99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

O L A Z T I

Euskararen erabileraren ordenantza

Sarrera

Euskara, Euskal Herriko hizkuntza nazionala den aldetik, Olaztiko udalerriko hizkuntza da. Udalaren helburua da euskara herritarrendako zerbitzu orokorretako lan hizkuntza bihurtzea eta gainerako administrazio zerbitzuetarako zirkuito elebidunak sortzea, euskaraz sartzen den edozein idazki osorik tramita dadin euskaraz. Euskarak izan beharko du, beraz, Olaztiko udal jardueran normalean erabilitako lan-hizkuntza. Era berean, Olaztiko Udalak aurrerantzean eginen dituen kontratazioetan erabiliko diren hizkuntza eskakizunak ordenantza honen eranskinean ageri direnak izanen dira.

Euskarak herritar guztien elementu integratzailea izan behar du, eta hizkuntza dela-eta herritarrak baztertzea eragozten ahaleginduko da Udala.

Olaztiko Udalak, ordenantza honekin, tresna egokia bereganatzen du euskararen defentsaren bidetik jarraitzeko. Ordenantza honek euskararen erabileraren sustapen eta normalizaziorako udal ordenantzaren forma juridikoa hartzen du.

Hala ere, hainbat eta hainbat urtetan jasan duen zokoratze-prozesuaren ondorioz, euskara normaltasun sozialaren egoeratik urrun dago. Hortaz, euskararen normalkuntza osoa lortzeko xedeaz, lehentasunezko tratamendua emanen dio Olaztiko Udalak euskararen erabilerari, euskara Olaztiko udal jardueraren eta herriaren hizkuntza izatera iritsi arte.

I._Aplikazio esparrua

1. artikulua. Olaztiko udal administrazioaren eta bere menpe dauden erakundeen euskararen eta gaztelaniaren erabilera indarra duen araudiak, ordenantza honek edo aurrerago eginen direnek ezarritako xedapenek arautuko dute.

II._Hizkuntzen erabilera orokorra

2. artikulua. Olaztiko Udalak, orokorrean, euskara eta gaztelania erabiliko ditu bere harremanetan, ordenantza honen artikuluen aplikaziotik heldu diren berezitasun eta zehaztapenekin.

III._Barne erabilera

3. artikulua. Izaera administratiboko barne-jarduerak hizkuntza bietan eginen dira, euskarari lehentasuna emanez. Nolanahi ere, posible den guztietan euskaraz eginen dira.

4. artikulua. Olaztiko organo ezberdinek erabilitako barne-inprimaki guztiak euskaraz edo hizkuntza bietan idatziko dira.

5. artikulua. 1. Bulego eta langeletako errotuloak eta gainerako mota bereko adierazleak euskaraz egonen dira.

2. Edozein motatako inprimakien idazpuruak, gomazko zigiluak, tinbre-zigilatuak eta antzeko beste inprimakiak, hizkuntza bietan eginen dira.

6. artikulua. Ordenagailuen programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, elebitan funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

7. artikulua. Olaztiko Udalak hirugarrenei manatzen dizkien azterlanak, proiektuak eta antzeko lanak, euskaraz edo elebitan aurkeztu beharko dira, horiek pertsona fisiko nahiz juridikoak izan eta Euskal Herriko lurralde esparruan finkaturik badaude, betiere bitarteko teknikoak horretarako prestaturik daudenean.

IV._Erakundeekiko harremanak

8. artikulua. Olaztiko Udalak, beste administrazio publikoei nahiz erakunde ofizialei, berauek Euskal Herriko lurralde esparruaren barruan daudenean, zuzendutako dokumentazioa euskaraz edo elebitan idatziko da.

9. artikulua. Euskal Herriko lurralde esparruko beste administrazio publikoek nahiz erakunde ofizialek Olaztiko Udalari igorri beharreko dokumentazioa euskaraz edo bi hizkuntzetan iritsi dadin eskatuko du Udalak.

10. artikulua. Euskara ofiziala den eremuko erakunde nahiz administrazio ofiziletatik jasotzen den dokumentazioa euskaraz iristen ez bada, idatzi bat igorriko da jatorrizko tokira, euskararen ofizialtasuna gogoraraziz eta dokumentazio guztia hizkuntza bietan idatzita bidal dezaten eskatuz.

11. artikulua. Olaztiko Udalak Euskal Herriko lurralde esparrutik kanpo dauden gainerako beste administrazioetara igorri beharreko dokumentuak gaztelaniaz eta euskaraz idatziko dira.

12. artikulua. Olaztiko Udalak Euskal Herriko lurralde esparrutik kanpoko beste administrazio publiko nahiz bestelako erakunde publikoei igortzen dizkien Udalaren dokumentuen kopiak euskaraz eta gaztelaniaz izapidatuko dira.

13. artikulua. Euskal Herriko lurralde esparrutik kanpoko administrazioek nahiz erakunde ofizialek Olaztiko Udalari zuzendutako dokumentuak, lurraldean lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan idatzirik onartuko dira.

V._Administratuekiko harremanak

14. artikulua. Udal mugapean nahiz Euskal Herriko beste edozein tokitan bizi diren pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak euskaraz edo hizkuntza bietan eginen dira.

15. artikulua. Euskal Herrian bizi ez diren pertsona fisiko edo juridikoei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira.

16. artikulua. Pertsona fisikoek igorritako komunikazioak euskaraz nahiz berriemailea bizi den lurraldeko beste hizkuntza batean onartuko ditu udal administrazioak

17. artikulua. Inprimakiak hizkuntza bietan edo euskaraz eskainiko zaizkie herritarrei.

18. artikulua. Eragina Euskal Herri barnean zein kanpoan duten dokumentuak euskaraz eta hizkuntza bietan idatziko dira.

19. artikulua. Zer hizkuntzatan idatzi diren, hartantxe luzatuko dira espedienteen kopiak eta posible baldin bada, elebitan.

20. artikulua. Ahal dela, Udalak izenpetzen duen kontratazio-agiri oro euskaraz eta hizkuntza bietan idatziko dira.

VI._Oharrak, argitalpenak eta jarduera publikoak

21. artikulua. Olaztiko udal administrazioak, bere menpeko erakundeek eta berarekin lotura duten entitateek ematen dituzten xedapenak hizkuntza bietan edo euskaraz argitaratuko dira.

22. artikulua. 1. Aldizkariak, kartelak eta, oro har, Udalaren argitalpen guztiak hizkuntza bietan argitaratuko dira, edo euskaraz soilik, kanpora begira bereziki zuzenduak izan ezik, horiek hizkuntza bietan, euskara/gaztelania, eginen baitira.

2. Salbuespen gisa, Udalaren argitalpen eta kartelak beste hizkuntzaren batean ere argitara daitezke, beren xedea dela medio, dagokion administrazio atalaren irizpidearen arabera.

23. artikulua. Erabilera zabala duten komunikazio guztiak, piktogramekin batera edo komunikazioa erabat ziurtaturik agertzen direnak, euskaraz idatziko dira.

24. artikulua. 1. Udalak edo berarekin lotura duten entitateek sortzen dituzten oharrak, iragarki publikoak eta edozein eratako publizitatea, hizkuntza bietan edo euskaraz argitaratuko dira.

2. Publizitateak eragina Euskal Herriko esparrutik kanpo duenean, hizkuntza bietan egingo da.

25. artikulua. Olaztiko udal administrazioko eta berarekin lotutako entitateetako kargudunak euskaraz edo dakiten hizkuntzan mintzatuko ohi dira jendaurreko ekitaldietan.

26. artikulua. Udalaren bulegoetako erregistro administratiboetan, inskripzioak hizkuntza bietan eginen dira, zernahi delarik ere aurkeztutako dokumentuan erabilitako hizkuntza.

27. artikulua. Erregistroak ematen dituen ziurtagiriak interesatuak eskatzen duen hizkuntzan eginen dira.

VIII._Langileen birziklatzea

28. artikulua. Udalak bere helburutzat du bere administrazio unitate guztiak, herritarrentzat direnak eta orokorrak, euskaraz aritzea lortzea, eta gainerako administrazio zerbitzuetan euskaraz osorik izapidatzea hizkuntza horretan idatzirik sartzen diren idatziak.

29. artikulua. Aurreko artikuluan markaturiko helburu hau lortzeko, aurretik, udal lanpostuetako hizkuntza eskakizunak zehaztu behar dira. Beraz, Euskara Batzordearen proposamenek hartuko dute indarra, Udalaren osoko bilkuran onartu ondoren, eta indarra izanen dute ordenantza honen legezko onespena egiten denetik bost urteko epea amaitu arte, horixe baita aipatutako helburuak erdiesteko ezarri dena. Osoko bilkuran onartutakoan, hizkuntza eskakizunak eranskin gisa gaineratuko zaizkio ordenantza honi.

30. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu helburua betetzeaz gain, ordenantza honetan herritarrei aitortutako eskubideak eraginkorrak eta iraunkorrak izan daitezen, beharrezko neurriak hartuko ditu Udalak. Horretarako beste zenbait neurriren artean, euskarazko ikastaro trinkoetara joateko baimena emanen die Olaztiko Udalak beren eginbeharrak euskaraz betetzeko behar adinako maila ez duten langile guztiei. Egun dauden funtzionarioei euskaraz jakitea eskatzeko garaian, kontuan hartuko dira adina eta hizkuntza ikastean eragina izan dezaketen beste baldintzak.

31. artikulua. Ordenantza honen arabera, euskara, Olaztiko Udalean zerbitzu-hizkuntza ez ezik laneko hizkuntza ere izanen denez, lanpostuei dagozkien hizkuntza eskakizunak jadanik betetzen dituzten langileek euskaraz ere eginen dute beren lana. Gainontzekoak, euskalduntze plangintzaren barruan, euskalduntzen diren heinean, pixkanaka hasiko dira beren lana euskaraz betetzen, eta dagozkien hizkuntza eskakizunak eskuratutakoan aurreratzen joanen dira ezari-ezarian. Langile berriei aurrekoak zuen maila eskatuko zaie.

32. artikulua. Olaztiko Udalean eta berarekin batera aritzen diren entitateetan, lekualdatze, igoera, transferentzia bidez nahiz beste edozein modutan lanpostu berri bat eskuratzeko, ezinbesteko baldintza izanen da lanpostuari dagozkion hizkuntza eskakizunak betetzea. Horretarako, Udaleko lanpostu guztien zerrendak berak jasoko ditu lanpostu bakoitzari dagozkion hizkuntza eskakizunak.

33. artikulua. Udal administrazioak, aurreikusitako helburuak lortzeko behar diren jardueren plangintzak eginen ditu.

IX._Langile berrien hautaketa

34. artikulua. Era berean, Olaztiko Udalak aurrerantzean ordenantza honi jarraikiz elebidunak diren lanpostuetarako kontratatuko dituen langile eta funtzionario guztiek beren jarduna euskaraz nahiz gaztelaniaz burutzeko gai izan beharko dute.

35. artikulua. Lanpostu bat eskuratzeko, funtzionario nahiz lan-kontratudun gisa, behar-beharrezkoa izanen da lanpostuari dagozkion hizkuntza eskakizunak egiaztatzea.

36. artikulua. Probak egindakoan hizkuntza eskakizunak betetzen dituen pertsonarik ez badago, hutsik geldituko da lanpostua, berriz deialdia egiteko.

X._Euskararen erabilera udalerrian

37. artikulua. Euskara herriko esparru guztietan erabil dadin eta, orohar, gizarte bizitzan euskararen egiazko presentzia areagotu dadin, neurri egokiak hartuko ditu Udalak. Ildo horretan, bi dira euskararen erabilera Olaztin normalizatzeari begira Udalak bere gain hartzen dituen xede garrantzitsuenak:

a) Zabalpen funtzionala: euskara, pixka-pixkana gero eta indar handiagoz, ahalik eta gizarte eginkizun gehienetara zabaltzeko behar diren planak abian jartzea.

b) Zabalpen demografikoa: baliabideak egokitzea euskaraz ez dakitenek ikas dezaten, eta dakitenak alfabeta daitezen, hiztunen kopurua handitu eta egungo erabilera hobetzeko.

Beraz, Olaztiko Udalak ahalegin berezia eginen du, esparru guztietara zabaltzeko euskararen gizarte erabilera, presentzia eta sustapena.

38. artikulua. Olaztiko Udalak udalerriko kale, bide, auzo, mendi, ibai eta erreken izendegi ofiziala eta orohar, leku izenak, finkatuko ditu, kasu guztietan euskal, erromantze edo gaztelaniazko jatorria errezpetatuz eta hizkuntza bakoitzaren berezko grafiarekin idatziz. Komunikazioa sinbolo, piktograma etab.en bidez ziurtaturik dagoenean, euskara besterik ez da erabiliko. Aurreko lerroaldean aipatutako izen ofizialei buruz eztabaida sortuz gero, Udalbatzak erabaki egokiena hartuko du, beti ere Euskaltziandiaren irizpideari jarraikiz.

39. artikulua. Udala ahaleginduko da herriko kulturaren eta bizitza sozialaren esparru guztietan (merkataritza, kultura, gizarte, kirol, erlijio entitateetan, eta beste edozein motatakoetan) euskararen presentzia, sustapena eta erabilera areagotu daitezen, eta honako helburuei arreta berezia eskainiko die:

1. Urtean zehar, erabilera publikokoa den udal esparruan idatziz egiten dituzten komunikazio-jarduerak: euskaraz edo hizkuntza bietan idatziko dira, euskarari lehentasuna emanez, idatzietan, karteletan, eta abarretan.

2. Urtean zehar, erabilera publikokoa den udal esparruan ahoz egiten dituzten komunikazio-jarduerak: euskaraz edo hizkuntza bietan eginen dira, euskarari lehentasuna emanez, jakinarazpenetan, propagandetan, oharretan, eta abarretan.

40. artikulua. Eskolarako adina duten herritarrendako Udalak antolatzen dituen kultur eta aisia jarduerak euskaraz eskainiko dira.

41. artikulua. Euskaraz alfabetatu nahi duten helduendako dirulaguntzak Sakanako Mankomunitateak eskaintzen dituenak izanen dira.

42. artikulua. Olaztiko Udalaren eta hedabideen arteko harremanei dagokienez eta euskararen presentzia hedabideetan normalizatzeko, Udalaren gaiei buruz komunikabideei bidaliko zaizkien oharrak, ahal dela hizkuntza bietan edo euskaraz idatziko dira. Halaber, Udala harremanetan jarriko da hedabide horien arduradunekin, albistea euskaraz eman edo argitara dezaten eskatzeko. Bestetik, euskal hedabideak bultzatzeko asmotan, Olaztiko Udalak ateratzen duen publizitatea, interesatzen zaizkion hedabideetara euskaraz bidaltzeko erabakia hartu du.

43. artikulua. Olaztiko Udalak, erakundeek euskara normalizatzeko egin behar duten lana ezinbestekotzat jotzen badu ere, derrigorrezkotzat jotzen du, era berean, udalerrian eta Euskal Herri osoan euskararen normalizazioren munduan zer esana duten pertsona, elkarte eta erakunde ez-ofizialekin harremanetan lan egitea, euskara Olaztiko Udalean eta herrian normalizatuko bada, denon elkarlanaren fruitu besterik ezin baitaiteke izan. Horrexegatik, Udalak, pertsona eta erakunde hauen lana eta berea koordinatzeko asmoz, euskararen udal batzordea antolatuko du.

XI._Euskararen normalizazio, batasun eta modernizaziorako azpiegitura

44. artikulua. Ordenantza honen aplikazioa Udalaren ardurapean gelditzen da.

45. artikulua. Olaztiko Udalak beharrezko ikusten du bere burua euskara batzordeaz hornitzea. Hango partaideak izanen dira: alkatea, 2 zinegotzi, idazkaria eta Sakanako Mankomunitateko teknikari bat.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honen maila bereko edo beheragoko ordenantza edo erabaki guztiak, bat egiten ez badute hartan xedatze denarekin edo harekin kontraesan badaude.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapen eta programa bereziak erabaki eta bultzatuko dituzte Udaleko betarazpen organoek.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Olaztin, 2004ko uztailaren 14an._Alkatea, Blanca Arza Bergerandi.

Iragarkiaren kodea: L0411360