100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

94/2005 FORU DEKRETUA, ekainaren 27koa, Isabel Garbayo Ayala andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Isabel Garbayo Ayala Iruñean jaio zen 1905eko otsailaren 23an. Artzain Onaren Laguntzaileen Elkartea-Villa Teresita sortuz, bazterturik zeuden emakumeentzako askapen-bideak ireki zituen. Elkarte horretan emakume behartsuenei eskaini zitzaien laguntza: bai pobreenei, bai duintasuna urratuen zuten emakumeei.

Duela 72 urte Burgosko Ama Karmeldarretan sartzen saiatu zen. Fundatzailearen izena eman zioten: Teresa Jesusena. Baina osasun azterketa egin zion doktoreak ez sartzeko aholkua eman zion: bere bihotzeko balbula batek ez zuen behar bezala funtzionatzen. Atsedena gomendatu zion, baina Isabelek beste bide bat hartu zuen behartsuenei laguntzeko.

Isabel Garbayo Ayala pobre eta baztertuengana hurbildu zen bere misioaren hasieratik. Iruñeko Nabarreriako auzokidea zen eta Santo Domingo ospitale zaharrean bizi zirenak hautatu zituen lehenbizi bere hurbileneko lagun hurkotzat. Haur ijitoei bisita egiten hasi zen. Sifiliak jotako emakumeekin hasi zen tratabidean. Emakume haien egoeraz arduratu zen, garai hartan bazterturik eta bakarturik baitzeuden gizartean. Iruñean denbora hartan zeuden zazpi "etxe publikoak" bisitatzen zituen, haietan bizi baitziren, zokoraturik, emakume haiek.

Pertsona batzuek bokazio hori baztertzeko aholkua eman zioten, baina Isabelek ez zion utzi emakume baztertuen bila ibiltzeari. Ebanjelioa eskaintzen eta askapen-bidean eta beren autoestimua berreskuratzeko prozesuan laguntzen segitu zuen.

1942ko martxoaren 19an Villa Teresita sortu zuen, Iruñeko txalet bat, alokairuan hartua. Urtebete geroago, ordurako zentrotik 41 emakume pasatuak zirenean, Isabelek pobrezia, kastitate eta obedientzia botoak egin zituen eta bere bizitza obra horretan ematea erabaki. Ondorioz beste etxe batzuk sortu ziren beste zenbait hiritan: Valentzia (1956), Granada (1957), Madril (1961) eta Bartzelona (1963). Geroago, Kanaria Handiko Las Palmasen sortu zuten etxea (1971); gero Beloso Goitikoa, Iruñean (1977an, Donibanekoaren ordez), eta Sevillan (1978).

Elkartea garai berrietara egokitu da baina espiritu bera atxikiz betiere, "ahizpek" lehenago bezala jarraitzen baitute gau eta egun ateratzen bazterturik dauden emakume horien bila, Villa Teresitan hartzeko _haiek eskatzen badute_, gizarteratzeko eta prestakuntzarako tresnak eskaintzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak uste du bidezkoa dela goraipatzea hain modu nabarmenean gizatasunez, elkartasunez eta eskuzabaltasunez behartsuenen aldeko lana egin duen pertsona hau, eta Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea; izan ere, sari horren bidez Foru Komunitatea ezagutarazi eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsonek egindako lana goraipatu nahi da.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko ekainaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Isabel Garbayo Ayala andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

Iruñean, 2005eko ekainaren 27an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0515458