100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEITZA

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Leitzako Udalak, 2004ko abenduaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako herriko eraikuntzen zaharberritze eta apainketa eta bestelako obrentzako dirulaguntzei buruzko ordenantza. Erabaki hau otsailaren 9an argitaratu zen, 2005eko 17. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Epe hori iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez dituenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantzen aldaketa, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren ariora.

Leitzan, 2005eko uztailaren 26an._Alkatea, Patxi Saenz Lazcano.

LEITZAKO HERRIKO ERAIKUNTZEN ZAHARBERRITZE ETA APAINKETA ETA BESTELAKO OBRENTZAKO DIRULAGUNTZEI BURUZKO ORDENANTZA

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (E.I.O.Z.) indarrean jarri zenean, zerga-tasak finkatu ziren, baina ez ziren zehaztu herriko eraikuntzak edertu eta apaintzeko egiten diren hainbat lanek izanen zituzten salbuespen eta laguntzak.

Udalerrian kokaturik dauden eraikuntzen eta etorkizunean egin litezkeen eraikuntza eta lanak arautuko dituen zaharberritze, edertze eta apainketari buruzko ordenantza onestea nahitaezkoa da. Beraz:

1. artikulua. E.I.O.Z.en zenbatekoaren % 100eko dirulaguntza jasoko dute, eraikuntza, lan eta instalazioetan eginen diren ondoko jarduerek:

a) Teilatu, teilatu-hodi eta teilatu-hegalen konponketak, etxeak 20 urte baino gehiago baldin baditu.

b) Eraikuntzaren fatxada eta leihoen konponketak zein margoketak, etxeak 20 urte baino gehiago baldin baditu.

d) Kontraleihoak jarri eta balkoiak hertsi eta konpontzeak, etxeak 20 urte baino gehiago baldin baditu.

e) Igogailuak jartzeak, etxeak 20 urte baino gehiago baldin baditu.

f) Etxea minusbaliatuentzat egokitze lanak, etxe horretan minusbaliaturen bat bizi baldin bada.

2. artikulua. Zaharberrituko diren etxeak hutsik badaude, E.I.O.Z.en zenbatekoaren % 10eko dirulaguntza jasoko dute, betiere Nafarroako Gobernuak kalifikazio hori eman badie eta jabeak etxe hori gutxienez 5 urterako alokatzen badu. Alokairua poltsa publiko baten bidez egiten badu, dirulaguntza % 30ekoa izanen da.

3. artikulua. E.I.O.Z.en zenbatekoaren % 100eko dirulaguntza jasoko dute inolako irabazteko asmorik ez duten entitateek egiten dituzten obrek.

4. artikulua. Dirulaguntza hauek jasotzeko, obra baimenaren eskatzaileak Udalak eskatzen dion dokumentazio guztia aurkeztu beharko du. Betiere, dirulaguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak Leitzako Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta edukitzea nahitaezkoa da.

5. artikulua. Ordenantza honen edukiaren aurka doazen ordenantza eta arau oro, baliorik gabe gelditzen dira.

6. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betiko onespena iragartzen denean indarrean jarriko da.

Leitza, 2005eko uztailaren 26an._Idazkaria, Natalia Rodríguez Aguado.

Iragarkiaren kodea: L0516619