100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

DONAMARIA

Behin betikoz onetsirik Herriko jabari publikoko lurzoruan, hegalkinean eta zorupean zerbitzuen enpresa ustiatzaileek herritar guztiendako edo ugarirendako egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala

Donamariako Udalak, 2005eko martxoaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko lurzoruan, hegalkinean eta zorupean zerbitzuen enpresa ustiatzaileek herritar guztiendako edo ugarirendako egiten dituzten aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Iragarkia 2005eko 49. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 25ean. Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, behin betikoz onetsitzat jo da eta, beraz, bidezko da haren argitalpena.

Donamarian, 2005eko uztailaren 15ean._Alkate udalburua, Rikardo Sagaseta Andiarena.

O R D E N A N T Z A

1. artikulua. Lege esparrua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan xedatzen denari jarraituz.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzua egitearekin ikustekoren bat badute eta interes orokorreko horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte, herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten ala ez kontuan hartu gabe.

Jabari publikoko aprobetxamendu berezia gertatuko da baldin eta, hornidura zerbitzuak egitearen ondorioz, hegalkina, lurzorua edo zorupea okupatzen duen sarea edo azpiegitura erabili behar bada, okupazio hori modu esklusiboan egin ala ez, eta azpiegitura horien titularra nor den kontuan hartu gabe.

Nolanahi ere, zerbitzua udal mugapearen barnean egin dela ulertuko da betiere haren izaera dela-eta jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen aprobetxamenduaren menpeko bada edo harekin ikusteko badu, prezioa bertze udalerri batean ordaintzen bada ere.

3. artikulua. Tasaren sortzapena.

Tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua hasten edo bukatzen bada, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta berdin kuota hainbanatuko.

Erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasi dela ulertuko da horretarako baimena ematean, lizentzia edo baimena behar denetan; bertzenaz, eskatzen duten herritarrei zerbitzua egiazki egiten zaienean.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Enpresa ustiatzaileek, zergadun gisa, tasa ordaindu behar dute, baldin eta jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiten badute, uraz, gasaz, argindarraz, telekomunikazioaz (telefonia finko eta mugigarria) hornitzeko zerbitzuak edo gisako bertze edozein zerbitzu ustiatu beharrez.

Orobat ordaindu behar dute komunikazio sareak ustiatzen dituzten enpresa, entitate edo administrazioek, baldin eta horretarako erabiltzen badituzte zuntz optikoko sistemak, kable bidezko telebista edo toki erakundearen jabari publikoan pasatzen diren edo paraturik dauden sareak edo muntadurak behar dituen bertze edozein teknika.

Tasa honi dagokionez, garraio, banaketa nahiz merkaturatze lanetan ari diren enpresak hartzen dira zerbitzuaren enpresa ustiatzailetzat.

Betiere, erabiltzen diren sare edo azpiegituren titularrak nahiz horiei dagokienez erabilpen, sarbide edo lotura eskubidea duten titularrak izanen dira subjektu pasiboak.

5. artikulua. Zerga oinarria: tasak eta tarifak.

Enpresa horiek udal mugapean urtero eskuratzen duten fakturaziotik heldu den dirusarrera gordinen araberakoa izanen da kuota aurkitzeko tasari aplikatzeko oinarria.

Halakotzat hartuko dira entitate bakoitzari egozten ahal zaizkion dirusarrera gordinak, enpresa ustiatzaileek erran den denboran eskuratu dituztenak udal mugapean egindako hornidura zerbitzuen ordain. Horien barnean daude, bertzeak bertze, aipatu zerbitzuak egitean erabiltzen diren kontagailu, ekipo eta muntadurak, enpresenak edo erabiltzaileenak direnak, alokatze, abiarazte, zaintze, aldatze, konektatze, deskonektatze eta ordezkatzetik heldu direnak. Halakotzat hartuko dira, orobat, orokorrean enpresa hornitzailearen berezko jardueraren ondoriozko zerbitzuengatik, hirugarrenei dohainik ematen zaien horniduragatik, kontsumo berariazkoengatik eta diruz ordaintzen ez direnengatik egiten den fakturazioari dagozkion dirusarrerak. Azken horiek beren klaseko antzekoei dagokien banaz-bertzeko prezioaren arabera fakturatuko dira.

Aldiz, hauek ez dira dirusarrera gordintzat hartuko: a) egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, eta b) hirugarrenen kontura kobratutako kontusail edo zenbatekoak, kuantifikazio araubide hau aplikatzen zaion entitatearen dirusarrera berariazkoak ez badira.

6. artikulua. Zerga-tasa.

Aplikatuko den tasa ehuneko 1,5 da hornidurako zerbitzuen enpresa ustiatzaileek eskuratzen dituzten dirusarrera gordinen gainean.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak irizpena eginda.

Egindako kalteak konponezinak badira, enpresa ustiatzaileak kalteordaina ordainduko dio Udalari, desegindako ondasunen edo egindako andeatzearen balioa zenbat eta horrenbertze, udal teknikariak hura zenbakietara ekartzeko irizpena eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, udalerriko toki ezberdinetan egiten bada ere, horren ondoriozko kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten hitzar daiteke, hitzarmenean ezarri aldietan ikuskatzen ahal dena, aipatu aldietan aprobetxamendu horietan egindako ustezko kalteak zenbakietara ekarri ahal izateko.

Gordailua lotu daiteke indarra duen arautegia hautsi edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arauteriak eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek hiruhileko bakoitzean aurkeztu beharko dute, udalerrian, erdietsi dirusarrera gordinen aitorpena, behin betiko aitorpen-likidazioaren kontura.

Hiruhileko bakoitzean egiten den aitorpen horren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko 1,5 aplikatu beharko zaio arau honetan ezarritako erregelen ariora.

Aldi berean, ordainketa egin behar duten enpresek dagokien tasen dirusarrera egin beharko dute, Herriko Etxean berean edo, bertzenaz, hiruhileko bakoitzaren ondoko hilean kasu bakoitzean zehazten den entitatearen bitartez.

11. artikulua. Ordaindu behar dutenek kasuan kasuko urte natural bakoitzeko uztailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute behin betiko aitorpen likidazioa, eta harekin batera aurkeztuko dute enpresako auditoreek egitate zehatzen gainean egiten duten ziurtagiria; hartan zergapean dagoen ekitaldiko dirusarrera gordinak adierazi beharko dira. Horiez gain, balantzearen kopia baimendua eta ekitaldiko memoria aurkeztuko dira.

Zenbatekoa zehazteko, ehuneko 1,5 aplikatuko zaio, ordenantza honen arabera, dirusarrera gordin guztien zenbatekoari; azkenean ateratzen den zenbatekoaren eta kontura egindako dirusarreren artean alderik badago, huraxe ordainduko da.

Ateratzen den saldoa negatiboa bada, enpresa ustiatzaileak Udalari ordaindutako soberakina etortzen diren lehen edo hurrengo likidazioetan konpentsatuko da.

Nolanahi ere, tasa ordaindu behar duen enpresak ordainketari ihes egiteko jarrera erakusten badu, udal administrazioak ahalmena izanen du ordainarazpena tramite gehiagorik gabe likidatu eta kobratzeko, bertze bide batzuetatik lortzen ahal dituen datuetan oinarriturik, are aurkeztu gabeko zenbatekoak zenbatespen objektiboen bidez finkatzeko ere.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Tributuaren ikuskapenari, tributu arloko arau-hausteei eta kasu bakoitzean tokatzen diren zehapenei dagokien orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta haiekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal honek 12 artikulu ditu, Udalbatzak 2005eko martxoaren 11n egin osoko bilkuran onetsi zuen hasiera batean eta, indarra hartutakoan, indarra izanen du beti, indargabetzea edo aldatzea erabakitzen ez den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L0516440