100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BUÑUEL

Behin betikoz onetsirik Trafikoa eta hiriguneko eremu publikoen erabilera arautzen dituen ordenantza

Buñuelgo Udalak, 2005eko apirilaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Trafikoa eta hiriguneko eremu publikoen erabilera arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2005eko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Buñuelgo Udalak, 2005eko uztailaren 12an egin osoko bilkuran, ordenantza hori behin betikoz onetsi du, baita xedatu ere osorik eman dadila argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Buñuelen, 2005eko uztailaren 13an._Alkatea, Santiago Mayayo Chueca.

BUÑUELGO TRAFIKOA ETA HIRIGUNEKO EREMU PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Errege Dekretu Legegileak xedatutakoaren osagarri da, eta herriko hiriguneko eremu publiko guztietan aplikatzen ahalko da.

Seinaleak

2. artikulua. 1. Manuzko seinaleak ezarriko dira bereziki, udalerriko bide-sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan; azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko dira.

2. Trafikoaren ardura duten langileen seinaleek bertze edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

3. artikulua. 1. Ezin da seinale manuzkorik ez informatiborik paratu aldez aurretik Udalaren baimenik izan gabe.

2. Paratzen ahalko diren seinale informatibo bakarrak, udal agintaritzaren iritzian benetako interes orokorra dutenak dira.

3. Debekatua dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

4. Debeku da erabiltzaileei semaforoak edo seinaleak behar bezala ikustea oztopatu edo haien arreta galaraz dezaketen panfleto, afixa, iragarki edo nolanahiko mezuak paratzea.

4. artikulua. Udalak behar bezala baimendu gabe edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituzten seinaleak kenduko ditu berehala.

Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoen jarduera bereziak

5. artikulua. Trafikoa zaintzeko ardura duten funtzionario publikoek, segurtasuna edo ordena publikoa dela-eta, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatzen ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen pilaketa handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean. Horretarako, behin-behinekoz paratzen edo kentzen ahalko dira behar diren seinaleak, baita aurreneurriak hartu ere.

6. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

7. artikulua. Udaltzainek trafikoari dagokionez egiten dituzten adierazpenek, oinezkei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinale edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

Oztopoak eremu publikoan

8. artikulua. 1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan paratzea.

2. Aurrekoa hala izanik ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direnean baimentzen ahalko da eremu publikoa aldi baterako okupatzea zenbait lekutan, baldin okupazioak inolako arriskurik sortzen ez badu eta, trafikoari begira, ahal den nahasmendurik ttikiena gertatzen bada.

9. artikulua. Oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopok behar bezala seinalaturik egon beharko du.

10. artikulua. 1. Udal agintaritzak oztopoak kentzen ahalko ditu ondoko kasu hauetan:

a) Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

b) Behar den baimenik gabe paratu denean.

c) Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

d) Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

2. Oztopoak kentzeagatik, baita haiendako seinale bereziak paratzeagatik ere, sortutako gastuak interesatuen kontura izanen dira.

Oinezkoak

11. artikulua. Oinezkoek espaloian barna ibili beharko dute. Eremu publikoak espaloirik ez badu, oinezkoak galtzadaren ezkerretik joanen dira.

Aparkamendua

12. artikulua. Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak honela aparka daitezke: ilaran, hau da, espaloiarekiko paraleloan, baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean, eta erdi baterian, erran nahi baita zeharka.

2. Aparkatzeko modua zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran aparkatu behar da.

3. Zoladuran seinalaturik, aparkamendutako moldatutako lekuetan, ibilgailuak seinalatutako perimetroaren barnean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko maneran.

13. artikulua. Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

a) Dagozkion seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

c) Bertze gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

d) Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita bertze objekturen bat edo babeseko bertze elementuren bat dagoenean ere.

e) Aparkatzeko lekua ez den galtzadako bertze edozein tokitan.

f) Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

g) Karrikaburuetan, bertze ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

h) Erregelamenduaren arabera aparkatutako bertze ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

i) Oinezkoen pasabide diren galtzada-tokietan.

j) Espaloietan, ibiltokietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta galtzadan zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

k) Ibiltoki, babestoki, erdiko edo alboetako pasealeku eta zolako zerrendaz seinalatutako lekuen ondoan.

l) Larrialdi irteeren aitzinean, zutoin edo kontzen aitzinean, edo ibilgailuen joan-etorriak aldatzeko behin-behinekoz paratutako edozein zeren aitzinean.

m) Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, zamalan, pasabide eta, oro har, erreserbako leku izateko seinalatu eta mugatutako geralekuetan.

n) Toki berean hilabete edo gehiago jarraian, abandonaturik dagoela ematen ez badu.

ñ) Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, edo konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan. Kasu horietan debekua behar bezala eta behar bezain garaiz seinalaturik egonen da.

14. artikulua. Gehienez ere bi ibilgailu-lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak karrikaren alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

15. artikulua. Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatu baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

16. artikulua. 1. Ezindu fisikoendako erreserbatutako lekuetan aparkatzeko Udalaren baimena duten titularrek, denbora mugarik gabe aparkatzen ahalko dituzte beren ibilgailuak, bai alde horietan beretan, bai ordutegi murriztua dutenetan.

2. Aipatu gidari horien helmugatik hurbil ezindu fisikoak aparkatzeko leku erreserbaturik ez balitz, udaltzainek baimena eman lezakete zirkulazioari trabarik txikiena egiten zaion lekuetan aparkatzeko, baina inoiz ere ez aparkatzeko debekuak, ordenantza honetan aurreikusitakoaren arabera, ibilgailua kentzea eskatzen duen lekuetan.

17. artikulua. 1. Galtzadan aparkatu behar denean, erdibaterian eginen da, gehienez ere metro eta erdia hartuz.

2. Karrikek espaloirik ez badute, ibilgailu horiek galtzadaren ertzetatik ahalik eta gehien hurbilduz aparkatu beharko dira, betiere bertze ibilgailuen joan-etorriak trabatu gabe eta inguruko finketako ateak, lehioak, erakuslehioak, etab. tapatu gabe.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

18. artikulua. Trafikoaren ardura duten langileek, egin behar duenak egiten ez badu, ibilgailuak eremu publikotik kentzen ahalko dituzte eta Udalaren altxatokira eraman, honako kasu hauetan:

1._Arriskutsua denean edo traba larria egiten baldin bazaio zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari, eta orobat ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

2._Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

3._Ibilgailua bera hondatu delako, ibili ezinik gelditzen bada.

4._Martxoaren 2ko 33911/990 L.E.D.ren 67.1 artikuluaren hirugarren lerrokadak xedatzen duenari jarraikiz, ibilgailua geldiarazi ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

19. artikulua. Bertze kasu batzuk aipatze aldera, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, ondoko egoerak martxoaren 2ko 339/1990 Errege Lege Dekretuaren 71.artikuluaren 1.a) atalean sartutzat hartuko dira, eta, beraz, bidezko izanen da ibilgailua kentzea:

1._Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatua dagoenean.

2._Bertze gidariei maniobra neurriz gainekoak, arriskutsuak eta erregelamenduaren kontrakoak eginarazten dizkienean.

3._Seinalatutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

4._Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

5._Garraio publikoko geltoki seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

6._Larrialdi edo segurtasun zerbitzuei espresuki erreserbatutako tokietan aparkatua dagoenean.

7._Ikuskizun publikoetako lokalek larrialdietarako dituzten aterabideen aitzinean, emanaldietako orduetan aparkatuta dagoenean.

8._Baimenik gabe, espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, arretaz ibiltzeko gune edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan, osorik nahiz zati baten gainean aparkatua dagoenean.

9._Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

10._Oinezkoen pasabide seinalatu batean aparkatua dagoenean.

11._Gelditzea galarazita dagoen tokiren batean aparkatua dagooenean.

12._Biraketa eragozten duenean edo hura egiteko maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

13._Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea galarazten dienean.

14._Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

15._Lehentasuneko bide batean edo, bertze kalifikaziorik izanda ere, Alkatetzaren bando baten bidez izaera bera hartu duen bidean, toki debekatuetan aparkatua dagoenean.

16._Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

17._Oinezkoendako kale batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espreski baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

18._Ezinduendako aparkaleku erreserbatuan aparkatua dagoenean.

19._Aparkatze arautuko alde batean aparkatua dagoenean ordu eta erdi baino gehiago, aparkatze mota hau erregulatzen duten arauak ez betetzeagatik salatzen dutenetik aitzina.

20._Betiere, eta aurreko kasuetan bezala, arriskurik edo zirkulazioarentzat zein zerbitzu publiko baten funtzionamenduarentzat eragozpen handirik sortzen duenean.

20. artikulua. Trafikoaren ardura duten funtzionario publikoek halaber, eremu publikotik ibilgailuak kentzen ahal dituzte kasu hauetan:

1._Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatu den toki batean aparkatuta baldin badaude.

2._Eremu publikoa garbitu, konpondu edo seinaleak paratu ahal izateko ibilgailua kendu beharra badago.

3._Larrialdirik bada.

Inguruabar hauen abisua, kasuaren arabera, lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, gidariei jakinarazita. Eramate horrek ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

21. artikulua. Aurreikusitako salbuespenak ukatu gabe, ibilgailua kentzeagatik eta Udalaren altxatokian edukitzeagatik sortutako gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa ziurtatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa, bidezko diren errekurtsoak paratzeko eskubidea ukatu gabe.

22. artikulua. Ibilgailua kentzea bertan behera utziko da, baldin eta gidaria agertzen bada ibilgailua estekatu eta garabia abiatzen hasi baino lehen, eta behar diren neurriak hartzen baditu ibilgailua lehen zegoen egoera okerretik ateratzeko.

Ibilgailu abandonatuak

23. artikulua. Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako artikulu hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira haien gainean, kanpoko itxurak, toki berean emandako denborak eta bertze inguruabarrek abandonaturik dagoela pentsarazten badute.

24. artikulua. Ibilgailu bat abandonatutzat hartzen ahalko da ondoko kasuotan:

1._Eremuko toki berean hilabete baino gehiago aparkatuta baldin badago.

2._Dituen hondamenak ikusita, abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

25. artikulua. 1. Ibilgailu abandonatuak karrikatik kendu eta Udalaren altxatokira eramanen dituzte.Berehalaxe, titularra nor den zehazteko tramiteak egiten hasiko dira eta jakinarazpenetik hilabeteko epean ibilgailua eraman dezala aginduko diote.

2. Ibilgailua kendu eta edukitzeagatik sortutako eskubideak titularraren bizkar izanen dira.

3. Jabeak ibilgailua eramateari uko egiten badio, Udalak ibilgailua besterenduko du sortutako gastuak ordaintzeko.

Neurri bereziak

26. artikulua. Inguruabar bereziek beharrezko egiten badute, trafikoa antolatzeko behar diren neurriak hartzen ahal dira, ibilgailuen zirkulazioa debekatuz nahiz murriztuz, edo sarbideak herriko alderdi batzuetara eta halako bide batzuetatik desbideratuz, baita aparkalekuak berrantolatuz ere.

27. artikulua. Herriko alde bateko ezaugarri bereziak kontuan hartuz, udal administrazioak debekatzen ahalko du osoki edo partez ibilgailuen zirkulazioa edo aparkamendua, edo biak batera alde horren barneko eremu publiko guztiak edo batzuk erreserbatu ahal izateko bertako bizilaguntzentzat, eta, oro har, auzo, oinezko edo bertzela iritzitakoentzat.

28. artikulua. Halakoetan, karrikek behar diren seinaleak beharko dituzte sarreran eta irteeran, eta gainera, delako aldean ibilgailuen joan-etorriak eragotziko dituzten elementu mugigarri nahiz finkoak erabiltzen ahalko dira.

29. artikulua. Aipatutako murriztapenak izaten ahal dira:

1._Beren perimetro barneko bide guztietarako edo batzuetarako bakarrik.

2._Aurretiaz ezarritako ordutegi batera mugatzea ala ez.

3._Izatez egunerokoak edo egun jakin batzuetarako bakarrik.

30. artikulua. Xedatutako mugapenen izaera eta norainokoa nolanahikoak direla ere, ez dute zirkulazioan ez aparkamenduan eraginik izanen, ibilagailuak honako hauek direnean:

1._Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzukoak, poliziakoak, anbulantziak, eta oro har, zerbitzu publikoak egiteko beharrezko direnak.

2._Alde horretako eraikin batetik eri edo ezinduak garraiatzen dituztenak.

3._Alde horretako ostalaritzako establezimenduetan, sartzeko nahiz irteteko, bidaiariak garraiatzen dituztenak.

4._Alde horretan berean baimendutako garaje edo aparkaleku publiko nahiz pribatuen erabiltzaile direnak.

5._Salgaien zamalanetarako baimena dutenak.

Garraio publikoaren geralekuak

31. artikulua. 1. Udal administrazioak zehaztuko du taxien eta garraio publiko nahiz eskolakoaren geralekuak non izanen diren, bertan nahitaez gelditu beharko baitute.

2. Haietan bidaiariek igotzeko edo jaisteko behar duten denbora baino gehiago ez daitezke geratu, salbu eta lineako abiapuntu edo helmuga badira.

3. Taxiendako geralekuetan, ibilgailu horiek bidaiarien esperoan daudela bakarrik gelditzen ahalko dira.

4. Geralekuan pausa daitezkeenak baino ibilgailu gehiago ez da han inola ere geratuko.

Zamalanak

32. artikulua. 1. Merkataritzako gaien zamalanak horretarako jarritako tokietan bakarrik egiten ahalko dira.

2. Hartara, aipatu jarduera eremu publikoan eta nolabaiteko maiztasunez egin beharra dagoenean, denda, industria edo lokalen jabeek beharrezkoa den erreserba eskatu beharko diote Udalari.

3. Erreserbatutako tokietatik at, zamalanetarako baimena horretarako propio finkatutako egun, ordu eta tokietarako baizik ez da emanen.

4. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

5. Orokorrean, geratu edo aparkatzea debekaturik dagoen tokietan ez da inolaz ere eta ezein arrazoirengatik zamalanik egiten ahalko.

33. artikulua. Zamalanetan erabiltzen diren merkataritzako gaiak, materialak edo gauzak ez dira zoruan utziko, baizik eta zuzenean eraikinetik ibilgailura edo alderantziz eramanen dira.

34. artikulua. Zamalanak behar den arretaz eginen dira ahalik eta traba gutxien egitearren, eta erabilitako lekua garbi utzi beharko da.

35. artikulua. Merkataritzako gaien zamalanak ibilgailua espaloitik gertuen dagoen aldetik eginen dira, eta behar diren baliabideak erabiliko, lana ahalik eta lasterren egitearren eta oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzen saiatuz.

36. artikulua. Alkatetzak zamalanetarako toki erreserbatuak zehatz ditzake, zeinetan aplikatuko baita ordutegi mugatuko aparkaldien araubide orokorra. Halaz ere, eta kontuan izanik egoera, erreserbatutako bertze toki batzuekiko hurbiltasuna edo erabileraren maiztasuna bezalako inguruabarrak, aipatu araubide orokorrean aldaketak egin daitezke.

Pasabideak

37. artikulua. Udalak, Ibilgailuak espaloian barna sartzeko tasak arautzen dituen ordenantzaren bidez, ezarriak ditu eremu publikoaren erreserbei dagozkien baimenak, garajeetan, finketan eta higiezinetan sartu ahal izateko; horiek behar bezala seinalaturik egon beharko dute.

Edukiontziak

38. artikulua. 1. Altzariak edo etxeko tresnak, eta orobat obra eta etxeko hondakinak biltzeko edukiontziak, udal organo eskudunak erabakita, eremu publikoko toki jakin batzuetan paratu beharko dira.

2. Horretarako erreserbaturiko tokietan ezin izanen da, inolaz ere, aparkatu.

Abiadura murriztapena oinezkoen etorri handiko lekuetan

39. artikulua. Oinezkoen etorria handia duten karriketan, baita ikastetxeak diren karriketan ere, ibilgailuek abiadura mantsotuko dute, egokia izan arte, eta behar diren aurreneurriak hartuko dituzte.

Motozikleta eta ziklomotorren zirkulazioa

40. artikulua. 1. Motozikletek eta ziklomotorrek ezin izanen dute kategoria gehiagoko ibilgailuez osatutako bi lerroren artean zirkulatu, ezta lerro baten eta espaloiaren artean ere.

2. Debeku dute, halaber, traba egitea, zakarki azeleratuz, ke-hodiak itxuraldatuta eta normalak ez diren bertze inguruabarren bidez.

41. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua eta halaberean lotua.

Bizikletak

42. artikulua. 1. Bizikletak galtzadatik ibiliko dira eta espaloitik ahalik eta hurbilen, salbu eta bertze ibilgailu batzuendako erreiak dauden kasuetan. Horrelakoetan, erreserbaturik dagoen erreiaren albokotik joan beharko dute.

2. Parke publiko eta oinezkoendako karriketan seinalaturik dauden tokietatik joan beharko dute eta horrelakorik ez bada, oinezkoek daramaten abiada berean. Horrela ez bada, oinezkoek daramaten abiada berean. Edozein kasutan ere, oinezkoek beti izanen dute pasatzeko lehentasuna.

Zirkulatzeko baimen bereziak

43. artikulua. Erregelamenduz baimendutakoak baino pisu eta tamaina handiagoko ibilgailuak ezin izanen dira udalerriko eremu publikoetan barna ibili Udalaren baimenik gabe.

Aurreko puntuan aipatu baimenak bidaia baterako izaten ahal dira, edo halako aldi baterako.

6 tonakoa da herrian barna zirkulatzeko pisu handiena.

ADRko 1etik 9ra bitarteko merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debekatua dute Buñuelgo udal mugape osoan ibiltzea.

Animaliak

44. artikulua. Udalerriko bideetan barna ondasunak nahiz jendea garraiatzeko baimendutako animaliak baizik ez dira ibiliko.

Eskola garraioa

45. artikulua. Herri barnean eskola-garraiorako zerbitzuak egin ahal izateko, Udalaren baimena beharrezkoa da, aldez aurretik.

46. artikulua. 1. Hiriko eskola-garraioa garraio diskrezional jarraitua da, ibilgailu automobil publikoetan edo zerbitzu partikularrekoetan egina, abiapuntu edo helmuga ikastetxeak izanik, ibilgailuak udalerriaren barnean tartekako geraldiak egin edota ibiltzen bada.

2. Ibilgailura igo eta jaistea Udalak berariaz zehazturiko tokietan bakarrik eginen da.

Erabilera debekatuak bide publikoetan

47. artikulua. 1. Oinezkoen ibiltoki erreserbatuetan eta galtzadetan, nola ibiltarientzat hala jostetan dabiltzanentzat arriskurik ekar lezaketen josteta eta jolasak debekatuak daude.

2. Patin, patinete, monopatin, bizikletek eta antzekoek ez dute libre espaloietan barna ibiltzea.

Zehapen prozedura

48. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

49. artikulua. Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Buñuelgo Udaleko langileek tramitatuko dituzte edo haien eginkizunak betetzen dituztenek. Tramitazioa amaituta, Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezkoa den ebazpena.

50. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

Jakinarezpenen helbidea

51. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea interesatuek espresuki adierazi dutena izanen da, eta bertzenaz, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, agertzen dena.

Ibilgailuen nahiz gida baimenen titularrak behartuta daude helbide aldaketak jakinaraztera.

52. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen udal organoari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epearen barnean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Admnistrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan horren eskumena duen organoari zuzenduta, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, edo bertzenaz,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin denetik aitzina.

53. artikulua. Ordenantza honen eta zirkulazio arauen kontrako arau-hausteak, alegia, Buñuelgko udal mugapean egiten direnak, 1990eko martxoaren 2ko Errege Dekretu Legegilean, Trafikoari, Motordun Ibilgailuei eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunaren xedapenen arabera zehatuko ditu alkateak isunen bidez. Isunen zenbatekoak eta isun mota bakoitza ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

54. artikulua. Zehapen espedienteetan emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emanen diote eta horien aurka errekurtsoa paratzen ahalko da, betiere Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legean xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek eta arau-hausteak zehatzeko eranskinak indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen dituzte ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

E R A N S K I N A

Arau-hausterik ohikoenak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eta Zirkulazioaren gaineko Erregelamenduaren kontra

_Toki hauetan gelditzea edo aparkatzea:

Zamalanetan: 91.2.g -9,2.c. Zenbatekoa: 30 euro.

Pasabidean: 91.2.c -8.3. Zenbatekoa: 30 euro.

Galtzadaren erdian: 91.2.l -8.3. Zenbatekoa: 30 euro.

Bigarren ilaran, gidaririk gabe. 91.2.h -9.2.g. Zenbatekoa: 30 euro.

Espaloi gainean: 94.2.e -9.2.e. Zenbatekoa: 30 euro.

Alaka gainean: 94.2.a -9.2.a. Zenbatekoa: 30 euro.

Oinezkoendako eremuan: 91.2.m -9.2.e. Zenbatekoa: 30 euro.

Gelditzea debekatzeko seinalea den tokian: 91.2.m -9.3. Zenbatekoa: 30 euro.

Garraio publikorako erreserbatutako geralekuan: 91.2.i -9.2.a. Zenbatekoa: 30 euro.

Trafikoa trabatzen den tokian: 91.2.m -8.3. Zenbatekoa: 90 euro.

Biraketa edo ikustea trabatzen den tokian: 91.2.f -8.3. Zenbatekoa: 90 euro.

Trafikoko seinaleak ikustea eragozten den tokian: 94.1.f -9.1.f. Zenbatekoa: 30 euro.

Ezinduendako eremu erreserbatuan: 94.1.c -9.2.d. Zenbatekoa: 60 euro.

Larrialdietarako edo segurtasuneko ibilgailuendako toki erreserbatuan: 91.2.j -8.3. Zenbatekoa: 90 euro.

Lorategietan: 91.2.m -9.2.e. Zenbatekoa: 90 euro.

_Aurreko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu eta aparkatzea, ibilgailuen nahiz oinezkoen trafikoa modu larrian trabatuz: 91.2.m -38.3. Zenbatekoa: 90 euro.

_Aurreko ataletan aipatu ez diren tokietan gelditu eta aparkatzea trafikoa modu larrian trabatu ez oztopatu gabe: 91.1 -38.3. Zenbatekoa: 30 euro.

_Zerbait gabe:

Nahitaezko aseguru gabeko ibilgailuak: 2.1 artikulua, 122/1962 Legea.

I.A.T. gainditu gabe: 5.1 artikulua, 2042/94 E.D..

Gidabaimenik ez izatea: 60.1 artikulua, B.S.L.

Gidatzeko baimenik aldean ez eramatea: 59.3 artikulua, B.S.L.

Baja emandako ibilgailu batekin zirkulatzea: 61.5 artikulua, B.S.L.

Matrikula plaka bat gabe: 62.1 artikulua, B.S.L.

_Zirkulazioa:

Toki debekatuan biratzea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 60 euro.

Semaforo gorrian pasatzea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Espaloi gainean zirkulatzea: 121.5 -9.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Oinezkoen eremuan zirkulatzea: 121.5 -9.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Toki debekatuan zirkulatzea: 152 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Isilgailurik gabe zirkulatzea: 7.2 -10.5. Zenbatekoa: 90 euro.

Argirik gabe zirkulatzea: 101.1 -42.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Babesteko kaskorik gabe zirkulatzea: 118.1 -47.1. Zenbatekoa: 30 euro.

Bi lagunek edo gehiagok ziklomotor batean zirkulatzea: 12,1. artikulua. L.S.V. Cuantía: 30 euro.

Seinale akustikoak beharrik gabe erabiltzea: 110.1 -44.3. Zenbatekoa: 60 euro.

Marra jarraiki bikoitzaren bertze aldera iragatea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 60 euro.

Oinezkoen bide lehentasuna ez errespetatzea: 65.1.a. -23.1.a. Zenbatekoa: 90 euro.

STOP seinalea ez errespetatzea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Agentearen oharrei kasurik ez egitea: 143.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Maniobrak aurretik ez adieraztea: 74.1 -28.1. Zenbatekoa: 60 euro.

Ezkerretik zirkulatzea: 30.1.a. -14.1.a. Cuantía: 120 euro.

Bertze erabiltzaileak arriskuan jartzea edo haiei kalte edo traba egitea: 29.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Ezarritakoa baino alkohol tasa handiagoa duela gidatzea: 20.1 -12.2. Zenbatekoa: 150 euro.

Alkoholemia probari uko egitea: 21 -12.2. Zenbatekoa: 150 euro.

Norabidea aldatzea, debekatua egonik: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Ibilgailuaren gidaria ez identifikatzea: 72.3 artikulua Z.E.O. Tokia: 150 euro.

Debeku seinaleari kasurik ez egitea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Agindu seinaleari kasurik ez egitea: 132.1 -53.1. Zenbatekoa: 90 euro.

Gasak isurtzea: 7.1 -10.5. Zenbatekoa: 90 euro.

12 urtetik beheitiko bat aitzineko jarlekuan eramatea: 10.1 -11.4. Zenbatekoa: 30 euro.

Biderik ez ematea (seinalerik gabe): 57.1 -21.2. Zenbatekoa: 90 euro.

Alarmak jotzea: 7.1 -10.5. Zenbatekoa: 60 euro.

Iragarkiaren kodea: L0516398