99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

720/2004 FORU AGINDUA, uztailaren 28koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, errepideko garraio publikoaren sektorean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Sektoreko enpresek beharrezkoa zuten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen marko bat ezartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, bidezkoa da dirulaguntza deialdia eta hori arautuko duten oinarriak onestea.

Horiek horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2004. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. 108.800 euroko gastua onestea, 2004. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4810/513200 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2004ko uztailaren 28an._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

E R A N S K I N A

Errepideko garraio publikoaren sektorean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa._Xedea.

Deialdi honen xedea da garraio sektoreari loturiko pertsonendako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak ezartzea.

Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2004ko abenduaren 1a baino lehen. Laguntzetatik kanpo daude gaitasun profesionaleko ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta merkantzia arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.

Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetatik edo beste erakunde pribatu edo publiko batetik helburu berbererako beste laguntza bat jasotzen baldin bada, onuradunak jakinarazi beharko du. Kasu horretan, emandako dirulaguntzari jasotako laguntzaren zenbatekoa kenduko zaio. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa ezin izanen da jardueraren kostua baino handiagoa izan, inola ere.

Bigarrena._Onuradunak.

Dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eraturik eta Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko erakunde eta entitate juridiko edo ekonomikoek, publiko zein pribatu, edozein delarik beren izaera juridikoa.

Hirugarrena._Eskabideak.

Eskaerak aurkezteko epea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko izanen da 2004. urtean, foru agindu hau argitaratu baino lehen edo aurtengo irailaren 30a baino lehen, egiten diren ekintzetarako.

2004ko irailaren 1etik 15era bitartean, eskaerak aurkezteko beste epe bat izanen da, 2004ko urriaren 1etik abenduaren 1era bitarte egin behar diren ekitzetarako.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Eskabideei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

_Eginen diren prestakuntza ekintzak azaltzeko memoria.

_Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

_Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

_Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

_Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria.

_Identifikazio Fiskaleko Txartela.

Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio zuzen dezala hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskabideari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Laugarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen babesean antolaturiko prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren % 75erainoko dirulaguntza ematen ahalko da gehienez.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko, agiri bidez justifikatzen diren gastuak hartuko dira aintzat eta, horrez gainera, beste % 15, justifikatzeko zailak diren gastuei dagokiena (administrazioa, gutunak, etab.). Diruz laguntzen diren ekintzetarako norberaren baliabideak edo lokalak jarri baldin badira, % 15 gehiago erantsiko da.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den dirulaguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Bosgarrena._Balorazio irizpideak.

Laguntza zenbatekoa izanen den zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira irizpide objektiboak, garrantziaren arabera ordenatuak, handienekotik gutxienekora:

a) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioetan prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren alorretan dauden beharrekin.

b) Irakasgaien eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea.

c) Proposatzen diren jarduerak gauzatzeko dauden instalazioak, baliabideak eta langileak.

d) Jarduera osoaren kostua.

Seigarrena._Ebazpena.

Laguntzak Garraio zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez banatuko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabete batean gehienez, ondoko hauek osatuko duten balorazio batzordearen proposamena ikusirik:

_Garraio zuzendari nagusia, batzordeburu lanetan arituko dena.

_Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria.

_Garraioaren Ustiapenerako Ataleko burua.

_Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie.

Adierazitako epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

Zazpigarrena._Laguntzaren ordainketa.

Eskaera hirugarren oinarriko lehen lerroaldean ezarritako epean aurkezten duten dirulaguntza-onuradunek, likidazioa egitearren, behean azaltzen den dokumentazioa 2004ko urriaren 15a baino lehen bidali beharko dute Herri Lan, Garrio eta Komunikazio Departamentura.

Urriaren 1etik abenduaren 15era bitarte egiten diren ekintzetarako, egiaztagiriak aurkezteko epea 2004ko abenduaren 15ean bukatuko da.

Egiaztagiriak epe horietatik kanpo aurkeztuz gero, kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen dirulaguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

Aurkeztu beharreko agiriak:

Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.

_Irakasleen nortasun datuak eta kalifikazioa, ikastaroen kasuan.

_Eginiko jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta helbidea, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

_Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

_Matrikulen ordainean izandako diru-sarrerak.

_Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinetan berretsiko baitu egindako ikastarorako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

_Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunak bete dituela adierazten duena.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den dirulaguntzaren ordainketa tramitatuko da.

Horrelakorik egiteko arrazoi justifikatuak baldin badaude, laguntza -zati bat edo oso-osorik-jarduketa amaitu baino lehen ematen ahalko da, aurreratutako diru-kopuruaren adinako banku-abala aurkezten bada.

Zortzigarrena._Baliogabetzea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, dirulaguntza osorik edo hein batean uzten ahalko da baliorik gabe, eta jasotako zenbatekoak itzul daitezela erabaki.

Bederatzigarrena._Finantzazioa.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2004. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4810/513200 kontusailaren kargura finantzatuko dira.

Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.

Hamargarrena._Publizitatea.

Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren dirulaguntza jaso dutela.

Hamargarrena._Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0412155