99. ALDIZKARIA - 2004ko abuztuaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

265/2004 FORU DEKRETUA, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak 5. eta hurrengo artikuluetan zenbait aipamen egiten ditu geroko erregelamenduzko arau batzuen gainean, hots, Foruzaingoaren barne-antolamendua, foruzainen funtzionamendu-araubidea eta uniformeari, ezaugarriei, agurrei eta armen erabilerari buruzko arauak garatzeko, besteak beste.

Bestalde, testu bategin horren 10. artikuluan ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialeko unitateak antolatzeko, epaitegi edo auzitegi bati edo Ministerio Fiskalari atxikiak.

Maiatzaren 19ko 155/1988 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foruzaingoaren antolamendurako Erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horren arabera, Foruzaingoaren egitura ataletan, brigadetan eta taldeetan antolatuta dago, ofizial bat, sarjentu bat edo kabo bat buruan dutela, hurrenez hurren, erregelamenduak indarra hartu zuenean, hots, 1988ko maiatzean, zeuden lanpostuen arabera. Horrez gainera, Kabinete Teknikoaren Atala, Trafiko Atala, Eraikinak Babesteko Atala, Agintariak Babesteko Atala eta Joko eta Ikuskizunen Atala sortu zituen.

Gero, abenduaren 20ko 340/1990 Foru Dekretuaren bidez, Babes Ekologikoaren Atala sortu zen.

Ordutik hona Foruzaingoak izan duen garapena ikusirik, bai Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 9. artikuluak esleitzen dizkion eginkizunei dagokienez, bai giza-baliabideetan izan duen igoera nabarmenari dagokionez, behar-beharrezkoa da berrantolatzea, esleiturik dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzeko ahalbidea emanen dion beste egitura bat ezartzeko.

Hori horrela, foru dekretu honek helburu hauek ditu:

_Nafarroako Foru Komunitatearen Segurtasunaren Administrazioa eratzea eta herritarren babes eta segurtasunaren arloan goi-agintariek dituzten eginkizunak finkatzea.

_Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan herritarrek dituzten beharrei oso-osorik erantzuteko moduko antolamendu-eredu bat ezartzea Foruzaingoan, erreferentziazko polizia izan dadin, Konstituzioak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoak eta Nafarroako Polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak ahalbidetzen duten eskumen-markoan.

_Foruzaingoa, batez ere, baliabide operatiboa bilakatzea, herritarren babes eta segurtasunaren arloko goi-agintarien zerbitzura eta haren zuzendaritzapean, edo trafikoaren, ingurumenaren eta jokoaren eta ikuskizunen arloetan eskumena duten zerbitzuen menpekotasun sasi-funtzionalean. Orobat, polizia judizialaren unitateak sortzea, esleitzen zaizkien eginkizunei dagokienez epaileen, epaitegien edo Ministerio Fiskalaren menpe arituko direnak.

_Foruzaingoa, irizpide funtzional eta operatiboei jarraikiz, lau maila hierarkizatutan egituratzea _Arloa, Dibisioa, Brigada eta Taldea_, eta hurrenez hurren, ikuspegi operatiboari dagokionez, honako eginkizun hauek esleitzea: goi-zuzendaritza, polizia jardueraren arlo jakin batzuen zuzendaritza taktikoa, polizia lanak zuzenean burutzea eta lan bereziak zuzenean burutzea.

_Antolamendu sistema malgua ezartzea, batetik, lurralde-dezentralizazioa lortzeko, prebentzioa eta herritarrengandik hurbilago egotea bermatzeko asmoz, eta bestetik, Furuzaingoaren garapena eta ezarpen progresiboa lortzeko, kidegoak dituen baliabideen arabera eta gizarteak egiten dizkien eskakizunen eta gertatzen diren aldaketen arabera.

Hori helburu, foru dekretu honek urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren I. tituluko II. kapitulua eta 10. artikulua garatuko ditu.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko uztailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onestea. Erregelamenduaren testua foru dekretu honen ondotik ageri da.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Tuterako polizia etxea

1. Tuterako polizia etxearen eragin eremuak udalerri hauek hartzen ditu: Faltzes, San Adrián, Azkoien, Martzilla, Caparroso, Murillo el Cuende, Mélida, Zarrakaztelu, Azagra, Funes, Villafranca, Milagro, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Castejón, Corella, Fitero, Cintruénigo, Tutera, Murchante, Cascante, Tulebras, Monteagudo, Barillas, Ablitas, Cabanillas, Fustiñana, Fontellas, Ribaforada, Buñuel eta Cortes, hala nola Errege Bardearen eremua.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Tuterako polizia etxearen eragin eremua aldatzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Beste polizia etxe batzuk

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio beste polizia etxe batzuk sortu, aldatu edo kentzeko, bakoitzaren eragin eremua zehaztuz.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Aldian aldiko ezarpena

Foru dekretu honetan ezartzen den antolamendurako egitura mailaka ezarriko du Nafarroako Gobernuak edo, kasua bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, Foruzaingoak dituen aurrekontuen, langileen eta baliabideen arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Foru dekretu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko dira, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 19ko 155/1988 Foru Dekretua, Foruzaingoaren Babes Ekologikoaren Atala sortu zuen abenduaren 20ko 340/1990 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dion maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Erregelamenduzko ahalmena

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko ekainaren 26an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamendu honen helburua Foruzaingoari dagozkion eskumenak erabiltzea ahalbidetuko dion egitura organikoa finkatzea da eta haren funtzionamenduari, uniformeari, ezaugarriei, agurrei eta armen erabilerari buruzko arauak ezartzea.

2. Nafarroako Foruzaingoaren jarduna, barne-antolamenduari eta antolamendu funtzional eta operatiboari dagokienez, Erregelamendu honetan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

2. artikulua. Jarduteko eremua.

1. Foruzaingoaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izanen da.

2. Aurreko atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe, Foru Komunitateko lurraldea, Foruzaingoa ezartzeari begira, polizia eremuetan banatzen da. Lurraldeari dagokionez, polizia eremu bakoitzak polizia etxe bakoitza sortzen denean adierazten diren udalerriak hartuko ditu bere baitan.

3. Erregelamendu honen ondorioetarako, Foruzaingoko egituran dauden unitateak zentralak edo lurraldekoak izan daitezke, ohiko egoeretan dagokien eragin eremua Nafarroako lurralde osokoa edo zati batekoa den, hurrenez hurren, kasuan kasuko unitatea sortzeko arauan ezartzen denari jarraikiz.

3. artikulua. Eginkizunak.

Foruzaingoak Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bateginak esleitzen dizkion eginkizunak izanen ditu.

4. artikulua. Menpekotasun organikoa.

Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpe egonen da eta hango Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita geldituko da.

II. TITULUA

Foruzaingoaren antolaketa

I. KAPITULUA

Segurtasunaren administrazioa: goi-agintariak

5. artikulua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

Foruzaingoaren agintari gorena Nafarroako Gobernua da eta lehendakariaren bidez baliatuko du aginte hori.

6. artikulua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko herritarren babes eta segurtasunarerako politikaren ardura Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio, Nafarroak dituen eskumenen esparruan eta Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen helburuekin bat.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Nafarroako Foruzaingoaren buru eta goi-zuzendaria izatea dagokio. Horrenbestez, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuen goi-zuzendaritza, koordinazioa, ekimena eta ikuskatzailetza.

b) Plangintza orokorra prestatzea eta horren segimendu eta kontrola egitea.

c) Azterlan orokorrak eta kidegoaren egitura, antolaketa eta garapenari buruzko proposamenak egitea.

d) Beste polizia kidego batzuekin koordinatzeko irizpide nagusiak ezartzea.

e) Prestakuntza eta espezializaziorako politikak sustatzea eta koordinatzea.

f) Herritarren segurtasunari buruzko azterlan eta txostenak sustatzea eta prestatzea.

g) Nafarroako Foruzaingoa eta haren menpeko laguntza tekniko eta administratiborako zerbitzuak toki poliziekin koordinatzeko lana sustatzea, betiere azken horien autonomia organiko eta funtzionala errespetatuz.

h) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmen eta eskumenak.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari, orobat, honako hauek dagozkio:

a) Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak erabiltzea.

b) Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legean ezarritako ahalmen administratiboak erabiltzea.

c) Nafarroako Foruzaingoak toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzeko baimena ematea eta horien erabilera kontrolatzea, Segurtasun Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzeko arauak eman zituen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan eta hori garatzen duten xedapenetan xedatzen denarekin bat.

d) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako ahalmen eta eskumenak.

7. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusia.

1. Barne zuzendari nagusiari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren zuzeneko buruzagia izatea eta hango unitate eta zerbitzu polizialen zuzendaritza, ikuskapena eta koordinazioa, beti Departamentuko kontseilari titularraren agintaritzaren pean.

2. Barne zuzendari nagusiari, orobat, honako hauek dagozkio Foruzaingoari dagokionez:

a) Kidegoaren antolaketa orokorra eta lanpostu edo kategoria bakoitzean behar diren langileak finkatzea.

b) Foruzaingoaren plantilla organikoa prestatzea eta lanpostu hutsen zerrenda egunean eramatea.

c) Lanpostuak bete eta Foruzaingoan sartu eta gora egiteko prozesuak sustatzea, hala nola foruzainen hautapen eta prestakuntzarako irizpideak prestatu eta proposatzea.

d) Jarduketa ekonomikorako, plangintza orokorrerako eta kidegoaren garapen eta ezarpenerako plan eta proiektuak prestatzea eta horien aplikazioa koordinatzea.

e) Udaltzaingoekin eta beste polizia kidegoekin lankidetza eta koordinazioa sustatzea.

f) Herritarren babes eta segurtasunari buruzko azterlan eta txostenak sustatzea eta prestatzea.

g) Errendimendu poliziala neurtzeko irizpideak ezartzea, polizia lanaren kalitatea ebaluatu ahal izateko eta zerbitzua optimizatzeko behar diren jarduketak garatu ahal izateko.

h) Foruzaingoko kideen estatutupeko araubidea aplikatuz beharrezkoak diren administrazio egintza eta ebazpenak ematea, berariaz beste organo batzuei esleituta ez dauden kasuetan.

i) Nafarroako foruzainek zerbitzu publiko poliziala nola eman behar duten azaltzeko zirkular eta jarraibideak ematea.

j) Foruzainek herritarrekin dituzten harremanetan, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatu eta zuzen erabiltzeko behar diren baldintzak betetzen direla begiratzea, Konstituzioan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarrita dagoen bezala.

k) Indarra duten xedapenek agindu edo Departamentuko kontseilariak esleitzen dizkion gainerako ahalmen, eskubide eta eginkizunak.

II. KAPITULUA

Foruzaingoaren antolamenduaren egitura

8. artikulua. Foruzaingoko burua.

1. Barne zuzendari nagusiaren agintearen pean eta haren menpe zuzen-zuzenean, Foruzaingoko buruari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren zuzendaritza eta agintaritza operatiboa bere gain hartzea, indarra duten arauetan herritarren babes eta segurtasunari buruz kidego horretarako ezartzen diren politika eta helburuak bete daitezen.

2. Horrez gainera, honako eskurantza hauek dagozkio Foruzaingoko buruari:

a) Nafarroako Foruzaingoa osatzen duten arlo guztien jarduera sustatu, koordinatu eta segimendua egitea.

b) Langileen prestakuntza, materialaren egoera, zerbitzuen betetze-maila eta, oro har, Foruzaingoari buruzko kontu guztiak ikuskatzea.

c) Kidegoaren funtzionamenduari eta antolaketari buruzko informazioa ematea goragoko organoei.

d) Foruzainendako prestakuntza planak prestatzen laguntzea.

e) Urteko aurrekontu beharrak aurreikustea eta Barne zuzendari nagusiari helaraztea.

f) Epaileekin, epaitegiekin eta fiskalekin behar diren harremanak izatea, polizia judizialaren arloan Foruzaingoari dagozkion lanetan.

g) Diziplina arau-hauste arinetan zehapenak jartzea eta, arau-hausteak larriak eta oso larriak direnean, espedienteak ireki daitezela eskatzea.

h) Merezi duten foruzainei esker onaren adierazpen publiko edo pribatua bideratzea eta beste sari batzuk emateko proposamenak egitea.

i) Beste polizia kidego batzuekin harremanak izatea, lankidetza eta koordinazio egokia izateko asmoz.

j) Beste agintari eta erakundeen aurrean Foruzaingoaren ordezkaria izatea, goragoko agintariei dagokien ordezkaritza deusetan galarazi gabe.

k) Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

3. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du Foruzaingoko burua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren proposamenari jarraikiz. Izendapena deialdirik gabe egin daiteke eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4. Foruzaingoko burua kanpoan edo eri dagoenean edo aldi baterako best edozein ezintasun suertatzen zaionean, lanean antzinatasunik handiena duen ofizialak beteko ditu haren eginkizunak edo, bestela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatzen duenak, harik eta burua itzultzen den arte.

9. artikulua. Unitate organikoak.

1. Nafarroako Foruzaingoa, eragingarritasunari begira, honako maila hauetan egituratzen da, altuenetik baxuenera: arloak, dibisioak, brigadak eta taldeak.

2. Arloak eta dibisioak organo zentralak dira eta Iruñean kokatuko dira.

3. Polizia etxeak lurralde jakin bateko organoak dira eta polizia eremu batean dauden brigadek eta/edo taldeek osatuko dituzte.

10. artikulua. Arloa.

1. Arloa hainbat polizia lan homogeneo egiten dituen unitate organiko zentrala da. Bere menpe dituen dibisioen goi-agintaria izanen da eta haien lanaren sustapena, koordinazioa eta kontrola egitea dagokio.

2. Arloetan agintea ofizial batek izanen du, hots, arloko buruak.

11. artikulua. Dibisioa.

1. Dibisioak arloei atxikiriko organo zentralak dira. Polizia lanaren esparru jakin batzuen zuzendaritza taktikoa dagokie.

2. Zuzendaritza taktikoaren barrenean lan hauek sartzen dira: polizia lanen plangintza, programazioa, koordinazioa, gainbegiratzea eta ebaluazioa, eta, halaber, prozedura operatiboen gaineko aholkua ematea eta haien homogeneotasuna bermatzea.

3. Dibisioetan agintea, gutxienez, inspektore batek izanen du, hots, dibisioko buruak.

12. artikulua. Brigadak.

1. Brigadak polizia lanak zuzenean egitearen ardura duten organo operatiboak dira.

2. Brigadak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala. Brigada zentralak, oro har, dibisio bati atxikiko zaizkio eta lurralde batekoak polizia etxe bati.

3. Brigadetan agintea, gutxienez, inspektoreorde batek izanen du, hots, brigadako buruak.

13. artikulua. Taldeak.

1. Taldeak, oro har, brigada baten barrenean izaten dira eta polizia lanaren eginkizun espezializatuak egiteaz arduratzen dira.

2. Taldeak zentralak edo lurralde batekoak izan daitezke, sortzen dituen arauan ezarri bezala.

3. Taldean agintea, gutxienez, sarjentu batek izanen du, hots, taldeko buruak.

14. artikulua. Polizia etxeak.

1. Polizia etxeak lurraldeko brigadez eta/edo taldeez osaturiko unitate operatiboak dira, polizia eremu batean kokatuak.

2. Polizia etxeen agintea inspektoreek izanen dute, Agintearen Arloaren menpe egonen direnak.

3. Polizia etxeei honako eginkizun hauek dagozkie:

a) Hartzen duten lurralde eremuko herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea.

b) Eremu horretan Foruzaingoaren eledun eta ordezkaria izatea.

c) Polizia etxearen barrenean polizia arauak eta barne arauak betetzen direla begiratzea.

d) Lurralde horretan destinoa duten unitate operatiboak koordinatzea.

e) Lurralde horretako segurtasun-egoeraren berri izatea eta toki horretarako ezartzen diren helburuak lortzen saiatzea.

f) Eremu horretan polizia lana hobetzeko dauden beharrak finkatzea.

g) Eremu horretan polizia lana aztertu eta ebaluatzea.

h) Herritarrei laguntzeko zerbitzua eta gizartearekiko harremanetarako zerbitzua ematea.

15. artikulua. Lan taldeak.

Brigadei eta taldeei dagozkien lanak hobeki egiteko, zilegi da baliabideak eta langileak lan taldeetan antolatzea, funtzionaltasun irizpideen arabera. Lan talde horiek bertako kideen artean graduaziorik eta antzinatasunik handiena duen agintariak zuzenduko ditu.

16. artikulua. Organoak sortu, aldatu eta kentzea.

1. Arloak eta dibisioak sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gobernuari dagokio, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik.

2. Brigadak eta taldeak sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio.

17. artikulua. Burutzak betetzeko modua.

1. Arloetako, dibisioetako eta polizia etxeetako buruak Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuko ditu, Foruzaingoko buruak proposamena egin eta Barne zuzendari nagusiaren bitartez bideraturik.

2. Brigadetako eta taldeetako burutzak lehiaketa berariazko baten bidez beteko dira, sei urterako. Epe hori bukaturik, berariazko izendapena egin beharrik gabe, funtzionarioak bitarteko gisa segituko du burutzan, lehiaketa berariazkoaren bidez berriz ere bete arte. Lehiaketa horren deialdia hiru hilabeteko epean egin behar da.

Atal honetan xedatzen den lehiaketa berariazkoa Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduan eta kasuan kasuko deialdian ezartzen denaren araberakoa izanen da.

3. Plantillan eskatzen den graduazioa duen langilerik ez dagoenean, aurreko ataletan adierazitako unitateetako burutzak kasuan-kasuan eskatzen den mailaz beheragoko kideek betetzen ahalko dituzte bitarte baterako. Horrelakoetan, agintarien mailaketaren irizpideari segituko zaio.

III. KAPITULUA

Arloak eta dibisioak

1. ATALA

18. artikulua. Arloak.

Nafarroako Foruzaingoak honako arlo hauek ditu bere egituran:

a) Aginte eta Laguntza Arloa.

b) Polizia Administratiboaren Arloa.

c) Herritarren Segurtasunerako Arloa.

d) Ikerkuntza Kriminaleko Arloa.

2. ATALA

Aginte eta Laguntza Arloa

19. artikulua. Aginte eta Laguntza Arloa

Aginte eta Laguntza Arloaren menpe dibisio hauek izanen dira:

a) Dibisio Tekniko Orokorra.

b) Barne Araubideko Dibisioa.

20. artikulua. Dibisio Tekniko Orokorra.

Dibisio Tekniko Orokorrak ardura hauek ditu:

a) Foruzaingoko buruari laguntza teknikoa ematea.

b) Polizia administrazioaren lanak antolatu eta kudeatzea, berariaz beste unitate organiko batzuei esleituta daudenak izan ezik.

c) Barne Zuzendaritza Nagusiko organoek kudeatutako eskakizun, galdera edo behar juridiko, administratibo eta/edo teknikoak bideratzea, hala nola organo horiek Foruzaingoari egiten dizkioten errrekerimenduak.

d) Kidegoak langilerian, baliabideetan eta informazioaren teknologiaren arloko sistemetan dituen beharrak atzeman eta mugatzea, eta behar horiek egituratzeko ahalmena duten Barne Zuzendaritza Nagusiko organoekin koordinazio eta lankidetza egokia lortzeko behar diren antolamenduko neurriak ezartzea.

e) Foruzaingoaren langileen eta baliabideen administrazioan laguntzea.

f) Beste polizia kidego eta administrazioekiko harreman instituzionalak bideratzea.

g) Salaketak jasotzea eta herritarrari arreta ematea.

h) Poliziaren egituren, prozesuen eta prozeduren etengabeko ebaluazioan laguntzea, poliziaren antolaketa ahalik eta eragingarriena izan dadin. Horretarako, egituran beharrezkoak diren aldaketak egitea sustatuko du.

i) Kidegoak prestakuntza arloan dituen beharrak aztertzea eta Segurtasun Eskolarekin kolaboratzea haiei erantzuna emateko. Tiro arloan dauden prestakuntza beharrei erantzutea eta langileak hautatzeko prozesuetan laguntzea.

j) Giza Baliabideen Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea lanpostu eta lantokietako arrisku-faktoreak aztertzen eta baloratzen.

k) Segurtasun pribatuarekin zerikusia duten gaietan aholkua ematea eta kontrol lana egitea, hala nola hornigaien, azpiegituren eta segurtasun-sistema fisikoen arloetarako irizpide polizialak finkatzea.

l) Aginte eta Koordinazio Zentroa kudeatzea, operazioak burutu, kontrolatu eta koordinatzeko laguntza organo instrumental gisa.

m) Foruzaingoaren urteko memoriaren prestaketa koordinatzea.

n) Agiriak erregistratu, artxibatu eta gordetzea, baita datu polizialen zentroa kudeatu eta ustiatzea ere, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegian ezarritakoari jarraikiz.

ñ) Eskatzen zaion izaera bereko beste edozein.

21. artikulua. Barne Araubideko Dibisioa.

Barne Araubideko Dibisioak ardura hauek ditu:

a) Sekretupeko agiriak erregistratu, artxibatu eta zaintzea.

b) Foruzaingoko kideen armen, agirien eta kredentzialen inguruko kontu guztien kudeaketa administratiboa.

c) Foruzainei armak eta kredentzialak kentzea, dela kautelazko neurri gisa, dela eskumena duen agintariak emandako ebazpena betearazteko, edo, bestela, hori egiteko eskumena duen organoa zehaztea.

d) Lanbidearen etikaren kontrakoak eta foruzainen jardutekaren oinarrizko irizpideen kontrakoak diren jokabide polizialak ikertzea.

e) Isilpeko informazioak instruitzea eta gertatutakoa argitzeko eta ustezko erantzuleak zehazteko behar diren ikerketak egitea.

f) Arau-hauste arinen diziplina espedienteak instruitzea eta, arau-hauste larri edo oso larrien diziplina espedienteak direnean, Barne Zuzendaritza Nagusiko organo eskudunari instrukzioan laguntzea.

g) Eskatzen zaion izaera bereko beste edozein.

3. ATALA

Polizia Administratiboaren Arloa

22. artikulua. Polizia Administratiboaren Arloa.

Polizia Administratiboaren Arloaren menpe dibisio hauek izanen dira:

a) Trafikoaren Dibisioa.

b) Ingurumena Babesteko Dibisioa.

c) Joko eta Ikuskizunen Dibisioa.

23. artikulua. Trafikoaren Dibisioa.

Trafikoaren Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Trafikoa eta garraioak zaindu eta antolatzea bide publikoetan, hiriarteko bideetan eta udaltzaingorik ez duten herrietako zeharbideetan.

b) Trafiko eta garraio arloko arau-hausteak salatzea.

c) Goian adierazitako gaien inguruan emandako egintzak nahitaez betearaztea.

d) Garraio berezietan eta kirol lehia-probetan laguntzea, bai eta kirol probaren izaera edo parte-hartzaileen kopurua ikusirik, zirkulazioarentzat arrisku larria sor dezakenetan ere.

e) Bide publikoetako istripu-indizeak kalkulatzeko azterlan eta ebaluazio-lanetan laguntzea.

f) Alkoholemiaren, estupefazienteen, psikotropikoen, bizigarrien eta antzeko beste substantzia batzuen kontrolak egitea eta emaitzak aztertzea.

g) Trafiko eta garraio arloetan administrazio baimena eman aurretiko txostenak prestatzea.

h) Arrisku edo istripu egoeretan, pertsona eta ondasunak babestea eta haiei laguntza ematea.

i) Zirkulazio istripuak ikertzea.

j) Dibisio honek egiten dituen operazio eta jarduketetan parte hartzen duten unitate operatiboen koordinazioa.

k) Eskatzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

24. artikulua. Ingurumena Babesteko Dibisioa.

Ingurumena Babesteko Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Natur baliabide eta guneak zaindu eta babestea.

b) Ingurumena eta natura babesteko xedapenak betetzen ote diren ikuskatzea.

c) Landa inguruneetako ondare historiko, artistiko eta arkeologikoa zaindu eta babestea.

d) Aipatutako xedapenen kontrako arau-hausteak salatu eta horren inguruan behar diren neurriak hartzea.

e) Dibisio honek egiten dituen operazio eta jarduketetan parte hartzen duten unitate operatiboen koordinazioa.

f) Agintzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

25. artikulua. Joko eta Ikuskizunen Dibisioa.

Joko eta Ikuskizunen Dibisioak ardura hauek ditu:

a) Joko jarduerak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak ikuskatzea.

b) Jarduera horietan ikusten diren arau-hausteak salatzea.

c) Dibisio honetako kideak agintariaren ordezkari eta laguntzaile gisa aritzea jendaurreko ikuskizunetan.

d) Jarduera horietan jartzen diren zehapen eta beste neurri batzuk nahitaez betearaztea.

e) Aplikagarria den araudiaren arabera, jokoaren eta ikuskizunen jarduerarekin zerikusia duen beste edozein.

4. ATALA

Herritarren Segurtasunerako Arloa

26. artikulua. Herritarren Segurtasunerako Arloa.

Herritarren Segurtasunerako Arloaren menpe dibisio hauek izanen dira:

a) Herritarrak Babesteko Dibisioa.

b) Agintariak Babesteko Dibisioa.

c) Esku-hartze Dibisioa.

27. artikulua. Herritarrak Babesteko Dibisioa.

Herritarrak Babesteko Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko erakundeetako eraikin batzuetan zaintza eta babes lana egitea, hots, haien ezaugarri bereziengatik Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak agintzen dituenetan.

b) Aurreko idatz-zatian aipatutako eraikinetan sarrera kontrolatzea, hala nola goi-agintariek unean-unean agintzen dituenetan.

c) Behar denean, atxilotuak epaileen aurrean eraman aurretik gordetzea, zaintzea eta haiengana eramatea.

d) Pertsona eta ondasunak babestu eta haiei laguntza ematea, batez ere larrialdietan.

e) Kaleak zaintzea eta manifestazioak eta, oro har, elkarretaratze handiak babestu eta antolatzea.

f) Delituei aurrea hartzeko neurriak hartzea.

g) Eskatzen zaion izaera bereko beste edozein.

28. artikulua. Agintariak Babesteko Dibisioa.

Agintariak Babesteko Dibisiak ardura hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitateko agintarien bizkarzaintza eta babes lana egitea, hots, haien egoera bereziarengatik Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak agintzen dituenena.

b) Dibisio honek egiten dituen operazio eta jarduketetan parte hartzen duten unitate operatiboen koordinazioa.

c) Agintzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

29. artikulua. Esku-hartze Dibisioa.

Esku-hartze Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Arrisku larriko ezbehar edo egoeretan, prebentzio lana egitea eta ordena eta herritarrak babesteko eta, kasua bada, egoera bere onera ekartzeko neurriak hartzea.

b) Gainerako arlo polizialei sostengu eta laguntza espezializatua ematea, arrisku-egoerak deuseztatu eta haiei aurrea hartzeko asmoz, dibisio honen parte hartzea beharrezkoa denean.

c) Prebentzio operazio berezietan eta hondamendi edo ezbehar publikoetan parte hartzea.

d) Nolanahiko lehergailuren bat indargabetu beharra dagoen guztietan parte hartzea.

e) Agintzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

5. ATALA

Ikerkuntza Kriminaleko Arloa

30. artikulua. Ikerkuntza Kriminaleko Arloa.

1. Ikerkuntza Kriminaleko Arloaren menpe dibisio hauek izanen dira:

a) Polizia Judizialaren Dibisioa.

b) Polizia Zientifikoaren Dibisioa.

c) Informazio Dibisioa.

31. artikulua. Polizia Judizialaren Dibisioa.

Polizia Judizialaren Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Delituak ikertzea eta delitugileak jazarri eta geldiaraztea. Ondoren, agintari judizial eta fiskalei horren berri ematea, legeriak agintzen duen moduan.

b) Agintari judizial eta fiskalei laguntza ematea, beren egoitzatik kanpora poliziaren laguntzaz egin behar dituzten jarduketetan.

c) Koerzio lana egitea behar duten jarduketak burutzea, agintari judizial eta fiskalak aginduta.

d) Agintari judizial edo fiskalaren agindu eta ebazpenak betetzen direla bermatzea.

e) Izaera bereko beste kooperazio edo laguntza lan batzuk, agintari judizial edo fiskalak aginduta.

32. artikulua. Polizia Zientifikoaren Dibisioa.

Polizia Zientifikoaren Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Ikerkuntza teknikoa, kriminalistikako eta identifikaziorako metodo espezializatuak erabiliz.

b) Eskatzen zaizkion peritu txostenak eta agiriak prestatzea.

c) Polizia zientifikoari dagozkion gaietan, jarraibide teknikoak ematea.

d) Gainerako unitate organikoari laguntza zientifikoa ematea, eskatzen zaionean.

e) Agintzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

33. artikulua. Informazio Dibisioa.

Informazio Dibisioak ardura hauek izanen ditu:

a) Ordenari eta herritarren segurtasunari eusteko eta prebentzio lana egiteko interesgarria den informazioaren bilketa, tratamendua eta ustiapena antolatu eta kudeatzea, hala nola delituak zigortzeko informazioarena.

b) Foruzaingoko gainerako unitate organikoei lan horietan laguntzea.

c) Agintzen zaizkion izaera bereko beste batzuk.

III. TITULUA

Foruzaingoaren funtzionamendua

I. KAPITULUA

Funtzionamenduaren araubidea

34. artikulua. Burutzak.

1. Unitateko buruak eginbehar hauek izanen ditu, unitateko langile eta eginkizunei dagokienez:

a) Goiko agintarietatik jasotzen dituen aginduak jakinarazi eta betearaztea eta, halaber, behar diren aginduak ematea.

b) Unitatearen funtzionamendua eta diziplina zaintzea.

c) Zerbitzuari buruz ezartzen diren agiri eta estatistikak egin eta goiko agintariei bidaltzea.

d) Unitateari dagozkion eginkizunetan gertatzen diren egoera guztien berri ematea gain-gaineko buruari, gertatu eta segituan.

e) Unitatearen ordezkaria izatea agintari, erakunde edo jendearen aurrean, zerbitzuarentzat beharrezkoa denean.

f) Bere ardurapeko langileek helarazten dizkioten eskakizunen edo komunikazioen berri ematea goiko agintariei.

g) Unitateari esleitu zaizkion ibilgailuak eta gainerako ekipoak egoera onean edukitzea.

h) Unitateko langileen uniformearen egoera ikuskatzea.

i) Unitatearen funtzionamendua eta eragingarritasuna hobetzeko bidezko diren aholku eta oharrak egitea goiko agintariei.

j) Goragoko agintariek agintzen dizkion gainerako guztiak.

2. Unitateko burua kanpoan edo eri badago, edo dagozkion eginkizunez arduratzeko aldi baterako ezintasuna duenean, haren ordez unitatean graduaziorik handiena duena arituko da eta, graduazio bereko langile bat baino gehiago izanez gero, unitate horretan berean lan antzinatasunik handiena duena.

3. Foruzaingoaren jarduketaren batean, edozein arrazoirengatik, horretarako izendaturiko agintaririk ez badago, jarduketaren arduraduna jarduten dutenen artean graduaziorik altuena duen foruzaina izanen da eta, graduazio bereko foruzain bat baino gehiago izanez gero, graduazio horretan antzinatasunik handiena duena.

35. artikulua. Berezko hierarkia.

1. Foruzaingoaren jarduna erregelamendu honetan ezartzen den mailaketa hierarkikoaren araberakoa izanen da.

2. Unitate bati atxikiriko kideek, ohiko egoeretan, unitateko buruarengandik jasoko dituzte aginduak, goragoko unitateetako buruengandik, Foruzaingoko buruarengandik edo goi-agintariengandik.

3. Foruzaingoko kideek men egin beharko diete, orobat, behar operatiboengatik, goragoko graduazioa duen edozein agintarik ematen dizkien aginduei, beraien burua ez bada ere. Horrelakoetan, ahal dutenean, dagokien buruari horren berri eman beharko diote.

4. Zerbitzuari buruz Foruzaingoko kideek egiten dituzten komunikazio eta eskakizun guztiak unitateko buruari igorriko zaizkio eta, horrek agindu edo kanpoan egonez gero, zilegi izanen da goragoko agintariei igortzea, baina ez bestela.

36. artikulua. Polizia judiziala.

1. Polizia judizialari atxikirik dauden Nafarroako foruzainak, funtzioei dagokienez, epaileen, epaitegien edo Ministerio Fiskalaren menpe egonen dira horiek agintzen dizkieten jarduketetan.

2. Jurisdikzio penaleko epaile eta epaitegiek eta Ministerio Fiskalak, polizia judizialeko unitateetako kideei dagokienez, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko Lege Organikoaren 35. artikuluan ezartzen diren ahalmenak izanen dituzte.

3. Agintari judizialetatik eta Ministerio Fiskaletatik, polizia judizialaren unitateko funtzionarioek edo baliabideek ikerketa batean esku hartzeko, etortzen diren errekerimenduak bideratzeko eskumena unitate horretako buruei dagokie.

4. Polizia judizialaren unitateko foruzainak modu esklusiboan arituko dira eginkizun horietan eta ezin izanen dira agindu zaien ikerketa batetik aldatu edo baztertu ikerketa edo kasuko prozedura judiziala bukatu arte, non ez dagoen epaile edo fiskal eskudunaren baimena.

5. Polizia judizialaren unitateetako foruzain bati diziplina espedientea ireki eta horren xedeko gertaerek agindu zaion ikerketarekin zerikusi zuzena badute, kasuan kasuko epaile, epaitegi edo fiskalaren txostena eskatuko da, deusetan galarazi gabe beste batzuk ere eskatzea.

6. Polizia judizialaren unitateetan sartu nahi duten foruzainek polizia judizialaren diploma eduki beharko dute, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana, eta, horretarako, dagokion prestakuntza ikastaroa gainditu.

37. artikulua. Polizia Administratiboa.

Polizia Administratiboaren Arloan sartuta dauden unitate organikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan trafikoaren, garraioaren, ingurumenaren babesaren edo joko eta ikuskizunen arloetan eskumena duten zerbitzuekin batera lan eginen dute, haiek ematen dituzten jarraibideak poliziaren lanetik atontzeko eta ezartzen diren helburuak lortzeko. Horretarako, zerbitzu horiek ematen dituzten jarraibideak betetzeko behar diren operazio eta dispositiboak programatu eta koordinatuko dituzte.

38. artikulua. Barne-araubidea.

Barne Araubideko Dibisioari atxikita dauden foruzainak erregelamendu honetako II. kapituluan adierazitako goi-agintarien menpe egonen dira zuzenean, haiek agintzen dizkieten ikerketa lanek iraun bitartean.

II. KAPITULUA

Uniformea eta ezaugarriak

1. ATALA

Uniformea

39. artikulua. Uniformearen erabilera.

1. Foruzaingoko kideek, lanean dihardutela, erregelamenduzko uniformea jantziko dute.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak adieraziko du Foruzaingoko zein kidek edo unitatek aritu behar duten uniformea jantzi gabe, zerbitzuaren beharren arabera.

40. artikulua. Uniforme motak.

1. Foruzaingoaren oinarrizko uniformeak aldagai hauek ditu:

a) Laneko uniformea

b) Galako uniformea.

2. Laneko oinarrizko uniformean beroki eta uretako jantziak izanen dira, unitateko buruen arauen eta eguraldiaren arabera erabiltzeko.

3. Galako uniformea Foruzaingoko buruak agintzen duen ekitaldi eta festetan erabiliko da.

4. Uniformearen erabilera unitateko buruek ikuskatuko dute eta behar den garrantzia emanen zaio, laneko arriskuen prebentzioa, kidegoaren itxura ona eta herritarrei arreta hobea ematea baloratuz.

41. artikulua. Uniformea osatzen duten jantziak.

1. Laneko oinarrizko uniformean jantzi hauek daude:

a) Zapata eta/edo bota eta galtzerdi beltzak.

b) Galtza grisak.

c) Atorra gorria, lepo irekia grisa duena.

d) Jertse gorria, lepo eta zerrenda grisak dituena.

e) Anorak gorria.

f) Txapela gorria.

2. Galako uniformean jantzi hauek daude:

a) Zapata eta galtzerdi beltzak.

b) Galtza beltza, aldeetan zerrenda gorri bana duena.

c) Atorra grisa.

d) Jaka gorria, kordoi beltzak dituena.

e) Txapel gorria.

f) Eskularru beltzak.

3. Lan berezia duten unitateetarako ezartzen diren jantzi bereziak ere nahitaez erabiltzekoak izanen dira.

4. Barne zuzendari nagusiari dagokio jantzi horien ereduak onartzea, bai eta unitate berezietarako behar diren egokitzapenak ere.

42. artikulua. Beste osagai batzuk.

1. Laneko uniformearen barrenean erregelamenduzko arma sartzen da, uhal beltzetan eraman beharrekoa, edo foruzainari ematen zaizkion beste arma berariazko batzuk.

2. Uniformeko jantzi batzuetan _zehazten direnetan_ Nafarroako armarria brodatuko da txuriz, hala nola "Policía Foral" letrak.

3. Galako uniformean, jasotako sariak erakusten ahalko dira, kasuan kasuko arauei jarraikiz.

4. Laneko uniformean, unitate edo kurtsoen ezaugarriak erakusten ahalko dira, erregelamenduz ezartzen denaren arabera.

2. ATALA

Ezaugarri eta kredentzialak

43. artikulua. Ezaugarriak.

1. Foruzaingoko kideek, uniformea janzten dutenean, honako ezaugarri hauek eramanen dituzte, goiko jantzien ezkerreko mahukan:

a) Ofizialek, bi galoi, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

b) Inspektoreek, galoi bat, urre kolorekoa, ehun bat graduko angeluan paratua.

b) Inspektoreordeek, hiru galoi, txuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

a) Sarjentuek, bi galoi, txuriak, ehun bat graduko angeluan paratuak.

b) Kaboek, galoi bat, txuria, ehun bat graduko angeluan paratua.

2. Dagokien lanpostuan ez, graduazio handiagoko beste batean bitarte baterako ari diren foruzainek galoi txuri etzan bat erakutsiko dute, betetzen ari diren postuaren ezaugarriaren azpi-azpian.

3. Foruzaingoko buruak, ezaugarri gisa, hiru galoi erakutsiko ditu, urre kolorekoak, ehun bat graduko angeluan paratuak. Gainerako ezaugarri eta irakurgarri guztiak kolore horretan izanen dira.

44. artikulua. Lanbidearen kredentzialak.

1. Nafarroako Foruzaingoaren Kidegoko funtzionarioen kredentzialak lanbide txartela eta polizia plaka dira.

2. Lanean ari diren guztietan, uniformea jantzita izan ala ez, Foruzaingoko kideek lanbide txartela eraman behar dute aldean. Lanean uniformerik gabe daudenean, polizia plaka ere eramanen dute.

3. Foruzainak agintaritzaren agente gisa ezagutzeko bidea uniformea izanen da. Polizia eginkizunetan ari direla, herritarrek eskatuz gero, lanbide txartela erakutsi beharko dute.

4. Uniformea jantzi gabe lanean ari diren foruzainek beren burua identifikatzeko polizia plaka erakutsiko dute eta, orobat, lanbide txartela ere, polizia eginkizunetan ari direla, herritarrek hala eskatuz gero.

5. Lanean ari ez direnean, Foruzaingoko kideek zilegi izanen dute polizia plaka eta lanbide txartela erakustea agintaritzaren agente gisa identifikatzeko, indarreko arauen arabera legea edo herritarren segurtasuna babesteko jardun behar dutenetan.

III. KAPITULUA

Agurra

45. artikulua. Nahitaezko agurra.

1. Foruzaingoko kideek, lanean ari direla, eskuineko eskua luzatuta eraman behar dute buruko jantziaren muturrera, eskuineko lokiaren aldera, ondoko agintari hauei agur egiteko:

A) Estatuko agintariak:

_Espainiako errege-erreginak, Asturiasko eta Vianako printzeak eta Espainiako infanteak.

_Espainiako Gobernuko lehendakaria.

_Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariak.

_Konstituzio Auzitegiko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko lehendakariak.

_Espainiako Gobernuko lehendakariordeak, ordenaren arabera, eta ministroak.

B) Foru Komunitatean:

_Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.

_Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Parlamentuko Mahaiko kideak.

_Nafarroako Kontseiluko burua.

_Comptos Ganberako burua.

_Arartekoa.

_Zuzendari nagusiak.

C) Foruzaingoan:

_Hierarkian gainean dituztenak.

2. Modu berean agur eginen diete kasuan-kasuan adierazten diren agintari eta pertsonei, protokolo eta gizalegeko arauen arabera. Beste polizia kidego bateko edo indar armatuko beste kideei ere agur egin beharko diete, inguruabarren eta gizalegearen arabera.

3. Espainiako Himnoa edo Nafarroako Himnoa jotzen den ekitaldi ospetsu guztietan erregelamenduzko agurra egin beharko da. Agur egin beharko da, halaber, beste autonomia erkidego, estatu edo erakunde batzuen himnoak jotzen dituztenean, gizalegeak hala eskatzen badu.

4. Uniformea edo burukoa jantzi gabe izateagatik, erregelamenduzko agurra egitea ezinezkoa denean, egoerak eskatzen duen duintasun eta gizalegezko jarrera hartu beharko da agintari horien aurrean eta "zure esanetara" esapidea erabiliko da.

46. artikulua. Agur egin beharraren salbuespenak.

1. Agur egiteko beharrik ez da izanen, foruzaina bere lanari dagozkion eginkizunetan ari delarik, agur egiteko keinua eginkizunetarako traba izan daitekeenean.

2. Agurtu beharreko pertsonekin lantoki berean, ohiko topalekuetan edo ekitaldi luzeetan elkartuz gero, foruzainek haiekin topo egiten duten lehenbizikoan baino ez dute agurtuko.

47. artikulua. Adeitasunezko agurra.

Foruzainek herritar batengana jotzen duten bakoitzean eta haiek deitzen dieten bakoitzean erregelamenduzko agurra egin eta "egun on, arratsalde on edo gabon" adeitasunezko esamoldea erabiliko dute, beti zuka eginen diote, gutxiespen keinuak saihestuko dituzte eta ika-mika guztietatik ihes egiten saiatuko dira, izan ere, beti heziketa eta errespeturik handiena erakutsiko dute eta Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideen jarduketarako ezarrita dauden oinarrizko printzipioak zorrotz begiratuko dituzte.

IV. KAPITULUA

Armak

48. artikulua. Armak.

1. Foruzainek, lanean ari diren guztietan, erregelamenduzko armaren bat eraman beharko dute, salbu eta gomendagarria baldin bada ez eramatea, justifikaturiko kausa bat dela-eta.

2. Foruzaingoko kide guztiek jakin beharko dute armak eta polizia jarduketetan erabiltzen diren gainerako neurri koertzitibo guztiak egoki erabiltzen, alderdi teknikoak eta praktikoak. Horretarako. beharrezkoa den prestakuntza eta entrenamendua emanen zaie.

3. Bakoitzaren arma esleitua dueneko poliziaren erantzunkizuna da. Bera izanen da egoera egokian izateko eta ikuskapenak egiteko arduraduna.

4. Su-arma erabiltzen den guztietan, segituan, ondoko buruari horren berri eman beharko zaio idatziz, arma-ariketen kasuan izan ezik.

5. Poliziari bere arma kenduko zaio kidegoan behin betiko baja hartzen duenean, jardunean ez beste egoera administratibo batera igarotzen denean, kautelazko neurri gisa edo diziplina zehapena ezartzen zaionean.

Iragarkiaren kodea: F0411948