78. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

151/2004 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta hari dagozkion aukerako ikasgaien kurrikulua Nafarroako Foru Komunitatean onesten duena.

Abenduaren 29ko 3474/2000 Errege Dekretuak azaroaren 29ko 1700/1991 Errege Dekretua eta urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretua aldatu zituen. 1700/1991 Errege Dekretuaren bidez Batxilergoaren egitura ezarri zen. 1178/1992 Errege Dekretuaren bidez etapa horretako gutxieneko ikasgaiak finkatu ziren.

Martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuaren bidez Batxilergoko kurrikulua ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean. 89/2002 Foru Dekretuaren bidez Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta aukerako ikasgaien kurrikulua onetsi zen.

Nafarroako errealitatea dela-eta, komeni da Batxilergoaren egitura bakar bat lortzea, ikasle guztiei aukeren berdintasuna bermatzen diena, edozein eskualdetan bizi direla edo edozein hizkuntz eredu aukeratua dutela. Horregatik beharrezkoa da beste agindu bat ematea, batxilergoaren egitura eta antolaketa Nafaroako Foru Komunitatean dauden ikastetxe guztietarako irizpide horren arabera arautzen duena.

Plangintzaren Hezkuntzako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta hezkuntza etapa horretako aukerako ikasgaien kurrikulua Nafarroako Foru Komunitatean onesteko.

Batxilergoa modalitateetan eta ibilbideetan antolatu da ondorengo ikasketak egiten dituzten ikasleak hobeki prestatzeko eta ikasleen interesei egokiago erantzuteko.

Ikasgai komunak, modalitatekoak eta aukerakoak biltzen ditu. Ikasgai komunek, funtsean, ikasleen prestakuntza orokorra dute helburu, adimen eta giza heldutasuna, eta ikasleek eginkizun sozialak erantzukizunez eta egoki burutzeko behar dituzten gaitasunak garatzea. Modalitate bakoitzeko ikasgaiek aukeraturiko modalitatearen araberako berariazko prestakuntza emanen diote ikasleari eta, hala denean, oinarrizko lanbide prestakuntza.

Aukerako ikasgaiak hiru blokeren artean banatzen dira. Atzerriko Bigarren Hezkuntza, hautaturiko modalitateko berariazko prestakuntza sendotzen dutenak eta ikasleak ikasi ez dituenak, eta orotariko prestakuntza osatu eta kultura handitzen duten ikasgaiak.

Foru agindu hau prestatzeko kontuan hartu da abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan xedaturikoa kontuan hartu da. 1070/1990 Errege Dekretuaren bidez unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zen. 1004/1991 Errege Dekretuaren bidez uniber- tsitatez kanpoko eta araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak finkatu ziren.

Martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuko azken xedapenetariko lehenean eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.b) eta c) idatz-zatietan xedatutakoaren arabera eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta hari dagozkion aukerako ikasgaien kurrikulua Nafarroako Foru Komunitatean onestea, arautegi honi jarraituz:

I._Aplikazio eremua

Foru agindu honek, Batxilergoaren egitura garatzen duenak, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta hari dagozkion aukerako ikasgaien kurrikulua onesten du eta Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoa irakasten duten ikastetxeetan aplikatuko da.

II._Egitura eta ordutegia

1. Ikasmailak eta modalitateak

a) Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren egitura eta kurrikulua ezartzen duen martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoarekin bat, Batxilergoak bi ikasturte edukiko ditu.

b) Batxilergoko modalitate hauek izanen dira: a) Arteak; b) Natur eta Osasun Zientziak; c) Giza eta Gizarte Zientziak; eta d) Teknologia.

2. Ikasgaiak.

a) Etapan zehar, ikasleek, ikasgai komunez gain, modalitateko sei ikasgai eta aukerako bi ikasiko dituzte.

b) Etapako lehen ikasmailan lau ikasgai komun, modalitateko hiru ikasgai, aukerako ikasgai bat eta erlijioa edo haren hautabidea (hezkuntza jarduera antolatua) ikasiko dituzte. Bigarren ikasmailan, lau ikasgai komun, modalitateko hiru ikasgai eta aukerako ikasgai bat ikasiko dituzte.

c) Batxilergoa D edo A hizkuntz ereduetan ikasten duten ikasleek Euskara eta Euskal Literatura ikasiko dute etapako bi ikasmailetan.

3. Ordutegia.

a) G eta G-A ereduetan diharduten ikastetxeetako ikasleen asteko ordutegia hogeita hamar ikastordukoa izanen da; D eta D-A ereduetan diharduten ikastetxeetako ikasleena 34 ikastordukoa. 1. eranskinean xedaturikoaren arabera banatuko dira astean.

b) Batxilergoa D edo D-A ereduetan diharduten ikastetxeetan ikasten duten ikasleek lau ordu izanen dituzte ikasmaila bakoitzean Euskara eta Euskal Literaturarako, ikasgai komun eta modalitateko ikasgaietarako ordutegiaren kalterik gabe. Ikastetxeak G-A ereduetan badihardu, A ereduko Euskara eta Euskal Literatura ikasgaia aukerakoen ordutegian emanen da.

c) Aukerako ikasgaia lau orduz emanen da astero Batxilergoko bi ikasmailetan.

4. Ibilbideak.

a) Batxilergoko modalitateak bi ikasmailetarako ibilbideetan antolatuko dira. Ibilbide horiek bat etorriko dira ikasleen interesekin eta bide emanen dute ondoren ikasketak, bai unibertsitatekoak, bai Goi Mailako Berariazko Lanbide Heziketakoak, hobeki prestatzeko.

b) Natur eta Osasun Zientzien modalitatea bi ibilbidetan antolatuko da: Zientziak eta Ingeniaritzan eta Osasun Zientzietan.

c) Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea hiru ibilbidetan antolatuko da: Giza Zientzietan; Gizarte Zientzietan; eta Giza eta Gizarte Zientzietan, aurreko ibilbideetako ikasgaiak nahasiko baititu.

d) Arteen eta Teknologiaren modalitaten berezitasunak kontuan hartuz, modalitate horiek irakasten dituzten ikastetxeek ikasleen eskari eta itxaropenen eta ikastetxeko baliabideen arabera antolatuko dituzte ibilbideak.

e) Foru agindu honetako 2. eranskinean modalitate horietako ibilbideak osatzen dituzten ikasgaiak daude. Ikasle bateko aukerako gisa ikasten ahal dituen modalitateko ikasgaiak ere zehazten dira, hautaturiko modalitatearen eta ibilbidearen arabera.

f) Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutu bakoitzak emanen dituen modalitate eta ibilbideak zehaztuko ditu.

III._Aukerako ikasgaiak

1. Ikastetxeek hiru bloketan banatuko dituzte eskainiriko aukerako ikasgaiak, haien helburuen arabera: Atzerriko Bigarren Hezkuntzaren ikaskuntza (1. blokea), Batxilergoko orotariko kultura handitzea (2. blokea) edo modalitate eta ibilbide bakoitzeko berariazko prestakuntza sendotzea (3. blokea).

2. 3. eranskineko 3. blokean sarturiko ikasgaiek bide ematen diete ikasleei ondorengo ikasketetarako irteera gehiagorako, baita bi bideren bidez unibertsitatean sartzeko proba egiteko ere.

3. Ikastetxeek bloke bakoitzeko aukerako ikasgaietariko bat eskainiko dute Batxilergoko ikasmaila bakoitzean, 3. eranskineko banaketaren arabera.

4. Etapako ikasmaila bakoitzean ikasleak aukerako ikasgai bat egin beharko du, aukerako ikasgaien hiru blokeetariko edozeinetan ikastetxeak eskaintzen dituenen artetik.

5. Ikastetxeek aukerako ikasgai hauek eskaintzen ahalko dituzte:

a) Batxilergoko modalitate guztietarako aukerako ikasgaiak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza (lehen eta bigarren ikasmailak); Literatura Unibertsala eta Nafarroako Geografia eta Historia, 3. eranskineko 2. blokean adierazten denaren arabera,

b) Modalitate bakoitzeko berezko aukerako ikasgaiak:

b.1) 3. eranskineko 3. blokeko modalitateko ikasgaiak.

b.2) Batxilergoko modalitate batzuetarako 3. eranskineko 3. blokeko bestelako aukerako ikasgaiak.

_Arteen modalitatea: Arte Lantegiak (lehen ikasmaila), Itxuraren Matematika (lehen ikasmaila), Bolumena II (bigarren ikasmaila).

_Natur eta Osasun Zientzien modalitateko Osasun Zientzien ibilbidea: Geologia (bigarren ikasmaila)

6. Foru agindu honen bidez onetsiriko aukerako ikasgaietako kurrikulua 4. eranskinean biltzen da.

7. Ikastetxeek ikasgai horietako programazio didaktikoak prestatuz garatuko dute aukerako ikasgaien kurrikulua.

8. 3. eranskineko 1. blokeko aukerako ikasgaien baldintzak: Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

a) Ikasgai hau gehikorra denez, Atzerriko Bigarren Hezkuntza aukeratzen duten ikasleek etapako bi ikasmailetan egin beharko dute: Atzerriko Bigarren Hezkuntza I lehen ikasmailan eta Atzerriko Bigarren Hezkuntza II bigarren ikasmailan. Salbuespen gisa, lehen ikasmailan egin ez duten ikasleek Atzerriko Bigarren Hizkuntza II bigarren ikasmailan egiten ahalko dute, betiere, ikasleen arabera, ikasmaila horretarako behar adina badakite.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Atzerriko Bigarren Hezkuntza egin ez duten ikasleek, Batxilergoan ikasi nahi badute, proba bat gainditu beharko dute. Proba hori kasuan kasuko departamentu didaktikoak prestatuko du eta bermatuko du ikasgai horretan eskatzen den maila egiteko adina dakitela.

c) Ikasleek Atzerriko Bigarren Hezkuntza I ikasteari uzten ahalko diote Batxilergoko lehen ikasmaila bukatzean, gurasoek edo legezko ordezkariek edo, adinez nagusiak izanez gero, haiek berek ikastetxeko zuzendariari idatziz eskatu ondoren. Eskaera horretan ikasteari uzteko arrazoiak adieraziko dira. Ikastetxeko zuzendariak, kasuan kasuko departamentuko didaktikoari galdetu ondoren eta alegaturiko arrazoiak kontuan hartuz, ebazpena emanen du eskaeraz.

9. 3. eranskineko 2. blokeko aukerako ikasgaien baldintzak:

Aukerako ikasgaiak, Nafarroako Geografia eta Historia eta Literatura Unibertsala, kasuan kasuko departamentu didaktikoek programatuko dituzte, kontuan hartuz ikasturte bakar batean ikasiko direla.

Ikastetxeek aukerako bi ikasgai horiek Batxilergoko bi ikasmailetan eskainiko dituzte Giza eta Gizarte Zientzien modalitateko ikasleendako. Ikasleak behin bakarrik egiten ahalko du ikasgai bakoitza, bai lehen ikasmailan, bai bigarrenean.

10. 3. eranskineko 3. blokeko aukerako ikasgaien baldintzak:

Ikasleak ezin matrikulatuko dira bigarren ikasmailako Geologian lehen ikasmailako Biologia eta Geologia gainditu gabe edo batera matrikulatu gabe. Ezin matrikulatuko dira bigarren ikasmailako Kimikan lehen ikasmailako Fisika eta Kimika gainditu gabe edo batera matrikulatu gabe. Ezin matrikulatuko dira bigarren ikasmailako Biologian lehen ikasmailako Biologia eta Geologia gainditu gabe edo batera matrikulatu gabe. Ezin matrikulatuko dira bigarren ikasmailako Bolumenean lehen ikasmailako Biologia eta Bolumena gainditu gabe edo batera matrikulatu gabe. Halaber, ikasleak ezin matrikulatuko dira bigarren ikasmailako ikasgai batean lehen ikasmailako ikasgai baten izen bera badu, lehen ikasmailako ikasgai hori gainditu gabe edo batera matrikulatu gabe.

11. Ikasle batek, lehen ikasmailako aukerako ikasgai bat gainditu gabe bigarren ikasmailara pasatzen bada, aukera izanen du ikasgai hori errekuperatzeko edo haren ordez beste bat egiteko, agindu honetako arautegia errespetatuz.

12. Ikastetxeek eta irakasle tutoreek orientatuko dituzte ikasleak aukerako ikasgaiak aukeratzeko eta horretarako egoki diren jarraibideak sartu beharko dituzte Batxilergoko Hezkuntza Orientazioko eta Tutoretzako planetan.

13. Ikasle kopurua:

a) Aukerako ikasgai bakoitzeko ikasketak eman ahal izateko gutxienez hogei ikasle behar dira.

b) Hezkuntza Departamentuak, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak txostena eman ondoren, ikastetxearen berezitasunak kontuan hartuz, baimena ematen ahalko du aurreko idatz-zatian eskuarki ezarririko kopurua baino ikasle gutxiagori eman dakizkien aukerako ikasgaiak.

IV._Erlijioa/Hezkuntza Jarduera Antolatua ikasgaia

1. Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko abenduaren 3ko 1/1990 Legeko bigarren xedapen gehigarrian eta abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuan xedaturikoarekin bat, Erlijioa ikasgaia nahitaezkoa da ikastetxeetarako. Hauek Hezkuntza Jarduera Antolatua ikasgaia eskainiko dute hautabide gisa ikasgai horretarako programaturiko denboran. Martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuko 23. artikuluan kontu hauek arautzen dira: ikastetxeen nahitaezko eskaintza, ikasleen eta, adinez txikiak izanez gero, gurasoen edo legezko tutoreen borondatezko hautaketa eta Erlijioa ikasgaia bataz besteko notarako, ikasleen ikasketetako espedienterako eta abarretarako balioa edo baliorik eza.

2. Batxilergoa hastearekin batera, ikasleen guraso edo legezko ordezkariek edo ikasleek beraiek, adinez nagusi badira, ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi beharko diote aipatu aukera horien artean zein hartzen duten, irakasgai hori egiten den ikasturte bakoitzaren hasieran irakasgaiz aldatzeko erabakia har badaiteke ere.

3. Erlijio Katolikoa ikasgaia martxoaren 26ko 88/2002 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat garatuko da. Horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Erlijio Katolikoaren arloko curriculumaren argitalpena onetsi zen.

4. Hezkuntza Jarduera Antolatua martxoaren 26ko 86/2002 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat garatuko da. Horren bidez Batxilergorako Hezkuntza Jarduera Antolatua arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da Hezkuntza eta Kultura kontseilariak martxoaren 27an eman 89/2002 Foru Agindua, Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, haren ordutegia finkatu eta hari dagozkion aukerako ikasgaien kurrikulua Nafarroako Foru Komunitatean onesten duena.

AZKEN XEDAPENA

1. Baimena ematen zaio Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari foru agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren adina xedapen eman ditzan.

2. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Hezkuntzaren Plangintzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Lanbide Heziketako Zerbitzura, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Hezkuntza Berriztapenerako Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera, Hezkuntza Premia Berezien Atalera eta Guraso eta Ikasleendako Argibide eta Aholku Bulegora, behar diren ondorioak sor ditzan.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Bertan ezarririkoa 2004-2005 ikasturtetik aurrera izanen da aplikatzekoa Batxilergoko bi ikasmailetan.

Iruñean, 2004ko ekainaren 15ean._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

Iragarkiaren kodea: F0410051