100. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

93/2005 FORU DEKRETUA, ekainaren 27koa, María Josefa Huarte Beaumont andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

María Josefa Huarte Beaumontek 1971an Asociación Navarra Nuevo Futuro elkartea sortu zuen, garai hartako umezurztegi nafarretan sumatuak zituen gabeziak berdintzeko baliabide eta baldintza material eta afektiboak ematen saiatzen zen erakundea, zeinak baitzuen xedetzat umezurtzen garapen osoaren eta banaz banakoaren alde ahalegina egitea eta haur haiei hazteko giro egoki bat ematea, familia biologikoko giroaren ahalik eta antzekoenaz inguratzea alegia.

Ideia gauzatzeko bi helduk zaindutako etxebizitza batzuk antolatu zituen, eta bertan aitaren eta amaren rolak hartzen zituzten heldu horiiek . Etxean bederatzi haur bizitzen ziren gehienez ere. Etxebizitza horiek 2.400en bat haurren bizileku izan dira gure Foru Komunitatean jardunean izan diren ia lau hamarkadetan eta hirurogei haur eta gaztek jaso dute batez beste urtean ekimen horren onura.

Hamabost urtean zehar, 1986 arte, une horretan sinatu baitzuen Nuevo Futuro elkarteak Nafarroako Gobernuarekin lehen ituna _horrela aitortuz agintariek eta Nafarroako herritarrek zeinen onuragarria zen ekimena_, María Josefa Huarteren eta berak lortutako baliabideen kargu izan zen etxebizitza horien finantzaketa.

Itun hori sinatzeak aro baten bukaera eta beste baten hasiera ekarri zuen; izan ere, María Josefa Huartek Nuevo Futuroko kideei adierazi zien garaia zela bere metodoa eta lan egiteko modua Kroaziara esportatzeko, umezurtz ugari baitzegoen herrialde hartan, gerrak ekarritako hondamenaren ondorioz. Herrialde hartako erakunde eskudunekin kudeaketa lan eskergaren ondoren, lortu zuen bertan Nuevo Futuro ezartzea eta zazpi etxe abian jartzea zazpi hiritan. Han babestu zituzten umezurtegi kroaziarretatik ekarritako lehenbiziko haurrak, eta batez beste urtean hirurogeita hamarren bat haur bizitzen dira etxe horietan.

Handik laster, María Josefa Huartek beste desafio bati aurre egin zion: Perun ezarri zuen Nuevo Futuro, eta gaur egun 11 etxebizitza ditu bertan, 120 haur jasotzen dituztenak urtean.

Nuevo Futuro hedatzen ari da beste zenbait herrialdetan ere, Hondurasen, Kuban eta Kolombian, besteak beste.

Bestalde, Nuevo Futuroren etxebizitzetan beren egonaldia amaitzen zuten gazteen independentzia prozesua errazteko, ohartua baitzen Elkartea 1971ean sortu zenean baino motelagoa zela haien heldutasunerako prozesua, Varazdin, S.L, sortu zuen María Josefa Huartek, lan mundura hurbiltzeko zentro bat, gazte horiei denbora batez segimendua egiteko baliagarria dena eta ordu arte bizi izan diren ingurunean lanean aritzeko aukera ematen diena.

Elkartearen jardueren finantzaketari dagokionez, nabarmendu beharra dago Nuevo Futurok Nafarroako Gobernuarengandik jaso dituen laguntzak laukoiztea lortu duela María Josefa Huartek; horretarako, Espainako eta nazioarteko erakundeengandik lortu du dirua, bai bazkide batzuengandik ere, eta berak zuzenean ere eskuratu ditu elkartearentzat zenbait ekarpen eta dohaintza.

1996an nazioarteko adopzioetan jarraitu beharreko prozedura arautu zenetik, berengandik sortutako seme-alabarik ez zuten familia nafarrek zituzten arazoez jabeturik, eta Peruko etxeetan gurasorik gabe hazten ari ziren haurrak gogoan, María Josefa Huartek Nuevo Futurori bultzada eman zion, prozesu horretako bitarteko bihur zedin, eta horrela lortu zuen elkartearen bitartez nazioarteko adopzioak orain egin ahal izatea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak uste du bidezkoa dela goraipatzea hain modu nabarmenean gizatasunez, elkartasunez eta eskuzabaltasunez behartsuenen aldeko lana egin duen pertsona, eta berari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea; izan ere, sari horren bidez goraipatu nahi da Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsonek egindako lana.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko ekainaren 27an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea María Josefa Huarte Beaumont andreari ematea.

Iruñean, 2005eko ekainaren 27an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0515459