78. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UHARTE-ARAKIL

Ordenantza, Udalerrian industriak jarri, handitu edota lekuz aldatzeko Uharte-Arakilgo Udalak ematen dituen dirulaguntzak arautzen dituena

Uharte-Arakilgo Udalak, 2004ko martxoaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Udalerrian industriak jarri, handitu edota lekuz aldatzeko Uharte-Arakilgo Udalak ematen dituen dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza. Iragarkiak 51. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 28an eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondotik, jendaurrean egon beharreko epea amaitu baita inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da, eta dagokion testua osorik argitaratzen da orain, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 6/1990 Foru Legeren 326. artikuluak agindu ondorioak izan ditzan.

ORDENANTZA, UDALERRIAN INDUSTRIAK JARRI, HANDITU EDOTA LEKUZ ALDATZEKO UHARTE-ARAKILGO UDALAK EMATEN DITUEN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. Ordenantza honetan ezartzen diren dirulaguntzak halako industriei aplikatuko zaizkie, non, Uharte-Arakilgo Udalari eskabidea aurkeztu ondotik, honako egoeretako batean badaude:

a) Industria berriak ezartzea industrialdean edota Udalak espres horretarako zehazten dituen lekuetan, betiere legezko birkalifikazioa egin ondotik.

b) Industrialdean egun dauden enpresak handitu nahi badira.

c) Enpresak lekuz aldatu nahi badira, dela hirigintzako ikuspuntutik udalerriko lurzati desegokietan kokatuak daudelako dela Udalaren Hirigintza Planeamenduan industriaz beste erabilera baterako aurreikusiak dauden lurzatietan edo unitateetan kokatuak daudelako, betiere leku-aldatze hori udalerriaren barrenean egiten bada eta leku berriak industriarako sailkatuak baditu Udalaren hirigintza planeamenduak berak.

2. Udalak diruz lagunduko ditu aurreko puntuan zehaztu diren egoeretan dauden enpresak. Zenbatekoa izanen da eraikin berria edota handitzea egiteagatik ordaindu beharreko obra lizentziari dagokiona.

3. Udalak diruz lagunduko ditu eraikin berria edota jarduera berria nahiz lekuz aldatu diren enpresak, halako moldez non kontribuzioaren eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotako % 1,5 ordainduko zaion, enpresa horien plantillako edo kontratatutako Uharte-Arakilgo herritar bakoitzeko. Nolanahi ere kuotaren % 50 ordainduko zaio gehienez ere enpresari, eta 5 urteko eperako, irekitzeko eta jardueran aritzeko lizentzia ematen zaion unetik hasita. Bost urteko epea luzatzen ahal da bertze bost urterako, Udalak egoki baderitzo, enpresaren ezaugarriak, enplegu sustapena, etab. ikusita.

4. Halaber, aurreko puntuak aipatzen duen epean zehar enpresa horiek izanen dute ezarri daitezkeen zerga edo tasa berrien gaineko % 50eko dirulaguntza.

5. Abantaila eta dirulaguntza horiek jaso nahi lituzketen enpresek eguneratuak egon beharko dute Udalarekiko zerga betebeharretan".

Uharte-Arakilen, 2004ko maiatzaren 31n._Alkate udalburua, Jesús Navarro Lacunza.

Iragarkiaren kodea: L0408953