100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko uztailaren 4koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia eta Europako Bide Segurtasunaren Gutunarekiko Atxikimendua onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2000ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bitartez, Bide Segurtasuna Garatu eta Koordinatzeko Batzordea sortu zen eta bertan Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuaren departamentuek euren ordezkariak dauzkate.

2001eko abenduaren 26ko erabakiaren bitartez, Nafarroako Gobernuak batzordearen osaketa aldatu zuen Estatuko Administrazioak Foru Komunitatean dituen trafikoaren eta bide segurtasunaren alorretako ordezkariak kide izan zitezen.

Nafarroako Gobernuak, 2003ko azaroaren 3ko erabakiaren bidez, Bide Segurtasunari buruzko Foru Planaren proiektua idazteko Batzorde Teknikoa eratu eta plana prestatu eta onesteko epeak finkatu zituen.

Bide Segurtasuna Garatu eta Koordinatzeko Batzordeak, 2004ko maiatzaren 21eko bilkuran, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiari buruzko agiri teknikoa, Batzorde Teknikoak prestatua, onestea erabaki zuen eta, Europako Bide Segurtasunaren Gutunari atxikitzeko proposamenarekin batera, Nafarroako Gobernuari igorri zion, onets zezan.

Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiak lankidetzaren oinarriak ezartzen ditu, administrazioak eta gizartea koordinatzen ditu, Foru Komunitatean dauden eragile sozial eta trafikoko agente guztien informazioa eta Nafarroako istripuen kausalitatearen gainekoa biltzen du eta, horrela, ekintza koordinatuak antolatzen ahal dira bide segurtasunaren egungo egoera konpondu eta hobetzeko, eta arlo honetako bikoizketak eta hutsuneak saihesteko.

Izaera integratzailekoa izateaz gainera, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia, berez zeharkakoa delakoz eta egiten hasi zenetik herritarren parte-hartzea eta lankidetza bultzatu delakoz, tresna eraginkorra izanen da bere helburua erdiesteko, hots, Nafarroako trafiko istripuen heriotza tasa modu nabarmenean murrizteko.

Hori dela-eta, gobernu honek, Nafarroako gizartea errepideetako istripu kopuruaz eta haietan ematen diren hildakoez eta galera ekonomikoez kezkaturik dagoela ikusten duenez, bide segurtasuna paratu du bere helburu nagusien artean eta bereak hartzen ditu Europako Garraio Ordezkariaren Liburu Zuriaren jarraibideak eta Europako Bide Segurtasunaren Gutunari atxikitzen zaio.

Europako Bide Segurtasunaren Gutuna 2004ko apirilaren 6an sinatu zen Dublinen. Europako Gutun hori funtsezko elementua da Europako Bide Segurtasunaren Ekintza Programan eta helburua du Europan gertatzen den hildakoen kopurua murriztea, ehuneko berrogeita hamarrera, bederen, 2010. urterako, hainbat sektore sozialen implikazioarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia, 2005-2012, onestea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean aplikatzeko.

2. Urtero, eta departamentuen lehentasunen eta aurrekontuetako diru kopuruen arabera, 2003ko azaroaren 3an Nafarroako Gobernuak hartutako erabakian ezarri den Batzorde Teknikoak ekitaldi bakoitzeko ekintza plana prestatuko du, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategian eta Europako Bide Segurtasunaren Gutunean bildutako irizpideei jarraikiz.

3. Europako Bide Segurtasunaren Gutunari atxikitzea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematea atxikimendua egiteko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko departamentuei, Bide Segurtasuna Garatu eta Koordinatzeko Batzordeko kidei, bai eta Bide Segurtasun Planaren Batzorde Teknikoko kideei ere igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko uztailaren 4an._Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0515953