100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OITZ

Behin betikoz onetsirik Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza

Oizko Udalak, 2005eko otsailaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Delako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egunean, Herriko Etxeko iragarki oholean eta, ekainaren 10ean, 69. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako ediktuen bidez, eta bitarte horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Horregatik eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen, alegia, maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legeak aldatu zuen horren 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betikoz onetsirik gelditu da.

Bidezko da, beraz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, bai dagokion ediktua bai ordenantzaren testu osoa.

Oitzen, 2005eko uztailaren 19an._Alkatea, Alberto San Miguel Mindeguia.

BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Administrazio izaera.

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Oizko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea.

Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartze egonkorra.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Oizko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

5. artikulua. Lehen inskripzioak.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Agertzen direnetako batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen.

Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Bikoteari buruzko inguruabar eta hitzarmenen oharpena.

Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Batera eskaturik inskribatzea.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Bikote egonkorraren iraungipena.

Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

_Kide bat ezkontzen denean.

_Bien artean hala erabakita.

_Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, bertze kideari modu frogagarrian jakinarazita.

_Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

_Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak Bikote Egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa non.

Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Erregistroaren Liburu Orokorra.

Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Oinarrizko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroaren Liburu Lagungarria.

Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

13. artikulua. Idazpenen publizitaterik ez.

Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Erregistroaren doakotasuna.

Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

15. artikulua. Tratamendu bera.

Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Oizko Udalean.

I. ERANSKINA

Oizko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara elkarrekin:

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ........., eta izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ..........

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizikoa._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena._Ezkontzaz kanpoko elkartze egonkorra osatzen dugula, Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzari jarraikiz.

Hirugarrena._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarrena._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena._Baimena ematen dugula Oizko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela ezkontzaren bidez lotua, ez gure artean ez bertze inorekin ere, eta gutako inor ez dagoela innkribaturik antzeko eduki eta xedeak dituen inolako erregistotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Oizko Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: .................... Stua.: ....................

II. ERANSKINA

Oizko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izen-abizenak: ............., N.A.N.: ......, eta izen-abizenak: ............., N.A.N.: ....................,

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu udal erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Stua.: .................... Stua.: ....................

Iragarkiaren kodea: L0516430