100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

RIBAFORADA

Deialdia, Ribaforadako Udalaren zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Ribaforadako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionario moduan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz, hautatua gertatzen dena Ribaforadako Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da.

1.3. Lanpostua D mailari dagozkion lansariez hornituko da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

1.4. Udaleko organoen zuzendaritzapean, D mailak berezko dituen eginkizunak dagozkio izendatuari, baita bere kategoriarekin bat heldu diren bertze guztiak ere, manatzen bazaizkio, eta bereziki hauek:

_Udalaren hiri azpiegitura eta instalazioetako mantentze eta zaintza lanak.

_Udalaren obra taldearen lanak egitea eta/edo haietan sostengu ematea.

_Ibilgailuetako eta makineriako mantentze lanak.

_Eta, orokorrean, honaino deskribatu direnen gisakoak, zerbitzua dela-eta manatzen bazaizkio.

1.5. Lan mota eta lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda ditzakete.

1.6. Izendatzen den izangaiak Ribaforadan bizi beharko du.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europako Batasuneko bertze edozein herritakoa, eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean adinez nagusi izatea.

b) Eskola-graduatuaren tituluaren, lehen mailako Lanbide Heziketaren edo baliokideren baten jabe izatea.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izana.

e) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean B1 mailako gidatzeko baimenaren jabe izatea.

f) Udaleko diruzaintzan 6,00 euro ordaintzea, azterketa eskubideengatik.

2.1.1. Probak gainditu eta lanpostua lortzen duen izangaiak deialdi honetan xedatzen den moduan eta epean egiaztatu beharko ditu arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita hautapen prozedura osoan eta izendapen eguna bitarte ere.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izatea eskatzeko eskabideak Ribaforadako Udalaren erregistroan aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta honako agiri hauekin batean:

a) Eredu ofizialaren araberako eskabidea, 1. eranskinean agertzen dena.

b) N.A.N.aren edo bertzelako identifikazio agiri baliokideren baten fotokopia.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan zehaztuko da probak zer tokitan eginen diren eta zer egun eta ordutan hasiko diren.

Gero, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean ikusgai emanen du hurrengo probak zein egunetan eginen diren.

4.4. Funtzio publikoan sartzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, oposizioa deialdia argitaratzen den egunetik hasita bi hilabeteren buruan hasiko da gutxienez.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoa.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: José Luis Romano Catalán.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: Fernando Arriazu (Ablitasko Udaleko idazkaria).

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Mahaikidea: Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Idazkaria: (hizpidea duela baina botorik ez), Udalbatzakoa.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta eraketa eta jarduketa baliozkoak izateko haien kideen gehiengo osoak agertu beharko du, gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarri guztien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen goiti-beheitiak oro.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketaldia eta ondotik oposizioaldia.

6.2. Oposizioaldia:

Lehen ariketa: bi proba izanen ditu. Hauexek:

A) Diktaketa bat egitea, eguneko prentsako zati batena, berrehun hitz ingurukoa.

Probaren balioa: 10 puntu. Ortografiako akats bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira, azentu akatsetan salbu, horietan bakoitzeko 0,1 puntu soilik kenduko baita.

Bazterturik geldituko dira bortz puntu baino gutxiago ateratzen dituzten oposiziogileak.

B) Oinarrizko mailako bortz problema ebaztea. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Probaren balioa: 10 puntu; 2 puntu osorik ebatzitako ariketa bakoitzeko.

Bazterturik geldituko dira 5 puntu baino gutxiago ateratzen dituzten oposiziogileak.

Bigarren ariketa: bi proba egin beharko dira, kultur orokorrekoak eta Ribaforada geografia fisiko, gizarteko eta hirikoari eta historiari buruzkoa.

A) Kultur orokorreko proba: hogei galdera eta test motako erantzunak.

Gaizki erantzundako hiru galdera bakoitzeko 0,5 puntu kenduko dira.

Probaren balioa: 10 puntu; 0,5 puntu erantzun zuzen bakoitzetik.

Bazterturik geldituko dira 5 puntu baino gutxiago ateratzen dituzten oposiziogileak.

B) Ribaforada geografia fisiko, gizarteko eta hirikoari eta historiari buruzkoa: hogei galdera eta test motako erantzunak.

Gaizki erantzundako hiru galderatik 0,5 puntu kenduko dira.

Probaren balioa: 10 puntu; 0,5 puntu erantzun zuzen bakoitzetik.

Bazterturik geldituko dira 5 puntu baino gutxiago ateratzen dituzten oposiziogileak.

Hirugarren ariketa: proba teoriko bat izanen da eta hartan test motako hogei galdera erantzun beharko dira, bakoitzak 0.5 puntu izanen dituena eta osotara 10 puntu gehienez; oker erantzundako hiru galderatik 0,5 puntu kenduko da. Gaia Ribaforadako Udalaren antolaketa, funtzionamendua eta egitura izanen da, eta bazterturik geldituko dira 5 puntu eskuratzen ez dituztenak.

Laugarren ariketa: Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak prestatuko dituen proba psikoteknikoak egin beharko dira eta horietan neurtuko da izangaia zenbateraino hurbiltzen den lanpostuaren eskakizun profesiografikora. Proba honetan 10 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.

6.3. Lehiaketaldia:

_Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituen lanpostuan zerbitzu egiteagatik, 2 puntu lan egindako urte bakoitzetik eta gehienez ere 10 puntu.

Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, behar den hainbanaketa eginen da.

7. oinarria._Puntuazioen esleipena.

7.1. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, jendaurrean jarriko dira, Udaleko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den; hura, azken proba kenduta, egun berean egiten ahalko da goiz nahiz arratsaldeko ordutegian, epaimahaiak zer erabakitzen duen.

7.2. Ariketak deialdi bakarrean eginen dira, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo gisakoa aldean daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8. oinarria._Gainditzen dutenen zerrenda.

8.1. Oposizioaldia bukatuta, epaimahaiak jendaurrean emanen du Udaletxeko iragarki oholean, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

8.2. Epaimahaiak puntuazio altuena lortzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalean, proposatutako izangaiak Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak eta honako dokumentazio hau:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzeko.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

8.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ez da izendatzen ahalko eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

8.5. Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

9. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura bukatuta, ebazpen bidez, alkateak zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du eta, behar baldin bada, kontratatzeko aginduko du lanpostu horretan ari dadin.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean jabetza hartzen ez badu, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 8.1. oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin edo izangaiekin beteko da lanpostua.

10. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.

Ribaforadan, 2005eko uztailaren 13an._Alkate udalburua, José Antonio Villafranca Enrique.

ESKABIDE EREDUA

Izena: .................., adinez nagusia, N.A.N. zk.: .......... bizilekua: ...................., karrika: ................................, posta kodea: ..........; telefonoa: .................

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Ribaforadako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionario moduan eta Gizarte Segurantzari atxikia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira, alegia, data honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartara, haren oinarrien berri baitut eta espresuki onartzen baititut, eta eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

Horrenbertzez, eskabidea garaiz eta behar den bezala aurkeztuta, deialdiaren probetan onartua izatea eskatu nahi dut.

(Eguna eta izenpea)

Iragarkiaren kodea: L0516479