99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

229/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez jendaurrean jartzen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duen foru dekretuaren proiektua.

Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 57.2 artikuluari jarraikiz, kontseilari eskudunak zilegi du erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurrean paratzea, arauaren ezaugarriengatik egokia iruditzen bazaio.

Ekainaren 28ko 222/2004 Foru Aginduaren bidez agindu zen hasiera eman ziezaiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duen foru dekretuaren proiektua prestatzeko espedienteari, eta Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzua izendatu zen proiektua prestatu eta tramitatzeko organo arduradun.

Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuak egin duen txostenak agerian jarri duenez, foru dekretuaren proiektuak, edukia ikusita, interesatu askori eraginen die, zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak emateko arauak biltzen baititu. Ziurtagiri hori beharrezkoa da Administrazioarekin kontratuak egiteko, zenbait motatako laguntza eta dirulaguntzak eskatzeko, eta jarduera batzuetan aritu ahal izateko.

Gaur egun ez daude Foru Komunitateko araudiaren bidez araututa ez kontzeptua, hau da, zerga betebeharrak egunean izateaz zer ulertzen den, ez eta lortzeko prozedura ere.

Horiek horrela, ziurtagiri horren izaera eta helburua kontuan hartuta, eta eskubideak edo bidezko interesak ukituak izan ditzaketen herritarrei eta erakunde zein elkarteei entzutea ematearren, komenigarria eta egokia da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz azaltzea, ahalik eta interesatu gehien egon dadin jakinaren gainean.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehena._Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duen foru dekretuaren proiektua. Horren testua foru agindu honen eranskinean dago.

Bigarrena._Hogei egun balioduneko epea ematea, foru dekretuaren proiektu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita, beren eskubide eta interesetan ukiturik dauden herritarrek bidezko jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

Iruñean, 2004ko ekainaren 30ean._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duen foru dekretuaren proiektua

Ez dago dudarik azken urteotan asko handitu dela zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak lortzeko eskarien kopurua, ziurtagiri hori beharrezkoa baita Administrazioarekin kontratuak egiteko, zenbait motatako laguntza eta dirulaguntzak eskatzeko, eta jarduera batzuetan aritu ahal izateko.

Gaur egun ez daude Foru Komunitateko araudiaren bidez araututa ez kontzeptua, hau da, zerga betebeharrak egunean izateaz zer ulertzen den, ez eta lortzeko prozedura ere, nahiz eta ziurtagiriak ematea administrazioaren ahalen berariazko agerpena izan.

Foru dekretu honek kontzeptua, prozedura, jar daitezkeen helegiteak eta ziurtagiriek sortuko dituzten ondorioak arautu nahi ditu.

Hala, foru dekretu honen 2. artikuluak argitu egiten du zer den "zerga betebeharrak egunean izatea"; 3. artikuluak ziurtagiriak eskatu eta lortzeko prozedura arautzen du, eta eskaerak baliabide elektronikoz egiteko aukera ematen; 4. artikuluak eduki negatiboko ziurtagirien kontra jar daitezkeen helegiteak zehazten ditu eta 5. artikuluak ziurtagirien ondorioak finkatzen.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 30.f) artikuluak kontratuak egiteko debekuen artean sartzen du indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak egunean ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

Bestalde, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 79. artikuluaren arabera, tributu arloko Administrazioa behartua dago tributu arloko kudeaketa prozeduretan, ofizioz nahiz parte baten eskariz irekitzen diren horietan, planteatzen diren auzi guztiak espresuki ebaztera.

Foru lege horren 82. artikuluak ezartzen du tributudunek eskubidea izanen dutela berek aurkeztutako tributu aitorpenen ziurtagiriak eskuratzeko.

Azkenik, aipatu 13/2000 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenaren 1. atalak baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari hura garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko. Arautzen ari garen gaian, foru dekretu honek betetzen du zeregin hori.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko ekainaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Zergadunek Foru Komunitateko tributu arloko Administrazioari eskatu ahalko diote harekiko zerga betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

2. artikulua. Zerga betebeharrak egunean izatearen kontzeptua.

Zergadunek Nafarroako Foru Komunitateko tributu arloko Administrazioarekiko zerga betebeharrak egunean dituztela esanen da egoera hauek izaten direnean, preskribitu ez duten aldiei dagokienez:

1. Honako hauek aurkeztu izana, horretara behartuta egonez gero: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Ondarearen gaineko Zergari, Egoitzagabeen gaineko Zergari edo Sozietateen gaineko Zergari dagozkion autolikidazioak, zerga bati edo besteari lotutako pertsonak edo entitateak diren, bai eta kasu bakoitzean bidezkoak diren ordainketa zatituen laburpenak eta aitorpenak, konturako sarrerak eta atxikipenak ere.

2. Honako hauek aurkeztu izana, horretara behartuta egonez gero: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudian ezarritako aldizkako aitorpen-likidazioak eta bereziak, baita urteko aitorpen-laburpena ere.

3. Honako hauek aurkeztu izana, horretara behartuta egonez gero: Zerga Berezien araudiaren arabera bidezkoak diren zerga aitorpenak eta autolikidazioak.

4. Honako hauek aurkeztu izana, horretara behartuta egonez gero: beharrezkoak diren zentsu aitorpenak, eta tributu arloko araudiak informazioa emateko ezartzen dituen beharkizunak betetzeko xedea dutenak.

5. Tributu zorrik ez izatea, ez eta tributuen arloko zehapenen ondoriozkorik ere, horien gainean exekuzio aldia hasi bada. Zergadunek zerga betebeharrak egunean dituztela esanen da zorraren ordainketa etenda baldin badago tributu likidazioa inpugnatu izanagatik, edo bestela, zorraren ordainketa luzatzea edo zatitzea onartu eta zergadunek behar bezala betetzen badute ezarritako ordainketa plana.

3. artikulua. Eskabidea.

1. Ziurtagiria ahoz edo idatziz edo baliabide elektronikoz eska daiteke. Ziurtagiria paperean emanen da, non ez den baliabide elektronikoz eskatu, halakoetan euskarri elektronikoan emanen baita.

2. Eskaria ahoz edo idatziz egiten bada, eskaria aurkeztu eta biharamunetik hasita gehienez ere bost egun balioduneko epean emanen da ziurtagiria, eta eskatzailearen eskura egonen da Nafarroako Zerga Ogasuneko Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuaren egoitzan.

3. Eskaria zergadunak ahoz egiten badu edo berak sinatuta badago, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da.

4. Eskaria ordezkari bidez egiten bada, horren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da, bai eta ordezkaritzaren egiaztapena ere Zuzenbidean balioa duen edozein bidez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ziurtagiria bide elektronikoz eskatzen denean, Nafarroako Zerga Ogasunaren Interneteko ataritik eginen da, bi modu hauetako batean:

1. Zergadunaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) edo Identifikazio Kodea (IK) eta PINa (Kontsultetarako Sarbide Gako Pertsonala) idatziz.

2. Sinadura elektroniko aurreratu baten bidez, ziurtapen aitortu batean oinarrituta; hura sortzeko, sinadurak sortzeko baliabide seguru bat erabili beharko da.

6. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak beharrezkoak diren garapen eta aplikazio xedapenak emanen ditu ziurtagiriak baliabide elektronikoz eskatu eta eman ahal izateko.

4. artikulua. Helegiteak.

1. Eduki negatiboa duten ziurtagirien kontra berraztertze helegitea jarri edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa egiten ahalko da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako moduan.

2. Ziurtagiria aurreko artikuluko 2. atalean ezarritako epean ematen ez bada, eduki negatiboko ziurtagiritzat hartzen ahalko da, gero berraztertze helegitea jarri edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa egin ahal izateko.

5. artikulua. Ondorioak.

1. Ziurtagiriak emanen dira, soil-soilik, beraietan foru dekretu honen 2. artikuluan aipatu egoerak agertarazteko, ala ez, eta ez dute sortuko eskatzaileen edo hirugarrenen aldeko eskubiderik edo eskubide usterik, ez dituzte preskripzio epeak etengo, eta ez dira aipatzen dituzten prozeduren jakinarazpen izanen.

2. Nolanahi den ere, edukiak, positiboa edo negatiboa izan, ez du eraginik izanen ondoko egiaztapen edo ikerketetatik ateratzen denaren gainean.

3. Ziurtagiriak hiru hilabeteko balioa izanen du, ematen den egunetik hasita.

4. Ziurtagiriak ez dira baliozkoak izanen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 31. artikuluko 4. atalean aurreikusitakoari dagokionez.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko ekainaren 30ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0411616