 75 izanen da; ohiko ordu bati dagokiona kalkulatzeko, zatiketa eginen da urteko soldata osoaren eta 1.776 orduren artean, horixe baita hitzarmen honen indarraldirako ezarri den urteko benetako lanaldia.

Aparteko orduak atsedenaldiarekin konpentsatuko zaizkie hala nahi duten langileei, enpresaren ekoizpen prozesua oztopatu gabe betiere.

20. artikulua. Baimen ordainduak.

Langileek ondoko baimen ordainduak izateko eskubidea dute, aurretik abisu eman eta agiri bidez justifikatzen badute:

a) Ezkontzagatik: hamabost egun natural.

b) Seme-alaben jaiotzagatik: bi egun; horietako bat erregistratzeko egun baliodun batean hartuko da nahitaez. Baimena lau egunera luzatzen ahalko da ebakuntza (zesarea) edo sendagileak diagnostikatutako eritasuna dagoenean, hala nola langileak horretarako bidaia bat egin behar duenean. Azken kasu horretan, irizpide honen arabera luzatuko da baimena: 100-200 Km-ko bidaia: 1 egun gehiago; 200 Km baino gehiagokoa: 2 egun gehiago.

c) Bigarren gradurainoko odol-edo ezkontza-ahaideen ospitalizazioagatik, sendagileak diagnostikatutako eritasun larriagatik edo heriotzagatik; bi egun natural; baimen hori lau egunera arte luzatzen ahalko da kasu horietan bidaia egiteko beharra dagoenean, distantziei eta baimena luzatzeari buruz aurreko atalean ezarritako arauekin.

d) Langilearen nahiz haren ezkontidearen seme-alaba, guraso nahiz senideen ezkontzagatik: egun natural bat, ezkontzaren eguna bera.

e) Egun natural bat ohiko bizilekuz aldatzeko.

f) Publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora, boto unibertsala ematekoa barne. Aldi jakin bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.

21. artikulua. Amatasuna.

Erditze kasuan, langileak eskubidea izanen du indarra duen legerian ezarrita dagoen denboraz bere lan kontratua eteteko eta denbora hori nahi duen bezala banatzeko, erditu aurretik eta ondoren.

22. artikulua. Esnea ematea.

Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete.

23. artikulua. Eszedentziak.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, urtebeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero. Nahitaezko eszedentzia (lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik ematen dena) dagoenean, langileak eskubidea du lanpostua gorde eta denbora hori antzinatasunari begira kontatzeko. Lanpostura itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barnean eskatu beharko da.

Semea edo alaba zaintzeko eszedentzia hartzeko eskubidea ere izanen da, jaiotzen denetik hasita hiru urtez gehienez. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina lehendik beste bat izanez gero hura bukatu eginen da. Aitak eta amak, biek lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hori.

Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

Eszedentziari buruzko gainerako aferetarako, Langileen Estatutuaren 46. artikuluari jarraikiko zaio.

24. artikulua. Erretiroa.

A._64 urterekin erretiratzea.

Enpresa honetako langileek eskubidea dute 64 urte betetzean erretiroa hartzeko, 1985eko uztailaren 17ko Errege Dekretuan ezarritako arauei jarraikiz.

Hortaz, errege dekretu horri jarraikiz, enpresa behartuta egonen da eskubide horretaz baliatzen den langilearen ordez beste bat jartzeko; kontratazio berri hori aipatutako errege dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz arautuko da, eta zilegi izanen da momentu horretan enpresan behin-behineko, aldi baterako, epe jakin baterako nahiz ordezkapena egiten denean indarra duen beste edozein kontratazio mota batekin lanean ari den eta plantillako langile finkoa ez den langile bati egitea kontratu hori.

B._Erretiro partziala.

Erretiro partzialaren pentsiorako eskubidea izateko legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileek erretiro partzial hori eskura dezakete.

Erretiro partziala hartzen duen langilearen lanaldia urte batean pilatzen ahalko da, bi aldeak ados baldin badaude, eta enpresak ezarritako egunetan eginen da.

Enpresa behartuta dago langileak erretiro partziala hartu ahal izateko legeek eskatzen dituzten jarduketak eta izapidaketak egitera, eta, bereziki, errelebo-kontratu bat eginen du legeek ezarri bezala.

25. artikulua. Kategoria desberdineko lanak.

Behar izanez gero, enpresak beste kategoria bateko lanak egiteko agintzen ahalko die langileei, baina behar hori desagertzean, lehengo lanpostura itzuliko dira.

_Goragoko kategoria bateko lanak direnean, aldaketa ez da sei hilabete jarraitukoa baina luzeagoa izanen, eritasuna, lan istripua, lizentzia edo antzeko arrazoiak daudenean salbu. Goragoko kategoria batean egiten diren bitartean, kategoria horretako ordainsariak kobratuko dira.

_Beheragoko kategoria bateko lanak bi hilabete jarraituz eginen dira gehienez, baina epe hori luzatzen ahalko da aparteko arrazoiak daudenean eta enpresak horren berri eman beharko die langileen ordezkariei. Nolanahi ere, langileak jatorrizko kategoriako ordainsariak kobratzen segituko du, baldin eta langileak berak bestela eskatzen ez badu.

26. artikulua. Asteko laneko txanden zerrendak aurrez jakinaraztea.

Enpresak konpromisoa hartzen du asteko laneko txanden zerrendak aurreko osteguna baino lehen argitara emateko, alegia, gutxienez aurreko asteazkenean.

27. artikulua. 39/1999 Legea, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateari buruzkoa.

Enpresak laneko eta familiako eginkizunak batera eramateari buruzko 39/1999 Legea betetzen segituko du, eta bertan ezarritakoa aplikatuko die enpresako lan harremanei, indarra duen bitartean.

28. artikulua. Enpresa batzordeak._Enpresa batzordeei, talde-ordezkaritzari, parte-hartzeari, eskumenei eta abarri buruz Langileen Estatutuak ezartzen duena espreski onartuta, bi aldeek konpromisoa hartzen dute Langileen Estatutuak eta Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrak ezartzen dutena betetzera.

29. artikulua. Ordezko araua._Enpresako hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez diren aferetarako, indarra duten legezko xedapenak, gerora emanen direnak eta, bereziki, Langileen Estatutuan eta Industria Kimikoaren Hitzarmen Orokorrean ezarritako arauak aplikatuko dira.

Eta adostasunaren eta onarpenaren frogagarri, enpresako hitzarmen kolektibo hau sinatu dute, hiru aletan, "ut supra" hirian eta egunean._"Industrias del Caucho, S.L."ren izenean: Iñigo Nuin Lopetegui jauna. Enpresa batzordearen izenean: Emilio Galera Ortega, Alfredo Cestau Eslava, Joaquin Cestau Eslava eta Juan Gorospe Fernández jaunak

1. ERANSKINA

Kategorien sailkapena

a) Lehen kategoriako profesionalak

Kategoria honetan sartzen dira ondoko eginkizun hauetan autonomiaz eta era iraunkorrean aritzen diren langileak:

_Bambury nahasketa, 50 litrotik gorako edukierarekin.

_Zilindro nahasketa, 1.300 mm baino gehiagoko oholekin.

_Auma edo Rotocure-ren arduraduna.

_Prentsen arduraduna

_Nahasketak dosifikatu eta prestatzeko arduraduna.

_Ebakitzeko makinako arduraduna, bukatutako produktuaren kontrolarekin.

_Arrabolak prestatu, bendatu, bulkanizatu eta zuzentzeko arduraduna.

_Eskaerak sailkatu eta prestatzeko arduraduna.

_Kalandren arduradunak.

_Mantentze-lanetako mekanikaria.

b) Bigarren kategoriako profesionalak:

Era iraunkorrean ondoren azaltzen diren lanpostu eta eginkizunetan aritzen diren langileak sartzen dira lanbide kategoria honetan:

_Zilindro nahasketa, 1.300mm baino gutxiagoko oholekin.

_Prentsa txikietan lan egitea edo prentsa handi, auma, zilindro, arrabola, bambury eta ebakitzeko makinetan laguntzea, makinaren arduradunaren jarraibideei jarraikiz.

_Materialak banatu eta mugitzea, bai makinak elikatzeko, bai kalandretik, batch-off, prentsa, auma eta ebakitzeko makinetatik erroiluak biltzeko.

_Biltegietako materialen mugitze-lanak.

c) Kalitatea ziurtatzeko arduraduna

Kalitatea kontrolatu eta prozesu industriala gainbegiratu eta kontrolatzeko eginkizun teknikoak egitea.

d) Laborategiko laguntzailea

Laborategiko oinarrizko eginkizunak, adibidez laginak prestatu eta saiakuntzak egitea, baina ez laginen analisi kimikoa egitea.

e) Espezialista

Langile obreroentzako sarrera-kategoria da, eta kontratatu berriak bertan egonen dira gehienez hamabi hilabetez; lehenbiziko bi hilabeteak proba modukoak izanen dira.

Langile batek espezialista eginkizunetan jardun baldin badu edozein kontratu motarekin, ez da probaldirik eginen.

Aldi baterako laneko enpresa baten kontratuarekin espezialista eginkizunetan aritzen diren langileei, enpresan jarraipenik gabe sartu baldin badira, lan egindako denbora guztia kontatuko zaie eta, beraz, kategoria horretan egonen dira epealdiari geratzen zaion denbora, hamabi hilabetak osatu arte.

Egonaldia bukatutakoan, esleitzen zaien kategoriara igoko dira, egiten duten lanaren arabera.

2005EKO LAN EGUTEGIA

"Industrias del Caucho, S.L." enpresak eta langile batzordeak onetsia

Lanaldia:

40 ordu astean, 8 ordu egunean.

Ogitartekorako atsedena:

Txanda jarraituko langileek hamabost minutuko atsedenaldia izanen dute ogitartekorako; denbora hori lan denboratzat hartuko da.

Lanegunak:

Urtarrila: 19 egun.

Otsaila: 20 egun.

Martxoa: 20 egun.

Apirila: 21 egun.

Maiatza: 22 egun.

Ekaina: 22 egun.

Uztaila: 12 egun.

Abuztua: 8 egun.

Iraila: 22 egun.

Urria: 20 egun.

Azaroa: 20 egun.

Abendua: 18 egun.

Guztira: 224 egun.

Jaiegunak:

Urtarrilaren 1a eta 6a: 2 egun.

Martxoaren 19a, 24a, 25a eta 28a: 4 egun.

Uztailaren 25a: egun bat.

Abuztuaren 15a: egun bat.

Urriaren 12a: egun bat.

Azaroaren 1a eta 29a: 2 egun.

Abenduaren 3a, 6a eta 8a: 3 egun.

Guztira: 14 egun.

Oporrak:

Uztailaren 6tik 15era bitarte: 10 egun natural.

Abuztuaren 1etik 19ra bitarte: 18 egun natural.

Abenduaren 29tik 30era bitarte: 2 egun natural.

Guztira: 30 egun natural.

Iragarkiaren kodea: F0517471