78. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

152/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapari dagozkion aukerako irakasgaien curriculuma onetsi eta irakasgai horiek nola eman arautzen duena, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko aukerak ere onesten dituena.

Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, honako hauek onets daitezen: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aukerako irakasgaien curriculuma, irakaskuntza horien arautzea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko aukerak.

Kontuan hartu dira 61/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretua aldatu duena, zeinaren bidez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma ezarri baita Nafarroako Foru Komunitatean; 3473/2000 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretua aldatu duena, zeinaren bidez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak ezarri baitira; eta 135/1997 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako antolaketa eta curriculum arloetako alderdiak arautzen dituena; horiek horrela, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aukerako irakasgaien curriculuma onestea eta irakasgai horiek nola eman arautzea, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko aukerak onestea ere.

Ekainaren 25eko 249/1997 Foru Aginduaren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapari dagozkion aukerako irakasgaien curriculuma onetsi eta irakasgai horiek Nafarroako Foru Komunitatean nola eman arautu zen.

Agindu hark hezkuntzako eskaintza handitu zuen aukerako irakasgaiak sartuz, ikasleen egoera eta beharrei erantzuteko; horrela, ikasleen orientazio eta sakontze aukerak handitu nahi ziren, bizitza aktibora igarotzeko bidea erraztu eta helburu orokorretara eduki egokien bitartez iristen lagundu.

Ikasleen behar eta interesak, ikasleen barne eta kanpoko ebaluazioen emaitzak eta gaur egungo gizartearen eskariak zein diren kontuan harturik, aukerako irakasgaien eremua berrantolatu egin da, ondoko irizpideei jarraikiz:

a) Hizkuntzen ikaskuntza eta Hizkuntza eta Matematikako irakasgai instrumentalena bultzatzea, bai oinarrizko mailan bai bikaintasunari bideratutakoan.

b) Ikasleen kultura orokorra sakontzera bideratutako irakasgaiak eskaintzea, bai eta ikasleen berariazko prestakuntza zehatz bat indartzeko xedea dutenak ere.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi kurtsoetan, aukerako irakasgaiek lagundu beharko dute etapako helburu orokorrak garatu eta bultzatzen, ikasleen interes eta behar askotarikoak kontuan harturik. Oinarrizko irakasgai instrumentaletan arazoak dituzten ikasleen hizkuntza eta matematika arloetako gaitasunak hobetzea izanen da garapen horren ardatza. Halaber, ikasteko arazorik ez duten ikasleen hizkuntza eta matematika arloetako gaitasunak indartzera joko dute. Honako hauek izanen dira aukerako irakasgaiak: Oinarrizko Matematika, Literatur Sorkuntza, Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak eta Matematika Sakontzen.

Laugarren kurtsoan zenbait curriculum aukera eskainiko da; aukera bat esparru zientifiko-teknologikoari dagokiona, beste bat gizartearen eta ekonomiaren esparrukoa, biak ere Batxilergoetara eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetara bideratuta. Hirugarren aukera bat izanen da, oinarrizko prestakuntza emanen duena ikuspegi pratikoagoarekin, ikasleak Erdi Mailako Heziketa Ziklo batzuetarako prestatzeko.

Aukerako irakasgaiak hautatu behar direnean tutoreak ikasleak orientatuko ditu, beren interes, gaitasun eta beharretarako egokienak direnak har ditzatzen. Ikastetxeek, antolaketarako dituzten baliabideekin eta giza baliabideekin bat, aukerako irakasgaiak eskainiko dituzte kurtso bakoitzean.

Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.b) eta c) idatz-zatietan xedatutakoaren arabera eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._Foru agindu honek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aukerako irakasgaien curriculuma onetsi eta irakasgai horiek nola eman arautzen du, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsoko aukerak onesten ere, eta Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko da.

Bigarrena._Etapako aukerako irakasgaiek eta laugarren kurtsoko aukerek lagundu behar dute etapako helburu orokorretan sartutako gaitasunak garatzen, ikasleei helduarora eta bizitza aktibora igarotzeko bidea ematen eta ikasketetan eta lanbidean sakondu eta orientatzeko aukerak zabaltzen, hori guztia ikasleen interes, motibazio, gaitasun eta beharrak kontuan izanda.

Hirugarrena._1. Foru agindu honen bidez onetsitako irakasgai hauen curriculuma ageri da 2. eranskinean:

_Atzerriko Bigarren Hizkuntza

_Oinarrizko Matematika

_Literatur Sorkuntza

_Matematika Sakontzen

_Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak

_Kultura Klasikoa

_Literatura Unibertsala

_Geografia Ekonomikoa

_Informatika

_Lanbide Hastapena-Helduarora eta bizitza aktibora igarotzea

2. Honen 1. eranskinean zehazten da ikastetxeek etapako aukerako zenbat irakasgai eskain dezaketen gehienez, bai eta egin beharreko gutxieneko eskaintza ere; horretaz gainera, foru agindu honek onetsitako laugarren kurtsoko aukeretan nahitaez eskaini behar diren irakasgaiak.

Laugarrena._Etapako lehen kurtsoko aukerako irakasgaiak honako hauek izanen dira:

1. Hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko, nahitaez eskaini beharko da Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

2. Matematikan zailtasunak dituzten ikasleek Oinarrizko Matematika egin ahalko dute. Hizkuntza irakasgaian zailtasunik ez duten ikasleek, berriz, Literatur Sorkuntza.

3. Ikastetxeek laugarren puntu honetako 1. eta 2. ataletan ageri diren irakasgai guztiak eskainiko dituzte etapako lehen kurtsoan.

4. Ikasleek laugarren puntu honetako 1. eta 2. ataletan ageri diren irakasgaien artetik hartutako aukerako irakasgai bat izanen dute etapako lehen kurtsoan.

Bosgarrena._Etapako bigarren kurtsoko aukerako irakasgaiak honako hauek izanen dira:

1. Hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko, nahitaez eskaini beharko da Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

2. Hizkuntzan zailtasunak dituzten ikasleek Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak irakagaia egin ahalko dute. Matematika ikasteko zailtasunik ez duten ikasleek, berriz, Matematika Sakontzen.

3. Ikastetxeek bosgarren puntu honetako 1. eta 2. ataletan ageri diren irakasgai guztiak eskainiko dituzte etapako bigarren kurtsoan.

4. Ikasleek bosgarren puntu honetako 1. eta 2. ataletan ageri diren irakasgaien artetik hartutako aukerako irakasgai bat izanen dute etapako bigarren kurtsoan.

Seigarrena._1. Etapako hirugarren kurtsoko aukerako irakasgaiak honako hauek izanen dira: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Teknologia eta Kultura Klasikoa A.

2. Ikastetxeek ikasturte honetarako gutxienez eskainiko dutena: Atzerriko Bigarren Hizkuntza eta Teknologia.

3. Ikasleek seigarren puntu honetan ageri diren irakasgaien artetik hartutako irakasgai bat izanen dute etapako hirugarren kurtsoan, ikastetxeak eskainia betiere.

Zazpigarrena._1. Laugarren kurtsoko ikasleek bi irakasgai izanen dituzte, curriculumeko ondoko aukeren arabera:

a) Aukera zientifiko-teknologikoa: "Biologia eta Geologia" eta "Fisika eta Kimika".

b) Gizartearen eta ekonomiaren aukera: "Kultura Klasikoa", "Geografia Ekonomikoa" eta "Literatura Unibertsala" irakasgaietako bi.

c) Praktikaren eta oinarrizko prestakuntzaren aukera: "Teknologia" eta "Helduarora eta bizitza aktibora igarotzea".

Ikastetxeek zazpigarren puntuko 1. atalean aipaturiko hiru aukerak eskainiko dituzte.

2. Etapako laugarren kurtsoko aukerako irakasgaiak honako hauek izanen dira: Atzerriko Bigarren Hizkuntza, Plastika eta Ikus-Hezkuntza, Musika, Informatika edo ikastetxeak diseinatu edo eskainitako bat. Gizarte eta ekonomiaren aukerako ikasleentzat, hirugarren irakasgaia ikasleak bere aukeran hautatu gabea. Teknologia, aukera zientifiko-teknologikorako. Literatura Unibertsala, aukera zientifiko-teknologikoko ikasleentzat eta praktikaren eta oinarrizko prestakuntzaren aukerakoentzat. Kultura Klasikoa B, aukera zientifiko-teknologikoko ikasleentzat eta praktikaren eta oinarrizko prestakuntzaren aukerakoentzat.

3. Ikastetxeek ikasturte honetan Atzerriko Bigarren Hizkuntza eta Plastika edo Musika eskainiko dituzte gutxienez. Gainera, gizarte eta ekonomiaren aukerako ikasleentzat, ikasleak bere aukeran hartu ez duen hirugarren irakasgaia eskainiko da.

Ikasleek zazpigarren puntu honetan ageri diren irakasgaien artetik hartutako irakasgai bat izanen dute etapako laugarren kurtsoan, ikastetxeak eskainia betiere.

Zortzigarrena._Ikastetxeek programazio didaktikoak prestatuko dituzte aukerako irakasgaien curriculuma garatzeko, eta urtekoak izanen dira beti.

Bederatzigarrena._1. Atzerriko Bigarren Hizkuntza hautatzen duten ikasleek etapa osoan egin beharko dute. Hizkuntza hori irakatsi behar duen departamentu didaktikoak irakasgaiaren programazioa egiten duenean, etapa osoan koherentzia izateko moduan eginen du.

2. Atzerriko Bigarren Hizkuntza edozein kurtsotan hartu ahalko dute ikasleek, baldin eta, departamentu didaktikoaren ustez, kurtsoari dagokion maila badute.

3. Salbuespenez, behar beste irakasle izanez gero, ikastetxeek maila ezberdineko taldeak osatuko ahalko dituzte Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasten bigarren, hirugarren edo laugarren kurtsoan hasten diren ikasleentzat (etapako lehen kurtsoan hasi ez direnentzat).

4. Ikasleek, salbuespenez, Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasteari utzi ahalko diote edozein kurtsoren bukaeran, aldez aurretik gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxeko zuzendariari hizkuntza hori uztearen arrazoiak idatziz azalduta. Ikastetxeko zuzendariak, kasuan kasuko departamentuko didaktikoari galdetu ondoren eta alegaturiko arrazoiak kontuan hartuz, ebazpena emanen du eskaeraz.

Hamargarrena._Kultura Klasikoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta/edo laugarren kurtsoan egin ahalko da. Ikastetxeek bi modalitatetan programatuko dute Kultura Klasikoa (Kultura Klasikoa A eta B). Kultura Klasikoa A hirugarrenean eskaini ahalko da, eta oinarrizkoenak diren helburu eta edukiak bilduko ditu. Kultura Klasikoa B nahitaez eskaini beharko zaie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gizarte eta ekonomiaren aukera hartu duten laugarren kurtsoko ikasleei; irakasgai horren helburu eta edukiek ikuspegi sakonagoa emanen dute. Laugarren kurtsoan Kultura Klasikoa B egiten duen ikaslearentzat ez da nahitaezkoa izanen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarrenean Kultura Klasikoa A egin izana. 2. eranskinean ageri den Kultura Klasikoaren curriculumean oinarrituko da bi irakasgaien programazioa.

Hamaikagarrena._1. Lanbide Hastapena-Helduarora eta bizitza aktibora igarotzea izeneko aukerako irakasgaiaren helburua izanen da ikasleak lanbide arloetarantz bideratzea, oinarrizko edukien eta zenbait jardueraren bitartez, etapa bukatzen dutenean izan nahi duten lanbidea egoki hautatzeko prestakuntza izan dezaten.

2. Ikastetxearen instalazio eta baliabideekin bat, eta ikasleen motibazioa handitu eta ikasitakoa inguru batean txertatzeko xedez, lanbide arloren batekin lotutako praktikak sartu ahalko dira irakasgai horretan.

3. Lanbide Hastapena-Helduarora eta bizitza aktibora igarotzea izeneko aukerako irakasgaiaren plangintza eta garapenerako Orientazio Departamentuaren laguntza izanen da, eta ikastetxeko Orientazio eta Tutoretza planei jarraikiz eginen.

Hamabigarrena._1. Laugarren kurtsoan eskaintzen diren Plastika eta Ikus-Hezkuntzako, Musikako, Teknologiako, Biologia eta Geologiako eta Fisika eta Kimikako irakasgaien curriculuma, martxoaren 25eko 61/2002 Foru Dekretuaren eranskinean ageri da. Dekretu horrek aldatu egin zuen otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma ezarri zuena.

2. Arte Plastikoetako departamentuek erabakiko dute zein ikuspegi eman laugarren kurtsoko Plastika eta Ikus-Hezkuntzaren irakasgaiari; beren programazioetan Marrazketa Teknikoaren edo Marrazketa Artistikoaren ikuspegia garatuko dute, etapako azken kurtsoaren orientazio izaerarekin eta ikasleak hartutako aukerarekin bat.

Hamahirugarrena._1. Atzerriko Bigarren Hizkuntza Atzerriko Hizkuntzari dagokion departamentu didaktikoak emanen du; Oinarrizko Hizkuntza Trebetasunak, Literatur Sorkuntza eta Literatura Unibertsala Gaztelania eta Literaturaren Departamentuak; Oinarrizko Matematika eta Matematika Sakontzen Matematika Departamentuak; Kultura Klasikoa Latin edo Grekoko Departamentuak; Geografia Ekonomikoa Geografia eta Historia Departamentuak, eta Lanbide Hastapena-Helduarora eta bizitza aktibora igarotzea irakasgaia Irakasuntza Ertaineko Institutu Teknikoetako irakasle espezialistek, ikastetxeak ematen duen lanbide arlo baten departamentuko irakasleek edo Teknologia Departamentuko irakasleek.

2. Aukerako irakasgaiak beste espezialitate edo departamentu didaktiko batzuetako irakasleek emateko baimena Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eskatu beharko zaio.

Hamalaugarrena._Ikastetxeak eta irakasle tutoreek aukerako irakasgaiak eta laugarren kurtsoko aukera hautatzen lagunduko diete ikasleei, hezkuntzako orientazio eta tutoretza planen bidez, irakasgai horiek beren interes, gaitasun eta prestakuntza beharretarako egokienak izan daitezen.

Hamabosgarrena._1. Aukerako irakasgai bakoitzeko ikasketak eman ahal izateko gutxienez hogei ikasle behar dira.

2. Hezkuntza Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostena ikusirik, baimena eman dezake aukerako irakasgaiak aurreko puntuan ezarritako ikasle kopuruari baino txikiagoari emateko.

3. Atzerriko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, etapa osoan izanen dutela bermatuko zaie aukera hori egiten duten ikasleei.

Hamaseigarrena._Aukerako irakasgaien eta laugarren kurtsoko aukeretako irakasgaien ebaluazioa curriculumeko gainerako arlo eta irakasgaiena bezalakoa izanen da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruzko urriaren 17ko 452/2003 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena._Ikastetxeek Urteko Programazio Orokorrean sartuko dituzte ikasturte bakoitzean eskainitako aukerako irakasgaiak, laugarren kurtsoko aukeretako irakasgaiak eta dagozkien programazio didaktikoak.

Hemezortzigarrena._Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du 1. eranskinean ageri diren aukerako irakasgaien zerrenda aldatu eta handitzea, eskaintza ikastetxeen beharretara egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe utzi da ekainaren 25eko 249/1997 Foru Agindua eta Foru Agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio foru agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hirugarrena._Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Hezkuntza Berriztapenerako Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera eta Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2004ko ekainaren 15ean._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0410050