99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SARTAGUDA

Bikote egonkorren udal erregistroa arautzen duen ordenantza behin betiko onetsirik

Bikote egonkorren udal erregistroa arautzen duen ordenantza osoko bilkurak 2004ko apirilaren 29an hasiera batez onetsi eta Udaleko iragarki oholean eta 2004ko 70. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ekainaren 11n, iragarkia paratu ondotik, ez da onespen horren aurkako erreklamaziorik aurkeztu legezko epean. Beraz, hasierako onespen hori behin betiko bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

"BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Sartagudako Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea honako hau da: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta baleude bezala bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, aski izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko aski izanen da bikotea eratzeko borondatea agiri publiko baten bidez adieraztea.

4. artikulua. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkarketa bat eratu badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Sartagudako udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako, eta auzotartasun zibil nafarraren jabe izan.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

5. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea eratzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira inskripzio guztiak bikote egonkorren udal erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra desegintzat hartuko da:

_Kide bat ezkontzen denean

_Bien artean hala erabakita.

_Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

_Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

_Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

13. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

15. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Sartagudako Udalean.

I. ERANSKINA

Sartagudako Udaletxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): ..........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ........., eta

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): ..........., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizi._Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ........ jaun/andreari, T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik._Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrenik._Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrenik._Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarrenik._Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrenik._Baimena ematen dugula Sartagudako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko inongo erregistrotan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Sartagudako Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ..................... Sinatua: .....................

II. ERANSKINA

Sartagudako Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izena: ......................., N.A.N. zenbakia: ................., eta izena: ..........................., N.A.N. zenbakia: ......................... eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago Udalaren erregistro horretan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

(Eguna eta sinadura)"

Argitara ematen da orok jakin dezan, eta ohartarazten da ezen, behin betiko onespen honen kontra, errekurtso hauetakoren bat aurkez daitekeela, hautara:

1._Hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, errekurtsoa ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da ez gora jotzekorik ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz paratu.

2._Hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

3._Bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Sartagudan, 2004ko uztailaren 20an._Alkatea, Iñigo Pascual Ramos.

Iragarkiaren kodea: L0411558