9. ALDIZKARIA - 2004ko urtarrilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

90/2003 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioei federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola delegatzen diena, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta zaindurik, eta hauteskunde horiek egiteko arauak ematen dituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 15eko 15/2001 Foru Legean ezarrita dago Nafarroako kirol federazioei federazioek federazioetako hauteskunde prozesuak delegazioz kontrolatuko dituztela, Nafarroako Kirol Administrazioak koordinaturik eta zaindurik, eta, hortaz, bidezko da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak delegazio hori egitea.

Nafarroako kirol federazioak eta Nafarroako kirol erakundeak arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak ezartzen du Biltzar Orokorreko kideak eta federazioetako lehendakariak lau urtean behin hautatuko direla, urte olinpikoekin bat.

45. artikulua betetzeko asmoz, zeinak hauteskunde prozesuak foru dekretu horren gainerako xedapenak erregelamendu bidez arautuko direla xedatzen baitu, bidezkoa da Nafarroako kirol federazioek eginen dituzten hauteskunde prozesuei buruzko araudia ezartzea.

Bestalde, kontuan harturik kirol federazio bat eratzeko prozesuaren ezaugarriak, federazioko lehenbiziko Batzorde Orokorraren osaera eta lehenbiziko federazioburuaren hautaketa arautuko dituzten hauteskunde-erregelamenduan zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagarri izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Hala bada, kirol federazioko bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Batzorde Kudeatzaileak eginen du hauteskunde-erregelamendua.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hauteskundeetarako erregelamenduak ikuskatu eta onetsi beharra ezartzen da eta, betiere, hauteskunde prozesua ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipoen menpe egonen da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak eman dizkidan ahalmenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako kirol federazioei federazioetako hauteskunde prozesuen kontrola delegatzea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak koordinaturik eta zaindurik.

2. artikulua. Nafarroako kirol federazioek eginen dituzten hauteskunde prozesuei buruzko arauak, eranskinean ageri direnak, onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lehenbizikoa._Indarrik gabe gelditu da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak otsailaren 10ean emandako 11/2000 Foru Agindua, Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuak burutzeko arauak ezarri zituena.

Bigarrena._Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontra dauden lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra._Federazioko lehenbiziko Biltzar Orokorra osatu eta lehenbiziko federazioburua hautatzeko, zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagarri izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Hala bada, kirol federazioko bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den Batzorde Kudeatzaileak eginen du hauteskundeetarako erregelamendua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari foru agindu honetan ezarritakoa interpretatu eta aplikatzeko ahalmena ematea, federazio bakoitzaren ezaugarrietara moldatu ahal izateko.

Bigarrena._Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, Kirol Zuzendariordetzara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko abenduaren hamabian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Reyes Berruezo Albéniz.

ERANSKINA

Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuen arauak

Lehenbizikoa._Aplikazio eremua.

Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira.

Bigarrena._Hauteskundeak egitea.

1. Foru agindu honek indarra hartu eta ondoko bi hilabeteetan, Nafarroako kirol federazioek hauteskunde erregelamendua aurkeztu behar diote Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, Nafarroako kirol federazioek eginen duten hauteskunde prozesua arautzeko, foru agindu honetan ezarritakoari loturik.

2. Hauteskundeetarako erregelamendua, hauteskundeetarako zentsuaren proiektua eta egutegia bilduko dituena, federazioburuak edo zuzendaritza batzordeak egin, federazioko biltzarrak onetsi eta federazioko biltzar nagusiak berretsiko du.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak federazioetako hauteskundeetarako erregelamenduak gainbegiratuko ditu eta haien onespena ebatziko; gainera, hauteskunde prozesuak koordinatu eta babestuko ditu.

4. Gobernu eta ordezkaritza organoak ohikotasunez lau urtean behin hautatuko dira. Beren agintaldiak ordezkoek jabetza hartu arte iraunen du eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordu arte.

5. Biltzar nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia finkatuko du; prozesu horrek bi hilabeteko iraupena izanen du gehienez, eta bukatuta egon beharko du 2004ko uztailaren 1a baino lehen. Egun horretatik aitzina hauteskundeak egin nahi izanez gero, federazioak horretarako arrazoiak azaldu eta justifikatzen dituen eskabidea eginen du, eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimena eman beharko du.

Hirugarrena._Hauteskunde zentsua.

1. Hauteskunde zentsuan kirol arloko pertsona eta elkarteen datuak agertuko dira. Behar den federazioak emandako ziurtagiria zentsuan sartuko da, eta horretan Biltzar Orokorreko hautesleen izaera edukitzeko foru agindu honetan eskatutako beharkizunak betetzen direla adieraziko da.

Federazioak lizentzia kopuruarengatik boto gehiago lortzeko aukera dagoela ezartzen badu, hauteskunde zentsuan kirol elkarteek zenbat lizentzia duten adierazi beharko da.

2. Zentsua federazioaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren egoitzetan egonen da jendaurrean; egon daitezkeen erreklamazioak egiteko gutxienez bost egun baliodun izanen dira eta Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu.

Zentsuari buruz Hauteskunde Batzordeak ematen dituen ebazpenen kontrako erreklamazioak Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio.

Erreklamazioak ebatzi eta hauteskunde zentsua irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inpugnaziorik egin hauteskunde prozesuaren beste aldietan.

3. Behin betiko hauteskunde zentsuaren ale bat Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura igorri beharko da eta bertan geldituko da gordailatua.

4. Zentsuan sartutako pertsona fisikoen kasuan, haien identifikazio pertsonaleko datuak agertuko dira bakarrik: izena, bi deitura, lizentzia zenbakia eta eman zen eguna.

Laugarrena._Hauteskundeetarako erregelamendua.

1. Federazioek hauteskundeetarako erregelamendu bat izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsia.

2. Hauteskundeetarako erregelamenduak ondoko alderdi hauek hartuko ditu, gutxienez:

a) Kasuan kasuko federazioaren Biltzar Orokorraren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkariak aipatzen direla.

b) Hauteskunde Batzordearen osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

c) Baldintzak, epeak, hautagaien aurkezpena eta aldarrikapena.

d) Auziak eta erreklamazioak konpontzeko prozedura.

e) Hauteskunde mahaien osaketa, eskumenak eta funtzionamendua.

f) Hauteskundeei buruzko errekurtsoak aurkezteko aukera.

g) Bozketa egiteko bideak.

h) Federazioburua hautatzeko arauak.

i) Hauteskundeetarako egutegia.

Bosgarrena._Hauteskundeetarako deia.

1. Federazio bakoitzeko buruak eginen du Biltzar Orokorrerako hauteskundeetarako deia, hauteskundeetarako erregelamendua onetsi ondoren.

2. Deia egin ondoren, Zuzendaritza Batzordea federazioko Batzorde Kudeatzaile gisa eratuko da eta federazioburua jarduneko federazioburu izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

3. Aipatu Batzorde Kudeatzaileko kideren bat federazioburu izateko hautagai-zerrendan aukezten baldin bada, batzordea utzi beharko du lehen edo aldi berean.

Halaber, Batzorde Kudeatzaileak eta federaziokideek ezin izanen dute hautagai-zerrenda bat bultzatu federazioaren bitartekoez baliatuz.

Betebehar hori bete ezean, erantzukizunak eskatu ahalko dira.

4. Deiak ondoko alderdi hauek azalduko ditu gutxienez:

a) Hauteskunde zentsoa.

b) Hauteskundeetarako egutegia.

c) Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

Seigarrena._Hauteskunde zentsua.

1. Hauteskunde zentsuan ondoko alderdi hauen berri emanen da:

a) Hauteskundeetarako egutegiaren argitalpena eta Federazioko Hauteskunde Batzordearen eraketa.

b) Hauteskunde zentsua argitaratzea eta horren gainean erreklamazioak egiteko epearen hasiera.

c) Zentsuari buruzko erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera eta Hauteskunde Batzordearen ebazpena, erreklamazioak ebazteko. Zentsuaren behin betiko onespena.

d) Biltzar Orokorrerako hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

e) Biltzar Orokorrerako hautagaiak aurkezteko epearen bukaera.

f) Biltzar Orokorrerako hautagaien behin betiko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

g) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, erreklamazioak ebazteko Hauteskunde Batzordearen ebazpena eta Biltzar Orokorrerako hautagaien behin betiko aldarrikapena.

h) Hauteskunde mahaiaren izendapena

i) Nafarroako kirol federazioetako kidea izateko hauteskundeetako bozketak eta aktak federazioetako Hauteskunde Batzordera igortzea.

i) Biltzar Orokorrerako hautatuen behin-behineko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

k) Hauteskunde Batzordearen ebazpena, Biltzar Orokorrerako hauteskundeen gaineko erreklamazioak ebatzi eta haren kideen behin betiko aldarrikapena.

l) Nafarroako kirol federazioetako buru izateko hautagaiak aurkezteko epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

m) Federazioburu izateko hautagaiak aurkezteko epearen amaiera.

n) Federazioko burua izateko hautagaien behin betiko aldarrikapena eta erreklamazioak aurkezteko epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

ñ) Erreklamazioak aurkezteko epearen amaiera, Hauteskunde Batzordearen ebazpena, federazioburu izateko hautagaien aldarrikapenaren gaineko erreklamazioak ebatzi eta hautagaiak behin betikoz aldarrikatuko dituena

o) Biltzar Orokorra eratzeko deialdia eta federazioburua hautatzea.

p) Federazioburuaren behin betiko aldarrikapena (Hauteskunde Batzordeak) eta erreklamazioetarako epearen hasiera. Epe horrek hiru egun iraunen du gutxienez.

q) Hauteskunde Batzordearen ebazpena, federazioburuari buruzko erreklamazioen gainekoa. Hauteskunde Batzordeak emaitzak homologatu eta federazioburuaren behin betiko aldarrikapena.

2. Hauteskunde egutegian agertzen diren epe guztiak, foru agindu honetan egun baliodun gisa finkatzen direnak izan ezik, egun naturalei buruzkoak direla ulertuko da.

3. Biltzarreko kideak eta federazioburua ezartzeko hauteskundeak ezin izanen dira egin herrialde mailako lehiaketa ofizialak egiten diren egunetan.

4. Hauteskunde Batzordeak zilegi izanen du hauteskunde egutegia aldatzea, hura ezarri ondoren gertatutako gorabeherak direla-eta, eta ahalik eta parte-hartzerik handiena bultzatzearren. Hauteskundeetarako egutegia aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimena, eta aurretik Hauteskunde Batzordeari eskabide arrazoitua aurkeztu beharko zaio.

Zazpigarrena._Hautesleak eta hautagaiak.

1. Federazioetako Biltzar Orokorerako eta burutzarako hauteskundeetan hautesleak izanen dira ondoren azaltzen diren estamentuetako kideak, federazioko lizentzia indarrean badute hauteskundeen kirol denboraldian eta aurrekoan.

a) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko kirolariak.

b) Kirol elkarteak, elkarte filialak, eskoletako kirol elkarteak eta kirol sozietate anonimoak, denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan badute eta Nafarroako kirol erakundeen Erregistroan inskribaturik badaude. Federazioko lizentziarik ez badago, horrelakotzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketa eta/edo jardueretako inskripzioa eta parte-hartzea.

c) Denboraldi horretan eta aurrekoan kirol lizentzia indarrean izan duten adinez nagusiko teknikari, epaile eta arbitroak. Horretarako, federazio lizentziatzat hartuko da dagokion kirol federazioan sartuta egotea ekartzen duena, adibidez, dagozkien entrenatzaileen elkargoetako, arbitroen batzordeetako edo antzekoetako kide izatea.

2. Dagozkien denboraldiak, kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarriak kontuan harturik, federazioetako erregelamenduan zehaztuko dira, eta ondoko urte hauek aipatuko dira: 2003 eta 2004, edo 2002/03 eta 2003/04.

3. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek, bietan erabili ahalko dute botoa emateko eskubidea.

4. Erregelamendu bidez eta Biltzar Orokorrak onetsirik, berariazko betebeharrak ezarri ahalko dira gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle izateko, kirol modalitatearen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

5. Federazioko Biltzar Orokorrerako hautagaiak ondoko hauek izan daitezke:

a) Kirolari, teknikari, epaile, arbitro edo antzekoen estamentuetatik, hautesle diren adinez nagusiko pertsona fisikoak.

b) Kirol erakundeen aldetik, hautesle direnak.

Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek, estamentu bakar batean izan ahalko dira hautagai, haiek aukeratutakoan, hain zuzen.

6. Behin-behineko hautagai zerrendak aurkeztu ahalko dira horretarako epea irekita dagoenean eta hautagai izateko baldintzak ustez betetzen ez direla-eta aurkeztutako errekurso bat ebatzi gabe dagoenean.

7. Hautatutako hautagaien behin-behineko aldarrikapena behin betiko bihurtuko da automatikoki hautapenaren kontrako errekurtso administratiborik ez dagoenean ebazteko zain.

Zortzigarrena._Kirol elkarteak.

1. Kirol elkarteek Biltzar Orokorrean izanen duten ordezkariak elkarteek aukeratuko dituzte, horretarako nahi dituzten pertsona fisikoak izendatuz.

2. Federazioan inskripzioa egina edo lizentzia duten kirol elkarte guztiek, ezarritako antzinatasuna badute, boto bana emateko eskubidea izanen dute gutxienez.

3. Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez baimena eman ahalko diete kirol elkarteei boto gehiago emateko, dituzten lizentzien kopuruaren arabera, eta botoen proportzionaltasuna haztatuko dute kirol elkarte bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera.

Bederatzigarrena._Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea gutxienez hiru kidek osatuko dute. Nolanahi ere, kideetako bi federazioko diziplina batzordeetako kide izan beharko dute, eta gainerakoak zozketaz hautatuko dira hauteskunde zentsuko kideen artean eta denen artean, gehiengoz, federazioburuaren eta kidearen karguak aukeratuko dituzte. Ez dute parte hartzerik izanen federazioko gobernu organoetarako eta ordezkaritzarako hautagaiek. Edozein arrazoi dela eta, diziplina batzordeetan ez badago Biltzar Orokorreko tokiak betetzeko behar adina kide, toki huts horiek zozketaz beteko dira hauteskunde zentsuko kideen artean.

2. Nafarroako kirol federazioek Zuzenbideko lizentziatu baten presentzia bermatuko dute Hauteskunde Batzordean. Hark idazkaritza eta aholkularitza lanak beteko ditu, hauteskunde prozesuaren barnean sor daitezkeen auziei buruz.

3. Hauteskunde Batzorde bakoitzeko kideen zerrenda Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraziko zaio.

4. Hauteskunde Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketarik balego, batzordeburuuak kalitatezko botoa izanen luke. Hauteskunde Batzordearen erabakiek balioa izateko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo absolutua bertan egotea.

Hamargarrena._Hauteskunde Batzordearen eginkizunak.

1. Hauteskunde Batzordeari dagokio:

a) Dagokion federazioko Biltzar Orokorrerako eta burutzarako hauteskundeak antolatzea.

b) Hauteskunde mahaiek eta hauteskunde horietan parte hartuko duten hautagaien ordezkariek egindako kontsultak ebaztea.

c) Hauteskunde prozesuaren egintzen kontra jarritako errekursoak ebaztea.

d) Hauteskundeetako ekintzetan ofizialki parte hartzen duten pertsona guztien gaineko diziplina jurisdikzioa izan eta hauteskunde prozesuan gertatzen diren arau-hausteak zuzentzea.

e) Hauteskundeetako zentsuak onetsi eta Federazioetako Biltzar Orokorrerako eta burutzarako hauteskundeetako hautagaiak eta hautetsiak aldarrikatzea, horien karguen jabetza ematen zaiela.

2. Federazioen Hauteskunde Batzordeak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorriko dizkio:

a) Zerrenda, datu hauek barne: Biltzar Orokorreko kide aldarrikatu dituzten hautetsien izenak, deiturak, helbidea eta telefonoa.

b) Biltzar Orokorreko kide hautetsien aldarrikapen aktak.

Hamaikagarrena._Hauteskunde mahaia.

1. Hauteskunde mahai bakarra egonen da eta bertan gutxienik hiru kide izanen dira: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Kargu horien ordezkoak ere hautatuko dira.

2. Estamentu desberdinetako hauteskunde zentsuko hautesleen artetik aterako dira zozketaz hauteskunde mahaiko kideak, hauteskunde arloko erregelamenduak horri dagokionez besterik ez badio behinik behin. Horrela zehaztu mahaikideek beren artean eta gehiengo soilarekin mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hautatuko dituzte.

3. Hauteskunde mahaia eratzea ezinezkoa denean titular eta ordezkoak bertaratu ez direlako, lehen hiru boto-emaileek ordezkatuko dituzte eta, hurrenez hurren, mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hartuko.

4. Hauteskunde mahai bakoitzean nahitaez estamentu bakoitzari dagokion hautestontzi prezintatua, Hauteskunde Zentsuaren zerrenda, kartazalak eta boto-paperak egongo dira.

5. Ezin izanen dira hauteskundeko mahaikide izan federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetara aurkezten diren hautagaiak.

6. Hauteskunde mahaiko kideek bozketen garapen zuzena zaindu, boto-emaileen nortasuna frogatu, botoen kontaketa egin eta bozketa-akta prestatuko dute; horretan agertuko dira botoa eman duten hautesleen kopurua, bozketan gertatutako gorabeherak, bozketaren ondorioz egin diren erreklamazioak, eman diren boto baliozkoak, baliogabeak eta txuriak eta hauteskundeen emaitza. Mahaiko idazkariak prestatuko du akta eta mahaiburuak sinatuko du.

7. Hauteskundeetarako erregelamenduan ezarri ahalko da Biltzar Orokorreko kideek zilegi izanen dutela bozketa aldian hauteskunde mahaia beste herri batzuetara eramatea, hauteskunde prozesuan parte hartzeko erraztasunak emateko. Alderdi hori azaldu eta zehaztu beharko da hauteskundeetarako erregelamenduan.

Hamabigarrena._Hauteskunde barrutia.

Hauteskunde barrutia bakarra izanen da eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartuko du.

Hamahirugarrena._Bozketaren prozedura.

1. Hautagaiek kontu-hartzaile bat izendatu ahalko dute; horretarako, agiri bat emanen diote kargu hori kreditatzeko.

Kontu-hartzaile izateko beharrezkoa izanen da hautagai izatea.

Kontu-hartzaileek botoa emateko eskubidea izanen dute; gainera, hauteskunde mahaira joaten ahal dira eta haren eztabaidetan parte hartu, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Bozketa honela eginen da: boto-emaileak bere izaeraren berri emanen dio idazkariari; horrek hauteskunde zentsuaren alboan botoa eman duela jarriko du, ezabatu ezin den materiala erabilita. Ondoren, boto-emaileak bere botoa mahaiburuari emanen dio eta azken horrek hautestontzian sartuko du.

3. Biltzar Orokorreko kideak hautatzeko ezin izanen da ordezkari edo posta bidez botoa eman.

4. Bozketa errazteko asmoz, Hauteskunde Batzordeak boto-papera eta kartazalaren ereduak prestatuko ditu.

5. Hautesle bakoitzak, botoa zein hautagairi eman nahi dien, horien izenak jarriko ditu, betiere estamentu bakoitzari esleitutako ordezkari kopurua gainditu gabe.

6. Baliogabeko boto-papertzat joko dira:

a) Hauteskunde Batzordeak ezarri ereduari egokitzen ez zaizkionak.

b) Dauden hautagaiak baino izen gehiago dituztenak.

c) Boto-paperean botazioari ez dagokion edozein ohar jartzea.

d) Hautagai ez diren pertsonei boto ematea.

7. Bozketa egiteko boto-emaileak hautagaiaren izenaren aurrean gurutze edo aspa bat jarriko du.

Hamalaugarrena._Hauteskundeak eta berdinketa.

1. Nafarroako kirol federazioen Biltzar Orokorrera aurkeztutako hautagai kopurua ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada edo federazioburu izateko hautagaia bakarra bada, behar diren Hauteskunde Batzordeek biltzarkide edo, hala behar denean, lehendakari aldarrikatuko dituzte bilkurara agertu direnak. Horrela gertatzen bada, ez da hauteskunderik egin beharko.

2. Federazioko Biltzar Orokorrerako bi hautetsiren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada eta horrek berekin badakar behar den estamentuko ordezkari kopurua gainditzea, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketaz finkatuko da Biltzar Orokorrerako kidearen aldarrikapena.

Hamabosgarrena._Federazioburuaren hautaketa.

1. Federazioburua aukeratzeko Biltzarraren bilkuraren burua izanen da zozketaz aukeratutako estamentuko hautatu zaharrena. Idazkari, zozketaz zehaztuko den estamentuko adinik txikieneko hauteslea izanen da, eta hasierako bi kargu horiek betetzen dituztenak ezin izanen dira estamentu berekoak izan.

2. Bozketa egin baino lehenago hautagai bakoitzak Biltzarraren aurrean azalduko du bere programa.

3. Federazioburu izateko hautagaiek, zeinak Biltzarreko kide ez direnak izan baitaitezke, beren hautagaitza abalatu beharko dute, gutxienez biltzarkideen % 10en sinadurekin.

Biltzarreko kide bakoitzak bakarrik hautagai bat abala dezake.

4. Lehendakari izateko hautagaiak aurkezteko epea ez da hiru egun baliodunekoa baino txikiagoa izanen.

5. Federazioburua hautatzeko Biltzar Orokorra 1. edo 2. deialdian eratzeko beharrezkoa izanen da Biltzar Orokorra osatzen duten kideen erdia gutxienez bertan egotea.

6. Federazioburua hautatzerakoan, ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

7. Federazioburu izateko bi hautagai hautetsiren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, 30 minutuko geldialdia egin eta gero berriro eginen da bozketa; bozketa horren ondoren ere berdinketa gertatzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketaz bat aldarrikatuko da federazioko lehendakari.

8. Behin federazioburua aldarrikatu eta gehienez ere 10 eguneko epean, Federazioen Hauteskunde Batzordearen lehendakariak, federazioburu hautetsiari dei eginen dio aipatu organo horren aurrean bere karguaren jabetza har dezan. Ekitaldi horren akta idatziko da eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari igorriko zaio.

Hamaseigarrena._Federazioen Hauteskunde Batzordeari zuzenduriko errekurtsoa.

1. Federazioen Hauteskunde Batzordean jarriko da hauteskundeetako berraztertzeko errekurtsoa, hauteskunde egutegian ezarritako epean.

2. Errekurtsoa aurkezteko egintza horretan egoki juzkatzen diren alegazioak jar daitezke eta, hala behar denean, bidezko frogabideak aurkeztu beharko dira.

3. Federazioen Hauteskunde Batzordeak hiru egun naturaleko epean ebatziko du errekurtsoa, errekurtsoa jartzen denetik hasita.

4. Hauteskundeetako berraztertzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da ezarri epean ebazpen espresurik jasotzen ez bada.

Hamazazpigarrena._Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordea.

1. Federazioko Biltzar Orokorreko ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Kirol Diziplinako Batzordeari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik edo, arau hauetako hamaseigarren kapituluan ezarritakoari jarraikiz, Hauteskunde Batzordean aurkeztutako errekurtsoa isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat hartu eta biharamunetik aitzina.

Kirol Justiziako Batzordearen aurrean errekurtsoa, artikulu honetan aipatzen dena, aurkeztu aurretik, beharrezkoa izanen da errekurtsoa jartzea federazioko Hauteskunde Batzordearen aurrean, arau hauetako hamaseigarren kapituluko 1. atalean ezarritakoari jarraikiz.

2. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek bide administratiboa agortzen dute eta zilegi izanen da haien aurka errekurtsoa jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

3. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak aldeendako baliozkoak eta nahitaez eta berehala betetzekoak izanen dira, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka jotzeko aukera galarazi gabe.

Hemezortzigarrena._Alta eta bajak Biltzarrean.

1. Dagozkion kirol federazioetako Biltzar Orokorreko kideen izaera galduko dute, hautapen aldian hautatzeko bete behar izan zituzten beharkizun guztiak berekin ez dituzten pertsonek edo entitateek. Biltzarkide karguari uzteko, beharrezkoa izanen da behar den espedientea irekitzea; horren barnean, interesatuari hamar egun balioduneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioak egin eta baja hori ekarri duen egoera konpontzeko. Epe hori iraganik, hurrengo bilkuran eta interesatuak han daudela, Federazioko Biltzarrak berak behar dena ebatziko du eta horren berri emanen Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ez zaio federazioburuari aplikatuko.

3. Biltzar Orokorrean biltzen diren estamentu bakoitzeko ordezkarien bajak eta hutsak, hauteskundeetarako erregelamenduak horri dagokionez araututakoa gorabehera, estamentu berean, hauteskunde emaitzen zerrendan hurrengo postuan dauden hautagaiek beteko dituzte.

Hemeretzigarrena._Hauteskunde prozesuaren hedapena.

1. Nafarroako kirol federazioek Biltzar Orokorreko kideak eta Biltzarreko lehendakaria hautatzeko deialdiei hedapen eta publizitaterik handiena eginen diete eta Hauteskunde Erregelamenduan helburu hori lortzeko behar diren baliabide guztiak jarriko dituzte; gutxienez deialdia, hauteskunde zentsua eta egutegia federazio guztietako iragarki oholean jarriko dira.

Federazioburua hautatzeko Biltzarra eratzeko deialdiaren berri eman beharko zaie banan-banan biltzarkideei.

2. Biltzar Orokorrerako hautatutakoen zerrenda federazioaren egoitzan egonen da jendaurrean eta lehendakari izateko hautagaiei emanen zaie, hala eskatzen badute.

Iragarkiaren kodea: F0301321