77. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SARTAGUDA

Herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsirik

Hasiera batean onetsi ziren, 2004ko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, Herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan sartu beharreko aldaketak, baita horiek agindua den bezala iragarri ere iragarki oholean eta, apirilaren 28an, 2004ko 51. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Legezko epearen barrenean aldaketa horien kontra inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, hasiera batean onesteko erabakia behin betikoa bilakatu da. Aldaketen testu osoa ondotik argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

"BELARREN BANAKETA ETA BAZKALEKUEN MUGAPENA

Aipatzen ez direnak bazter utzita, udal mugape honetako herrilarreak hiru bazkalekutan banatuko dira, izen hauek dituztenak: "Medio", "Gobella" eta "La Presa". Hona haien mugak:

La Presa._Harrapatzen ditu, batetik, "Carretera de Lodosa" alderdian, La Presaren ondoan, Víctor Ena Isoren eskortaren gibelean, erreten orokorraren gainean dagoen ezpondaraino eta bi zulaken artean dauden larreak, eta bertzetik "El Mijar" alderdian, toki hauen artean daudenak: lehen zubiko zulaka, Hermanos Calvoko biltegia Iparraldera, herriaren behe aldean dauden pinuak Hegoaldera, Gobellako ureztalur berrietako lurzatiak Ekialdera eta erreten orokorra Mendebaldera.

Carnicería edo Medio._Harrapatzen ditu ondotik deskribatzen diren mugen barnean dauden larreak; deskripzioa erlojuaren orratzen norabidearen arabera egiten da, delako lehen zubiko zulakatik abiatuta, "Camino de Lodosa" alderdian: Mendebaldean, Gobellako ur-biltegira igotzeko bidean barna, 948, 954 eta 953. lurzatietaraino, eta Majadas Verdesko bidean barna segituz, 2087. lurzatiraino, hau Mendebaldeko ertzetik inguratuz Las Pinillasko bidearekin bat egin arte, eta bide hau eskuinaldera hartuz El Espartalgo bidearekin bat egin arte eta hau, berriz, Carcarko mugaraino, eskuinaldera segituz Carcarko eta Andosillako muga guztia Peña de los Barrancoseraino eta haitz honen ertzetik joanez, goiko aldetik, herriaren aldera, Hoya del Bocaróneraino, Errege Altxonbidean, herri aldera segituz upelategien aldeko mugan eta Gobellako ureztalur berriko lurzatietan barna, lehen zubiraino.

Gobella edo Muga de Lodosa._Harrapatzen ditu Medioko bazkalekutik Mendebaldera dauden larreak. Bazkalekuak muga hauek ditu: Hegoaldean, Gobellako ureztalur berrietako lurzatiak; Mendebaldean, Lodosako Muga; Iparraldean, Carcarko muga, eta Ekialdean, Medioko bazkatokia.

Neguko hiletan, erran nahi baita, abenduan, urtarrilean eta otsailean, azienda bazkaleku honetatik ureztalurrera aldatzen denean, pausatzen ahalko da La Cerradilla eta Las Hiedrasko bidearen eskuinaldean.

Ordenantza honetan bazkaleku horietako larreen aprobetxamendua arautzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.

15. artikulua. Barrutiak.

Esleipena egiten den urte bakoitzeko irailaren 30a arte eskatzen diren belar-barrutiak udal diruzaintzan ordainduko dira, Udalaren alde. Errentamendu epean egiten direnak, belarren esleipen hartzailearen edo hartzaileen alde eginen dira.

29. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

28. artikuluko lehenbizikoan, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek abiarazten dituzten zehapenak.

28. artikuluko zortzigarrenean, kontzesioa iraungiko da.

28. artikuluko seigarrenean, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko gaitasuna galduko da.

Gainerako arau-hausteak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21-K artikuluan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoaren arabera.

Hori guztia deusetan ukatu gabe ondasun publikoei edo hirugarrenen ondasunei egiten ahal zaizkien kalteen zenbatekoa, egileek berek ordaindu beharko baitute bidezko den moduan.

33. artikulua. Gobellako bazkalekuak bide eskubidea izanen du Soto Escalera Royaren aldera; Corral de Medioko bidea erabiliko da idoira, gero Errege Altxonbidean eta Hoya del Bocarónen barna Cerradillaraino, eta handik Soto Escalera Royara.

34. artikulua. La Presako bazkalekuko larreek bide eskubidea izanen dute ureztalurrera El Sotilloko bidean barna, Ebroko makaldiaren ondotik, zubiraino eta hemendik herriko behe aldeko bidean barna La Cerradillara.

35. artikulua. Bide asfaltatu guztiak pasatzeko eskubidetik kanpora geldituko dira.

36. artikulua. Bazkalekuetatik kanpora gelditzen dira La Cerradillako lurrak.

37. artikulua. Medioko bazkalekutik aziendak jaisten ahalko dira Ebrora ura edatera; horretarako, Sartagudatik abiatu eta lehen zubira ailegatu baino lehen ezkerretara ateratzen den bidea erabiliko da, Endinavako biltegi aldera, eta gero erretenaren gaineko zubian barna Ebrora.

38. artikulua. 1. poligonoko 821. lurzatia La Presako bazkalekuko larreetatik kanpora eta libre geldituko da, abeltzain bat baino gehiagoren ardiak bertan batera ez pausatzeko baldintzan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Esleitzeko prozesua Udalaren erabakiaren bidez hasiko da; hark 15 egun balioduneko epea ezarriko du, Udal honen iragarki oholean agertzen denetik aitzina, ordenantza honetan adierazten diren baldintzak betetzen dituztenek herrilarreak esleitzeko eska dezaten".

Aldaketa honen behin betiko onespenaren aurka honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:

1._Hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, errekurtsoa ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da ez gora jotzekorik ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz paratu.

2._Hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

3._Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Sartagudan, 2004ko ekainaren 4an._Alkatea, Iñigo Pascual Ramos.

Iragarkiaren kodea: L0409190