78. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A R T A B I A

Artabiako Kontzejuak Urederra ugaldearen ondoan duen herrilurrean ibilgailuak aparkatzeko eta bainu tokia erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Artabiako Kontzeju Batzordeak (Allin), 2004ko ekainaren 10ean egin bilkura arruntean, ondoren hitzez hitz heldu den erabakia hartu zuen, legez eskatutako gehiengoarekin:

1._Honako ordenantza hau behin betikoz onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatuarekin bat:

_Artabiako Kontzejuak Urederra ugaldearen ondoan duen herrilurrean ibilgailuak aparkatzeko eta bainu tokia erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

2._Onetsitako ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Artabian, 2004ko ekainaren 12an._Kontzejuburua, Eduardo Martinicorena Mortal.

ARTABIAKO KONTZEJUAK UREDERRA UGALDEAREN ONDOAN DUEN HERRILURREAN IBILGAILUAK APARKATZEKO ETA BAINU TOKIA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da herrilurrean, uda garaian (ekainetik urrira, bi hilabeteok barne), ibilgailuak aparkatzeko tasei buruzko arauak ematea.

2. artikulua. Bainuen eremuan ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen den lurzatian, Kontzejuak egiten ditu zainketa eta mantentze lanak. Horregatik beharrezkoa da horren erabilera arautzea.

3. artikulua. Egunean hiru euro ordainduko dira herrilurrean ibilgailu bat edukitzeagatik. Tasa hori urtero eguneratuko du Artabiako Kontzejuak.

4. artikulua. Betebeharrak: Urederra ugaldearen ondoko bainu tokia erabiltzen duten pertsonek determinazio hauek beteko dituzte:

a) Aparkatzeko den herrilurrean eta ez beste inon aparkatzea, Artabiako Kontzejuko arduradunak esandako eran egin ere, eta tasa ordaintzea; esan den bezala, egunean hiru euro, ibilgailu bakoitzeko.

b) Ingurua errespetatzea, eta eremuaren sarrerako edukiontzietan uztea zakarrak.

c) Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza _Allingo Udalak onetsia_ errespetatzea.

d) Artabiako Kontzejuak _bainuen eremuko eta aparkalekuko arduradunaren bidez_ emandako beste edozein agindu betetzea.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Artabiako Kontzejuak eremu hartako arduradunaren bidez emandako aginduak edo ordenantza honetako xedapenak ez betetzea arau-haustea izanen da.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira. Isuna ezingo da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakotik gorakoa izan.

6. artikulua. Kalte-ordainak.

Bainuen eremuan eta aparkalekuan egindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

7. artikulua. Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

8. artikulua. Erantzukizunak.

Artabiako Kontzejua ez da erantzule izanen aparkatzeko lekuan utzitako ibilgailuetan inork lapurretak, apurketak edo kalteak eginez gero.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta gainerako xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L0409747