99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2004ko uztailaren 24koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Ekialdeko ingurabidearen itxieraren eta Iruñerriko iparralderako irteera baten trazadura" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

I._Aurrekariak.

2003ko uztailaren 15ean, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "Ekialdeko ingurabidearen itxieraren eta Iruñerriko iparralderako irteera baten trazaduraren proiektua", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea.

Jarduketa horren helburua Iruñerriko Ekialdeko Saihesbide edo Ingurabidea iparraldetik ixtea da, ingurabideak Gorraiztik Olloki-Arre tarteraino jarraipena izan dezan. Tarte berri horren trazadurak ingurabideak orain dituen ezaugarri geometriko berberak izanen ditu, hots, bi galtzada eta horietako bakoitzean bi errei.

Erabaki hori 2003ko abuztuaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (103. zk.) eta jendaurrean egon den epean hiru alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik azaltzen da bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

II._Aurkeztutako alegazioak.

1._Uharteko alkate jauna, Udalaren ordez.

Edukia:

1. Urbizkain mendiaren azpian jarriko den tunel aizuna handiagoa egitea, ingurumen arloko eta estetikako arrazoiengatik.

2. Trazadura berria Uharte eta Olatzekin lotzeko biribilgua Ugarrandiko auzoberriarekin lotzeko bidearen alternatiben azterlan bat egitea.

Erantzuna:

1.ari: Proiektuak Ingurumenean dituen Eraginen Azterlanean adierazi da tunel aizunek bidearen iragazkortasuna bermatzen dutela, proiektuak faunarentzat sor lezakeen hesi-efektua gutxituz, eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten dutela. Egia bada ere tunelak handiagoak eginez gero eraikuntzaren efektu positiboa handituko litzatekeela, hobekuntza ez litzateke hain nabarmena izanen. Gainera, handitze-lan horiek tunelen eta, horrenbestez, proiektu osoaren kostu ekonomikoa nabarmen igoko lukete.

Bestalde, tunelek eraginen duten kaltea, paisaiari dagokionez, ahoak begien bistan egotetik datorrena besterik ez da izanen. Ahoen diseinuak, Azterlaneko aholkuei jarraikiz, paisaian hobeki integratzen lagunduko du, egituren ezpondak eremu horretan daudenetara egokituko baitira.

2.ari: Espediente honen proiektua Uharteko eta Esteribarko udal mugapeetan Ekialdeko ingurabidea ixteko eta Iruñerriko iparralderako irteera bat egiteko obren lurralde eta hirigintzako integraziorako Hitzarmenaren zati da. Hitzarmen hori Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Uharteko eta Esteribarko udalek sinatu zuten. Bertan, mugape horietan izanen den edukiera handiko bide-sarearen diseinua onetsi zen, hots, Ekialdeko Ingurabidearen itxierari, Iruñerriko Iparralderako irteerari eta Ekialdeko bigarren Ingurabidean sartzeko bideari dagokiena. Horrez gainera, udal horiek eremu horretan sustatzen dituzten hirigintza garapenen mugak onetsi ziren eta hitzarmenean aipatzen diren bide-azpiegiturak ezartzeko behar diren lurrak udalek jarri behar dituztela finkatu.

Hori horrela, alegazioan aipatzen den biribilguarekiko lotura ez dago hitzarmen horretan ezarritako mugen barrenean. Hortaz, ezinezkoa da biribilguaren forma edo neurriak aldatzea.

2._María Eugenia Lacalle Sousa andrea.

Edukia:

Alegazio-egilea Esteribarko katastroko 1. poligonoko 107. lurzatiaren jabe da, eta horren zati batek aurkeztu den proiektuaren eragina jasanen du, ukituriko ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehaztuan adierazi bezala.

Aipaturiko zerrendan lurzati hori lurzoru urbanizaezin gisa ageri da. Izan ere, lurzatia Ollokin Zerbitzuen poligono bat ezartzeko mugatutako eremuaren barrenean da. Poligono hori Esteribarko Udalak sustatu du eta dagoeneko behin-behinekoz onetsi da. Beraz, Nafarroako Gobernuak behin betikoz onestea besterik ez da falta. Poligono horren planeamenduan, "Bide-sistemaren azpiegiturarako erreserba" izeneko atalean, zera adierazten da: "Eremu horretan, Nafarroako Gobernuarekin adostutakoari jarraikiz, 48.399 m² inguruko erreserba ezartzen da, Plan Partzialean zehaztu beharko dena. Berdinbanaketaren prozesuaren arabera, ekarritako lurrak aprobetxagarriak izanen dira eta, ondorioz, nahitaez eta doan laga beharreko lurzati bat sortuko da".

Hortaz, udal planeamenduko aurreikuspenen arabera, Nafarroako Gobernuak behar dituen lurrak doan lor ditzake. Desjabetzapena erabiltzen bada, berriz, Administrazioarentzat garestiagoa izanen da eta finken titularrentzat nekagarriagoa.

Esandakoaren ondorioz, zera eskatzen du: bai adierazitako lurzatian, bai, oro har, egoera berean dauden gainerako guztietan, hots, bidearen eraginpean eta poligono horren eremuaren barrenean daudenetan, udal planeamenduaren aurreikuspenetan ezarri bezala joka dezatela, bide hori egiteko behar diren lurrak doan lortzeko.

Erantzuna:

Alegazioan planteatzen diren auziak lurrak lortzeko kudeaketa lanei dagozkie. Fase hori UPSa onestearen ondotik etortzen da.

Nolanahi ere, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak alegazioei buruz egin duen txostenean adierazi du, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta Uharteko eta Esteribarko Udalek sinatu zuten hitzarmenaren arabera, mugape horietan izanen den edukiera handiko bide-sarearen diseinua onetsi zela, hots, Ekialdeko Ingurabidearen itxierari, Iruñerriko Iparralderako irteerari eta Ekialdeko bigarren Ingurabidean sartzeko bideari dagokiena, baita udal horiek eremu horretan sustatzen dituzten hirigintza garapenen mugak ere. Gainera, udalek hitzarmenean biltzen diren bide-azpiegiturak ezartzeko behar diren lurrak jarri beharko dituztela finkatu zen.

Horrenbestez, behar diren lurrak hitzarmen horren arabera lortuko dira eta horrek ez du baldintzatuko organo eskudunak alegazioan aipatzen den hirigintzako udal planeamenduari buruz hartuko duen ebazpenaren emaitza, orain tramitazioaldian baita.

3._José Javier Gómez Cía jauna, A.C. Itaroa, S.L. merkataritza enpresaren kontseilari delegatua.

Edukia:

Merkataritza gunearen jarduerak zirkulazio handia sortuko du puntako orduetan Agoizko errepidearen abiapuntu den biribilguan. Horregatik, biribilgu horri dagokionez, bi aukerabide proposatzen ditu Uhartera eta merkataritza-gunera joaten diren autoak Uhartetik eta merkataritza-gunetik Iruñeko norabidean joaten direnekin ez gurutzatzeko.

Erantzuna:

Proposatzen den aldaketak 1. alegazio-idazkiaren 2. alegazioari emandako erantzunean aipatu den hitzarmenean onetsitako mugetatik kanpo dauden lur batzuk ukituko lituzke. Dena dela, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Proiektu Atalak biribilguko sarbide eta aterabideak berrantolatu ditu, alegazio-egileak aurkezturiko bi proposamenetatik lehenengoa aintzat hartuz.

III._Erreferentziako Nafarroako Gobernuaren Erabakian ezarritako zehaztapenak.

Atal honetan zehaztapenen testua ekarriko da, edukia banan-banan azalduko da eta noraino bete den adieraziko.

A) "Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen espedientea ebatzi aurretik, erabaki honen azalpen zatiko III. atalean ("Ingurumenaren gaineko gogoeta") azaltzen diren gaiak garatu beharko dituela."

Zehaztapenak aipatzen dituen alderdiak hauek dira, laburbildurik:

_Ingurumena Zaintzeko Programaren helburu nagusietako bat Itaroako etxebizitza eremuko eraikinen gaineko eragin akustikoa zuzentzeko neurrien eraginkortasuna neurtzea izanen da (hots, gaurko ezpondaren goialdean eta urbanizazioarekin paralelo, soinu-babes bat jartzea, 3 metro garai eta 800 metro luze, metakrilato edo PVC erdigardenezko xafla bikoitzekoa).

_Errodaduraren zarata moteltzeko asfalto drainagarria erabiltzea gomendatzen da.

_Moztu beharreko ibai-tarteak 301,74 metro ditu. Ibilgu berria harri soltezko lubetaz jantziko da, landare-lurra gehituko zaio eta zuhaixkak landatuko dira. Ibilguaren kanpoaldean landaketa eginen da ibai ertzeko landaretza zerrenda osatzeko.

_Eraikuntza proiektuak barnean hartuko du landareztatze proiektua. Honek bermatu egin beharko du ezponda guztiak landareztatzeko modukoak izanen direla, eta espezie autoktonoak landatzeko aginduko du. Eraikuntza proiektuak barnean hartuko du, halaber, tunel ahoak paisaian txertatzeko proiektua.

_Soberako materialak, eraginei buruzko azterlanean aurreikusten denez, behinola UPS baten bidez onetsi zen Ardazko zabortegira eraman behar dira. Proposamen hori ez da onargarria, UPS horrek bestelako helburuak izan zituelako Iruñerrian zabortegietarako eremuak definitu zituenean. Horregatik, espedientea ebatzi baino lehen zabortegiaren beste kokaleku bat aurkeztu behar da, eta bai zabortegiaren neurriak eta ezaugarriak zehaztu ere.

Horri guztiari dagokionez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa ikusirik _ingurumen arloko gogoeten atalekoak barne_, adostasun txostena eman duela, baina baldintza hauek ezarriz:

_Obrak hasi aurretik, aipatu zerbitzuari Urbi ibaian jarduteko proiektua igorriko zaio, lehengoratze neurri eta guzti.

_Horrez gainera, ingurua landareztatzeko eta paisaian integratzeko proiektua igorriko zaio.

_Obrak bukatutakoan, ingurumenaren arloko segimenduaren txostena aurkeztuko da, aplikatu diren neurri zuzentzaile guztiak aipatuz, batez ere eragin akustikoa moteltzeko neurriak eta, errepidea erabiltzeko fasean, aplikatuko den ingurumena zaintzeko plana.

Herri Lan Departamentuak soberako lurrak eramateari buruz, besteak beste, hau zioen: "Tunel berrien ekialdera, etxebitza eremu berri bat eraikitzea aurreikusi da. Auzoberri horretarako lur-mugimenduei esker, tunelak alde horretan egiteko behar diren zelaitze-lanak nabarmen gutxituko dira".

Lerroalde horretan finkatutakoa ikusita, adierazi beharra dago Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan ez dela aurkeztu "tunel berrien ekialdean egin behar den etxebitza eremu berri" horren gaineko inolako espedienterik, aldez aurreko kontsulta moduan ere ez. Hortaz, lurrak nora botako diren balizko hirigintza jarduketa horri lotuta dagoenez, ondorioztatu behar da soberako lurren auzia konpondu gabe dagoela.

B) "Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen, erabaki honetan ingurumenari buruz azaldu diren oharrak kontuan izanik, komenigarritzat jotzen dela "Ekialdeko Bigarren Ingurubidea" errepideko tarte baten proiektua prestatzea, Ollokiko lotunearen eta Agoizko errepidearen arteko tartearena, hain zuzen ere".

Zehaztapen horren edukia ikusirik, bidezkoa da zehaztapen hori espedientea ebazteko Erabakian sartzea.

C) "Aditzera ematea, orobat, komenigarria dela II. atalean ("Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta") aipatu diren xehetasunak aztertzea eta eraikuntza proiektuan haiek jasotzea bidezkoa ote den baloratzea".

Zehaztapen honetan aipatzen diren alderdiak honako hauek dira:

_Ingurubideak Agoizko errepidearekin erdilotunea duen tarte horretan, txirikordatu eginen dira ingurubidera sartzeko adarra eta ingurubidetik Itaroako merkataritza eremuaren hegoaldeko biribilgunerantz irteteko erreia. Gure iritziz, txirikordatutako tartea laburregia da. Hori dela eta, sarrerako adar hori iparralderantz eraman liteke, tunel aizunera hurbilduz, eta hartara tarte txirikordatua luzeagoa izanen litzateke.

_Agian komenigarria litzateke, gainera, Ollokiko lotunean Uhartera joateko dagoen biribilgunea berrikustea, tamainaren eta diseinuaren aldetik, eta gauza bera egin beharko litzateke Luzaiden barna Frantziara doan errepideko tarte batekin ere, aipatu biribilgune horretan hasi eta Arga ibaiko zubiaren azpiko pasabidean amaitzen denarekin alegia, tarte hori hegoalderantz lerratuz, paraleloan. Hartara, biribilguneko mugimenduak erraztu eta hobetu eginen lirateke.

Lehenbiziko puntuari dagokionez, Herri Lan Departamentuak adierazi du Agoiztik datorren trafikoa errepidean sartzeko erreia ezin dela iparralderantz eraman, tunel aizunetik hurbilago. Dena dela, proiektua aldatu da, izan ere, sarrerako errei hori luzatu da, Olazko biribilgutik haratago, eta Ekialdeko ingurabidea-Olazko biribilgua mugimendua galarazi da, iparraldetik Uhartera edo Itaroara joaten diren autoak Ollokin atera baitaitezke.

Bigarren puntuari dagokionez, Herri Lan Departamentuak adierazi du proposatzen diren jarduketak hainbatetan aipatu hitzarmenean onetsitako mugetatik kanpo daudela. Bestalde, biribilguaren diseinua aztertu duela adierazten du eta, funtzionaltasunaren ikuspegitik, egokia dela.

D) "Espedientea behin betikoz onesteko, kasua bada, kontuan hartuko dira Ondare Historikoaren Zerbitzuari ondare arkeologikoari buruz jada eskatu zaion txostenaren ondorioak."

2003ko uztailaren 18an, Ondare Arkeologikoaren Bulegoak egindako txostenean ondare arkeologikoa babesteko aplikatu beharreko neurriak ageri dira, honako hauek, laburbilduz:

_Obra proiektua prestatu eta onetsi aurretik, indusketa arkeologikoa egitea ukituriko eremuan, aztarna arkeologikorik dagoen ikusteko.

_Obren segimendu arkeologikoa egitea, txostenean azaltzen diren baldintzei jarraikiz.

Neurri horiek guztiak _adierazten du_ zerbitzu arkeologikoen enpresa batek eginen ditu eta proiektuan horiek burutzeko kontusail bat bideratu beharko da, behar bezala hornitua.

Txostenaren bukaeran adierazten da neurri horiek aplikatzeko lanetan indusketa arkeologikoak egiteko baimena lortzeko indarra duten xedapenetan ezarritako baldintzak bete behar direla, Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren ikuskapena eta segimendua barne.

Horri dagokionez, Herri Lan Departamentuak adierazi du indusketa arkeologiko bat egin dela eta horren ondorioz martxoaren 14ko txosten arkeologikoa prestatu dela (erantsi du). Bertan gomendatzen da lan-ildo arkeologiko espezifiko bat segitzea aztertu diren hiru asentamenduetan (Bizkarro, Urbizkain eta La Playa). Azkenik, departamentuak adierazi du eraikuntza proiektuan obren segimendu arkeologikorako atal bat sartuko dela, dagokion aurrekontuarekin, Ondare Arkeologikoaren Bulegoak 2003ko uztailaren 18an egindako txostenean ezarritako baldintzei jarraikiz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2004ko ekainaren 18an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. "Ekialdeko ingurabidearen itxieraren eta Iruñerriko iparralderako irteera baten trazadura" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea.

Obrak hasi aurretik, soberako lurren pilaketari buruzko espedientea tramitatu beharko da, hirigintzako eta ingurumeneko ondorioetarako.

Gainera, obrak egiten hasi aurretik eta, orobat, obrak bukatutakoan ere, erabaki honen azalpen zatian bildu diren ingurumen arloko baldintzak bete beharko dira.

3. Aditzera ematea, obrek ukitzen dituzten edo exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez (besteak beste ibaibide publikoei dagozkienak), departamentu sustatzaileak edo, bestela, sozietate kontzesionarioak organo eskudunen baimen guztiak eskuratu beharko dituela, kasuan kasukoak.

4. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea komenigarritzat jotzen dela "Ekialdeko Bigarren Ingurubidea" errepideko tarte baten proiektua prestatzea, Ollokiko lotunearen eta Agoizko errepidearen arteko tartearena, hain zuzen ere.

5. UPS honen xede den azpiegituraren onura publikoa deklaratzea, desjabetzapenaren ondorioetarako.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Eguesibarko, Uharteko eta Esteribarko udalei eta alegazio-egileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, adierazi nahi da erabaki honek bide administratiboa agortzen duela eta haren aurka, aukeran, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal dela:

_Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hau argitaratu eta, biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, hau argitaratu eta, biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2004ko uztailaren 26an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0411959