9. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

JENDAURREAN EGOTEKO EPEA, Nafarroako Lurralde Estrategiarako Proiektuarena.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abendauren 20ko 35/2002 Foru Legeak, 31., 32. eta 33. artikuluetan, Nafarroako Lurralde Estrategiaren kontzeptua, ezaugarriak eta edukia eta hura prestatu eta onesteko prozedura ezarri zituen.

35/2002 Foru Legeak Nafarroako Lurralde Estrategia Foru Komunitateko plangintza estrategikorako tresna gisa definitzen du. Haren xede eta helburuak hauexek dira: Nafarroako lurraldearen kohesio ekonomiko eta soziala, haren berezko baliabideak zentzuz erabiltzea, natur eta kultur ondarea zaintzea eta garapen ekonomikorako eta bizi kalitaterako lehiakortasuna hobetzea, dena Europako Batasuneko lurraldeen garapenerako politikarekin bat.

NLErako aurreikusten diren legezko edukiak hauexek dira:

Foru Komunitatearen ezaugarri berekiak deskribatu eta interpretatzea, beren gaur egungo egoeraren eta gerora izan dezaketenaren diagnostikoa formulatuz, eta lurralde garapenaren etorkizunerako eredu bat zehaztea.

Helburuak lortzeko estrategia, zuzentarau eta neurriak eta erdietsi nahi den lurralde eredurantz iragatea.

Lurraldea bitarteko mailetan antolatzeko eremuak sortzea.

Lurraldeen arteko lankidetza eta koordinaziorako jarraibideak, bai barrutik bai kanpotik.

Nafarroako lurraldearen bilakaera jarraitzeko adierazleak.

"Nafarroako Lurralde Estrategia. Azken Agiria" izeneko proiektua prestatu da. Haren edukiak bat datoz legezko zehaztapenekin. Agiri honek bi urtean pasatxo lanean emaniko eginkizunen emaitza biltzen du funtsean, herritarrek eta erakunde ofizialek parte hartuta. Sei kapitulutan egituratzen da:

1. Nafarroako Foru Komunitatea: gaur egungo egoera. Horretan Komunitatearen diagnostiko osatuaren laburpen bat egiten da.

2. Nafarroako Foru Komunitatea: geroa. Horretan Nafarroako gizarteak aurre egin beharko dien erronkak deskribatzen dira gehienbat.

3. Lurraldea garatzeko eredua. Aztertzeko eta parte hartzeko prozesuen ondoriozkoa da.

4. Estrategiak, zuzentarauak eta neurriak, lurraldea garatzeko eredua errazago lortzeko.

5. Lurraldearen etengabeko ebaluazioa ezarririko helburuen arabera jarraitzeko adierazleak.

6. NLEren iraupena, epe luzerako prozesua den aldetik.

Nafarroako Lurralde Estrategia prestatu eta onesteko prozedurari dagokionez, 35/2002 Foru Legeak xedatzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatuko duela, Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin elkarlanean, Estrategiarako aukeraturiko lurraldea garatzeko ereduaz gizarteak parte hartuta.

Horretarako lana zuzentzeko bi batzorde osatu ziren. Alde batetik, NLE Zuzentzeko Batzordea, Foru Administrazioko Ekonomiaren, Europako Aferen, Lurraldearen Antolamenduaren eta Ingurumenaren arloetako goi mailako kargudun eta teknikariek osatua. Bestetik, Estrategia Batzorde bat, Foru Administrazioko ia zuzendari nagusi guztiek eta Estatuko Administrazioaren ordezkari batek osatua. Bi organoek lanen jarraipen osoa egin dute eta haiek balioztatuz joan dira, NLEaren garapena antolatu deneko faseetan barrena.

NLEan gizarteak parte hartzeko prozesua legezko eskaera ere kontuan hartu da. Diagnostikoa prestatzeko, Toki Administrazioko eragileen lurralde mahaiak osatu ziren, baita eragile ekonomiko eta sozialenak ere, zazpi eskualdetan antolatuak, Komunitateko lurralde osoan zihardutenak. Toki entitate, partzuergo, enpresa eta gizarte taldeetako 580 pertsona gonbidatu ziren bertan parte hartzera. Halaber, toki entitateei eta bizilagunei inkestak egin zaizkie. Horrez gain, Foru Administrazioaren barruan, kargudunekin eta funtzionarioekin sektorekako bilkurak eta osoko bilkurak egin dira. Lurralde Estrategiarako Foro bat osatu zen, Komunitateko sektore politikoko 76 ordezkarik, sektore ekonomikoko 77 ordezkarik (enpresek eta enpresaburu elkarteek) eta sektore sozialeko 67 ordezkarik osatua (denetariko herritar elkarteek: kulturan, ingurumenean, sindikatuetan, erlijioan, gizarte laguntzan eta abarretan zihardutenek). Foro hau hiru aldiz bildu da lanaren lorpenez edukiaz argibideak eman dakizkion eta haien gainean bere iritzia adierazteko. Lurralde Ereduaren proposamenaren faserako Kontsulta Panel bat osatu zen, aurreko hiru sektoreetako pertsonek osatua. Talde horretan gutxiago daude (25) eta adierazleak eta proposaturiko hipotesiak aztertu zituen. Azkenik, NLE zalbatzeko Komunikazio Plan bat egin da, gizarteari astean-astean NLE prestatzeko prozesuaren eta lorturiko emaitzen berri emateko. Horrez gain, hilabetekari bat argitaratu da, asko zabaltzen dena, lanari buruzko argibide eta iritziak biltzen dituena. Nafarroa osoan zehar Lurralde Ereduaren erakusketa ibiltari bat antolatu da. Prozesuko lehenbiziko faseez (diagnostikoaz, Nafarroako erronkez eta, laburbildurik, adierazleez) ere argitaratu da aldizkari bat.

35/2002 Foru Legeak xedatzen du Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektua jendaurrean jarri behar dela eta entzunaldia eman behar zaiela Foru Komunitateko toki entitateei, bai eta haien ordezkaritza duten udal eta kontzejuen mankomunitate eta elkarte edo federazioei, gutxienez bi hilabeteko epean.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 2003ko abendauren 15ean egindako txostena kontuan hartuz, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektua jendaurrean jartzea eta Foru Komunitateko toki entitateei, mankomunitateei eta udal eta kontzejuen elkarte edo federazioei entzunaldia ematea, bi hilabetez, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armada Etorbidea, 2, 2. oina, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta, Nafarroako Lurralde Estrategiaren proiektuarekin batera, Nafarroako Parlamentuko lehendakariari, Nafarroako udal guztiei, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Estrategia Batzordeko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hogeita bederatzian._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0400578