100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

1380/2005 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta proiektuaren onura publikoa onartzen diona honako proiektuari: "Villatuertako udal mugapeko (Nafarroa) Villatuertako hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

2005eko apirilaren 21ean, Angel Boillos Romera jaunak (ordezkatzeko aski ahalmen duela frogaturik), Gas Navarra, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, administrazioaren baimena eskatu zuen honako proiektu honen instalazioak eraikitzeko eta onura publikoa onartzeko: "Villatuertako udal mugapeko (Nafarroa) Villatuertako hirigunean gas naturala banatzeko sarea", Javier de la Peña Ortiz de Zárate industria ingeniari teknikoak prestatutako proiektuan zehaztua eta Elkargo Ofizialak 2004ko urtarrilaren 30ean ikus-onetsia, 125990 zenbakiaz.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Gas Natural S.D.G., S.A.k Gas Navarra, S.A.ri gasa ematen dion puntu batean eginen da konexioa lehendik dagoen sarearekin, Resbelza kalean, hilerriaren parean. Jarraian ERM APA/MPA bat instalatuko da, eta hortik abiatuko da sare nagusia, PE 100 polietilenozkoa eta DN 200ekoa, eta hortik aterako dira DN 110 eta DN 63ko gainerako adarrak. Proiektaturiko saretik abiatuko dira kalearen alde banatako etxebizitzei hornidura emanen dieten harguneak.

Diseinuaren presioa 0,4 bar da eta tenperatura 15 °C, emaria 420 Nm³/h-koa eta gasaren lastertasun handiena, 20 m/seg-ko.

Aurrekontua hirurehun eta berrogeita lau mila, seiehun eta hirurogeita hamahiru euro da (344.673 euro) da.

Gas Navarra, S.A. administrazio baimen batzuen titularra da, Nafarroako zenbait herritan gas naturala banatzeko, etxeetan, saltokietan eta industrietan erabil dadin; beraz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Industria Segurtasunerako Zerbitzuak proiektu horretarako arauzko izapideak egin ditu, jendaurrean jarri baitu, 2005-05-17ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen eta 2005eko 67. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 6an, argitaratuta, baita Villatuertako kontzeju etxeko iragarki oholean ere. Ez da alegaziorik aurkeztu arauzko epean.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak onartuko ditu enpresa titularrak.

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, ondoko instalazioen proiektua gauzatzeko: "Villatuertako udal mugapeko (Nafarroa) Villatuertako hirigunean gas naturala banatzeko sarea".

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 6.893,46 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. atalean zehaztutako moduetako batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan itzuliko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta haien muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruz Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako agindu baten bitartez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoa bete beharko da (Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu zen Erregelamendua). Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua galdetuz gero.

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena._Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena._Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta urtarrilaren 28ko ITC/103/2005 Aginduan eta ondoko berrikuspenetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena._Industria Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zuzen betetzen diren edo ez begiratuko du.

Instalazioak egin eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntadurak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia-kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, puntu horiei buruzko akta eginen du, Zuzendaritza Nagusi honetara igortzeko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari, aldez aurretik.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektua aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu gabeko aldakuntza edo hedakuntzak egitea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

2. Gas Navarra S.A.k Villatuertako udal mugapean, Villatuertako hirigunean, gas naturala banatzeko sarea eraikitzeko aurkeztu duen proiektua onestea, eta hura egiteko baimena ematea. Lanak indarra duen legeriari jarraikiz egin behar dira eta 12 hilabeteko epean, lurren egiazko okupazio egunetik hasita.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa aitortzea. Ondorioz, ukituriko ondasunak okupatu beharra dago eta eskubideez jabetu beharra; bestetik, haien presako okupazioa, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraziko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko uztailaren 20an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0516561