9. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

512/2003 FORU AGINDUA, abenduaren 4koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Murchanteko Udalaren Musika Eskolari ireki eta musika eskola berariazko gisa jarduteko baimena ematen diona, Hezkuntza Sistemari buruzko Antolamendu Orokorrari buruzko Legeko 39. artikuluko 5. idatz-zatian xedaturikoaren arabera.

Ikusirik Eguesibarko alkate-udalburu Jesús Aguado Simón jaunak aurkeztutako idazkia Murchanteko Udalaren Musika Eskola ireki eta abian jartzeko baimena eskatzeko, Udala baita aipatu eskolaren titularra; musika eskola berariazkoa izanen da eta han Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen 39.5 artikuluan ezarritako ikasketak irakatsiko dira; alegia, balio akademikoko titulu bat eskuratzeko ez diren ikasketak.

Ikusirik Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren proposamena, eskatu dena onartzen duena, eta zerbitzu horretako Obra eta Ekipamendu Atalaren eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren adostasun txostenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Musika eta Dantza Eskolen sorrera eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuko 22. artikuluak ezarritakoari jarraikiz (1993ko urtarrilaren 22ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa),

AGINDU DUT:

1. Murchanteko Udalaren Musika Eskola ireki eta abian jartzeko baimena ematen da soilik foru agindu honen 3. atalean adierazten diren ikasketak eta espezialitateak irakasteko, 2003/2004 ikasturtearen hasieratik aurrera.

2. Ukatu egiten zaio eskolari bateria espezialitatearen ikasketak emateko baimena, eskolak ez baititu betetzen haiek irakasteko legeak eskatzen dituen baldintzak.

3. Hezkuntza Departamentuko Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan sartuko dira eskolaren datuak, honako hauek:

Ikastetxearen kodea: 31013240.

Izena: Murchanteko Udalaren Musika Eskola.

Helbidea: Mardones y Angulo kalea, 1.

Herria: Murchante.

Udalerria: Murchante.

Titularra: Murchanteko Udala (IFZ P3117600A).

Baimentzen diren ikasketak:

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen 39. artikuluko 5. idatz-zatian aipatzen direnak, oinarrizko eskaintzari dagozkion arloak barne, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuko 9. artikuluko 1. idatz-zatiko a), b) eta c) letretan ezarririko antolamenduaren arabera: instrumentu praktika, instrumentu praktika osatzen duen musika-prestakuntza (musika-hastapenak eta musika-hizkuntza) eta taldeko instrumentuzko zein ahozko jarduerak. Instrumentu praktikan honako espezialitate hauek: klarinetea, zeharkako txirula, gitarra, pianoa, saxofoia, tronboia eta tronpeta.

4. Foru agindu honen 3. idatz-zatian ezarritako erregistro datuak eta instalazioak aldatzeko, Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da, 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan araututakoari jarraikiz.

5. Baimen honen kontrako erabakia hartzen ahalko da aipatu foru dekretuaren 31. artikuluan jasotako kasuetan.

6. Arestian aipatutako foru dekretuaren 20. artikuluaren arabera, eskolaren titularrak hartuko du bere gain foru agindu honek baimendutako ikasketen sostengu ekonomikoa.

7. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen, eta beraren aurka interesatuek gora jotzeko helegitea jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

8. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9. Foru agindu hau igortzea Murchanteko alkate-udalburuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Araubide Administratiboaren Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalari, Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoari, Ikastetxe Publikoak Finantzatzeko Bulegoari eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hamaikan._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0301082