100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, 2005eko uztailaren 4koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Foru Komunitateko ordezkariak izendatzen dituena Nafarroako Segurtasun Batzorderako.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 51.2 artikuluak dioenez, Foru Diputazioak adina ordezkari izanen ditu nazioko Gobernuak Segurtasun Batzordean.

Arau horri jarraituz, otsailaren 5eko 99/1996 Foru Dekretuaren bidez izendatu ziren Nafarroako Gobernuaren ordezkariak Segurtasun Batzorderako.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen onespenak aldaketa handia ekarri du Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduan.

Otsailaren 24ko 38/2005 Foru Dekretuaren bidez egokitu da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa aipatu foru legeei. Departamentuaren antolaketa berriak aldaketa eskatzen du Nafarroako Gobernuak Segurtasun Batzordean dituen ordezkarien izendapenean, otsailaren 5eko 99/1996 Foru Dekretuaren bitartez egiten baita.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12.4 artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. Honako hauek izanen dira Nafarroako Gobernuaren ordezkariak Segurtasun Batzordean, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 51.2 artikuluan aurreikusi bezala:

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.

Barne zuzendari nagusia.

Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

Antolamendu eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

2. Bestetik, zein gai jorratuko diren ikusita, aholkulari gisa baina hizpide eta botorik gabe, Batzordearen bileretan parte hartzen ahal dute Nafarroako Foruzaingoko buruak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatzen duen beste edozeinek.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta biharamunean izanen ditu ondorioak. Egun berean galduko du indarra otsailaren 5eko 99/1996 Foru Dekretuaren bidez egindako izendapenak.

Iruñean, 2005eko uztailaren 4an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0515957