77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

V I L L A F R A N C A

Behin betiko onetsirik Ibilgailuak eremu publikotik kendu eta ondotik altxatzeko zerbitzua Villafrancako udalerrian emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala

Villafrancako (Nafarroa) Udalak, 2004ko apirilaren 26an egin osoko bilkura arruntean, erregelamenduzko quoruma bildurik, honako erabaki hau hartu zuen:

1. Behin betiko onestea Ibilgailuak eremu publikotik kendu eta ondotik altxatzeko zerbitzua Villafrancako udalerrian emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 1. Tituluko 4. Kapituluko 7. atalak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

2. Ibilgailuak eremu publikotik kendu eta ondotik altxatzeko zerbitzua Villafrancako udalerrian emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala argitara ematea, indarra har dezan argitaratu eta biharamunean, horrelaxe agintzen baita 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan.

Villafrancan, 2004ko maiatzaren 15ean._Alkatea, José Miguel Sola Lafraya.

IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOTIK ALTXATZEKO ZERBITZUA VILLAFRANCAKO UDALERRIAN EMATEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 1. Tituluko 4. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Udalaren zerbitzu eskudunek ibilgailuak eramatea nahiz kentzen hastea, eta ondotik, interesatuari itzuli bitartean altxatokian edukitzea, horra zergapeko egintza.

3. artikulua. Ez dute tasa hau ordaindu beharko:

_Behar den baimena duten kabalkada, desfile, segizio, kirol-saio edo bertze jarduera nabarmenen bat eginen den ibilbidean aparkaturik egoteagatik kentzen diren ibilgailuak.

_Dauden tokian eremu publikoa konpontzea edo garbitzea galarazteagatik kentzen diren ibilgailuak.

_Jabeei ebatsirik eremu publikotik kentzen diren ibilgailuak. Jabeak horretarako, lapurreta salaketaren kopia aurkeztu beharko du.

Zerga ordaindu beharra eta tasaren sortzapena

4. artikulua. Zerga ordaindu beharra zerbitzu osoa ematean edo ematen hastean sortuko da, eta une berean ere izanen du sortzapena ibilgailua kentzeko tasak.

5. artikulua. Ibilgailua altxatzeko tasak izanen du sortzapena ibilgailua erretiratu eta 24 ordu iraganik.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Indarra duen legezko araudian xedatutakoari jarraikiz, ibilgailuaren gidariak ordaindu beharko du tasa, eta subsidiarioki ibilgailuaren titularrak.

Karga-oinarriak

7. artikulua. Karga oinarria kendu edo altxatu den ibilgailu bakoitza da.

Salbuespenak

8. artikulua. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharreko salbuespenak baizik ez dira onartuko.

Tarifak

9. artikulua. Ibilgailuak kentzeagatik -hasita nahiz osorik-eta altxatzegatik aplikatu beharreko tarifak ordenantza honetako eranskinean daude ezarrita.

Tributuaren kudeaketa

10. artikulua. Ordainarazpen honen dirubilketarako arau berezitako, zerbitzu honek sortuko dituen tasak Udaltzaingoaren bulegoetan ordainduko direla ezarri da. Udaltzainek ordainketa frogatzeko behar den ordainagiriak edo tributu efektuak luzatuko dituzte.

11. artikulua. Kendutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu eta altxatzeak sortu dituen eskubideak ordaindu arte.

12. artikulua. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du kentzen inolaz ere bestalde zirkulazio arauak hausteagatik izan daitezkeen zehapen edo isunak pagatu beharrik.

Jabeek eraman gabeko ibilgailuak

13. artikulua. Villafrancako Udalak bere altxatokietan dauzkan ibilgailuak esleituko ditu, eremu publikoan abandonatutako nahiz aparkatutako ibilgailuei buruzko 1965eko ekainaren 15eko eta 1967ko martxoaren 8ko Aginduetan bai eta ibilgailu abandonatuak eremu publikotik kendu eta altxatzeari buruzko 1974ko otsailaren 14ko Aginduan ere ezarritakoari jarraikiz.

E R A N S K I N A

Tarifak, ibilgailuak bide publikotik kendu eta altxatokian edukitzeko zerbitzua emateagatik

1. epigrafea. Zerbitzu egitera joan, eta ibilgailua Udalaren altxatokira eramateko lanak hasi ondotik, gidaria edo hark baimendutako pertsona agertzeagatik lana bukatzen ez bada.

Ibilgailu motak. Ziklomotorrak eta motorrak: Garabi gastuak: 12 euro, guttienez.

Ibilgailu motak. Ibilgailuak: Garabi gastuak: 96 euro, guttienez.

2. epigrafea. Zerbitzua osorik egiten denean eta ibilgailu arau-hauslea Udalaren altxatokira eramaten denean.

Ibilgailu motak. Ziklomotorrak eta motorrak: Garabi gastuak: 12 euro, guttienez. Altxatokiko gastuak: 90 euro/altxatokian egondako hilabetea.

Ibilgailu motak. Ibilgailuak: Garabi gastuak: 96 euro, guttienez. Altxatokiko gastuak: 90 euro/altxatokian egondako hilabetea.

3. epigrafea. Ibilgailuen ezaugarriengatik Udalak dituen baliabideekin ezin eraman bada eta zerbitzua egiteko bertze batzuengana jo beharra baldin bada, kobratu beharreko tasa izanen da Udalak ibilgailuak kentzeko lana egiten duen enpresari ordaindu behar diona gehi % 15, administrazio arloko gastu orokorrengatik.

Iragarkiaren kodea: L0409304